Goian begoz
A.O.
1967'garrenaren azkeneruntz, euskal literaturan oso gaillen ziran idazle jator bi, izar eder bi lez, itzuli yakuzan: Ibinagabeitia'tar Andima Sabin eta Aita Emiliano Barandiaran, karmeldarra.
Ibinagabeitia'tar Andima Sabin. Elantxobe'n jaioa zan 1906'ko urtarrillaren 26'an, eta Karakas'en il yakun 1967'ko azillaren 2'an. Gizon jakituna, edozein alderditatik begiratuta; euskerari osoan emona. Erbeste zear ibillirik be, ez eban albora itxi; ta euskera ezpanetan eta Euskalerria biotzean ebazala joan yakun betiko zoriontegira.
Aspertu barik idatzi eban, Gernika ta Euzko-Gogoa aldizkarietan batez be. Itz neurtuz ez dot uste ezer idatzi euskunik; baiña olerki-zalea gendun, eder-zale. «Orixe» zanaren olerkiakaz osatuta bilduma eder bat bialdu eusten bein. Klasiku zale zan, eta Paris'tik Amerika'ra itxasoz joiala, Bergil'ren Unai-kantak euskerara itzuli zitun, Euzko Gogoa'n argitara emonik. Geroago, neuk eskatuta itzuli zitun Alor-kantak; beti eder, zentzundun eta maixuki. Bergil'ren Idaz-lanak osorik bion artean osotua dozu.
Azken orduan EMAN aldizkaria sortu eban, euskeraz ta erderaz. Au sortu ta argitara emotean, etzan makala aren asmoa: «Euskotar eta euskaldunek Ameriketa auetan egin dituten lan eta egintza aundiak iñarrosi ta aizetara eman, gure inguruetakoak ikasi ta aietaz jabetu ditezen».
Aita Emiliano Barandiaran. Eskoriatza'ko semea zan; an bai zan jaio 1904'ko epailiaren 9'an. Eta Markiña'n, ainbeste urte gazteen azle ta irakasle ta euskal idazle egiñiko txoko ederrean, il zan 1967'ko gabonillaren 13'an.
Beti agertu yakun langille zintzo euskal zelaian. Eginda itxi euskun lana ezta makala, ta oindiño askoz geiago egiteko gogo bizitan ebillela eroan euskun Jaunak. 1951'an argitaratu eban bere lenengo liburua: «Andre Mari Euskalerriko mendietan»; geroago, «Andre Mari gazteriaren euskuetan», eta il aurretxoan, «Euskal musikalari bikaiñak».
Argitaratu barik be, ostera, asko itxi euskun; berak bere kasa egiñak batzuk, itzuliak beste batzuk, lan asko ditu argitaratu bageak. Danotatik batzuk laster azalduko dira, antza. Merezi leuke.
Musikan be oso sen onekoa genduan. Bere «Euskal meza» ia Bizkai guztian abestua da. Txisturako egin zitun lanak, asko ta egokiak.
Bai Andima bai Barandiaran, eredu bikaiñak guretzat. Geure ondotik joanakaz gogoratuz ta arein lanak aintzat artuz, gabiltzan gizonki euren lorratzez.
|