Txillida, euskal zizelkaria
Etxaniz'tar Nemesio
Begien aurrean det liburu apaiña. Bere izena Txillida du, ta zizelkari onen omenean idatzia da. Etzuten lenbizi euskeraz idatzi emen datorrena. Aurrenengo, idatzi zuan bere izkuntzan. Gero, ingeles izkuntzara, gaztelerara itzulia izan zan. Baiña Txillida'k bere burua euskaldun agertu nai zuan eta beste izkuntzetan adierazia, euskeratzeko arduratan bizi zan.
Ala etorri zitzaizkidan liburu onen gaia euskeratzeko eskatzen. Ertiaztertzailleen izkera eztet nik beiñere ulertu. Orrelakoen esanak beti oso illunak iruditu izan zaizkit. Etzan, beraz, erreza, erderetan ulertzen enuan izkera euskeratzea... Oni galdetu, ari argi-billa itzegin... Azkenean, nunbaitetik jo bear eta nere iritzira erdi-erditik jo nuan. Onela burutu zan orain nik begien aurrean euskeratuta dedan liburu apain onen idaz-lana. Besterik gabe, or degu euskaldunok, Eskulturaz egiñikako euskal-lana. Erti-lan onek ere izan du bere mamiketa gure izkuntzan. Orra euskerari egiñ diogun ego kiera ta jasoera.
* * *
Baiña nor da Txillida?... Iñor ez! Alajaiña! ... Mundu guzian ezaguna degun Zizelkari goraipatua. Alde guzietan bere erakusketak egundoko izena eman dioten gizona. Ikus dezagun gizon onen biziaria.
Donostia'n jaioa da bera, 1924'garren urteko Ilbeltzaren 10'an. Bere sendia erti ta musika-zalea zan. Emen joan zitzaion bere aurtzaroa. 1942'garren urtean Madrill'era jo zuan, arkitektura ikasgoan gaitzera. Baiña buruan beste eraiketa bat dabilkio irakiten. Atzera eragiten dion bidetik, «zer gerta» begira jarriko du ertiak.
1945'garren urtean musika-zirrada somatuko du, Schubert'en «Rosamunda» aditzerakoan. 1947' garren urtean arkitektura albora uzten du. Ala ere, urtebete osoan an diardu Madrill'en Erti-Ikastetxe eskean. Irakaslerik gabe dibujatzen asten da. Au du bere buruaustea: era-azterketa gogotsua. An dator garbitzen bere zizelkari-deia.
Urrengo urtean, Paris'ko Unibersidade-Urian ikusten degu. 1949'garren urtean, Paris'ko «Maiatz Areto»an SORBALDA bat erakusten du. Beste alako batzuek ere egiten ditu. Aietatik, «Gizon-Sorbalda» ta «Emakume Sorbalda» gelditzen dira gaillen.
Au izan zuan asiera, baiña gerora, nun eztu bere lana erakutsi gure eskultoree jator onek?... Paris'en bezela Madrill'en. Kanada'n bezela Londres'en. Ipar Ameriketa'n bezela, Berliñ'en. Suiza'n naiz Milan'en. Chicago'n naiz Berna'n...
Luzeegi joko likit bere Erakusketa guzien berri zeatz emateak. Gure mutilla azkenerako mundu guzian arro agertu da bere lanarekin. Azkenengo bere Erakusketak Londres'en, Alemania'ko Duisburg eta Duseldorf'en eta Texas'ko Houston'en egiñak ditu.
