L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1983 (1984) —<oler3274>







 

 

Arregi-tar Joseba

Heine, doixtar olerkariaren itzultzaille

 

Muniategi'tar Sabin
Heine

euskaratzailea: Joseba Arregi

 

                «¿No has buscado en tu corazón la eternidad del dulce pasado?

                Porque lo eterno no es el porvenir, lo eterno es el pasado.

                Solamente lo pasado queda».

                                                                                            Unamuno

 

        Beti entzun izan dogu, ez dala atzera begiratu bear. Bai au be, egi aundia da. Bizia etengabeko igitze, eta aldakuntza danez, ezin da gizona atzokoz bakarrik bizi. Aurrera egin bearra dago eta batez be, gaurko iraultzaz beteriko gizarte larri-mindu ontan. Baiña, ezin da ezta, aurrera jarraitu uts-utsik, gure lengoko, gure aintziñako, gure igaroaren gomuta eta argitasunik barik. On izango yaku jakitea, gogoan artzea, gure igaroaren utsegiteak, barriro utsegite bardiñetan ez jausteko eta on egindakoari eutsiz, bizitzako aurrerabideak obetu eta egokitzeko amildegietan ain itsuan jausi barik.

        Euzkerearen alorrean arduratuak edota euskal izatezko bizi-ametsez, ekintzatuak, aleginduak bizi garan euzkeltzale apurroi ondo etorriko yaku, noiz beinka, gure arbasoen urrats, lorratzetara maitasun eta arreta aundiz begiratzea areikgandik zer ikasirik ete dogun.

        Ziur egon, tarteka-marteka zenbait zillar eta urre aurkitu izango dogula. Neurtitz alorrean be edan daikegu or-emenko ainbat iturburaren ur bizietatik. Arana-Goiri izan da gure artean, aberriaren, euskerearen alde beren abotsa jaso ebana. Olerkari ereintzallea. Larra-sasiturik zegon lur alper, galdua, beren adimen argi, zoliz laneratu eta lur larratu ori garbitu eta egokitzeko lenengo atxurkadak emon ebazana.

        Erria dau maite eta oiu dagi bulartsu, sendo; itxaropenezko abotsez eta, bioztun:

 

                Azkatasun eguzkija

                basotik urten da;

                bere argija edonun

                arin zabaltzen da...

 

        Eta au entzunaz, euzkaldunak poztu dira eta illunpean bizi ziranak zorabiaturik erantzuten dabe ederrik:

 

                Itxartu zaiz, bizkaitarrak

                Aupa, euzkeldun gustijak;

                ¡Gora, gora aintziñako lagijak!

 

        Abots biotzgarri orren gartasunean erria esnatuz, aurrera zetorren erdigaldutako nortasuna sendatuz...

 

                ¿Ama ilko zara

                Motzen azpian?

                illko zara zeu

                Betiko?

 

                Itxaron, ama;

                Jarijon biot

                Neure odol au

                Lenago!

 

        Ordutik ona zenbat gurutze ta nekaldi! Zenbat egun argitze zoragarri eta zenbat gau-aldi luze! Baiña abandotarrari esker euzkereak aurrera darrai gar bizi...

        Euskal elertia, eragozpen oro gainduz, aurrera doa nekez ba'da be, aurrera...: irakurgai, olerti, erri-jakintza alorrean eta abar, aurrera.

