Euskal zeru eta lurraren solasa
Baraiazarra
Kaiolatik ihesi
aidean jostari
txoriño baten
isla pinpirin ageri.
Ohe apatz lausoan
boa kulunkari,
hegazkako kantuan
askatasunari.
Oztoporik gabeko
maindirape urdin
bazter-kolperik ez den
hega-pista berdin;
margoak hau salatzen
alai ala sumin.
Egin irri xamurki
xoriñoa dadin g
aur zutaz maitemin.
Zelatari ahaltsua
goi-egoitz ernai,
behatoki dotore
ikusteko zernahi.
Gurean ez ote da
zuretzat edergai
margoz alda zaitezen
ta alai egin dirdai?
Euskal lurreko sabai
gure estalki goibel,
aspalditik darizu
zuri herio-ustel
kirasturiko labak,
kedarrezko sabel
ok egiten du gorantz
zugana dadin hel.
Nigan isladatzen da
zure jitte trakets,
ispilua garbi da
ispilukoa beltz;
ez dakit minbiziak
hartua zaitunentz.
Ur-lurrezko erditxo,
zugan dagit amets!
Goizalde lausoetan
zaitut pausaleku
maiteminez agurka
oi ene etzangu;
haril txurizko besoz
dagitzut lauxengu
geroko irri mehearen
aintzin-muxu malgu.
Maitez zatozkit orain
eme amultsua!
iruzurrezko txeraz
ixuriz gantzua.
Ostots burrunbartean
gezi gar sutsua,
zergatik hain aldakor
aiherti ahaltsua?
Ene hauzotar maite
ez zaitez jar muker!
beti bainaiz saiatzen
zuganatzen eder.
Egunero zaitut nik
maitekiro iker.
Izuturik ikusiz
horko giro anker
tristuraz barnea ta
negar-antziz naiz leher.
Euskal zirimiria!
ari du langarra
hari arinez doan
jario-indarra;
biok eskaintzen dugu
geure bizi-garra.
Ixil-ixurki fiñez
ene zirriparra,
badirudi penazko
hileta-dardara,
ene soin hezeari
darion negarra.
Lur-airez egindako
golko bizigarri
arnasaren taupada
indarren iturri;
eman diezaiogun
eskua elkarri
gugan baitziren denak
biziz iratzarri.
|