Beraz, gure «arto-bero» usairik eztegu arrotu bearrik, Txillida'ren gaitasuna goratzeko. Baiña orain, liburu onen zati batzuek jarri nai dizkitzut emen, gai zail ori gure izkeran nola adierazten duan ikus dezazun. Ona emen:
Lan bat aztertu baiño lenago, ertilaria bere nortasunean bizi, izketan, lanean erakutsi oi-degu. Oitura au eztegu ausi nai. Jakin-min au, jatorra benetan, baiña geienetan erti-lanaren asmoen esannaitik etena, ezingo degu ao bete ortzekin utzi. Ortaz gaiñera gizonaren arrasto batzuek bere lanean arki ditezkenak, onartu ditezke. Izan oi-dira noski, alako ar-eman batzuek, erabakigaitzak, artistaren giro ta bere eskuetatik ateratzen zaion lanaren artean.
Txillida, 1924'go ilbeltzaren 10'an jaio zan Donostia'n. Erbestetara, Frantzia'ra batez ere, sarri joan-etorriak egin arren, eztu beiñere laga bere lurrean bizitzea ta lan egitea. Euskal-arrazagandik jarioan datozen bereiztasunak, or izan dute, noski, iturri jatorra. Euskalerria, alde batetik Espaiñia'ri datxikio; ta beste aldetik Prantzia'ri. Txillida, Espaiñia aldekoa dalarik, bere jatorriz euskaldun billakatzen da. Baiña zer da euskaldun izatea?... Aurrena, beste arraza guziengandik berezi bizi dan errikoseme bere burua aitortzea. Euskal-arrazaren jatorria, ain zuzen ere, or agertzen da antziñate illun eta luzean murgildua; orregatik, zenbaitek elezarren eta alegien kideko etsi dute bere iraupenean. Euskalduna, bere lur eta sinisteetan sustraitua, aietan lotua, bere aspaldiko sentipenetan oiñarritua bizi izan da. Ori guzia, literaturako irudipen-aizeari itsatsia ez dagoen giza-aldarteak eta euskeraren naste zaar eta zaillak babestua. Euskalduna izadiari emana bizi oi-da, ta onen illunpe ta indar ezkutuari bildur dio. Ala makurtzen da metalaren aurrean. Au, Lamenth'ren seme Tubalkaiñ' ek, Jesukristo baiño 3.000 urte lenago, Auñemendietako Ego-aldean sartu bai-zuan eta Ezpata-Dantzak arrotu bai-tu bere ikusgarritasunean. Ala ikusten du, Euskalerriko jaun da jabe, Ego-Aizea. Onen eragiñak, gizaldi zaarretako griña-aizeak esnatzen eta sutan jartzen bai-ditu; ta sorginkerien aide zaarrak landa-buruetan egosten bai-tizkigu. Ikuseziñak mendean daukan irudimenaren alde egon eziñetan, Bizkai'ko itxas-kolkoa astintzen duten urrutiko ekaitz erasoen lillurapean, euskaldunak or nabaitzen du alde bietatik, alkarri muturka datorkion deia. Txillida'k, agian, bere obraren zatia, aldi zaarretik datozkion indar iraukor eta lotzaille oiei zor die. Bere obrak gaiari urbil dagokiolarik, zentzua ateratzen dio, balio plastikoaz gaiñera; ezaugarri dalako, moldeak izpiritua ezartzen dion gaiarekiko lotura baiño aruntzago doan zentzua.
Burnia, ikus-eziñaren iduri, aide-dardaren soiñuorratz, «Aize-Orrazi» biurtzen da. Zura, indar elkartuen ezur-giltza da. Bata eta bestea, esku artean darabilzkiala, zuraje-ezurretan jakintsu ta aditu ziran olagizon basarritar eta lan-maixuen bizibidea, Txillida'k bere sorkarien maillara jasotzen du. Aiengandik artzen du usarioko lan-araua: sutan soldiatzea, zatien giltzaketa, tajuz egiña, miru-buztanen elkar-josketa.
Iduri auen jaiotza ikusteko, eskultorearen lantegian sartu bearrik ez dago. An du lanak ori, bere muiñean. Eztezu burnia burniaren kontra joka ari daneko soiñurik, ez ingure-gaiñean ari danean, gaia zapaltzerakoan ateratzen duan soiñua entzun bearrik. Suak, bere itzalguneak zabaltzen ditu; agertzen dituan lanak, argi aldakorrez nabaritzen ditu.
