Guda
Jose Mari Azpiri
I
Milla bederatzireun eta
Oitamaseiko urtean,
Agintariak konpon eziñik
Zebiltzan Madril aldean.
Garai artako gizontxo asko
Bildurik talde batean,
Guda zital bat atera zuten
Españiako lurrean.
Armak artuta agertu ziran
Mendietan da kalean.
II
Pakean bizi giñan ementxe
Geure aberri maitean,
Guda zer zanik ere ez genkin
Irurogei bat urtean.
Baño etsaiak agertu ziran
Eusko semeen artean.
Anai geienak banatu giñan
Batere uste gabean.
Zorroztutako ezpata zegon
Dindiliz gure gaiñean.
III
Ikusirikan nola zegoan
Erriaren egoera,
Euskadi maite zuten guztiak
Mendira ziran atera.
Gu zapaltzera zetozeneri
Arpegia ematera.
Etziran irten besten gauzarik
Lapurtuta ekartera.
Baizik gure lur maitagarria
Odola emanaz zaintzera.
IV
Gure lurrean egin zituzten
Ilketa negargarriak,
Alde danetan agertzen ziran
Odolezko iturriak.
Errazoi bidez esaten zuten
Zueik zerate gorriak:
Euskalerria garbitutzeko
Ditugu lege berriak.
Au egitera beartzen gaitu
Jaungoikoaren legiak.
V
Egun aietan euskal zalerik
Etzan iñun lasai bizi,
Aiek zeukaten kristautasuna
Ondo genduan ikusi.
Iñork etzuan errukirikan
Ez bizitzarik merezi.
Ill ez besteak erbesteratu
Naiz atzerrira igesi.
An errazoiak etzun balio Indarra zuten nagusi.
VI
Odol-usturik gelditu ziran
Euskal semerik onenak,
Andre ta gizon, neska ta mutil,
Errurikan etzutenak.
Espetxe eta lan gogorretan
Arrapatu zituztenak;
Alperrik egin genitun gure
Anaien alde arrenak.
Iñolaz ezin lurmendu aien
Izoztutako barrenak.
VII
Otsoak artzen duan bezela
Bildotsa ortzen artean,
Gu ere berdiñ erori giñan
Gizon txar aien menpean.
Eleiz gizonak iltzen zituzten
Erriarekin nastean.
Iñortxo etzan errukitutzen
Odol ura ikustean.
Danak pozikan gelditzen ziran
Azken bala ematean.
VIII
Ala bear da iritxi zaigun
Gudaren azken eguna,
Orain aipatu bearrez gaude
Guri gertatu zaiguna.
Millaka ume guraso gabe
Alargun andre aurduna.
Seme maiteaz oroitutzean
Negarrez ama kutuna.
Kristo'n izena agoan artuz
Auxe da egin ziguna.
IX
Geroztik beti ibili dira
Erria nairik apurtu,
Berrogei urtez saiatu arren
Gauz ori ez dute lortu.
Garai batean zuten indarra
Betiko zaie agortu.
Begira beren sendietara
Ikus zer zaien gertatu.
Euren semeak ere Euskadi
Egiten dute goratu.
X
Gure artetik asko joan ziran
Gu emen gaude lurrean,
Eusko aberri maitagarrian
Bizi nai degu pakean.
Zeru goietan didar egiñaz
Aieri esan naiean.
Zueik odola ixuri eta
Ildako leku berean.
Gazte berriak sortu dira-ta
Euskadi dago lorean.
|