        Olertiari dagokionez Lizardi, Orixe, Lauaxeta euskal ortzeko guda-aurreko izar argi lez ezagunak diranarren, ba'dira beste batzuk ba'dira bai aintzagarriak izanik, illunpetuak dagozanak. Orreitariko bat Arregi-tar Joseba, Barakaldo osteko meatz-erri gaur «LA ARBOLEDA» deritzanean jaioa 1893-3-22'an. S. Onaindia'k bere «EUSKAL LITERATURA» V garren alean diñon lez: «euskaltzale bikain, arat-onat urduri ibillitakoa», euzkaldunon zorionerako, doixtar olerkari Heine ospetsuaren Bitarte eta Itzuli'ko poemak euzkeratu eta, gero, «Heine'ren Olerkiak» izenburuz Bilbo'n argiratua Rementeria'ren Lantegian, 1927'gko Garilla'ko 20'an. 19 orrialdedun liburu ederra, egille beraren Itzaurre eta Bitarte'ko 50 eta Itzuli'ko 31 olerkik osatzen dabena, guzti ori Moreno-tar Kepa'k marrazkitutako apaindurakaz.

        Itzaurrean onela dazalsku bere itzulpen asmoa: «Orain urte batzuk dirala, nere buruan agertu zan asmoa ta nere biotzan sortu zan guraria gaur egiztu ta bete dira. Asmo ta gurari ori olerki-idazti au argitaltzea zan. Olertizalea baldin ba-zara, irakurle maite ori, noiz edo bein, olerki ederren bat irakurri dozula edo irakurten zagozala-ta, zure biotza dardaraka asi ta zure espanetaraño irribarreak edo igoten igarri edo dozuz. Orixe da, Heine-tar Endika'ren olerki samur-irritsuok lenengoz irakurri nituanean, nere biotzetik eta neure oldozmenetik, sortu eragin ebena.

        Origaitik ba, biotz-dardarak eragitekoak eta gogamenetik irri-samurtxuak sortuerazotakoak ereisten dodazalako, olerkari ospetsu orren olerki txorta bat, euzkeraz jantzita, zuri eskeintzea otu yat.

        Gure euzkera gaizoan, zarra ba-da be, orain arte aulako, idaztia egin danik ez dakit. Lenengoa ba-da ta, ori dala-ta, ausarditxoa ba-deritxozu nere arlo oni, asketsi irakurlea; lan au, daukozan utsune eta akatsak alde batera itxita, aurrean dozun idaztia, naimen onenagaz egiña dalarik, ontzat artu egizu; ikertu egizuz astiro ta adeitsu bere orriak, adipenez irakurri bere lerroak. Heine'k egindako bide bigun-arantzatsuetan bein, sartu ezkero ondo zuazalako; ta ez yatzu damutuko. ¡Bitxi bakan-ederrak Heine'k egiñiko olerkiak! mintzo da itzultzallea  geituz: «Gogamena ta sentzumena garbi-garbi banatzeko berak eukan almena andia zan. Alde batetik biotza estuten dau bere maitasunak abesten dauzanean; baña beste aldetik oñazsamin oyek bere bitza oskatzen dabela-ta, irribarreka asten da-ta, eztiki-maitero bere lepotik iñaka zorrotzenak egiten dauz».

        «Orixe da bere izakera berarizkoa, ta origaitik doixtenrian baño pantzetarren artean daukoz bere geltzalle sutsuenak. Jayotzez doixtarra ba-da, gogamenez pantzetarra dala esan leiteke. Ta onek pantzetarrok, Heine adimen zolia ta gogamen argtsuduna dalarik, euren olerkari dan «Musset» ondoan egin dautsoe toki bat. Luzaro egon zan gexorik gure olerkaria; gexo zital baten erpe pean. Baña eriotza poliki-poliki bereganatzen ikusi arren, ezituan bere espanetatik irri-barreak iges egin, eta iñaka zorrotz eta sotiltsuenak orduan egiten zituan.

        Azkenez, 1856'ko Otsailla'ko 17'an il zan Paris'en olerkari ospetsu ta gelgarri au».

        Gaztelar izkuntzara berein itzulpen egin izan ziran gizaldi zear eta katalaneraz be, Apeles Mestres ospetsuak egindakoa, Intermezzo'rena 1895'ean. Alan be, Diaz Canedo'k esaten ebanez ez el da oraindik Heine'ren gaztelarazko benetako itzulpenik egin.