Baiña sutegi arloteeneko gauzarik txikienak, ospe berdiñak jasotzen ditu. Emen, beste zerbait gertatzen da. Bere putzu irazekian, surtako metal goria, mailluaren kolpe ta orriken estutua artzen dagoenean, ez-jakiñarentzat, edozein sutegiko langille arruntek sortutako zati baten parekoa da. Ta ala ere ertilarien eskuetan ikusten degun zatia, bere eiñean, gero izango dan maillakoa da izate-indarrez, asieratik. Baiña ertillariak bakarrik daki ori. Soiñaldeen beartzeak, berea egin nairik ari dan egiñalak, gaia bere eragiñera makurtu aurretik, gizonak zizelkatzen ari duan alegiñak, eztu artean ezer adierazten. Lana, egillearen eta onen eskuetako egiñaren artean gertatzen da dena. Mamitzen dan bitartean, sorkaria, ustegabeko gertaera da egillearentzat; ikusgai utsala besteentzat. Burni oiek lantegian, bere adua erabakiko duanaren menpean daude. Txirrikatik esegita dauden zur oiek, ertilariaren begietarako, gero izango diran artan, izan bear duten eran bukatuak agiri dira. An ditugu, azkenengo ariaren iraupenean, azken-ikutua eskatzen, bere burutze bikaiñaren zai.
Artistari begirik ez kendu, ba. Onen egoerak, onen imintzioak, onen alegin zorroztuak, bere burutapen eta ixilgune biren artean ixuritako itz batek baiño gutxiago erakusten dute. Jakingarria da, noski, baiña alperrikakoa, bere ixilleko bizieran iduritzea. Txillida, Donostia'ko Real Sociedad taldean jokatua dala jakin ondoren; igandero, golf jokoan ibillia dala; bere lurreko bideak arakatzen oitua, ikuspegien aurrean tink egona degula jakinda gero, bere lanen berri geiago ikasiak geldituko al-gera? Bere asmaketa orduetan, etendako lanaren aurrean exerita, erretzen, burua berotzen, alderdi bat aldatzeko jaikita bere gogora jartzen ikusten ba-degu, zer igarri genezake aren asmoetakorik, aren egitekorik, aren egin-gogo sakonetik; beretzako ere, agian, plastika-bidez izan ezik, adierazeziña dan eskero?
Lana ta artista mutu daude. Alkarrizketa ixil au noizean bein iruzkin batek, adierazpen batek, gertaera batek eteten du. Txillida'k ba-du orrelako kontagai bat. Bein batean, bide-ertzean abe batengatik gelditu bearra izan omen-zuan. Zertarako izan zitekean pentsatu gabe, erosi egin omen-zuan. Gurutzeko Jondoni Juan aiputan du; aren surtan urtutako ikuspenak gogoan ditu. Baita Herrera ere, Eskorial'aren eta «Tratado del cubo»ren egille izan omen-zana: onen eraketak, sarritan lauki zuzenak, errektangularrak bai-tira. Gertaera bat kontatzen du, oroipen bat datorkio burura, experientzi bat aitatzen du.
Txillida, galderak dakarkion korapilloa askanairik, gogorkeriren bat bere kopeta barruan griña gorbiziz ausiaz bezela, begiratua ben-illun, gerri-lotu nai duan bere barneko zerbaiten aurrean tenk, onen jokaera erabaki ta lan-bidea askatzeko gogoz, izketan asten da: «Txori bat eskuan baiño eun txori egan, obe da». Esaera au, bere lantegiko orman idatzia ikusten degu. Ertilariak, bere goiburu bezela du. Baiña esaera espaiñiar ori, atzekoz aurrera aldatu ezkero, eziñari egiten zaion erronka ere, ba-da. Era baiño aruntzago jotzea, eskuan daukaguna, eskutik urruti iruditzen zaigun zerbaiten aldera, bein da berriro jokatuaz, eginkizun zaillaren alde apostu egitea, bere lanaren zentzua bein da berriro jakiñaren gaiñean zalantzan uztea bezelatsu da».
