Egunon
Anjel Bidaguren
Zer izaki ete da gizona?
Zer nolakoa bere sakona?
Ezur pillo, aragi ta odol
Auts puskaren sendobako oskol?
Adimen utsez begira nabill
nondikoa ete dun leen aril.
Eta zar? kaxkarra argi-une,
ume izandako amen ume.
Azitik ale, aleen azi,
beitasunak iraun arazi.
Biraka gurpil asi ez amai
ale, landare ta pinu tantai
Umeen ume, aitonen aiton,
izaki geltsu, gure au gizon,
leena eta geroan gaurko.
Nondiko eta norako?
Alper gogoeta, buru auste,
ezaren utsa ene ikuste.
Jakintza makal ene gaurko au
adimenaren lo bateko gau.
Nola ikasi gizona zer den?
Barne muñean bakar zentzumen.
Argia bedi, idekiz leioa,
biotz-gela ixil zokondoa.
Egiaren iturregi garden
kontu jakilleetan ziurren,
taupa taupaka, olerkari gain,
giza-bertsoen oiartzun bikain.
Gizona zer den? Barre ta negar
batak bestea buztartuz alkar,
oso-osoan bat egiñak bi,
izatearen azal ta mami.
Gizona? Maltea ta gorroto.
Etxe barnean, gudari gaizto
Batak du nai bestea erio.
Alper! bat biona gun-jario.
Gizona zer den? Jopu ta azke,
sutegi gori lurrun eta ke.
Nagi ta alperrek darabille
gora guraren kate egille.
Gizona? Oian, itzal, otadi.
Otsoek, odol guleriz, kabi.
Gizona? Bedar goxo, garoa,
arkumeek bazka t'abaroa
Gizona? Izaki kaxkar, epo,
edo ta gizaundi gorenengo,
izadiaren bakar arrazoi,
edo ta izadi onen morroi.
Zugaitz, enbor sendo, adarrak bi
gora-gora, ezker ta eskubi,
beti bat bitan (ipar ta ego urkulu)
ezbaiaren sostengo.
Baia ta eza, gaua ta egun
dituk ik, gizon, eure erestun.
Dana dala, eu onenetan on.
To ene bosteko ta egunon.
|