Aurkezpena
Aita Onaindia
Izatasun bat aragitu bear du olerkariak, irudikizun bat itzez eta gar-beroz jantzia, sua ta itza diranak noski.
Ortan benetako laguntasuna zaio teknika. Olerkaria, poeta berez jaio oi dala diogu sarri; baiña eusgarririk jarten ezpazaio berezkoari, ezereza aiña izango. Berezko jite ta garrari, ba, kemen berezi bat ezarri bear diogu ikasiz eta idatziz; bai, teknikaren bidez erreztasun aundia lortu genezake, eiza-zakurrak duen lakoxe sen aundia, jatorrizko ta ikasizko antzea elkar oreturik. Orduan, borborka irtetzen bertso ta ahapaldi bizisakon, giarrak.
Euskaldunok, aspaldi, nola ote gabiltza olerki-bidean? Batzuk «iñoizkorik ondoen» esango dute; beste batzuk, ez ainbesterik. Nor mintzatu oi dan... Nik, ordea, ez dut uste orren goi aurkitzen danik gure poesia, azken urteotan aski eroria baizik. Guda aurretik ez-eze, 1960-1970 bitartean ere «Olerti» medio baitik bat naiko loretan zegoena, gaur ez dakust orren txairo, ugari ta bere-aldiko. Orain ez naiz jaitsiko onen zio ta errazoiak aztertzera. Urrengo lanetan ortan ariko.
Oraintxe amaika urte ixillera zitzaigun «Olerti»; ez bere erruz, goitiko aginduz baizik. Maiz gogorazi dugu amaika urteotan, tamalez geien bat, aren ezkutatzea. Bear-bearrekoa genduala dirudi.
Orain, aize obeak dabiltzalako edo, lengoari ekin nai diogu berriro ere; au da, zapaldua ta lau-orriz dagoen gure erria, ostera ere, zuzpertu nai dugu, bizi-erazi, edertu eta dagokion duiñean exeri ta aintzatsu izan daiten.
Auxe da egiazki olerkariaren zeregiña, bere arloan lan egin nai ba'du. Ederki diosku Lizardi'k, bere soin eta arima-indarrik onenak, beroenak euskal izkuntzaren goratzarrez erre zituanak: «Olerkariak berotu izan baitute erria bizkunde guziatan». Gure indarketak ez ditezela, beraz, alperrikakoak izan. Guztiok bat-egiñik, dezagun zerbait erri doakabe au zori obez bikaintzen.
Euskal olerkariok! Emen duzue, ba, berriz ere, lehen bezela noski, «Olerti», guztion aldizkari begikoa; zabal-zabalik dituzue bere ateak. Zuen lanen zai gaude. Txiki ta aundi, ementxe egin ziñaten poeta, ementxe olerkari. Zorrotz gaur ere zuon luma bikaiñok; ondu, biotz ta buru, bertso sutsuak. Au txepetx, bestea arrano egalari, denon lanak dirake esku txeratsuz artuak.
Betoz olerkiak, jatorrak eta itzulitakoak, kritikak eta iritziemateak, poesiari buruzko idazlanak; betoz baita bertsolarien kanta lasai ta bipillak ere toki berezia dute emen, oiek ere bear bait dute barruti eder bat gure errialdeetan. Labur: guztiok lanera!
|