Nere lengusuari, meza barrian
Aldana
Milla ta bederatzireun
eta irurogei ta bostean,
garragarrillak iru ditula
egun zorion betean,
gure Bizkai'ko erritxu baten
danon alaitasunean
Jaungoikoaren berba jarri zan
Luzio'ren biotzean.
Egun aundia, egun ederra,
egun zoriontsuena,
lenengo aldiz zeure eskura
Jauna ekarri zenduna,
damu zintzoaz yoiatzunentzat
lortu zendun parkamena:
goiko zeruko aingeru danak
dantzatu ziran eguna.
Asko dirade deituak eta
oso gitxi aukeratuak;
biotz aundiko gizonak dira
azkena lortzen dabenak.
Arazu ortan izan dozuz zuk
Jaungoikoaren graziak,
zeure bizitzan gorde egizuz
orain ikasitakoak.
Sarri askotan itaundu dot nik
zer dan abade izatea,
mundu ontako gauzak imita
beste bide bat artzea,
gizaseme ta Jaungoikoagaz
bitarteko biurtzea,
Jaungoikoaren doe guztiak
munduan zabaldutea.
Abadegintza izan bear da
gizon danen onerako
mundu ontako arazoetan
danoi lagunduteko.
Zeuen laguntzaz geure bidea
zerurantza zuzentzeko,
danon aurrean, bildur bagarik,
egia erakusteko.
Gizon geienak egarri dira,
egizko bide egarri
eta orrei uko egitea
izango da tamalgarri.
Jaungoiko ordezko zaree eta
Jauna da egi iturri,
zuen bizitzak izan bear dau
egi utsaren oiñarri.
Zeure egintzaz artu dozuz zuk
arazo asko lepuan,
zeure bizitzan gorde egizu
diñotzudana goguan:
Bide nekeak, lengusu maite,
arlo gogorrak munduan,
biotz zintzoaz jokatzen bozu
zoriontsua zeruan.
Gaurko egunian opa dautzut nik
zorionik beroena
eta batera artu egizu
nere emazte-semeena.
Biotz apalez eske dautzugu
«benedictio» onena,
pekatari bat emen daukazu
eske zeure parkamena.
|