L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1980 (1980) —Hurrengo artikulua




 

 

Felix Maria Samaniegoren alegiak liburuaren aurkezpena

 

Isidor Baztarrika

 

        Argitara berria den «Felix Maria Samaniegoren Alegiak» liburua zuei aurkezteko eskatu didate. Zoritxarrez, ni ezin egon gaur zuen artean eta horregatik lerro hauek idatzi ditut, ahoz esan nahi nizuena nolabait adierazteko.

        Oso pozik hartu dut lantxo hau, liburu honen euskaratzailea, Josu Ejea, adiskide ona bait dut, eta berak hitzaurrean dioen bezala, liburu honen jaiotzan nik ere parte txiki bat dudalako, ni izan bait nintzen zirikatzailea.

        Liburu honek balio asko ditu, eta lehenengoa Samaniegoren «Fábulas» edo Alegiak gaur eta hemen euskaraz ematea. Alegi edo ipui hoiek ezagunak dira mundu guzian. Samaniegok munduko alegilari onenen mahaian —Esopo, Fedro, La Fontaine, Iriarte eta abarrekin batean— badu leku bat ondo merezia. Samaniegoren alegiok erdaraz nonai ezagunak eta hedatuak daude, baina euskaraz ez, gure ikastola eta eskoletan ez behintzat. Eta hori izan da liburu honen asmoa, Hitzaurrean Josuk nahiko argi adierazten duenez. Ikastola eta eskoletako haurrei eta gaztetxoei begira egina izan da liburu hau.

        Gaur dakizuenez euskal kulturaren aldeko mogimendu bizi eta sendoa sortzen ari da gure Herrian. Baina hortarako ez uste nahikoa denik euskara irakastea eta ikastea. Euskaldunok gainera gure Herriaren historia eta gizonak ezagutu behar ditugu. Gure Herriaren alde lan egin duten gizon eta emakume ospetsuak. Hoiek egin eta tajutu zuten Euskal Herriaren atzoko historia eta hoiek ditugu gaurko gure bizitza eta kulturagintzaren oinarri eta iturburuak. Seme batek bere familiako guraso eta arbasoak ezagutu behar dituen bezala, hala euskaldunok gure Herrikoak. Euskal Herri guzikoak ezagutzea on litzateke, baina hori zailagoa bada ere, nahietanahiezkoa da behintzat Araban bertakoak ezagutzea.

        Gizon emakume ospetsu asko ditugu lurralde hontan eta hoitan batzuk idazleak, esaterako: Landazuri, Moraza, Pedro Inazio Barrutia, Jose Pablo Uribarri, Joan Bautista Gamiz, Erraimun Olabide, Federiko Baraibar, Federiko Belaustegigoitia, Ladislao Velasco, Julian eta Anjel Apraiz... Feliz Maria Samaniego ere hoien arteko bat da. Hoien lanak, garrantzitsuenak beinepein, bai erdarazkoak eta bai euskarazkoak, gaurko haur eta gazteen eskuetan jartzea egitekorik lehen eta bikainenetakoa litzateke. Hori bai dela egiazko kulturagintza. Atzoko tradizioa eta jakintza beharrezko dute gaurko gazteek, arbola batek frutuak emateko sustraiak beharrezko dituen bezala. Ez atzokoan gelditzeko, frutu berriak emateko baizik. Eta hori egin nahi izan du Josu Ejeak liburu hau, Samaniegoren Alegiak, erdaraz eta euskaraz argitaratuz euskal haur eta gaztetxoeri eskaintzean. Hortik liburu honen gaurkotasuna eta garrantzia.

        Samaniegoren Alegiak euskaraz liburu eder batean! Nik uste Samaniegok berak liburu hau honela argitaratua ikusi balu poz bizi bat sumatuko zuela. Samaniego izan ere, naiz bere lan guziak kastellanoz idatzi, euskalduna bait zen, Arabako Biaizterin (Laguardia) jaioa eta Bergaran, Tolosan eta Bilbon bizi izana. Ez dakigu euskaraz egiten zuenik, ulertu behar bada bai, bere ama Anzuolakoa bait zen eta bera, lehen esan bezala, euskal giroan bizi izana (ikus hontaz P. Juan Ruiz de Larrínaga, SAMANIEGO VASCO Y VASCOFILO, Euskalerriaren alde 1924, XIV, 245-255). Euskal Herria benetan maite zuela era askotara agertu zigun eta bereziki hontan: «Amigos del País» elkartearen sortzaile eta lankide izan zen. Eta hain zuzen elkarte hontako ikas-tetxerako eta ikasleentzat idatzi zuen «Fábulas» liburu hau, berak asieran dionez: «A los Caballeros Alumnos del Real Seminario Patriótico Vascongado».

