Guda aurreko eta ondorengo euskal olerti giroa
Aita Onaindia
Etsai izkilluz esiturik gaude gizon, erri ta izkuntza. Ai olan ezpalitz! Nornaik, ordea, orrela aurkitzean, bere burua gorde ta zaindu bear du, errotikoa bait da gure bizi-naia. Ortaz, aurrerapen iraunkorrerako girorik ez danean, edo-ta eginbide egokirik billatu ezin danean, salakuntza egiteko ba-da eskubiderik. Aintziñako mendeetan, erromatarren garaian adibidez, aurretiko izkuntza asko aien zapalketaz suntsituak izanik ere, gure euskera ekaitz osteko tantai bipil antzera tente geratu zan oraindik. Gerora ere, zeinbat gizolditan, gorriak ikusi ditularik, aski mardul bizi izan da bere bazter txikian.
ETSAIAK AGERTZEN
Euskal lur-bazterra politikaz garaitua izan zanetik, alabaiña, auzoko izkuntzakin borrokatu bear izan du euskerak: agintarien astingaillu ta idizilpean ere bereak ikusia dugu. Ez dituzu urri, alajaiña!, fenomenu onen erakutsiak. Joan gizaldiaren azkenerantza, Arana Goiri'ren izkuntza aldeko eragiñari ipiñitako beaztopo ta koskak saiets utzirik ere, ba-dugu debeku ta zigorrik. Azkue'k berak, esaterako, 1899-en, bere «Euskalzale» asterokoan euskal lanak erderaztu bearra izan zuen, Madrid'eko agintariak ortaratu zutelako.
Zoztorrak zoztor, mardulduz zetorren euskera bizi garan mende onen asieratik; Arana'k, Azkue'k, Kirikiño'k eta auen ingurukoak gogo beroz ziarduen lanean. Azkue'k bere Iztegi nausia argitara zuen 1905-1906'an; Urkixo'k RIEV sortu zuen 1907'an, 1936'raiño iraun zuena; A. Kanpion, J. Urkixo, Txomin Agirre ta K. Etxegarai'k, Gregorio Muxika zuzendari zutela, «Euskalerriaren Alde» ta «Euskal-Esnalea» argitaratzen asi ziran (1911-1931); 1913'an «Euzkadi» egunerokoa sortu zan Bilbao'n; euskaltzale jator batzuk «Argia» asterokoa sortu zuren Donos,tia'n (1921-1936).
Itz-lauz ta bertsotan ez zuten lan gutxi burutu eguneroko, asteroko ta aldizkari auek. Baiña au ez izan nunbait gogoko eure etsaieri, ta 1921'an or Primo de Rivera jeneralaren jaurlaritza ertsia: onek geldi-aziko zuen aspaldi loretsu zetorren euskal berbizkundearen kemena; euskal prentsa ere, naiz-ta osorik ixil-lezaratua ez izan, zati eder batean moztu ta iñausia bai beintzat. Urte mordoa bear izan zuen euskalerriak berriz amase artu ta legezko lauki barruan lanari lotu orduko.
Alen eta guzti ere, 1926'an, olako zirkin nagi bat nabari izan zan, esnatuz doan sugearen antzekoa, ixil eta izuria lenengo, eta zabal ausartagoa gero... Zer xedez? Euskera oldarazi, bizi-izate berriz ornitu. Orixe noski garai artako euskaltzale moltzo aren amets. Elkartu ziran, bai, te xede berdiñez sustaturik, jai batzuk antolatzen asi zitzaizkigun. Elgoibar'en ospatu zuten lendabizikoa, 1926'an ain zuzen ere. Urrengo urtean Mutriku'n; urte ortan, gaiñera, «Euskal Eguna» ospatu zan Arrasate'n, iraillez. Orduantxe jalo zan «Euskaltzaleak» elkartea, euskeraren alde ainbat lan bikian osotuko zuena.
