Manifestu atzeratua
Joxe Azurmendi
Panfleto bat idatzi nizun.
Kondenatu nahi banauzu
injustiziarik kometa ez dezazun.
I
Gure herriak ez dauka kondairarik.
Pobrea da. Ez dauka
pirata koxkor pare bat,
langille sofritu batzuek,
muga zentzungabe asko,
milla zorigaizto
besterik. Ez da gutxi.
Euri gortina batek ixten du
gure kalendarioa.
Ez da billatu kondaira unibersalen
liburu handietan gure inperiorik.
Agina-ko zero bat zan
gure inperio guztia.
Ta euskalduna konforme zegoen.
Ta libre izan nahi zuen.
Bainan libre izatea
gauza ikaragarri zailla da
Marx bat
edo 1789 batizan ez duen
herri zorigaiztokoarentzat.
Zerekin pagatu behar du?
Ikaragarri zailla da.
Ze guk ez daukagu
pirata pare bat, langille on batzuek,
muga txar gehiago ta holako zerbait
besterik. Kalderilla utsa.
Bainan libre izan nahi dugu,
zer kulpa daukat nik.
Eta txeke zuri faltso baten antzean
Gernika-ko arbola bat asmatu diguten arren,
libre nahia pekatu balitz bezala,
aitzakiren bat beharko bagenu bezala,
guk, guztiz xinple, libre izan nahi dugu.
Nahi dugu, besterik ez.
Hauxe baita gure engainu azkenekoa:
libre izan nahia justifika behar dugula
pentsaerazi digute
lehen kanpotik ta barrutik orain.
Eta San Inazioren, Xabierren, Txurrukaren,
ta Elkanoren ta Habeas Corpus-en
ta nik dakit noren
gomendio guztiak biltzen
eta banatzen
saiatu zaizkigu gure kausaren
abogaduok. Libre izateko
inoren baimenik beharko balitz bezala.
Herri izateko inoren gomendiorik
beharko bagenu bezala.
Horiek libertaderik
ekarriko baligute bezala.
Ta ez horiengatik, ezpada
guzti horien kontra
nahi dugu libre izan,
kondaira guztiaren kontra.
Oi libre izatea ta handi izatea
nahasi diguten gureak!
Libertadea handitasunarekin
edo kondairarekin
edo ta agian norbaitek (oi bi aldiz gaixo! )
moralarekin
defenditzen digutenak!
Poema txar batean
deklaratu behar diot
gure gauari ezetz.
Goizaren kontra,
Gernika-ko arbolaren kontra
ta herriaren alde.
Deklaratu behar diot kaleari
gure jauntxoak ez dirala
sekula gure herria izan ta izango.
Gure jendea pobrea da, trixtea da.
Gure jendea ez da poesia batean kabitzen.
Gure jendea ona da. Kulpa gabe
hiltzen da, handitasunik gabe
bizi da, sekretuan maite du
(tabuak erresnetatzen ditu),
errezatzen du (tradizionalista da)
engainatu egin dute,
ez da asko fiatzen. Gure jendea
vulgaridade utsa da.
Inpresionistak bakarrik pintatu dute.
Edozein etnologoren armario batean
dago, eskuliburu batean deskribitzen da.
Hau zan nire Gernika-ko arbola guztia.
II
Nik ez dut pakerik nahi
ze pakea ez da libertadea
(kasi ahantzita neukan
zaharraren zaharrez).
Bainan prosaiko aurkitzen dut
hiltzea.
Ez nuke hil nahi
Termopila-ko heroe bat bezala.
Ezta korda eman gabeko
erloju zahar bat bezala ere,
zer esanik ez.
Prosaiko aurkitzen dut nola edo hala.
Bainan nire herriari
indarra egiten zaio. Niri ez.
Ni apaiz pribilejiatu bat naiz,
aitortu behar diot hauxe irakurleari,
ze ni ez naiz gizon korriente bat,
esan ohi dan bezala, inola ere.
Ni sakratua naiz
ta ez nago seguru bainan
zerbait zoragarria
izan behar du horrek.
Politikatan eta ez zikintzeko
ikasi nuen. Ixturio luze bat.
Eta nire herriari indar egiten zaio.
