Gurutzea utsik
Arrinda'tar A.
Egurra utsik,
gurutz soilla,
ez dut gorputzik
bertan billa...
* * *
Kendu bertatik
gorputz illa.
Berria bear dik,
ase dedilla
gurutza bait da
pekatu-neurria...
Burua zistril,
biotz-naaspilla,
gizartea dabil
zikin-zikiña...
Buruaren suertea
bear du gurea
izan.
Oiñak ez du buruak baiño
suerte oberik
bear.
Gizonaren Semea
anai gurea
bait da.
Aurretik bera,
beti bezala,
joana.
Gure bideak
odol-marketan
eginda.
* * *
Okerra garbitzeko
bear odola,
erru gabeko bildotsen
odol beroa,
negar samiña,
zotin eziña,
arnas larria...
* * *
Gurutzera igo zera
gure okerren neurrian.
Bizia eman dezu
dardar mingotz estuan...
Guretzat neurri, guretzat era
gure buru bait zera.
Jetxi digute gurutzetik
burua...
Igo beste bat, igo bertara,
Pasio luzea
amaitzen ez da
gorputz-atalak
munduan dabiltzala...
Gurutze bat,
gurutze bi
danentzat egiña
dirudi,
Pasio baten
luzagarri.
Igo bertara,
igo, bildurti,
oinperatu ikara...
Beti da latza
gurutza;
laztasunak,
orratio,
leundu dizkio
Bildotsak.
Bere odolez
leundu ere
gurutz-ertza
zorrotzak.
|