«EUSKALTZALEAK»
Arrasate'ko itzaldian Lizardi'k onela: «Gau beltz artan, Elgoibar'ek eta Mutriku'k ixar bana izeki zuten... Dardarraz izeki, argi emateko ere lotsaz. Baña urrena, emen, zuen erri ontan, Arrasate'n, ilbeteak (illargi beteak) illunpe zillarrez yantzi zun: goiz berri baten itxaropena, eguzki berri baten uste gozoa biotzetara zekarkigularik... Ta orduan, Arrasate'ko euskal-egunez, orain gauden areto ontan berton, txiki ta aul, ume axal-gorri, «Euskaltzaleak» deritzan elkartea sortu zan. Gaur, iru urtez-gero, Euskalerri osora egunero bere otsa zabaltzen du; ta ez nizuteke gezurrik esan nai, laister Euskalerri'ko lagun-arterik ugarien eta indartsuena izango dala adiraziaz» (Itz-Lauz, 134 orr.).
Eta zalako elkartearen elburu ta asmoa zeatz eta laiño adierazterakoan, au esanez bukatzen digu itzaldiaren aria: «Eztet askorik geiago luzatu nai. Soil-soilki, obeto ikusi dezazuten zertzuk egiten laguntzeko zeren izenak eman bear dizkiguzuten, esan dezagun laburki, «Euskaltzaleak» emen yaio-ezkeroztik egin dutenaren berri.
«Zumarraga'ko euskal-egun oroigarria, Andoain'goa, Segura'koa, Errenderi'koa, laster Bergara'koa ere, ta Otxandio'koa: bertan gure yolas garbiak dantza dala, pelota dala, palanka, bertsolariak, eta abar eder-agertu: bertan euskera goratu ta umeai maitarazi.
»Euskel-Idazle-Batza deritzan euskerazko eskribatzaleen elkartea irasi edo fundatu. Betirako sari bat asmatu ta bilduarazi, urteroko euskerazko artikulorik onena sariztatzeko edo premiatzeko.
»Euskerazko Poesia edo Euskel-Olertiari egoak luzatu, olerkariak berotu izan baitute erria bizkunde guzietan.
»Euskerazko Teatroa, edo Euskel-Antzertia (oraindik gutxi bederik) xuxperrarazi, ta Euskel-Txontxongilloak edo «guignol»-a yarri.
»Euskerazko liburu salketak eratu.
»Euskerazko eguneroko periodikoa nola ta zenbatez egin diteken aztertu, ta asmo aundi au egin-bidean sartu» (Itz-Lauz, 139 orr.).
Nolako asmo zabalak! Egunerokoa euskeraz! Gaur, ainbat urteren ostean, ez gara gauza olako bat antolatzeko, eta Lizardi'k zeatz-meatz eman zizkigun gorabera ta zertzeladak oro. Ez dezagun esan, beraz, jalgiaiek ikuspegi-motz eta xede-urri ziranak. Orduko euskeraren aldeko mugimentu osoa lau-bosten eskuetan zegoen, eta bear bada beronen arnas emaillerik bipillena Lizardi genuen, gaur ere iñork gainditu ez duen olerkari yaukala.
AITZOL ETA LIZARDI
Euskal olertiari gagozkiolarik, Aitzol eta Lizardi izan zitzaizkigun orduko gar eta gora-nai osoa galgatu zutenak. Garai artan etzan elkarri sakaka ibiltzerik; aitzitik, denok gogo beroz eldu genion lanari, olerkariak batez ere, pizkunde guztietan erria sustatu dutenak olerkariak izan dirala-ta.
Gizaseme errime ta jakintsu auek asko idatzi zuten, besteak beste, poesiari buruz; baita mintzatu ere, Euskal Olerti jaietan bereziki. Aspaldi ospatzen ziran, dakigunez, gisa ortako jaiak eta egunak, ez baiña sustatzaille biok «orain egotzi nai dioten ainbat mamiz eta kemenez». Poesiazko gogoeta askoren ostean, Dabid, Homero, Birgili, Dante, Camdens eta abar aipatu ondoren, Mistral jarten digu eredu bezela. «Mistral'ek dio ongi (ta gaurki) darakus gizon ale baten esku naroak zer dezaken, asabaen mintzoa eriotzarengandik begiratzeko».
