Itxasontziko txo berria
Uxola
1. Etxetik at
Itxasoa arkaitzarekin lotuak
orma zuriz eta tellatu gorriaz,
etxearen beak ondar-arriaz,
soka eginda- daude kale extuak.
Etxe zar ondar-arri orixketan
oskatu izan zituzten ikurrak,
berdin-galtzen ari matrail ezurrak
mendeen eguraldi arnasetan.
Ikurrak, azpin ditu zaindupean
eskaratz ate borobil zabalak,
amotsak ertzak igurtziak janak
obeki sar gaitezen aintziñean.
Ate ondoan arraunak zutiñik
zerua arrapa nairik bezela;
etzanda luze garbi dan xarea,
andra maratzak konpondu berririk.
Itxasoko «mana» dakarkiguten
aingeru-gizonen urdin-egoak
puzketan daukez balkoi ta leioak,
ur gezetan gezal laga ondoren.
Tellatu ertzak zirrindaraz dira
ondoko duten uxo argitsuaz,
laister izango, gezi Jainkotsuaz,
kale zarren koxketara jetxita...
Etxeko leiotik datorren argi
txepela bet-batean itzali da
illunagotuz kale txokondia.
Ateko morrolloak, txirri dagi...
Eskaratzetik irten dan jendiak
egin moltzo beltzaren gaindik, doi-doi,
buruz-buru dakusgu goizian goiz
tellatu mugan uxo zan argia.
Oñetakoen takaz, ortz-karrazkaz
egonak diran kale zarren koxkak,
egunaren argi karraxi-otsak
ixildu dira, goiztarren joanaz...
2. Agur
Erditu da kale koxkaduna...
Moltzo beltzak laga du illuna
erri betikan,
arkupetikan
bost lagun pilloan emanikan.
Ikus, orain, eguzki argitan...
Iru neska-mutiko jostari
galde-esaka laugarrenari...
Gizon aundia,
goragarria
bere anai dala iduritzen...
gaur, itxas bataio bai du artzen.
Bostgarren, ama, biotz urduri,
oñazea duela ixuri
begietatik.
Itxas barrendik
alarguntzera etorri bai-zan,
geroz lorrez gurutz emanikan.
«Txo!. Esan gero guri ipuiak,
jakin gogoz gaudela anaiak,
itxaso gauzak,
barru arnasak
zeaztu bear dizkigukela
ez aztu, gu ere mariñelak...».
«Oi, seme! Semetxo! Aita oroiz
izan adi! Oraindik aiz garaiz...
Laga itxasoa!
Ortxe galdua
arraien janari, ez bai aut nai!
Etzak eriotz beltzari jarrai!».
«Sinis zaidazu, ama!
Odol deiak narama
Ama maite! Malko oiek
mantalagaz txuka!
Baiki, ezin bai-dezaket
jatorria uka!».
«Lagazu, amatxo, dijoala!
Mariñelak, aitatxo bezela,
nai dugu izan!
Bera il ba-zan,
otoitzaz ha-dakigu il zala!
Ama Iziar oroiz zuela!».
«Otoitzak, urre edanontzian
zuen aitatxok edan zituan
eriotz latzak,
aboin garratzak
goikor sortutako ur-mendian,
eskeintz-iturri ziran orduan!».
«Bai, bai semetxoak! Goi zeruan
bizirik egongo bere gogo...
Bañan gorputzak
txurrupa urak,
nik ixuri bearko munduan!
Orain, zuek zerate ene oro
«Izango ere, ama!
Biotz-gogor! Dan-dana!
Legor eta itxasoan,
urruti eta bertan
ama izango gogoan!
Itziar, otoitzetan...».
«Berarekin nabilke
ekaitzaren enbatan!
Otoitzlari, izan leike
bere egatz zurietan!
Ez beldurtu, bada, ama!
Itzuliko zugana...
Ez nuke izan nai illik
uretan galdua
ez baldin ba-da, bertatik,
gertugo zerua!».
3. Kaian
Ontan, Argi itxasontzi lapurra
kaian sartu zaigu legunkiro,
Eguzkik, Andutz mendi gallurra
urrezturik, aize bai-dagio!
Illunaren maindirepean lo
zetzaten pake-ontziak,
zauri zuriz ertzak bete dizka an-or
argiak. Orain, oro urduri...
Arrantzaleak, itxasontzian
txingurriak bezela aruntz-onuntz
dabiltza, begiak itxasoruntz,
gelditu gabe bere lanean.
Apain dagerte anitz kolore,
dantzari, ontzi lerden saratsak
ta txokorraz bestalde keatsak,
tximinitan, lanari ohore.
