|
Eriotzako mugan
Biurko
Iltzear al
nindagon orduan?
an ninduten
etzanda oiean.
Bat batean
dardar izugarri
sartzen zaio
nere gorputzari.
Taupadaka
biotza lenengo...
ixilikan
gertatu da gero.
Nere gorputz
gogor eta geldi
zugatzaren
enborra dirudi.
Ezin jaso
beatzen bat ere;
ikusterik
begiak eztute.
Entzuten dut
aldekoen itza,
neri, aldiz,
eziñezkoa da.
«II ote naiz»
nere buruari
diot, «ala
oraindikan bizi?
Adimena,
erne onezkero,
Jainkogana
begira gozaro.
Nere gelan
norbaitzu negarrez
azkeneko
atsaren bildurrez.
Erioa
ate-joka dago;
ezta, bañan,
gelara sartuko,
Jainkoaren
baimenik ezpaitu;
onen gabe
alperrik diardu.
Zeruraño
barrendik dijoa
nere otoitz
zintzo ta beroa.
Pakez bete,
alai eta poztun
Jainkoaren
abotsa dut entzun:
«Itzul», esan
dio osasunari
ta «alde emendik»
nere eriotzari.
Men diote
egin bereala,
Aren morroi
biok diradela.
Lengo negar
eta zotin samin
dira aldatu
oraingo atsegin.
Garbi ikusten
gelako bazterrak,
leiotikan,
muño ta mendiak.
Zerua da
atzo bezin urdin,
Zelaiean
artzaia ardiekin.
Oin, esku ta
mingaiña askaturik
neke oro
joan dira nigandik.
Zaude alai,
ene biotz ori,
emaiozu
esker Jainkoari.
Gora Jauna
gizonen artean
gora beti
aingeru-taldetan.
|
|