Gerotxoago darrai: «Batek baño geiagok esan izan du euskera gaizka litzakela, orrelako olerkari bat luken egunetik. Baña, oar bati gatxikion: olerkari guren oiek eztira bakar soillean azten, gure Aizkorri zelai lau-utsetik bulartu ez antzo; beti ditute olerkari zeeagoak aitzindari ta laguntzat; beti, bil-aldean, muño ta mendixka sail bat. Txikion giro-berotzea gabe, sortzerik ba al luteke aundiak? Eta gu, euskoak, ete gaude olerkari gurena etorri-giroan? Ezetz uste det. Baña bai, etorriko dala, txikien olermenari su eman ezkero. Nork daki yaioa eztegun? Nork, gure semetxoen artean ez al dagon buruño maite bat, urteak zear ez-ilkorren dirditz-ustaiak bil-bearra? Garau eze ori, bada, bear-garaiez goza ta ondu dedin, euskel-olermena irakinaraz dezagun, ta oler-zaletuaraz dezagun erria» (Itz-Lauz, 37 orr.).
Eta bukatzerakoan: «Olerkari onik eztegula?... Zirika ditzazute diranak, eskein zaiezute aintza-apurño bat... eta, gero mintza! Ta ori maiz egiñaz, ikusi baietz leengoak beren buruak yantziagotzen, ta berri lirañak sortzen; ta, azkenik, kemen illezkorrez bazkako duan gizagurena euskera gaixoari agertu baietz...».
Zirikalari bera, Lizardi, izan zitzaigun lenengo Eusko-Olerti egunen bidez, eta gero Aitzol «Yakintza» aldizkariaren orrietatik batez ere. Aldizkari naiko geneuzkan aldikada artan, Errepublika etorri zitzaigunetik baitibat; baiña poesi-auzian «Eusko Olerkiak» eta «Yakintza» ziran geienik nabarmentzen zitzaizkigunak. Azter ditzagun biok, azal-xamarretik bederen.
«EUSKO-OLERKIAK»
«Euskaltzaleak» elkarte nekagaitzak antolatuta, zazpi Olerti-Egun ospatu ziran, txit gogoangarriak noski. 1930'an, Errenderi'n, Lauaxeta'ren «Maitale kutuna» sariztaturik. 1931'an, Tolosa'n, Lizardi'ren «Urte-giroak ene begian», sariztaturik; 1932'an, Ernani'n, Loramendi'ren «Barruntza-leyoan» sariturik; 1933'an, Urretxua'n, Etxeberria'tar Pantzeskaren «Bost Lore» sariturik; 1934'an, Zarautz'en, J. Zaitegi'ren «Tori nire edontzia!» sariturik; 1935'an, Bedoña'n L. Jauregi'ren «Maite Opari» saritua; 1936'an, Lekeitio'n, J. Otamendi'k zillarrezko aritz-abarra irabazi bere «Giza-adiñak» poesiarekin; 1936'ngo garagarrillaren 28'an ospatu zan egun eder au, Azkue'tar aita-semeen omenez. An nintzan ni ere, eta an ziran orduko olerkari ta euskal idazle irtenenak: udaletxeko aretoan egin zan, meza nagusi ostean, sariak banatzea ta ondorengo bazkari ez-urria.
