Otsailla
Piku
Zillar illunez daude beteak
zeru itunen arrats odeiak;
zillar izuna jario daude
mendi guztian iturbegiak.
Lorerik ez da
gurdi zaarrak
urratu zuten
bitxur berrian.
Odolik ez du
illunabarrak
neguko zeru
berun goitian.
Larrugorrian daude zugatzak
otzez beterik ibai ertzean;
zeruko mugak urraturikan...
beren adarrak bakardadean.
Sorgor luzean
etzanda dago
izadi ama
sortze miñetan.
Lore eta osto,
aritz ta pago,
gauza guztiak
izan naietan.
Jarraitu, ama, mingots ogean,
negu billoizaren lo-abaro;
jarraitu, jantzirik, lotan luzaro.
|