«Ageda Deuna»
M.U.
Santa Ageda biar dogu ta
kantari gatoz gu ona,
Auzo oneri opa dautsogu
bakea ta zoriona.
Gure artean antxiñatik da
Egun au ospatutea,
Gazte zintzoak aterik ate
Bulartsu abestutea.
Makilla sendo ta sakel banaz
Bizkor ona eldu gara,
Etxeko-jaun on eskuzabalak
Emen dirala entzunda.
Gure sakelok berotuteko
Al dozuena ekarri,
Ageda deunak onetsiko dau
Zerutik ongille ori.
Bere bizitza goragarriaz
Mirariturik biotza,
Iñoiz baiño be eztitsuago
Dator gaur gure abotsa.
Gazte-gazterik Jesukristori
Iskindu yakon osorik,
Bere biotza egoan beti
Goi-maitasunez suturik.
Martiri deunak, gitxienez bai,
Ogetamairu milloa,
Euron artean Ageda dogu
Gorengo mailletakoa.
Ogei eta bat urtedun dala
Daroe urkamendira
«Agur, amatxo, negarrik ez ein,
Kristo'gaz noa iltera».
Bularra kendu, gogor astindu,
Txingar artetik narrastu!
Baiña nekaldi mintsu orreitan
Beti alai ta kementsu.
Zauriz josita aurkitzen dala,
Bere aldez da zerua;
Argiz jantzirik agertzen yako
Pedro deun apostolua.
Arrigarri bai an sortu dana,
Zauri guztiak osatu!
Borreruak be au ikusirik
Ezer esateko mutu.
Lurrikara bat bertan sorturik,
Guztiak estu ta larri!
Kintziano be igeska doa,
Baiña ibaiak iruntsi.
Ageda emen gora begira
Asi da Jaunari deika,
Bere arima ederra onan
Donokira egaztu da.
Orain bagoaz alde egiten
Zuoi eskerrak emonda.
Emen alkar maitaturik gu be
Zeruan batuko gara.
|