«Bai, lantegi ontan eta zenbait museo ta erakustegitan, buru-atxiketa auek agiri dira. Beste batzuek, burutik igesi joan zaizkit. Baiña lentxeago, naiz gerotxoago, beste nolabait atzemango ditut. Batenbat eskuetan artzen dedan orduko, nere aurrean ondo lotua ikusten dedaneko, beste urrengoa jartzen zait gogoan. Lenbizi, ozta-ozta nabaitzen det; gero, garbiago jartzen zait; batzutan utsegin ere egiten dit. Baiña eltzen badiot, eztet eskutik lagako. Andik aurrerakoa, zoritzen, azten utzi, ta kito. Burnia, batez ere, sortzen, burua berotzen, indar egiten duan burutapena da, ta gertaera bat bezin gordin dago. Nik artaz baliatu bearko det. Nik, nere barruan dedan marrazkiaren idurira beartu bear det burnia; emen bai-det aurrez nolabait burutua. Ta nik azkenerako borobildu bearko ere, gai orren indarketa. Erantzun gogorrak atzera eragiten dit. Ez dut makurtu al-izan nere gogora. Azkenean nere asmoa iristen dedanean, zerbaitek kontuan jartzen nau. Astindu zakar batek, bat-batetan, egiteko zegoena, zati puskatua zana, bildu egiten du. Guzia zati-eziña egiten da. Utsunea ta era giltzatu dira aren gain».
«Utsunea? Eskultura-lana aren eiñean bizi da. Eztet eratik kanpora dagoen utsunea aitatu nai; erak berak sortzen duan utsunea da, nik adierazi nai dedana. Utsune ori aren baitan bizi bai-ta, eta zenbat eta ustuagoa izan dan, ainbat eta eragilleagoa oi-da. Formak bete ta zabaltzen duan amasaren zuloa bezela dala esan diteke. Aren antzera, ikuspegiaren lekua edatzen du arengan, kanpotik iritxi-eziña ta izkutu dagoelarik. Neretzat, ezta ura zertugabeko izakia; inguratzen duten mukuluak bezin zertua dan izakia baizik. Utsune au, bera agirian jartzen duan era bezin ikus-erreza bear degu. Mintzabideak ba-ditu. Barneberatzen zaitu; utsune orrek barruan duan gaia austen dizu, onen luze-zabala neurtzen du, ibil-aideak banatu ta zuzentzen ditu. Guregan, alkarkidetasun eta erantzunak arkitu bear ditu; ta berak izpiritu maillan egon bear du. Alatsu, bizitzeko dedan egon-lekua, naiz ta denbora gutxirako dedan, nere egipenak barruan dituan eredu delako orrekin eroso datorrena bear izaten det. Ba-dira itomena sortzen di guten bizilekuak; gaixotzeraiño larritzen gaituzte. Bizitzeko balio ez duten gelak dira. Onelako zerbait gertatzen da eskulturan ere. Nik, delako indar-irudiari dagozkion lekuak billatzen ditut. Irudi oiek aitatu dizkitzut len. Mukuluak, ikuseziñeko gai orrekiko bizi dira, ta beren egitekoa, onen gai ikuseziña nabarmentzea da. Bide batez, onela egosten eta argitaratzen du gai orren «enharmonia» ori, guk «kidegoa» esango gendukena».
