Otoitza
J. Azurmendi
Zu bezain altsu banintza ni,
Jauna, ez litzake munduan
tristurarik izango, ez litzake
ume itsurik jaioko,
ez litzake maitasuna nekatuko,
ez litzake ilunbea triste izango
eta tristeago argia,
eta ni Zu bezain ona banintza
onago izango nintzake Zu baino;
Jauna, ez nuen andre konkordunik egingo,
ta ez umerik hiltzen utziko
ta ez erririk agonian
ta ez begien argirik zahartzen
ta ez amarik aur hila bihotzaren gainean
duela bakarrik abandonatuko.
Eta etzuen bere buruaren gainean neska batek
nire anaiagati alferrik negar egingo.
Etzan mundu au olakoa izango, ez,
eta guk dakigu hitz onek esaten ez duen
zer esango lukean gure hitza zure justizia balitz.
Izango baitzan nire hitza zurea ez bezalakoa,
eta etzuen kreatura galdu baten oihartzun banala
urik ez daukan desertuan sortuko,
ta ez nuen olakoa egingo hitza
gizonok gurutzera eramanaren kulpa izatekoa.
Zure begiak balira nireok, Jauna,
harri batekin, aizto batekin, lotsa batekin
itsutu nahiko nuke bearko nire begiratu zurea.
Bainan ezin, bainan inola ezin.
Aingeru bat egin baninduzu beintzat
nire egoak norbaiti emanda hiltzeko...
Bainan gizon. Eta nork nahi du gaur
nire maitasuna ezertarako!
|