Ogia behar duenari seigarren manamendua
predikatzen ikasi nuen.
Zanpatua dagonari justizia,
zanpatzen dagoenari esperantza,
aingerueri gizona ta gizoneri infernua.
Ixturio luze bat.
Ta nire herriari indar egiten zaio.
Getsemani-ko aingeru kontsolatzaillea
izaten ikasi nuen.
Bainan Getsemani-n ez dut inor kausitu,
danak kalbarioan.
Indar egiten zaio.
Pakea predikatzen ikasi nuen,
danak kalbarioan,
indar egiten zaio,
hau zan Gernika-ko arbola.
Ta nork askatuko digu herria?
Zaharrak zahar dira,
gazteak gazteegi.
Libertadea baino nahiago dute
ezkerra intelektualek.
Langilleak eskolara ez baino
klasera otsegiten dituzte.
Artistak ederra sortzeko daude.
Bainan libertadea ez da eder,
ez dago sindikatzerik,
ez dago ezkerrean.
Etorkizunean dago.
Gure partiketan ez da inor gelditu
libertadearendako.
Handik Aitor, Amaia, Lelo
eta Lirelo
eta Gernika-ko arbola
eta mito guztien alienazioak.
Bainan nork askatu behar digu herria?
herriak berak ez bada! Eta denok
gera herria.
Denok gera herria.
Mito guztiak narruturik,
ez zaigu gelditzen
Magdalena Larralde
(bertso bat eta gure kondaira guztia)
besterik.
Indar egiten zaio,
zeinek egin behar dio libertadea?
Bitartean, nik egin ez nuena
egin gabe gelditzen zaio
herriari. Azkenean neuri
(eta zeuri, maitea).
Inork erein ez zuen eguzkia,
inork altxatu gabeko horizontea,
inork kontsolatu nahi ez zuen arratsaldea
gabe gelditzen da.
Itsaso gabeko plaia guztiekin,
zerurik gabeko izarrekin,
azkenik ez duen
esperantzea nekatu ahul abaildu batekin.
Libre ezinda
ta etsitzeko adore falta itsu
denegatu ximel agortu batekin.
Horrekintxe bakarrik
inork sinistu ezin dituen
ipuin amaika gorabehera.
III
Libre izan nahi dugu.
Guk, aragi honek, esperantza honek
nahi du libre.
Alferrik pasiatzen dira gure filosofoak
xinpletasun xinple hau sublimatu nahirik
abrakadabra baten billa,
misteriotsu asko, ideologien jardinetan.
Aragi honek nahi du libre,
ez filosofia batek, ez klasetasunak,
ez teologiak. Pinua pinudiak
definituko balu bezala,
goardasolak euria,
morena batek eguzkia.
Edo gurutzean ebanjelioa
hil balitz bezala.
«Ni naiz esperantza» bat
hil zan gurutzean.
Gizona ez da ideia bat.
Gizonak ez dira eskubide sorta bat.
Eskubideak ez dira
argumentu bat edo deklarazio bi.
Gizonak dira.
Zergatik ez aitortu:
mixerable banaturik gabiltz,
mendian otsoak bezala.
Gu, txindurriok zeruaren azpian,
argonauta ustetan.
Konstelazio bat dalakoan bakoitza,
zigarroa bezala mixto batekin
pizten dalakoan libertadea.
Hola dio Jerusalem-go Talmudean
Rajanam rabinoak:
ez zan Israel desterrura joan
ogeitalau sektatan ezpaldu zan arte.
Merezi ditugu desterru bi ta hiru.
Ez ote zuen ba Prometeo-k
arrapatu egin behar izan sua?
Ez merezi. Ez filosofiekin,
kondairarekin, erreguekin merezi.
Noren zeren aurrean gero?
Erotuko ditugu guk Chaillot-eko eroak.
Aragi hau ez da kondaira.
Gizon hau ez da Txurruka,
aspertu egingo litzake
London-eko plaza batean
Espainia-ren ohorea lekukotzen.
Libre izan nahi luke,
ez monumenturik.
Ez da Elkano: nahiko mundu
zaio gure mendiartea.
Zumalakarregi? Tonto baten moduan
hil zitzaigun azkenean hura ere.
