Gazte denpora ez da etorriko
B. Enbeita
Udabarrian lorak
Dira zabalduko,
Eta txoriak bardin
Dabe abestuko.
Baiña gazte denpora
Ez da etorriko
Udabarriak bere
Ez dau ekarriko.
Gorputza sendo eta
Arpeia barrezka
Neugaz maite minduta
Begira ainbat neska;
Lora danak usaintsu,
Amesak gaiñezka,
Gomuta asko barik
Geroaren kezka.
Baiña urtiak beti
Erlojuak legez
Etorri eta juan
Beingo baten doiez;
Ainbeste maite mindu
Zirianak nigez,
Orain barre eginda
Albotikan iges.
Amaitu ziran maite
Minduen bezuzak
Eta ainbeste lorai
Eindako promesak.
Alperrik gogoratu
Gaztetako gauzak;
Lengo laztanen ordez
Orain kalabazak.
Orain mutil zartuta
Aurpegia tximur,
Gazteakin ibilten
Lotsa eta bildur
Indarrak berantza ta
Pausua oso labur.
Agur, gazte denpora,
Betirako, agur!
|