Hamaika itz huts
J.M.Z.
I
Hamaika hitz saltzen ditut
bost txanponetan:
Jainkoaren erreinua
eta parte metereolojikoa.
Mateo cinco veintiuno
esan du eskultoreak,
eta hamalau apostolu jarri ditu
zalaparta soinu
zaldien saltoka ots
hitz zalapartatsu batean
dantzari errukior;
hitz batean sartu
ta joan da
desafio utzita Ama Birjinaren
harriaren errukizko
Kristo etzana ta ez otsana
horren itzalean.
Alferrik borratu dio gure Herrian
bigarren apostoluari
besarteko tiroa.
II
Hamaika hitz saltzen ditut
bost txanponetan:
Kapitalen erreboluzioa
ta merkatariaren argumentarioa.
Esposatuta eraman zuten
gizona.
Baina, egon.
Poesiarik egin nezake oraindik
arrats epeletan.
Inportazioko
pultsera berriak ziren.
Bai, noski,
diot,
egi dela lanbroaren pena,
eta beste gauza batzuk ere
gure artean:
txiklearen prezioa,
protestako abestia
eta dolmenak ezkero
oraindik sortzen ari zaigun
Herria.
III
Hamaika hitz saltzen ditut
bost txanponetan:
Hamalau noskik
ez dute baina bat balio.
gure gizonak uste du
poesia dela
multiplikatzeko tabulak
edo bihotz pareko
ozkirria
eta laino gris metafisikoa.
Baina lainoak
behean eusten du
Bilboko ke zatarra
eta bihotzak...
ai bihotzak: plastikozkoak
jarri nahi dituzte.
Multiplikatzeko tabulak
geratzen dire
bakarrik.
Bainan multiplikatzeko tabulak
eta kasik logaritmoak
Gobernuko ofizinatan
daude
eta ezin ditezke
poesia izan.
IV
Hamaika hitz saltzen ditut
bost txanponetan:
Geroa,
alferraren leloa
Eta gure profetek
ez dute tenplu haundirik
profetizatu nahi.
Eta zenbaitek
esaten dute:
«gazte oiek»
eta besteek lehen esaten zuten:
«esos viejos»
eta orain
«zahar horiek» hasi zaizkigu
esaten
hatxe ta guzti.
Bainan ez dute
tenplurik eraikiko
harik eta
tabernan eta kalean
edo baserritan eta reuniotan,
baztarretan eta batzarretan
«guk
gaur eta bihar eta etzi»
denek entenitzeko eran
esango duten arte.
V
Hamaika hitz saltzen ditut
bost txanponetan:
Hitz emana,
zor.
Gure Herriaren salterioan
ez da kabitu oraindik
Itxas Gorriko pasaizoa:
Israel Ejitotik irten zanean,
Haundia baida Haren errukia.
Ez digute oraindik desertuko
galeperrik
jateko astirik eman.
Hor daukagu itxasoa
aurrean,
eta Faraonen zaldiak
atzetik.
Moises bat behar dugu
Herriaren indarrarekin
edo Jainkoaren errukiarekin,
ezin ahal izango baidu
Aaronen makilarekin,
itxasoa agortu dezaigun.
Bainan bilatu dezagun bizkor
pasatzeko
Herririk ere izan dezagun.
VI
Hamaika hitz saltzen ditut
bost txanponetan:
Idia adarretik
eta gizona hitzetik.
«Babiloniako urbide-ondoetan exeri ginen,
Sion-herriminez negar egiteko;
hango ibai ertzeko saratsetan
geneuzkan ziztzilik gure zitarak.
Erbesteratu ginduzenak,
kantateko esan ziguten,
gure zapaltzaileak jolastarazteko:
« Kanta zaiguzute Siongo kantaren bat».
Gure salmuak kalean daude,
bi korutan,
edo hiru-lautan kantatzen dire:
Bai ta ezka
ari zaizkigu batbatean
koru guztiak salmu berbera abesten,
edo asmotan bakarrik:
zeren eta salmua konpontzen
ari gera eta ez gera gu konpontzen.
Bainan aizkenean
Herriaren matxinoek,
fundizioek eta laminazioek,
eta parkeko ziburuek
errezatuko digute
Herriaren errosario bakarra.