«Orregatik, noski, ez det beiñere aurrez maketarik egiten eta nere lana egingaiean bertan burutzen det zuzen-zuzen. Berau da neretzat bere buruaren eredu; lana zeazten, zabaltzen, aldatzen eta bere egokiera arkitzen dijoan neurrian, egingaia bera billakatzen da geroko egitekoaren ispillu. Onelako utsune au, ezin mugatu diteke aurrez. Ala erabakiko ba-litza, egitekoa, lanean asi baiño len ilko litzake. Asieran, alegia, nabaiketa laiñotsua besterik ez da, iñola erabaki eziñeko zergai. Gorputza artu bearrean dagoen sentipena bestetik ez. Ta gorputz au, asi ta berrasi, ikutu bakoitzaren ondoren ugaltzen datorkigu. Marrazkia ere, urrerapena besterik ezin izan diteke. Nere asieratan, marrazkigiñean aritu izan nintzan bero-bero. Eskuiaz aiña ezkerrez ere. Baiña marrazkiak, utsune orri mugak sortzen dizkio jaiotzerakoan. Egitekoa, mukuluei begira burutu bear da, ta ez paper gaiñean sortzen diran arrastoen laguntzaz. Egitekoa, iru neurritan (luze, zabal, lodian), bestetan ezin nabai dezaket. Erak bere egitura artzen du. Soillik marrazten da, abereak bere maskorra eratzen duan bezela, utsune orrek bere bizilekua sortzerakoan eskatzen dion neurritan. Bera bezela, ni ere, utsunearen eraikillea naiz. Egingaia, mamitzekotan dagoen era da. Aurrerako dijoan alegiña, bein da berriz bertan ari dan egiñalaren ondorioa da guzia. Olatu bat ezta ezer neretzat, ez otz eta ez bero gelditzen naiz arekin; bata olatu orren ondoren, bestea ta bestea dator. Bakoitzak aurrekoa du gogoan, eta onek urrengoak ditu lagun. Uren etengabeko bultza au ezpalu, ondoratuaz bertan bera galduko litzake. Guziak pilloan artuta, zabalera ta bidearen aurrerakada guzia artzen duan olatu aundia bezela dira, geldiunerik ez duan olatu-katea; beti ere banak, berdiñ-ezak, antzekoak izan arren. Auetako bakoitza arrotu ta ezerezten danean, bere buruaren une artako argazki gertatzen da. Sinfonia batean ere, nota bat besteetatik ezin bereizi diteke. Joan dijoala, azkartzen, zabaltzen, zatiak gurutzatzen, baretzen ari da. Eskulturak eta musikak utsune bera dute, soiñuka, asten eta berrasten».
Mukulu plastikoak, ixillean eten-zoria sortzen duan soiñu-mukuluak bezela, leku-utsunea berekin dakar. Emen sortzen da eraren dardara, bere mugarrietatik aruntza luzatuaz. Biak alkartuta, sortu diteken eratatik, benetakoa azkenean mamitzen dute.
* * *
«Erak markatzen du igikera, au arek berritzen dualarik. Baiña tarteak ere ematen diote joan-ibillia. Obeto esateko, tarte oietan du batez ere bere ibilli-neurria: bere doiñubide ta aldaketetan. Iñoiz igeltsu ta berunetan irarritako lerro ta galdor-jokoetan adierazi nairik ibillia naiz. Utsunetako marrazki auei, irugarren kaizua, lodiera, eman bear zitzaien. Ta ain zuzen ere, au utsuneak, tarteak, ematen die; auek baitira, gorpuz ia egindako plastika-lanaren dundurio agiria.»
«Azaleko jolasketa! Orixe dira, noski. Eresi doidoia, oiartzunik gabea. Argi-zalea naiz, xedarratua maite det, baiña ori ere bere iges-itzulketaz. Onela sortzen baitira tarteak; onela esnatzen ixillune ta utsuneak; eta auetan arkitzen du erak bere burrunda dardarizkoa. Agian, or nabaitu diteke euskal-eresiaren zantzu-arrastoa: eres-aide alaitik aide illunera noiz-nai aldatzen diran doiñu oien ikutua, entzuleak argi-itzal oietan tinka ditzan bere gogora. Nere eskulturan geienetan, "bai" ta "ez"-a txandan ibilli oi-dira. Bata bestearen alderantzia bezelatsu da. Euskaldunak, musikarekiko oso sentiberak oi-gera. Gure musika, zurrun eta zorrotza da ta, beti ere, ba-dirudi aztutako sagara-jai zaarren bat soiñutzen ari dala».
