Hiriko zurrunbiloa
Baraiazarra
Kalea, hiria,
ildo galduan doan
horronte-ziria.
Izen gabeko golko
xiñurritegi moltzo!!
Berunezko espaloi
etzanen ertzetan
izukaitz, zutik gizandiak.
Kolore desberdin,
egitura trinko
adreilu ta harrizko
gorputz lauko;
bloke astunak
porlan bihoztunak,
kutxak eta kutxak
kaiola antzo,
lerro deslerrotuetan harro
ihauteri-mozorro...
Aho ta begiz orniturik arpegiak
betsare berde, urdin argiak
itxi-irekian garraxi tarratatsuz
egunari agurka,
nahi nagiak ateratzen
dabiltza arrausika.
Hiriko etxe kaleratuak
hiriko etxe kateatuak,
zurrunbilo zorabiagarrian
katabegi soil izateko lotuak,
beren beretasuna
banakotasuna
galdurik, puzka arrunt
moltzokari bihurtuak,
lerroaren lerrotasunean
errotuak,
oreka gabeko haundi itsusian
desitxuratuak,
korapiloaren bihurgunean
suntsituak...
Lehen, txapel gorri makurrez
edo ta arbel-ttuntturrez
apaintzen ziren.
Orain, haundiaren haundiz
mamutzar burumotzak,
lur-bizkarraren goranzkako
eraskin tzar kamutsak.
Mamu-gorputzak
gizontzi hotz hutsak
burni-basoz goiak
basoak, metal-besoz
ez edertuak
baizik adartuak tresnatuak;
armiarmen zirkuko
trebetasun-hari
burdin-hezurrezko
dorre zintzilikari.
Hi haiz hiritarren
irabiatoki
higidura larriaren
asfalto-antzoki
ibiltze azkarraren
eremu jendetsu.
Hire erraiak
tren-errail
autopista gurutzatu
oinezkoen espaloi
gauza utzien
ondakindegi loi.
Denak sartu dituk horra
hortxe aurkitu nahirik
ondasun ugarien altxorra.
Tira sorgindua duk nonbait
gizasemeak hire lilura mugikor
zurrunbilotsura erakarteko.
Korronte bortitz nahasia
sukarrezko zoramen gazia;
arrantzale harrapakarien
ur handitako lera,
dena murgildu duk
hire soin-barneko kalera.
Este meheak, bihurri ta meharrak,
ondakintsuak,
zain korapilotsuak
trimilka, moltzoka, garraxika, orroaka
zeharkatzen,
gurutzatzen haute...
Kalea, hiria,
ildo galduan doan
korronte-ziria.
Izen gabeko golko
xiñurritegi moltzo!!
|