L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1982 (1982) —Hurrengo artikulua




 

 

Garbitokia

 

Dante

euskaratzailea: A.O.

 

III Kantua

 

        Olerkaria berriz elkarturik Bergilio'rekin, mendirantza doaz biak. Onen oiñera irixtean, eta igoera egoki baten billa dabiltzalarik, berengana dijoazten arima talde bat ikusten dute. Miretsita begira zeuzkaten aiengana urreraturik, mendira nundik igotzen dan galdetzen die aieri, eta aien esanari jarraituz egiña atzera egiñaz dabiltzala, arima bat, Manfredo, Sikili'ko erregearena, aurreratzen zaio Dante'ri. Onek diotsa nola azken orduan Jainkoagana biurtu zan, eta nola dauden an, Garbitokira sartu gabe, Elizarekin muker il ziranen arimak.

 

Arima aiek, errazoiak zentzatzen duen mendirantza itzuliz, bat-bateko anka-jokoak zelaian zear sakabanatzen zituen bitartean, nik nere lagun zintzoagana jo nuen. Nola, izan erle, joko nuen aurrera bera gaberikan? Nork lagunduko nindun mendian zear igoten? Berak ere ba-zuen, nik uste, kezka bere barruan. O kontzientzi garbi arteza! Okerrik txikiena za'izu kezkariturri latza!

        Aien oiñak egite guztiei duintasuna gutxitu oi dien lasterketa utzi zutenean, nire gogoa, bere len-begiztaldian murgildua egoana, jakin-gura bizitan barriro bizkorturik, begiak itzuli nituen itxasotik zerurantza geiago nabarmentzen dan muiñora. Atzetik gorri dizditzen zuen eguzkia ausita geratzen zan nire itxura aurrean, neregan bait zuten oztopoa aren erraiñuak aurkitzen. Bertan-bera utzia nintzalakoan, alborantza biurtu nintzan,lurra neure aurrean bakarrik illun zala-ta. Nire babesleak onela:

        — Zergatik zu oindio ere siñisgogor? —asi zan. esaten enegana—. Ez ote duzu siñisten zurekin nagoela ta zu gidatzen? Arrats-bera da onezkero nire gorpua, bere barne itzal nengiana, eortzita dagoen tokian: Napole'k dauka ta Brindis'eri kendu egin diote. Orain, nire aurrean itzalik ez ba'da, ez zaitez arritu, zeruko izarrak ere ez bait dute itzalik egiten bata-bestearen izpi-erraiñuz. Goi-indarrak egin ba'dagi guk gorputzean bezela lor-oiñazek, bero ta otz, jasatea, baiña ori nola dagian ez digu guri adierazten. Maketsa da gero, iru nortzutan izate bat daukanaren burubide azkengeak uler litzakela gure errazoiak, uste duena. Poz zaitezte, gizakumeok, egiñakin; oro ikus al izan ba'zenute, Mari'k ez zeukan zertan aur egiñik; eta ikusi zenituzten frutu barik irrikatzen, aal izanik, kezka lez beren barruan sekula ta beti daramnaten guraria aserik ikusi ba'lute: «Aristotele ta Platon eta ainitz geiago dakarzkit gogora». Or duan, bekokia makurturik, etzuen geiago ezer esan, eta kezkati lotu zan.

        Atarik atara mendiaren oiñera eldu giñan; arkaitz zut malkartsuak idoro genitun bertan, eta eurok igotzeko gutxi lirakean bernarik azkarrenak ere. Lerize ta Turbia artean, bide bakarrena noski, ausi-abartsuena, aren aldean zubi bat da, aldatz errez zabala, igaro daitekena.

        — Nork daki orain —jalki zuen nire maisuak, ibillita pizkat bareturik—, zein alderdi dan igotzeko errezena, ta nola igo daiteken egorik gabe?

        Eta ura, buru-makur, zein bide artu pentsatzen ari zalarik eta nik neure begiak gorantza jaso ta mendian gaindi zuzentzen nitularik, ezker aldetik agertu zitzaigun guregana zetorren arima talde bat, astiro zebiltzalako etzirala mugitzen zirudiana.

        — Jaso itzazu begiak —esan nion nik maisuari—; or dugu kontseju nork emana, zu zeurez egiteko gai ez baldin ba'zera.

        Begiratu nindun orduan, eta azbegi gozoz erantzun zidan:

        — Goazen arantz, eurak astiki bait datoz; zuk, ordea, ene seme, beukizu sendo itxarokizuna.