«Bein batean kidego auen nabarmenketa arrigarria izan nuan. Langille bat nuan etxean. Au, elektrika-arietan sortu zan ezbearren bat konpontzen ari zan. Egun-argia joana zan eta nere lantegia argizagi batzuen argi doietan neukan. Lana burutu zuanean, langille arek ingurua miatu zuan begiz eta, batere errenkurarik egiteke, au esan zidan «-Bai, ikusten det; musika bezelatsu da, burniarekin sortua izatea besterik ez.»
«Ta beste itzik gabe, an joan zan. Arek bere antziñate-begiz ikusi zuana, nere lan-egunetan konturapen garbi biurtu zait.»
«Baiña nekez egin nuan nere bidea, mukulu sorgorretik, erantzun gabeko enborretik, eraren moldaketara. Nere lenengo eskultura, igeltsuzkoa izan zan, 1948'garren urtean. Lan ura galdu zan. Orduan, nik mukulua sinisgarri jotzen nuan. Guzia onen mende zegoelakoan nengoen. «Guzia berekin du nion, eta utsunearen etsai da. Ala ta guziz ere, zerbaiten bearra somatzen nuan. Nola barneatu, azalean bakarrik lan egiteko balio zuten enbor aiek? Beste zerbaiten billa asi nintzan. Zeren billa ote? Artean ez nekian. Eman nion lanari, artan gorbizituaz. Aldi artan Villenes'en bizi nintzan. Oso pertsona gutxiren lagunartea nuan. Bakarrik al-nengoen? Ori ez. Ba-nituan alako eusgarri sendo batzuek. Aitaren diru-laguntza, aurrena. Onek naiago zukean ni eraikille egitea, baiña ala ere, neretzako ertia besterik etzegoela igarria zan. Nere andrearen lagunarte bero ta eragikorra azkenean. Oni zor diot, bereziki, nere etsipenaren mende ez galdua. Ni baiño zaarragoa bai-zan. Arek lagundu zidan nere zalantza-erasoak gaintzen, nere barruko ezpaiak garbitzen. Nere bide-muturra garbi agertzen zitzaidan, baiña arako tartean galtzen nintzan. Palazuelo'k, ostera, bide ori argitua zeukan. Ni zubi-billa ari nintzan. Arek ezin zidan erakutsi. Bakoitza bakarrik gertatzen da bide ezezagunean. Bidea etzaigu argitzen, urrats asko egin arte, etsipen-nekez zaildu arte. Palazuelo'k txertatu zidan nere eiñean irauteko bear nuan kemena. Nere bideko lañopea urratzeko, ura izan nuan anai-laguntzaille.»
«Aldi artan, Donosti'ko kirol-zelairako ozkalanean, relieve-lanean, ari nintzan. Baiña nere lanak ez niñuan betetzen. Itzulean atzeratu nai nukean, gaindua nabaitzen nuan arako sorbalda artara. Ori eziña zala ikusten nuan garbi. Arrixkatu bearra zegoen, zer gerta..., baiña artean koloka nengoen erabakian. Zokoratua nengoen baitipat. Utzitako alderuntz egitea, eziña zan; aurrerantza jokatzea, eziñagoa. Zana zala, atzeraka egiterik etzegoen. Euskalerriruntz jo nuen eta nere bizilekua Ernani'n artu nuan, Donostia'tik gertuan. Illarri bat egitea erabaki nuan. Burnitik atera bear zan. Gai onekin, beiñere lan egin gabea nintzan. Lanbide berria ikasi bearra neukan, ba. Erriko errementariak, bere sutegia eskeiñi zidan. An neukan nere eskuan goizean-goiz, aren lan-ordu aurretik, eta arratsean, arek bere lana bukatuta gero. An, gauza asko ikasi nuan.»