VII
Hamaika hitz saltzen ditut
bost txanponetan:
Belearen arrautzatik
usorik ez.
Gure eskola umeak
bizkorrak dire oso,
eta ikasten dute
sumak eta restak egiten,
egurraren ari guztiak
eta Viriato nun jaio zen;
eta eskolatik kanpo
ikasten dute kanikatan,
indiozko pelikulak
nun ematen dituzten
eta katakumeak nundik
sortzen diren.
Gure eskola-umeak
bizkorrak dire oso,
bainan ez dakite umekeriak besterik.
Bainan harien gurasoak
espezialista dire gehienbat:
zineko akomodadore
eta zigarro erretzaile.
Hori bai:
denek salbatu nahi digute Herria.
Hala esan beharko.
VIII
Hamaika hitz saltzen ditut
bost txanponetan:
Sardina erdi jan,
sardina erdi lan.
Bai,
eta gure Herriak ez du
aspaldian sardina erdirik jan.
Eta jendea
goserik hiltzen da
goseari pekaturik
erantsi ere gabe.
Bainan gizon langileak
ez du
lamien erreinuan ere
atsedenik hartzen.
Eta penatako animen
aterperik gabeko
gure mendiotan dabiltz
jentil-harritan
ezkutuko batzarrak egiten:
Eta erabaki dute
gure Herriak salbatu egin
behar duela
edo ez dutela Jainkoaren erreinuan
ametituko.
Eta handik ezinean
hemendik atera behar dugu
Herriaren ogi-erdi
eta sardina biak
multiplikatuko dizkigun
profeta.
IX
Hamaika hitz saltzen ditut
bost txanponetan:
Ardo gozoak
Lau begi ta oinik ez.
Bainan gure salbazioak
begi bat eta hiru oin
behar ditu
gutxien-gutxienez.
Hobe luke, noski,
Herriaren oin eta
begi guztiak balitu.
Bainan amoranteak bezala
pareka desegiten badugu
gure egia,
ostoak bezala eramango
ditu haizeak egi txikiak
eta ez da
haritzik geratuko
gure jeografia osoan.
Bainan haizeak ez du
osto bakarrik ere eramango
baldin eta
gure jeografia
Herriaren oin eta begi
guzien artean osatzen badugu.
X
Hamaika hitz saltzen ditut
bost txanponetan:
Goseak
jolasik ez.
Gure mendietan
neguko elurra
poesia-gai ona da,
bainan gure olerkariek
ez dute asko abesten,
zeren eta
neguko gauak
otz eta luze dira
eta gure Herriko gaua ere
otz eta luze dijoa.
Bainan ez dezatela
poetek atertu.
Eta neguaren zuritan
Herriaren bizia
egunaren argi berritara
esnatzen bada
Apokalipsi zuri batean
altxatuko dira goizeko zortziretan
fabrikako turutak,
kaletako dendak
eta etxeko gosariak.
Eta eskolan umeak
Historia berri bat hasiko dira
ikasten,
nola egun batean
lau aingeru zurik
Herrik-nahi xahar bat
konfirmatu zuten.
XI
Hamaika hitz saltzen ditut
bost txanponetan:
Zu hor ta ni hemen,
in sekula sekulorum. Amen.
Eta bukatuko dut
poema,
eta Herriaren errekan utziko dut.
Bainan Herriaren erreka
zalapartatsu dator
mendietako kolorez.
Eta nire poemak
ez dio kolorea kenduko,
eta ez dio kendu
nahi ere.
Mendian, esaten du
eskultoreak,
misteriotsuki jardun zuten
gure asabak
zeruaren aurrean.
Eta menditik datorren
poemak
barkatu, erreka esan nahi dut
bertute misteriotsuak
irabazi ditu.
Ez da Herriarentzat
Gaixo-ur aseptikoa izango.
Eta nik, menditar xinple,
erreka hontan bataiatu nahi dut
jendea,
oinetakoak askatzeko gauza ez naizen
Herri baten bidez
Jainkoak salbazioa
bidali dezaigun.
XII
Hamaika hitz saltzen ditut
bost txaponetan:
Poema osoa
eta bertso guztiak.
Bainan gure Herrian
bost hamaikatan
partitu ezin diteken ezkero
ez dut kobratzen.
|