Gizona: esistentzia 68
(Prometeo burdinetan)
Joxe Azurmendi
Ezin sartu zaidak seriotan buruan
norbait haizela.
Libururen batean ikasi haut.
Ezin dut ez dit nahi
jendeongandik defenditu.
Abotsak entzun nahi dizkiat.
Infernuetan. Zeruetan
behera.
Hik nahiago duk gezur txuria
egia trixtea baino.
Nahiago duk egia baino konforta.
Nahiago duk galderaren ajedreza baino
obedientziaren jakematea.
Hi ez haiz nire gizona,
bakarrik gaudelarik
hitzegiten diodana.
Kalean bahoakit ere,
mintzatzen ez banatzaik ere.
Ez zekiat, agian
nireak ez dik gabardinarik jazten,
ez zekiat ondo zergatik,
bainan hi ez haiz nire gizona.
Agian neure kulpa duk,
agian ez baizeukak nireak
esistentzia 68-rik.
Agian ez zeukak aragi konkretorik.
Agian gizon bati mintzatzen zaiok
gizon hau.
Edo ta agian (ez zekiat gure aragi hau
esistentzia naufragaturen batean
ez ote zan galdu)
esperantza bati bakarrik.
|