«Onela burutu nuan, nere lenengo lan zertugabea. Euskal-illari gurpilkoietan nuan gogoa. Aien jatorria illuna zan guziontzat. Kondaira-zaleentzat, zirrarakorra zan aien izkutapena. «Illarriak» izena eman nion lanari (4.a). Burnia aukeratu nuan ortarako, gai onen moldaberak lagunduko bai-zidan nik artean lausotan neukan burutapena garbitzen. Arria trinkoa da. Mukulua, eldugaitza geratzen da. Utsuneari muturka dago. Ta neretzat, utsunea zan billatu bear nuana. Burnia, utsune orren oiñarri, soka ta arku izan zedin bakarrik, nai nuan. Onela aterako nion bere durundioa.»
«Alde onek, agian, antziñateko urruti-lokarri baten kibista zekarkidan. Euskalerriko oroitarri zaarrak, oso nabarmen dute, gauzak geometri-neurrietan sartzeko asmoa. Ba-ditugu onela geometri-itxurako Gurutzeko Jaunak. Auen soiñaldeak, eguzki-gurpillen zurruntasuna dute ta utsunea beren inguruan erabilli darabiltela, dirudi.»
«Metala naiz zura, luzaro landu bearra dago, gure mendera erakar ditzagun eta, euskal-atsotitzak dion bezela, norberaren burutapen» biurtzeraiño saia gaitezen. Beren izatea onartzen, erantzunak aurrez ikusten, eman dezaketen baiño geiago ez eskatzen, zugurtasunez eupatzen ikasten da. Onela jokatzen ba-degu, eskatzen diegun baiño geiago ematen digute; gure argi-iturri billakatzen dira. Norberaren dardarizak joaten zaizkie, izadiarekin artu-eman zuzenean. Burniak ia eresi dan soiñu-dardara bat dario, gure zaiñak baretuaz; maillupean soiñu jotzen du, mendebaletan burrunda-doiñuz nabaritzen degu. Soka-tira eten-zorikoaren antzera, zurrumurruak atzematen daki. Ba-du euskerak alako itz eder bat, basa-garraxia dan itz bat. Dei larri baten antza du; artzaiak alkarri jotzen dioten lelo-aideren bat dirudi, mendi-ordeka artean jo ta erantzun dabillena, urrutitik datorren txistua bezelakoa, erdizka ezitako aberearen jauzkak, Kantauri itxas-ertzaren aurka datozen olatuak eta aitz-zuloetako aizearen intziria itzak ziraneko denboretakoa: IRRINTZIA. Ez al-du onek burniak ingude joka ateratzen duan otsa? Latza ta zimurtsua da; aizearen zartailluak zutik jarritako kima gogordun ille-kalparra dirudi.»
«Burni ta zurari egozten dizkiodan eragin auek, etorrian datorrenaren dangateko ta neurria dira. Era giatzen ari naiz, baiña, aren bitartez, bera be zela menderatua nagokio era guzien azierari lotua datorren bearkizunari. Asten naizenean, ez dakit artean noruntz naraman. Indar-lerro batzuek poliki-poliki nabari dituan utsune-iduri bat besterik ez det ikusten. Neronek ez nekian bidetik narama batzuetan, neronek ezagutzen ez nuan tokira; gero, beste bide batean sar-arazten nau; urrengo, bestean. Eta guziak ez-ezagunak nituan. Plastika sentipena daraman senean uste osoa det. Au nere baitan somatzen det garbi. Asieran zeakaitza izanik, mugatzen dan bezela, nere jabe egiten da. Zantzo bat somatzen det; besterik eziñean, artarako itzik ez-ta, eraren jarioa deituko det. Usaitzen det, arnasean artzen dedala esango nuke. Bai, lurrin-usaia dario. Eraikiketa ikasten ari nintzaneko denbora det gogoan. Nere kontu, marrezkietara emana nengoela, nere anaia alboko gela batean margozten aritzen zan. Pinturaren usaiak alako buruko orditzea sortzen zidan. Oretzen dedan erak eragin berdiña du nere gain, naiz ta irudimen utsez ari naizen.»
