1980ko Gabonetako bertsoak
Luis Baraizarra
Sehaskatxoa kulunkatzen da
sentimentuen hotsean;
soinu horretan kanta nahi dugu
bizitzako urratsean.
Eguberriko soinua
aidean dabil alai
Belen aldeko izarrak
egiten digu dirdai.
Haurtxo Salbatzaile
hori guri begira ernai
munduari gogoratuz
denok garela anai.
Negu gorriko eguzki
lotsati ta logale,
odei beltzetan etzanik
amets tristez hor zaude.
Lotatik itzarri zaitez,
denok gara argi zale;
Eguberriz argi itzazu
baserri eta kale.
Neguaren arnas hotza
zabaldu da aidetik
haren ikutu gordina
dator leiho-bidetik;
gizona errenka dabil
gizatasun aldetik
hainbat gaiso deika daude
beren bakardadetik.
Hainbeste behartsu dabil
bizimodu gogorrez
gizona nekez ari da
itsasoz nahiz lehorrez;
Gabon jaiez elkar poztu
geure bihotz xamurrez
Jesus Haurrari darion
irriño ta agurrez
Munduak hara ta hona
eman du hainbat bira,
betoskodun gizartera
betor argi dizdira;
Gabon jaiak, goibeldurik
egoteko ez dira;
lagun denok bil gaitzazu
zure irri eztira.
Gizartean nabari da
borrokaren geriza
lanaren urritasuna
gosea eta eza;
Jesus Haurrak gure Herrira
bakea ekar beza
ta borondate oneko
guztientzat babesa.
Arretaz egon zaitezte
gure kantu-hotsera!
urtero garraxi bera
jendeen bihotzera:
kanpora joan zirenak
noiz bihurtu atzera...?
Euskadi dehadar bat dugu:
«ATOR, MUTIL, ETXERA»!!
Poztasunez txuri daude
mendi eta oihanak
neguko modaz dotore
lur goietako muinak;
Gabon-mezuz azkorturik
gure aiton-amonak;
herriko haur ta guraso
denoi ZORIONAK!!
|