Azkenengokoak izan ezik, beste sei poesi-batzaldira bialdutako ederrenakin biribildutako «Eusko-Olerkiak» ale panpoxa argitaratu oi zan urtero. Aitzol'ek zegian lan ori. Ale bakoitzari itzaurre joria ezarten zion. Bego emen lenengoari (1930) jarri zion atalño au: «Oraingoan, euskaldunak gure izkera apaindu eta aberastu bearrean gera. Eusko-elertia oparotsuenetakoa ez bada ere, ez da askok uste lezateken bezin argal eta makala. Euskaltzaleak alaz, guztiz, gure elertiari mendu gazteak txertatuaz sendotu nai luteke. Ortarako biderik egokiena ordea, olerti gaiari eragitea zaigu. Goitar indar meea, almen-biotzetan, darabilkiten gazte azkarrak bai bai-ditugu. Gure sorterrian olerkariak, eta ugaritsu, ale mardulak bezela, sortzen ez ba-dira, euskera loretsu, kemen-biziz indartua eta euskaldunen ezpaiñetan irribar antzera ikusi bearrean, oraindik argal eta beartsu luzaroan aurkituko degu. Olerki oparo-ugaritsu gabe euskera ez da ernaituko, iñungo izkerarik poesi-neurtitzik gabe garatu eta sendotu ez dan bezela. Ele apain, bigun, biurri, irudiz errez, adiz sakona, idazle lumetatik arin, aizetsu eta leun ixurtzeko euskerari beste biderik ez dagokio. Izkera-langille bearrenekoak, olerkariak dira. Oiek ele gogor eta gordiña, olaetan burni goria meetzen duten eran, bizkortu eta gozotzen dute; oiek irudi biziz, asmaketa zorrotzaz, eta amets-ereduz aberastutzen dute; oiek itz joskera berri-arrigarriak sumatzen dituzte. Idazleak aisago eta errezago ibilli ditezen, olerkariak, erdikaldi nekeak igarota, buru-auste gorriak ikusita, izkeraren bide zabalak idikitzen dituzte» (Eusko Olerkiak, 1930, 4 orr.).
Urtero eratzen zan olerti gudura bialdutakoenetatik autatutakoekin osatzen zan bilduma bakoitza. Lenengo alean auen lanak datoz: Lauaxeta, Orixe, Lizardi, Tapia-Perurena, Imanol Enbeita, F. Loidi, Jakakortajarena, A. Zugasti, A. Arozena, Jautarkol, A. M. Labayen. Bigarrenean, Lizardi, Jakakortajarena, J. Zubimendi, Manuel Lekuona, Tapia-Perurena, E. Muxika, Jautarkol, Loramendi, Tomas Agirre (Barrensoro), E. Arrese. Irugarrenean, Loramendi, Jakakortajarena, Jautarkol, E. Erkiaga, F. Loidi, X. Lazkoz, Tapia-Perurena. Laugarrenean, Etxeberria'tar Pantzeska, Orixe, Zaitegi, Gotzon Arin, Gaztelu, J. Onaindia, E. Erkiaga, «Onintza», A. Urkidi, B. Ametzaga, M. M. Arrizubieta, «Satarka», «Tene», R. Kerexeta, Loramendi, Tapia-Perurena, Jautarkol. Eta orrelaxe besteak, Aitzol'en itzaurre bizkor bikaiñez jantzita.
«YAKINTZA»
1933'an il zan Lizardi. Bi bultzatzailleotatik, beraz, Aitzol geratzen zan bakar-xamar. Beronek eraman zizkigun beintzat «Euskaltzaleak» elkarteak bere pentzutan zeuzkan lan-arloak, olerti -bertsolari aur, antzerki-, ta abarren egunak. Orrezaz gaiñera, «Yakintza» (1933) sortu zigun, eusko jakintza aldezko bi-illerokoa, «Elerti», «Antzerti», «Irazkintza», «Edesti», «Legegintza», «Abendelesti», «Gizartizti», «Erti» ta «Ereserti» sail apaiñez aberastua. Gregorio Muxika il zanean, «Euskalerriaren Alde»-k eta « Euskal Esnalea»-k utzi zuten uts-unea betetzen zetorkigun.
