Espetxe barruan
Errandonea
Kartzelan nengoen eta nago.
Nengoen eta nago!
Onekin «aldia» esan dut.
«Aldiaren» erlojua gogoan,
armi-arma sarea paretean,
minutuak... orduak... jotzen;
ni egunak... urteak aditzen!
Kartzelan zeuden eta daude.
Zeuden eta daude!
Onekin «anaiak» esan dut.
Dei bat nire auzora.
Abenda bat garraxika.
Zintzilik Amaren bizia,
ta erbestean pamilia.
Presondegian preso,
libre zena atzo.
Askatasuna odol-jario,
martirien altzo...
Prometeo da gure semea,
mendekuen meneko!!
Eta or Jeremias leioan,
lamentazioak agoan,
aizearekin baltsean,
illetako ritmu leloan...
Ibaika dut niregan
«aldiaren» urrun-miña;
gaiñezkatzen zaida
desterruaren gau luzea.
Arkaitzak ditu diamantezko agiñak,
eta (auen) errotapean igesi koplak,
gogor eta legor...
illak eta etzanak...
biotz-urratuaren arnas etenak,
malko bustirik eztuten koplak.
Koplak!,
Akinotarraren arrizko lojikan.
Koplak!,
aurra-egillearen oiñaze ixurian.
|