L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1968 III-IV Uhaina (1968-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Gogoetaren silabak!

 

Joxe Azurmendi

 

Ba dakit nik gudua galdu

eta pakea irabazi

egingo duen herri bat.

 

           * * *

 

Ikus beza bakoitzak zer nahi duen:

hilzorian dagona sendatu

ala hillak piztu.

Edo kandelak saldu entierroan.

 

           * * *

 

Gure burua eskaxa da.

Bainan nik nahiago dut

neure buru eskaxarekin pobre

besterenakin aberats baino.

 

           * * *

 

Arrotz sentitu nintzan Suede-n:

kaka esaten diote pastelari.

Euskaldun gelditzea erabaki nuen

derrefente.

 

           * * *

 

Kafka gizon bat zan.

Oi zer atrebentzia izugarria

herri izan behar dan denporaotan!

 

           * * *

 

Gizonak ezin du gizon izatearen

kontribuziorik pagatu.

Pobre izan. Filosofo guztiek

joan beharko dute

beren presupuestoak bajatzen.

 

           * * *

 

Atila filosofo egin zanetik

zaldia logika da.

Rocinante metafisikoa zan.

 

Lastimarik ez dauka

euskal langilleriak

asto pare bat besterik.

 

Astoa ez dute oraindik

ideologizatu.

 

           * * *

 

Platero-k ez zuen

euskerarik ikasi nahi.

Itzuli egin behar izan da.

 

Bainan arrantza estranjero bat

loratzen zaio gaixoari.

 

           * * *

 

Atzo mezatara behar zan

derrigor eta gaur derrigor

mezutara. Ni konforme,

mazotara ez dan artean.

 

           * * *

 

Filosofo danak zeuzkaten bi begi

bekokiaren azpian.

Bainan pentsamentuaren azpian

dioptria gutxiegi.

 

           * * *

 

Poesia ez da

sustantibo bat kaiolan sartzea.

 

           * * *

 

Euskaldunak poema bat bada,

asonanteren bat izango naiz ni.

 

           * * *

 

Ernegaturik dabiltza jainko guztiak

Olinpo-tik uxatu zituzten ezkero.

 

Atseginago baita musa bat

jainko guztiak baino.

 

           * * *

 

Gunadhya-k bere odolarekin

idatzi zituen poemak.

Bainan poema txar batzuek

irten zitzaizkion.

 

           * * *

 

Jesukrixto gizon bat omen zan.

Bai, eta hil ta dana egin omen zuen.

 

           * * *

 

Itzala saldu zion Axular-ek

euskeraren truke deabruari.

Ta guk deabrua erosi nahi dugu

euskeraren truke.

 

           * * *

 

Egiari kriskitinak nork jarri,

salbatuko da gizona.

 

           * * *

 

Esan zuen: dana egin leike

baionetekin. Gainean

exeri ez beste dana.

 

Bainan, progesoa: ba dakit nik

puntta punttan exerita dagoen bat.

Puntta punttan,

urteak, —eta oraindik ez du kantatu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.