Ama-semiek antzietara
eldu baño len, itxas-erraiak
ikusten dakin patroi ernaiak
arin dator txopatik brankara.
«Egun on, txo! Egun on, etxeko!
Beldur niñun bañan etorri aiz!
Eguzki, eldu duk eta garaiz
eta gertu gaituk irtetzeko! ».
«Eguzkiaz dagozu Jon, gertu!
Eguzkiaz, nere negar euri!
Eta... etsipen eskeaz zuri:
Ar zazu mutilla zure esku...».
«Zertarako berritu, Mikela,
lengoa bera zeruan ba-da!
Jon'ek aitaren odol darama...
Laga izan dedin mariñela!».
Eta patroiak laburtu naiaz
agurraren ituna, ots dagi:
Aingurak gora! Nun aiz, lemari?
Ekin, ta ua aboiñen goiaz...».
Abitu da lirain barraldera.
Berak sortu ur-parrasten gaindik
batel eta potiñak zutiñik,
zabal-gogo du begitara.
Oi bezela, negar amarena
ta aurren poza dira geldi kaian,
ontzin kantuz dijoazenean
danak: «Boga, boga mariñela...».
4. Itxas zabalean
Mariñelak Jon albo dutela,
abots zoliaz dagite kanta
aboiñen tanpa,
motor karranka,
urrun-eresi goxo, xarmanta
batuz, arraien poza direla.
Itxasontziaren branka zorrotza
ebakitzen doa ur urdiña,
apar-txirbillak,
txuri-txuriak
azpiko lorontzian jarriaz,
nola oi Neskutzari larrosak.
Eta tximinik bere matazak,
illaun nai dute, koltxoian biltzen...
Ortze urdiñen
zapia artzen
orretarako dira saiatzen,
alperrik aitzen bere arnasak.
Legorretik urrun xamarrean,
bere bidez dijoaztenean,
urre onean
mendi ostean
Eguzki jauna ager danean,
oro da eder gure aurrean.
Ortzetik mendik dirade jeixten
ta, elduta bere babesari
mariñel uri,
etxeak zuri
jatorriari kan-kantari
zoragarritsu dira ikusten.
Jostallu da aize, pelotari
eta mendi ormetan txokoka
aboin pillota
goxoki joka
eten gabian bidal-etorka
aspertutzeke, eskuz da ari.
Goazen poliki itxas barrura.
Oro da bare, oro da urdin,
urantzu ta aboin;
emen, urrutin
eta urrezulo-ortzean, berdin.
Ar zagun, arin, mugurdin ura...
5. Ekaitz
Ordu batzuk iges joan dira
laga zutela kai ta erria.
Zenbait tokitan bere sareak
bota dituzte alper-ezean.
Oraingo-onetan ba-dago antza
begiz dutela zer-nai arrantza.
Arpegi alai, egin xamurkiz
berriz sareak dituzte jaurti.
Antxoba, parrastan, axalean
zidar biurtu eguzki-pean;
sare-txalupak, aldamenean,
bere dirdira kendu naiean...
Bildu artean, atsedenaldi.
Legorrik ez da iñun agiri.
An, mugurdiñak, laño patal bat
nunbaitetik lapurtuta dakar.
«Ator onuntza patroiak Jon'i
mintza gaberik ez diat onik:
ire aitari zor nik, bizial.
Aboin zangarrez gal nin ontzia...»
«Gal nituela indar ta kemen,
nenbillelarik bagatzar menden,
gerriz lutu, arrixku bizian
an sartu ukan ekaitz gorrian».
«Illik natxoken! Ninduken gorputz!
iguiñen mende, aruntz ta onuntz!
Al zun bezela, ontzigañera
igo natxoken, bizi izatera!».
«Bera galtzean, beraren aldez
ezin egiñaz negar-naigabez
gelditu nindukan, ikusirik
abointzarrak zeramala-aurretik...».
«Egiñagatik ainbat alegin
ontziko danak galtzeko zorin,
ez giñan topau bere gorputza!
Berak arkitu Zarautz ondartza!».
Beraz, ene txo, ire aitako
ar nazak, itxas legorrerako,
bare ta ekaitz-txar aldirako!
Bizi-zorra natxok ordaintzeko!».
Orain, len ikusi laño patal
aundiagotzen egin ahal!:
Odei beltza da orain biurtu!
Aize, arrunt da ere bixitu!
Patroiak txo berri buru gaindik
begiratuta, naigabeturik
eta arpegia illun altxa da
Jon'i bizkarreko bat emanda.
«Sareak bildu! Lemari, gertu!
Sare-txalupak ontzitaratu!