        Pardo Bazán emakume idazle entzutetsuak onela idatzi eban; «Oso erreza da Heine alperrikaltzea eta gatxa, ia eziña, guztiz illundutzea: ain da garaipentsua eta ain agintzallea aren olerkera bitxia!

        Arregi-tar Joseba'k egindako euzkeratzeari buruz zer esan guk? Egokiro itzuliak al dagoz doixtar maite-minduaren olerkitxo irriberatsu eta samintsuak? Samurtasun aldeti lilluragarriak dira euzkerazkoak be, eta doixtarraren irri-mirrizko bere buruari egindako iñakatzearen antzeratze ori ez al dago aren neurrira egiña?

        Irakurlea bera izan bedi epaikari, dastaturik Intermezzo onen euskal egiturazko samurtasuna edo gatzik-eza. Ona ba emen lenengoa:

 

                        1

                Zoragarria,

                Txit gelgarria

                Agertu yatan

                Orrilla:

 

                        2

                Pipil guztiak

                Oldar andiaz

                Etentzen eben

                Azala.

 

                        3

                Aldi atantxe

                Nere bittz au

                ¡Ene maltea!

                Eten zan:

 

                        4

                Nere biotzan,

                Uste izan gabe,

                Maitetasuna

                Sortu zan.

 

                        5

                Arrigarria,

                Maitagarria

                Izan zan, ziñez,

                Lorailla;

 

                        6

                Egazti orok,

                Txio-txioka

                Erakusteben

                Alaia.

 

                        7

                Neuk be, orduan,

                Pozaz urduri,

                Agertu neban

                Zoruna;

 

                        8

                Jaulki neutsozan

                Gaste ederrari

                Nere lei bizi

                Samurrak.

 

        Itz gitxitan ona emen egokiro azaldua Loreillaren gelgarritasuna eta olerkariak nabaitutako poz urduri eta biotztasuna.

        Dastatu daiguzan negarren bidez olerkariari sortzen yakozan lora arrigarriak:

 

                Nere negarretik

                Lora arrigarriak

                Naroro ta ugari

                Maiz sortuten dira;

                Ta nere intziriak

                Eta urretxindorren

                Abesti samurrak

                Bat egiten dira.

 

                Maite bai ba'nozu

                ¡Ene neskatilla!

                Lora orreik dira

                Zuretzat izango;

                Eta urretxindorren

                Abesti zolia,

                Zure lelopean

                Argi da entzungo.

 

        Ez al da polita, bikainkiro egiña maitasunezko agiri labur au?

        Eta ondorengo au be, labur-labur, bai eder!:

 

                Larrosa, zitori,

                Uso ta euzkia,

                Dana maite neban

                Pozorrez aspaldi.

                Ta gaur zeu bakarrik

                Maite zaitut ¡ene

                Zitori, larrosa,

                Uso, euzki ori!

 

        Urrengo onetan olerkariak zelan iges egiten daben bere oñazeak eta samiñak esaten dausku «begi baltz, eder, sakonak ikusten dauzanean»:

 

                Zure begi baltz, eder, sakonak

                Ikusten dodazanean

                Nere oñazak eta samiñak

                Iges dagie urrutira;

                Zure espan gorri, me-bigunetan

                Pa-egiten dodanean

                Txit osasuntxu ikuntuntxu ori!

                Ta nasai aurkituten naz.

 

                Ta zure altzo samurran, barriz

                Burua atseden ezkero,

                Zeruko pozak estaltzen dabe

                Nere gogoa, maitero;

                Baña imaite zaut! ba'diñostazi

                Ene laztana, orduan

                Begietatik malko garratzak

                Ugari sortuko dira.

 

 

                LUDI AU DAN KIRTENA

 

                Ludi au dan kirtena;

                Ludi au dan itsua;

                Gero ta kirten

                Itsuagoa

                Ludi au.