        Jende-talde ura, guk milla bat oinkada emanda ere, abailari on batek bere eskuaz iritxiko lukean eulmenera zegoelarik, mendi-egala estaltzen zuten arkaitzetara guztiak egiñik, lotu ta potix egin zuten, elkar estu-azorik, duda-mudan doana ara-ona begira gelditu oi danez.

        — O zuok, ongi bukatu zenutenok! —ots-egin zuen Bergili'k—. Ezpiritu dagoneko autatuok! Zuok guztiok, nik uste, itxaron duzuen pakearren, esaidazue norantza daraman mendi onek, igo al daiteken beronen gaiñaldera; denbora galtzeak, bada, dakiana geiago samintzen.

        Ardiak saletxetik banan-banan, biñan, irunan irten oi diran bezela, besteak izukor begiak eta muturra beera jetxitzen dituztelarik, eta aurrenak dagiana enparauak ere egiñik, ari itsatsiz nare ta sotil, ura gelditzean, naiz-ta zergatik ez jakin, beurak ere geldituaz; olaxe ikusi nuen guregana urreratzen, aurr pegi lotsakor eta ibilli eratsu, talde bildurti ta zoriontsu artako lenengo arima. Nire itzala nigandik arkaitzera bait zijoan, buru egiten zutenak argia nire eskui-aldeko lurrean ebakia ikusi zutenean, gelditu ta zerbait atzerantza egin zuten, eta berekin zatozten beste guztiak ere, zergatik jakin ez arren, beste ainbeste egin zuten.

        — Zuok galdatu ez-ta ere, neuk aitortzen dizuet, emen ikusten duzuen au giza-gorputza dala; orixegatik eten du lur gaiñean eguzkiaren argia. Ez zaitezte arritu, baiña siñes ezazue, zerutiko indarrez soil-soilki orma oni gaiñartzen saiatzen dala.

        Onela mintzatu zan maisua, eta gizatalde prestu ark erantzun zigun:

        — Itzul zaitezte, eta jarrai oraindik aurrerago.

        Eta aldi berean ziñu zegiguten eskurgaiñekin. Euretatik bat onela asi zan esaten:

        — Zerana zerala, itzul ezaidazu zabiltzalarik aurpegia, eta gogoeman ezazu iñoiz munduan ikusi ote ninduzun.

        Biur nintzan arengana, adi-adi begiratzen niola: zuri-gorri zan, eder eta itxura lerdeneko, baiña bepuru bata ebakirik zeukan sastada batez noski. Nik apal-apal ez nuela egundo ikusi aitortu nionean, ark esan zuen:

        — Begira bada!

        Eta zauri bat erakutsi zidan paparraren gaiñekaldean. Gero, par-irrika, gaiñeratu zuen:

        — Manfredo nauzu, Konstantza andre agintariaren billoba; orregatik, mesedez eskatzen dizut, berriz ara biurtzean, zoazala nire alaba ederra ikusten Sizilia'ko ta Aragoi'ko dedu ta ohore diranen ama duzu berau ta; egia esaiozu, besterik esaten baldin bada ere. Sastada ilkor birekin zaurituta neure gorputza eukita gero, parkatzean atsegiña duen Arengana itzuli nintzan negarrez. Izugarriak izan ziran noski nire obenak, baiña ontasun azkengabe danak beso luze-luzeak ditu-ta, euretan artu oi du Beragana biurtzen dana. Kosentza'ko artzaiñak, Kelemente'k atzetik aurka bidali zidanak, orduan Jainkoaren orrialde au ondo irakurri ba'lu, nire soin-ezurrak Benebento ondoan, zubirako sarreran legozke oindio, arri astunen babespean. Euriak bustitzen ditu orain, eta aizeak bultzatzen erreiñutik kanpo, ia-ia Verde ertzean, onaxe bait zuen ark aldatu tortxo itzaliekin. Aren madarikapenez, baiña, ez da iñor galtzen betiko maitasunera egundo ez biurtzeko eran, itxaropena lore berdez jazten dan bitartean beiñik-bein. Egia da: Eliz Amarekin muker ilten dana, guenean damu izan arren, ur-ertz ontatik at egotea bearreko zaio, mukerkerian edo temati bizi izan zan aldia, egotamar bider betetea, epe-muga ori otoitz gartsuz labur-azia izan ezik beintzat. Begira, bada, zein zoriontsu egin nezakezun nere Konstantza onari nola ikusi nauzun iragarriaz, baita jasan bearra dudan oiñazea adierazi ere, emen ba angoen erreguz asko gutxitzen da daukagun miña.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.