Ibilli nabil
Aurre Apraiz
...Eta, ibilli nabil
illuntzeko bakean,
bide ezkutuak-zear,
neure gogoaren ameseri jarrai,
leizar-makillea eskuan,
ortozik,
gogoa minbera,
oiñak odoletan,
sasirik-baso,
uri ta baserri
nekatu, gosekil eta
atsekabetuen artean
arimea eskuetan dodala,
gorputzaren ezezkoak bazterturik,
guztieri on egiteko ustez,
zuzentasunarren ixuritako odolez
ezkoturiko zidor naasietaz,
gizarte obeagoaren amesez ildako
gorpu izoztuen atean.
Eta,
guztia daurkit itzel,
itzel eta maitetasun bagarik,
mundukeriak zapuztutako
ames zuzenen ondakiñez beterik,
andikeriaren aro ziztriñean narrazturik,
arrokeriaren esi lizunetan marapillotuta:
Guzti-guztia giza-ondarin
atsituz des-eginda.
Otzaz dar-dar, billoizik,
sabeltxuak ikol,
gorputzak zikin eta argal,
arimak argi,
agiñak zorrotz,
begirakune tamalgarriaz
zabal-zabalik begi aundiak
dakustaz, atsekabetsu,
ezeukien ume larriak.
Eta,
neure atsekabean amildurik,
zapart dagist neure izate guztiak.
Jo ta apurtu,
erre ta kiskaldu,
errudunak erail eta,
zuzendu egin gura neuke mundua:
Errudun dongeak ondatu...!
Baiña,
nortzuk nituke errudun?
Guztiok apur bana ez ete-dogu
zoritxarreko biurtu mundua?
Guztiok ez ete-dogu jarri izan, gero,
gizartera ezbearrak ekarteko
indar ezkutua?
Eta neure burukoikeriaz lotzaturik
negar-anpulu garratzak izuri dodaz,
begi bietatik;
odolezko malko gordiñak
biotzaren barru-barrutik.
Eta neure erkintasunaz minduta,
neurekeriz estalita indargeturiko
giza-maitasunaren billa asi naz
neure gogo saminduan.
Eta,
lotsaturik,
(zabarkeriaz minduta)
izakera barria aurkitu dot
neure izatearen barren-ondarrean,
neure barru ezezagunaren
ezkutu ixillean.
...Eta, ibilli nabil,
illuntzeko bakean,
gizarte saminduaren
ezbear eta atsekabeen artean,
zoritxar guztiak arindu gurean.
|