                Zure izakera

                Ez dala ona

                Esan dau;

                Ene umetxua,

                Gaiztoa zure

                Izakera...!

 

                Ludi au dan kirtena;

                Ludi au dan itsua;

                Iñoiz etzaitu

                Ulertuko, bada

                Ez daki

                Zure laztanak

                Emoten daben

                Zoruna;

                Ez daki zure

                Mosuak diran

                Sutsuak.

 

 

                ZURE BIOTZ GOZO

 

                Zure biotz gozo,

                Polit eta aizuna,

                Ludi onetako

                Gauz guztiak baizen

                Polit eta aizuna

                Dan zure biotzoi,

                Nerea izan zala

                Luzaroan, maite,

                ¿Aiztu zara gaur zu...?

 

                Biotza sorkatu

                Eusten samintasun

                Ta maitasunatzaz

                ¿Aiztu zara gaur zu...?

                Andiena zein zan

                Ez dakit ondiño,

                Baña andiegiak

                Biok zirala, ¡ene

                Ba'dakit bai, ondo!

 

 

                EZ DOT ZIÑESTEN

 

                Ez dot ziñesten

                Jaupariaren

                        Zerua;

                Zure begi baltz

                Oyek bakarrik

                        Maitea

                Ziñezten dodaz:

                Niretzat zerua

                        Diranak.

                Ez dot ziñesten

                Jaupariaren

                        Urtzia;

                Zure biotza

                Bakar-bakarrik

                        Kutuna

                Ziñesten dot.

                Ta beste Urtzirik

                        Ez daukot.

 

                Gogo gaiztoa

                Ta gaiztokiko

                        Nekeak

                Ere, ez dodaz

                Ziñesten; bakar-

                        Bakarrik

 

                Zure biotza

                Ta begi oyek

                Ziñesten dodaz

                        Sendoki

 

 

                IPARRALDEKO

 

                Iparraldeko

                Mendi soil baten

                Jagiten da izai

                        Bakar bat;

                Lozorro dago

                Edurrezko oyal

                Lodi ta zuriz

                        Jantzita.

 

                Sorkalderriko

                Alde urrutian,

                Aitz gori baten

                        Aldatzan

                Itun, bakarrik

                Ta ixiltsu dagon

                Palmondoatzaz

                        Amesten.

 

        Ez al da polita olerkariak asmatutako Iparraldeko izaiak Sorkalderriko palmondoatzaz egindako amesetea? Irakur orain urrengo au, betikoa dan ipuin au:

 

 

                MUTIL ON BATEK

 

                Mutil on batek

                Neska lirain bat

                        Maite dau;

                Neskatxak baña

                Beste gizon bat

                        Autatu dau;

                Eta au barriz

                Eskonduten da

                Maite daun beste

                        Batekin

 

                Neska liraiñak,

                Minduta, artu dau

                        Senartzat

                Lenengoz bere

                Bidean idoro

                        Dauna;

                Mutillak jasan

                Bear azkenez

                Samin guztiak

                        Itunez

 

                Ipuin zarra da

                Entzun dozuben

                        Ipuiña;

                Antziñekoa,

                Baña beti ipuin

                        Barria;

                Ta gizon bati

                Bein jazozkero

                Apurtzen dautso

                        Biotza

 

 

                MAITASUNAGAZ

 

                Maitasunagaz

                Batzuek eta

                Gorrotoagaz

                        Bestetzuk

                Oñaztu dabe

                Nere biotza

                Eta aurpegia

                        Zurbildu.

 

                Maitasunagaz

                Batzuek eta

                Gorrotoagaz

                        Bestetzuk

                Zitaldu dabe

                Ogia eta

                Txola edenez

                        Betetu.

 

                Baña biotza

                Geiago mindu

                Ta itunez bete

                        Daustana,

                Iñoiz gorroto,

                Iñoiz maite-izan

                Enaun neskatil

                        Batek da.

