«Gaua gauekoentzat»?
Luis Baraiazarra
Gaua ezarian-ezarian
sartu da;
egunaren txanda
hartu bitartean,
biok goxoki laztantzen dira
ortzeak tur-erlaitzekin
topo egiten duen kantoian.
Egunero gurutzatzen
dira elkarrekin
betiko hegian,
iragan ta geroaren
ibiltegian.
Egunak, mendi-betazal
urrunean
utzi du agurrean
bere begirada gorixkaren
maiteko lorratza.
Gauaroaren ederra!
Gero arranoak
bere hegal beltzak
hedatuz gure gain
itzaltasun arrea
haunditasun misteriotsu bat
damaio, argiaren ordain.
Atseden-gonbidapena... !
Ez du oraindik
menderatu dena.
Gaurkoarenak egin du;
egunaren ahots lakarra
ez, orraitio, ixildu
soka-dantzaren haria ez da
bere baitara bildu.
Egunaren iluneko eranskin,
kaleak bizi irauten du
gaur, lurrunbatzetan bor-bor baitu irakin
Leiho-zirrikitutik
dirdai dagien bitxira
inguma gizen haustun bat
sartu da plaza itxira;
bere dantza eroan
bira ta bira
txoketako biribilketa hautsira.
Mur-mur
zerbait erranez belarrira;
nork jakin maite-irritsez
ala has errez...
badiruri kortejatzera
datorrela, inguru-minguru,
bitxi gori xarmantaren ertzera.
Eta gauak bere betoskoz
legera deitu duenean,
men egin dut
haren esanera.
Kaleko astrapalak
urruneko hots apalak
bihurtuz zihoazen
haren kolko sakonean galdurik,
desorduak ahuldurik.
Ilunaren altzo bigunean
amildu nintzen
neure buruari
nekea arintzen
loaren laztan lausoan.
Triki-traka denak ahantziz
ni bezela logale goiztar hauzoan.
Biar, ezkonortetik berriro
bihurtuko naiz senera
betiko lehenera
eguneroko lanera.
Ez dut biharamoneko
lo-erre beldurrik
txit eginik bainago
eguneko zidorrera
ordu-kurpilen lorrera.
Baina iratxo guztiak
ilunbetako aztiak
gainean nituen.
Gabak, bart, haur bat bezala,
bere beso bigun bezain beltzetan
bildu nauanean,
ez nituen itzali
konortearen begiak.
Moltzoka, nahasian
zekarzkidan irudiak,
bultzaka zurrunbiloka
gauaren barne-argiak.
Eta... iratzarrik negoen
iratzarrik eta zain!!
gauero lagun dudan
aizun-herio goxoaren zain.
Burukoarekin burrukan,
ametsezko irakinetan gainezka
buru-austeren buruhaustez
eho ezineko kezka
nahi gabe galdezka.
Pausaldirik eman ezinik
gogo-indarrai
ideia-bisuts artean jarrai
gogoeta desbideratuetan ernai
sukarrezko ixuri irabiatu
erogarrian iratzarrik
iratzarrik gauaren baitan
urduri, izerdi-larritan.
Iratzarrik
eta bakarrik.
Bestetako lagun afoa,
sukarrez duzu altzoa.
Ene barne-ekaitzaren
entzule ixila,
mita aldiz herstutu zaitut
bake bila.
Irrika larriz igurtzia
baina azkenez, alferrikako itzulietan
etsipenez gaitzetsia...
Gauaren luzea!
orduz ornitua
luzezko luzapenez orditua!
Minituak ordu bihurtu,
segunduak ere ezin agortu...
denboraren ezin ehoa
betikotasun taxuz
dirauen haroa.
Gaua, indar berrien bizgarri,
itxaropen iturri
berritze-ixuri
argia, dakarzu kolkoan;
zure itzalaren hitsa
itzalitakoan.
Gaua, misterio-aidezko
lilura-ordua
Kreazio-garaiko
aintzin-akordua!
Txokoz beterik gaua,
txokoak maiteminduz,
maiteminduak irrikaz...
Baina bart parte txarreko
iratxoz hertsirik
garraxi egin nuen
erraien barnetik:
«GAUA GAUEKOENTZAT».
|