Urrunen, Ekaitz zaiguk gogortu!
Gaur, naiko lanez izango gaituk!
Jostallu zan pelotariari,
antxen mendi ormetan txokoka
aboin pillota
goxoki joka
eten gabian bidal-etorka,
aurkalaria zaio etorri!
Ekaitz, indartsu, burrukalari!
Atzetik ditu bere sakeak,
odei beltz-beltzak
eskuxareak,
ortots-tximistak laguntzalleak,
eten gaberik dari ta dari!
Aboin pillotak mendi añako!
Bere zangarrak, mendi ormetan
dranka latzetan,
lur ikaretan
jotzen dute ta bits txurietan
txeeturikan gelditzen yakoz!
Beldurgarria bere erasoa!
Eramango ote aurrean, dana?
Ontzi txaldana,
otoika dana
arren ta arren Amarengana?:
«Geldizu, otoi, bere besoa...».
Pillota txar bat ba-giñan antzo
bidal gintzazke sareaz joka,
ormean jota
bertan porroka
lagaz mendi tantaiak orroka
ta, guretik, ez bizi ez zantzo!
Ontan, patroiak Jon'i dasaio:
«Bai garratz dala ire bataio!
Egon adi ontzi-sabel barren!
Au, geroa ta ari duk txartzen!».
«Al dutala ez dut nai barrengo!
Patroi zurekin euki emengo!
Txikiak gerala ikusten dut,
alare, ez nazu oso beldur!».
«Bai, anitzez txikiak
gerala ikusteko,
abil itxas gaindikan
ta ortzearen beko!».
«Oi! itxaso-lurren aunditasuna
eta zabala!
Pentsa, eriotzean lur apurra
naikoa dala!».
Ontzi gaindik bagatzarrak dabiltz!
Pulunp dabil ontzi, intxaur ba-litz!
Iñolaz ez dago antxen giro!
Patroiak ots dagi, gogorkiro:
«Ekin mutillak! Otoi ta lana
alkarrekin osa zeruko «mana»!
Egin biak al dan azkarrena!
Au, txartzen ziak! Goazik barrena!
Barruan dira. Ontzi gañetik
bagatzarrak ez dabiltz errukiz.
Jo ta lema-txabol sustarretik
txirri dagi, uraren irakiz!
«Jon, otoi dagigun! Otoi, danak!
Zain gaitzala Itziar'ko Ama'k!
Geldi dezala Ekaitz besoa!
Pillota-toki txar itxasoa!».
«Bere laguntzaz nabilke
Ekaitz zitalen enbatan!
Otoitzlari, ba-dabilke
iñor egatz zurietan!».
«Ez, beldurrak ez naragi!
Ama laguntzak narabil!».
«Ez nuke izan nai illik
uretan galdua,
ez baldin ba-da, bertatik,
gertugo zerua!».
6. Itzul
Etsita egon arrantzaleak
iges eziñik Ekaitz zareaz
otoi eta lan, samin nekeaz,
aurrez dakuste bere etxeak.
Dakuste-ere bai, irri ta negar,
emazte maite begiak txingar;
seme-alabak, kanta-kantari;
ama gaixoa, txit negarlari.
Jon'en amatxo antxen daukagu
besarkatzeko besoak gurutz!
So ibili da esanetara...
Negarren gorri du, begitara!
Laztan batean besarkatuta,
negar-malkotan biotz urtuta
berriro dasaio semiari,
so egiteko bere esanari:
«Oi, seme! Semetxo! Aita oroiz
izan adi. Oraindik aiz garaiz...
Laga itxasoa!
Ortxe galdua
arraien janari ez bai aut nai!
Etzak eriotz beltzari jarrai!».
«Sinis zaidazu ama!
Odol deiak narama!
Itzuli naiz zugana!
Oi! Itziar'ko Ama!».
«Ez nuke izan nai illik
uretan galdua,
ez baldin ba-da bertatik,
gertugo zerua!».
«Biotz-egiz dasaizut, Mikela!
Malko oiek, mantalagaz txuka!
Jon'ek ez du jatorria uka!
Aitaren seme da! Mariñela!».
Anaitxoak, nun-naitik elduta,
etxeko naigabeak aztuta,
kontatzeko itxaso burruka
eska diote, abots oiuka:
«Txo, esan gero guri ipuiak...
jakin gogoz gaudela anaiak
itxaso gauzak,
barru arnasak
zeaztu bear dizkigukela
ez aztu, gu ere mariñelak...
Tabernan, orain kanta-kantari...
Errian, poza garbi nabari.
Ardo-txanbillak eskun dutela
danak: «Boga, boga mariñela...».
|