 

 

                EGUZKIAREN

 

                Eguzkiaren

                Argi-izpi pean

                Loto'ren lorak

                        Min dauko;

                Bere burua

                Makurtzen daula

                Gabaren begira

                        Dago

 

                Maitalea dan

                Gabeko izarrak

                Itxartuten dau

                        Lorea,

                Ta agertzen dautso

                Poli-poliki

                Bere aurpegi

                        Leun-leuna.

 

                Ta dis-dis, sutsu

                Zabaltzen dala,

                Muturik dago

                        Lorea,

                Begiak goruntz

                Malkoz beterik

                Maitasun garrak

                        Artuta.

 

        Olerkitxo gatz-ozpindu arin ta politak dira Bitarte onetan datozanak Arregi'k ain ederto euzkeratuak, baiña ezin naiz geiago luzatu ta ondorengo beste onegaz amaituko dot, gero ITZULIA'ko baten-bataz agurra emoteko:

 

 

                ENE MAITEA

 

                Ene Maitea

                Jaube eztitsua,

                Ezin dot aiztu

                        Beñola

                Zure gorputza,

                Zure gogoa

                Nereak izan

                        Zirala.

 

                Zure gorputza

                Gaste-liraiñ

                Orain ere euki

                        Nai nuke,

                Gogoa baña

                Lurrean itxi,

                Nereagaz, ba,

                        Aski dot.

 

                Zurekin batu

                Zurean sartu

                Gura dau nere

                        Gogo onek,

                Gorputzez, gogoz

                Zugaz, betiko

                Alkartuta, bat

                        Eiteko.

 

 

                EZ DAKIT ZER DAUN ADIRAZOTEN

 

                Ez dakit zer daun adirazoten

                Sorkatuten naun itunak;

                Lilluratuta dot gogamena

                Antzin-ipuin bat dala-ta.

 

                Neskatil eder-gelgarriena

                Goi-goian dago jarrita;

                Urre-uledia orrazten daula

                dis-dagi bere bitxiak.

 

                Ontzikariren biotzeraño

                Oñaz itxel bat sartzen da;

                Ta ugarri arren ez dauz begiak

                Mendi jagitik aldentzen.

 

                Ozkor da aizea, gaba jausten da,

                Rhin ibaia leunki doa;

                Ta disdis dagi mendi-gallurrak

                Sarkalde argi jorian.

 

                Urrezko orraziz orraztuten dau

                Ta bitartean ba'dabes

                Biotza austen daun eresindasun

                Bakanezko abesti bat.

 

                Azkenez ontzi t'ontzikaria

                Iruntzen dabez uiñeak;

                Ori da, beren abestiagaz

                Lorelei'k egin ebana.

 

 

                ARRANTZALEAREN

 

                ARRANTZALEAREN

                Alaba liraiña:

                Legorreratuizu

                Zure olontzia;

                Zatoz ta jezarri.

                Zaitez nere alboan;

                Zatoz eta itz daigun

                Eskuz alkartuta.

 

                Ez bildurrik izan

                Ta burutxu ori

                Nere biotzaren

                Gain-gaiñean jarri.

                ¿Etzara goizoro

                Ta kezkarik gabe

                Itxaso uzutsura

                Ala barruratzen?

 

                Itxasoaren antza

                Biotzak ba'dauko;

                Goibeiak, ekaitzak

                Oi-dirade berton.

                Eta bere ondo

                Sakontsuetan be

                Txingi bakan asko

                Lo egiten dabe.

 

        Euskal-elerti barruan, Arregi ez ezik, ba'dira beste batzuk be, doixtar olerkariaren ondoriozko urrats-bidez ibilitakoak: Aizkibel tar Bingen, batikbat eta Satarka, ta abar. Mirande bera be. Gogoan artzekoa da Arregi'ren lana ta, beraz argiratzekoa irarpen barri bat egiñaz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.