«Elerti» sailean sartzen zituen poesiak ere. Emen idatzi zuten maiz «Eusko-Olerkiak» saillean zetozenak: Tapia-Perurena, Lizardi, Jautarkol, E. Arrese, F. Markiegi, Loramendi, R. Intzagarai, Iraizoz, E. Erkiaga, Gaztelu, F. Loidi, J. Onaindia, E. Urkiaga, J. Zaitegi, Oihenart'en bost poema, ta abar. Ementxe datoz T. Agirre'k, Orixe'k, G. Manterola'k, J. Ariztimuno'k, J. Artetxe'k eta beste batzuk poesiari buruz osaturiko lan jakingarriak. Ementxe datoz baita R. Tagore'ren «Amal» Sabiaga'k euskeratua eta Schiller'en «Wilhelm Tell» Goenaga'k euskerara itzulia.
Aitzol zanaren belaunaldia zan, kementsu ta arnasa aundikoa. Lizardi eredu genduan olerkariok, izar dizditsu antzo; Aitzol, ostera, bultzatzaille azkar. Amaika eskutitz bizi artuak gara orduko koplariok. Maitekor eta ats-emaille izan zitzaigun gudu aurre guztian. Nolako arduraz ezagutu nai izan ginduzan olerkari gazteok, Lekeitio'ko azken poesi egun gogoangarrian!
EKAITZ IZUGARRIA
Edu orretan sustaturik ekin genion, su ta ke, oi dugunez, olerti-alorrean. Elkarren leian ekin ere, nor geiagoka; ba-genduan nun argitara eman geure asmakizunak; baita ba-genduan zer irakurri ere, geure irudimenak bizi-erazteko: Arrese-tar Emeteri'ren «Txindor» (Donosti, 1928), Jautarkol'en «Biozkadak» (Iruña, 1929), G. Manterola'ren «Goi-Izpiak» (Zornotza, 1921 ), Satarka'ren «Txinpartak» (Donostia, 1922), Lauaxeta'ren «Bide Barrijak» (Bilbao, 1931) eta «Arrats-beran» (Bilbao, 1935), P. Lafitte'ren «Ithurralderen Kantuak» (Baiona, 1932), Lizardi'ren «Biotz-begietan» (Bilbao, 1932), Orixe'ren «Barne-Muinetan» (Zarautz, 1934), S. Muniategi'ren «Goiz-Aize» (Bilbao, 1936) ta abar: garai artako aldizkariak, ots, Bilbo'ko «Euzkerea», «Jesus'en Biotzaren Deya», Zornotza'ko «Ekin» eta «Karmen'go Argia», Iruña'ko «Zeruko Argia», Donostia'ko «Argia» ta oraintsu aipaturiko «Yakintza», ainbat olerki eder argitaldu zituztenak, albora utzirik.
Baiña brastakoan gaiñeratu zitzaigun ekaitzik izugarriena, dena suntsitu ziguna. Gure izkuntzari begira, odei beltzak justuri ta trumoi bertatik eratxi oi duen baserritar alor baten antzean, xeatu ta lurra joa gelditu zan euskal olerkigintza, urteetarako lauskitua gelditu ere, amar bat urtetan ez bait zuen bururik iaso al izango. Mugaz emendiko euskal arazoa, kulturari buruzkoa batez ere, mutu geratu zan. Gerra bitartean, 1937'an ere, zerbait egingo zan Bizkaia'n, bagillaren erdirarte noski, «Euzkadi» egunerokoa bere euskal atalarekin eta «Eguna» euskeraz osorik idatzitako egunerokoa, lerden bait zetozten oraindiñokarren. Baiña auek ere, ixil-erazoak eta sakabantuak izan ziran osotoro, eta oraindik ere orrela diraute.
Idazleetatik batzuk Aitzol, Lauaxeta, K. Onaindia ta F. Markiegi behintzat fusilatuak izan ziran, eta beste batzuk munduan barna barraiatuak. Zezen errime mailluz joaren antzera, dardar-azi ta porrot egiña dugu euskal literatura, ego aldekoa beiñik-bein. Ez da ezer idazten, ez libururik argitara ematen; kalean ezin daiteke euskeraz mintzatu, auzo-ikastolak ixildu dira, elizetan ere euskera urri. Guda osteko lenen urteak, tamal aundiz diogu, antzuak izan zitzaizkigun oso ta bizi.