Preso daukagu orain Zegama-ko elizan
berpizt ez dakigun,
esan ez dakigun bala batek
asesinatu zuela libertadea.
Gizon onek ez du hil nahi.
Aragi hau ez da Gernika-ko arbola.
Ez da arraza bat, ez da zozialixta,
ez da sakratu, ez da ezer,
hiltzen dan aragi da
ta ez du hil nahi.
Eta ez du hilda bizi nahi ere.
Libre nahi du.
Bai, behinola batek danetik sinistu zuen
Gernika-ko arbola
(eta santutzat ere ba zeukan euki
nahiz ez dan fedea sekula izan
baten ezpezialidadea),
Iraineta-ko nagusia, Abando-ko
txapela, Campion-en romantizismoa,
langilleri klasea ta humanismoa
ta unamunismoa
(ta haren euskaldunondako
parajodak)
(bainan honezkero ez digu Iparragirre-k
arparik gehiago joko)
eta filosofia guztietako lezioak
eta etika lorero guztiak
ta Europa etabar.
Abar ere sinistu zuen,
zerbait sinisteagatik,
bainan gizona diferentes zan beti.
Sinistu, mutillak,
umeak zekazkin zikonia
ta hiru Erregeak ta Estella-koa ere,
Foruak afaldu zizkigun hura,
ta edozer gauza sinistu du
esperantza mugagabe batekin
herri honek
eta gizona beste zerbait diferente
gelditzen zan.
Bat plaian etzaten zan
tripaz gora
eta begiak ixten zituen
zerua bajatzeko.
Bainan bere erriberan
ez zeukan herri pobre bat besterik,
herri trixte bat,
umeekin beti ona izan dan
animali handi maltso bat gaixo bezain trixte.
Xentimoka pentsatzen duen herria,
ta libre nahi illunabar bat bihotzean
dakar nekez ekartzen.
Bainan libertadea ez merezi,
irabazi egin behar da,
ez kondairaren, ezpada
gizonaren eta
etorkizunaren aurrean.
Ta gure herriak ezin du irabazi.
Ta ezin irabaziko du ere, baldin eta
gure filosofoek ikasten ez badute
ez duela eguna erlojuak egiten.
Baldin eta teologoek gizona ez dala
elizako alkia edo serafin bat
edo parabola bateko ardia ez badute ikasten.
Edo zeruko bidea gotikoa dala pentsatzen badute,
ebanjelioak aldapatsu dana diolako.
Baldin gure radikalak radikalinski badira.
(Lainoa da euriaren radikaltasun guztia,
ez trumoia).
Edo ta gure ibarrak Arkadia dirala uste badugu,
ta gure errealistak garaiz aurkitzen ez badute
errealistago zala Printzipea Machiaveli baino,
eta Jesukrixto bainoago Judas,
ta errealidadea Marx dala ta ez aren liburuak,
eta Iparragirre ta ez kitarra.
Baldin gure herriak ikasten ez badu
Gernika-ko arbola aritz normal bat zala
(aritzak ote dira ba behar dituguna)
ta euskal herria edozein herri bat.
Ta gure langilleak ikasten ez badute
gizon dirala ta ez kasta sakraturik
ezta madarikaturik ere,
ta euskal nekazariak enteratzen ez badira
aspaldian hil zala Virgilio
(edo nekazarien ardura dutenak,
zeren eta zer kulpa dute beste hoiek
jaio zanik ere ez badakite)
ta gure poetek ta idazleek ikasten ez badute
izkuntza ez dala Orfeo-ren flauta.
Ta nafarrak enteratzen ez badira
bi Nafarroa daudela,
onezkero hiru ta lau ez badaude
eta eta eta
(etcetera esan nahi dut noski)
zahar eta berri ta denok bat
Erroma-ko zubi koloretsu batean.
Orduan bai, eguzki zaharrak
argi berria emanen du.
Astronomoak ez dira enteratuko,
ezta eguzkia bera ere,
bainan gu bai.
Eta nahikoa dugu hori.
Hau guztia esan ta gero
ez da faltako oraindik
ez dugula maite aberria
botako digunik. Aberriaren maitasuna
(goizeko ordu bietan ari natzaizu idazten)
poltxikoan eramango balitz bezala.
|