«Plastika-buruauste bakoitzak bere aide berezia oi-du. Baiña muiñean, gauzak ain banak eta ezberdiñak izan arren, korapillo ber-bera dute. Beti ere, etengabeko berriztatze bat da lan au. Naspillatu, goi-beak aldatu, berrikeriren bat txertatzen diozu, baiña alperrik. Bere oiñarria ezta aldatzen. Aldi batzutan, burutzen da. Orduan, ezta ezer aldatu bearrik. Baiña gerora berriro agertzen zaizu lena bera, alderantzikoa. Lengo bera da, bere izate-muiñari baitagokio. Bestelakoa da, aintzakotzat artu genduanetik bidea egin baitegu aurrera ta orain beste ikuspegi batetik nabaitzen baitegu. Goragotik agertzen zaizu, beste alderdi batetik. Lenagoko lanarekiko, gure begierak, zearo atzekoz aurrerakoa ba-litz ere, nai-ta-nai-ez, lengoarekiko muturkakoa izan arren, ba-du alako axalean ikuseziñeko, baida aren barruan sartzerakoan argi azaltzen dan antza.»
«Espirala, zurubi kiribilla! Orra guzia! Kiribil orretan sartuak daude, bere joan-etorrietan, utsa ta betea inguratuaz, bere azken oiñetik urrutiratzeke dabillela, utsunezko iduri batek ar ditzaken bere ardatzarekiko egoera guziak. Onengatik nere eskulturetan, bein da berriz, nere baitara bildu izan naiz. Emen datorkigu burura egaztiak, bere aizerakoan aidean egiten duan ibil-ingurua. Nerea, mukuluaren biotzean, lan-txilborrean biltzen dan aintzira, ori da. Or datza geroko bere barriaketa guzien iturria.»
Txillida bere lanen atzean izkutatzen da orain. Auen aurretiko prestaera ta akulua agertu digu. Oietan degun berdiñeza, bere egitekoaren une bakoitzaren batasunean, egin-ala, bere aurrerapenean argitzen da. Txillida'ren irudipenezko lantegi orretan, bere esanak lan guziak batera ekarri dizkigu. Or dago egin duan guzia, jaiotzen, lanaren eiñean oiñarritzen, bukatua ta bukatzekotan, bere arteko alkar-joka batean, baiña aldatzeke azkenera bidean, or du bere utsune ori menderatua, bere eskupean artua, ta izate bilduan gorpuztua. Orren bereizgarri plastikoak erabilliaz, bereak aien araupean lotzen ditu.
* * *
Liburu ontako euskal-tankera ikusteko lain badezu, emen aldatu deguna. Ta besterik gabe ebakitzera goaz gure lana. Txillida'k izen aundia emango dio gure izkuntzari, bere lanen azterketa euskeraz eragiñaz. Etzan naikoa beretzat erderaz bere eiña goraltzea. Bere ardura ezta ortan agortu.
Bere izenarekin batera, gure izkera ere jaso nai izan du jakintzaren eta ertiaren sailletara, jator jokatu du ontan. Gure jakintsu ta ertilari ugariak ori egin izan ba-lute, gaur ez giñan onen gorririk egongo onelako lanetan.
Zor diogun omena eskeiñi dezaiogun, ba, guk ere Txillida zizelkariari OLERTI sailletik.
|