BAIÑA, EZIN ETSI
Ezin etsirik zeuden, ala ere, gerra zala-ta erbestera aizatuak izan ziran euskaldun jatorrak. Eta laister sortu zituzten, oremen, aldizkari ta egunerokoak, au da, «Euzko-Deya» ta «Anayak» Paris'en, Mexiko'ko «Euzko-Deya», Angelet'eko «EuzkoEnda», Txile'n «Batasuna» ta «Gaztediaren Boletina», Karakas'en «Aintzina», «Alkartu» ta «Euzkadi», Donibane-Lohitzun'en «Gernika», eta gaiñerakoak, ez gutxi. Liburu batzuk ere or datoz: J. Etxepare'ren «Buruchkak», P. Lafitte'ren «Kantuz» eta «Eskualdunak»-en ordez atera zuen «Herria», oraindik ere bizi-bizi dabillena; Oxobi'k «Haur elhe haurrentzat», Iratzeder'ek bere «Jakes» poema; Azkue'k «Euskalerriaren Yakintza», lau atetan, gerra ondoko amarkun barruan.
Urrengo bost urteetako zitua ere ez da arbuiagarria, 19461951 bitartekoa baitik bat. Ikus Irazusta'ren «Joañixio» (1946), Elizanburu'ren «Piarres Adema» berriz argitaratua, «Le poète Pierre Topet dit Etchahun» ta Monzon'en «Urrundik» (1946) ta «Gudarien Eginak» (1947), J. Zaitegi'ren «Sopokel'en Antzerkiak» lau ale (1946) ta «Goldaketan», Baltzola'ren «Argi Donea» berriz argitara emana, Lontzi Abaren «Ipuintxoak», eta besteak. 1948'an « Egan» datorkigu, erderaz ta euskeraz lendabizi ta euskera utsean gero, L. Mitxelena, A. Arrue ta A. lrigarai'k zuzendari dirala.
Urte onetan bertan ematen ditu A. Manzisidor'ek bere «Santuen Bizitzak» eta «Otoitz-bidea (1948); G. Lertxundi'k «Kantikak» eta lbarrart'ek bere «Koplak» Baiona'n; J. Eizagirre'ren «Egaitzpean» (1948); P. Lafitte'k aintzin-solaturiko «Kantikak», 629 orrialdekoa; Orixe'ren «Urte guziko Meza-bezperak» (Tours, 1949); J. A. Irazusta'ren «Bizia garratza...» S. Mitxelena'ren «Arantzazu euskal poema» (1948) ta «AmaSemeak Arantzazuko kondairan» (1951 ); J. Etxaide'ren «Alos-Torrea» (1950); Leon Leon apaizaren «Jesu-Kristo Gure Jaunaren Ebanjelio Saindia» (Ustaritz, 1947); A. Riezu'ren «Flor de Canciones Populares Vascas» (Buenos Aires, 1948); Aita Pasionisten «Gurutzearen Oñetan» (Bilbao); J. Zaitegi'ren «Euzko-Gogoa» (Guatemala, 1949); Aita Karmeldarren «Karmen'go Amaren Egutegia» (Bilbao, 1951 ); J. M. Leizaola'ren «Estudios sobre la Poesía vasca» (Buenos Aires, 1951 ), sei ale, aldiz-urren antolatuak.
Ez, euskeraganako kezkak jota, ezin zan euskalduna ixillik egon; zigorra lepo-gaiñ izanik ere, bere izkuntzari ezin iñundik iñora itzaltzen utzi. Ezin etsi ari ekin gaberik. Ezkutuka, beraz, edo-ta agirian, eusko-mintzaira lanean murgilduta dakusagu euskal-seme andana jator bat: euskal lanak osotu, euskal liburuak biribildu ta argitara eman. Olerkariak, beren aldetik, ez daude lo, «Euzko-Gogoa»-n eta «Karmen'go Amaren Egutegia»-n poesi mordoskak datozkigu.
Baiña sail au, Euskal Literaturarako ere gora aundikoa data, urrengo zenbaki baten jorratuko dugu obeki.
|