        Josuren liburu honek badu beste balio jakingarri bat. Gaurtik hemen irakurri genitzake Samaniegoren alegi edo ipui guzi guziak euskaraz. Bagenituen bai lehendik ere zenbait alegi euskaraz. Aita Iturriagak 1842.an Samaniegoren 49 ipui argitaratu zituen euskaraturik, orain dela gutxi Auspoak 71-72 zenbakietan berriz argitara eman dituenak. Beste batzuk ere euskaratu eta argitaratu ziren han eta hemen euskal aldizkarietan. Bainan alegi guziak, 157 alegiak, nik dakidala behintzat, inoiz ez gaur arte. Hemen dituzu ba lehenengo aldiz Samaniegoren alegi guziak euskaraz emanak eta bertsotan. Esan beharrik ez lan gaitza hartu duela egileak eta trebeki burutu.

        Euskarazko textoaren ondoan argitaratzaileek erdarazkoa ere jarri dute liburuan, honela begiratu berberaz jakin genezake Samaniegok zer esan zuen eta euskaratzaileak euskaraz nola ematen duen. Laguntza eta erosotasun haundia da hori denontzat, eta baitipat euskaldun berrientzat.

        Liburu honen egileaz, berriz, zer esan nezake, denok ez dakizuenik? Josu Ejea, gizon apala eta euskaltzale bizkorra, aski ezaguna da gure artean, Gasteizen. Josu arabarra da, Samaniegoren antzera, Mendotza herriskan jaioa eta Gasteizen bizi dena. Irakaskintzari ekin dio beti, gaur bertan Institutoan irakasle jarraitzen du. Gaztetan Filosofia eta Letrasen lizentziatura atera zuenetik, hizkuntzak eta literatura irakasten jardun du beti, han eta hemen Gasteizko eskola askotan. Oso ondo menderatzen ditu latina, ingelesa, frantzesa, alemana eta zer esanik ez, euskara eta kastellanoa. Euskera behar bezala irakasteko Euskaltzaindiaren euskal irakasle tituloa atera du eta gure hizkuntza irakasten dihardu aspaldi hontan, orain Institutoan bertan.

        Jaioterria, Mendotza, nahiz hizkuntzaz erdalduna izan, Josuk txikitatik izan zuen euskaraganako ioera, konturatu zenean bera ere jatorriz eta izatez euskalduna zela. Bestaldetik ama eta amaren aldekoak euskaldunak zituen, Angiotzarkoak, beraz ez zitzaion zaila gertatu euskara ikastea. Emaztea ere eta emaztearen familiakoak euskaldun garbiak, Eibarkoak, horregatik euskal giroan bizi izan da beti Josu, Gasteizen erdian.

        Ez da harritzekoa, beraz, euskarari halako zaletasuna izatea eta agertzea Josuk. Zaletasun horren adierazpen duzue liburu berri hau eta baitipat liburuaren hasieran «EUSKERA AMARI» egin dion olerkia.

        (Ikus olerki osoa, edo bestela):

 

                Ezti baitzera, ama, arrigarri,

                zarra ta gazte, xamur ta garratza,

                makal ta sendi, iaio, zoragarri,

                gogorra ta bigun, legun ta latza,

                alai, ugari, pitxi, agurgarri,

                eder ta txukun, apain, aberatsa!

 

        Liburu hontan Josuk itzulpen orijinala, oso berezia egin du. Askotan ez du hitzez hitz edo esaldiz esaldi Samaniegok diona euskaratzen, baizik eta gaia eta haria jarraituz, euskal giroan eta euskal bertsotan ematen saiatzen da. Hortan jator eta askatasunez jokatuz. Egia esan, liburu hontako alegi asko ez daude euskaratuak bakarrik, baita ere birsortuak, euskal arnas berri batez mamituak. Ikus, adibidez:

 

                — Esneduna, La lechera, 39 orr.

                — Txitxarra ta txindurria, La cigarra y la hormiga, 17.

                — Asto zentzuduna, El asno sesudo, 37.

                — Artzai dantza, La danza pastoril, 181.

                — Estitxu ta ispillua, La hermosa y el espejo, 187.

 

        Gainerakoan euskara garbia darabil, eta aberatsa hitzetan. Eta horregatixe, batzutan gogortxoa behar bada haurrentzat. Alaz ere ondoan hor jarri ditu erdal azalkizunak, ezer ilun gerta ez dadin. Egia esan, honelako bertso itzulpenak euskara herrikoian ematea ez da beti hain erraza.

        Josuk behin eta berriz idatzi du euskaraz aldizkarietan —Zeruko Argia, Goiz Argi, Deia...— baina libururik ez zuen oraindaino argitaratu. Hau du lehenengoa eta liburu bikaina. Horregatik denon ZORIONAK ETA TXALO BEROAK merezi ditu. Eta gure gaurko harrera onak eman diezaiola hasitako bidetik aurrera ekiteko, gogor eta gogoz, gure Euskara eta Euskal Herriaren onerako.

 

1980, otsailak 13

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.