Joan Iñazio Goikoetxea «Gaztelu»ren olerkiak
Luis Arostegi
«Gaztelu»ren lenengo aurkezpen bat Zer aldizkarian agertu zan bera il ondoren (S. Onaindia: «Zer», 1983 otsailla, 8-garren orrialdean). «Gaztelu»k gerra aurretik eta gero indatzi izan dau; gerra aurretik batez be Yakintza'n, gerra ondoren Olerti'n. Alan be ez askorik. Musika ixilla Fray Luis de León eta San Juan de la Cruz'en olerkien itzulpen liburuaz gaiñera (San Sebastián 1963), bilduma bi ditu argitaratuak: Gauen Oihu eta Biziaren Erroetan; 1970'garrenean eta 197l'garrenean «Ciudad de Irún» saria lortu eben alkarren ondoan, eta 1972'garrenean argitara emonak izan ziran (San Sebastián). Azkenengo liburu biok aztertzen dodaz emen. Gauean Oihu bildumako olerkietatik sei Olerti'n argitara ebazan lenengoz (1963'garrenean «Tantan atabala», eta 1968-69'garrenetan besteak); aldakuntza txiki batzuk badabez batetik bestera. Urte orreetako beste olerkiak, edo batzuk (danak be gitxi dira) zegaitik ez ebazan bilduman artu ez jakin. Estiloa-gaitik izan leiteke: «Zortzikote» zortzi amalaukoak (Olerti, 1962) gerra aurreko olerkigintzatik urrago dagoz (naiz ta neurtizketan silabak barik «pikoak» edo ictus zenbatu, Musika ixilla'n azaldu eta aldeztuko eban lez: ikusi 248 orr. eta urr.); tankeraren ondoan, gaiagaitik be izan leiteke olerki batzuk bilduman ez artze ori. Eta, azkenez, olerkien balioaz egilleak izan eikean eritziagaitik.
1. Gaiak. Gauen Oihu bilduman geien-geien baten gizarte-arazoak dira olerki-gai. Onegaitik olerkiok poesi sozial saillan sartu daikeguz. Lenengo olerkia beste guztien sarreratzat dago, eta onen arauz, berea «kantu bakar/ herriaren bihotzean» izango, «ekaitzaldian», «kale gogorrean», «otsoen hortzetan» (11 orr.). Baiña argiago oindiño autortzen dau beste olerki baten: «nere lira hura hautsi dut eta ondakiñetara bota», «munduaren ardatza koloka denean», «atomo-bonba gainean zintzilika daukagunean/gizonak egunoro milaka goseak hiltzen daudenean» (15 orr.). Eta gero «zati bat naun/ HERRIA/kantatzen dut»; leen artzain eta nekazari, orain langille proletari dan erria (23). «Lo-zorro» dagon erria iratzar nai leuke (25). Erri orretan «gizonaren izerdiak/ez du sari berdiña», eta neurri ezarle goikoa izan da (26). «Libertadea» baiña malkoak ibaika kostaten (27). «Al! herri/eskua eri/duzu/ harrian josirik/geldi/zaizu (...), gatozen senera/zuzenbidera/gal/ez gaitezen» (28). Badago alan be erri onetan zer gorderik: «herriaren keiñu hori/ez baztertu/ez zapuztu», erdoi edo zaar kutsurik beardaba erantsi izan arren (29). Erri «irendua», «uztarpean» «belarrez ondo asea, gizen», «jabeak hirekin irabazten/hik hire arima galduko»(30-31). «Leher bedi bonba-pila/ gizon odol-zaleen hortzetan». Alan be bada itxaropen: «aro berria urratuz dijoa» (32). «Kañoi-aho» artean, «burni-pizti» artean, «ama-begien negarrak»/sabelak urraturik/ai! aurtxoen karraxiak», beti be entzun arren (33). «Gizona» kantatzen dau, baiña gizona kateari lotuta dago, eta berak mailluka, gau baltzean, kateok porrokatu nai ditu (34). Mundu barri bat itxaroten eta egiten, «ez morroi/ez jabe» izango ez dan mundua (36). «Oihu» bat entzuten da edonondik: «gizon berria gera», orregaitik «harmak eten/mugak ken/ dena ororen» (37-38). Sasoi aretako munduko kondaira be badau gaitzat: «dolar-pilla otsetan/TIO SAM/Vietnam/jan ta jan» (40). Guda ori gogoratzean «maitea bilus kantatzen dut», «sapelatzen oin-azpian zapart egin duen/ harmagileen zumil-artean lehertu den/Herio-tolarean maluskatu den/maite bilus» (43). Mundu latz onen gaiñean «izarrezko» izenak dagoz, «gizonaren bidean mugarri» (44-45). Azkenengo olerkiak leen aipatutako 15'garren orrialdekoaren oiartzuna dirudi: «gaur eskandalu da edertasuna kantatzea», «giza-piztien basakeriak itsustu digute bizia» (46). Bilduma onetan 23 olerki etatik 18 poesi sozialaren gaiak dira. Bost bakarrik bestelakoak. Orregaitik bildumaren aurretik bere mamiñaren ikurtzat itzok jarri ditu: «Gauari hitzekin bultzatzatik nator» (9).
Biziaren Erroetan bilduman sarrera-olerkia aurreko liburuko «Kantu Bekar»aren antzekoa da, idea-egitura bardiñekoa: «kantu hau eztarrian/erre zait, eta gau beltzean/nora gabe abia/pizti tzarren hortzetan/erortzeko zorian»(11). Baiña gero emengo gaiak ez dira bardiñak. Nozik bein leengo gaien aipamena bai egiten da: «herri-lainoaren negarra» (12), «zuzen-oihu/ karraxi» (20), «atomo-bonba» (38). Ez geiago. Oraingoak lenengo liburuan banandu doguzan bosten antzekoak dira: «gurre lurra»(13, 15, 21), bizitzaren eguneroko ezkutua (13, 20, 22, 23, 24, 32), itza ta alkar-artuemona (17), egia ta itzala (33), gauza zaarrak maite (36), errautsa ta iragankortasuna (4l ), illeta-eresia Amona Gregori'ri (42). Bildumaren asikeran laburpen eta azken esanaitzat itz oneek aukeratu ditu: «illunez bustia» (9). Berdin dio olerkitik artuak dira: «Jakin ez jakin/berdin dio:/jakiterik ba ahal dago?/behin hedatu nuen hegala,/itzuli nintzen illunez bustia» (34). Azken-aurreko olerkian, izki nagusiz irarria, liburuaren guna erakutsi nai dau barriro be nai ta nai ez:
Malko guzien pisua
nere barruan,
amets guzien errautsa
nere barruan...
Ezer ez da iraunkor
gizonen oinazea baizik,
dena da iragankor
eta da alperrik.
ixil zaitezte, poetak, munduak
ez du merezi zuen kanturik...
Oiñaze onetan lenengo bildumako gaiak be sartzen dira, jakiña. Baiña ez bakarrik. Bizitza guztia da emen gogoan. Azkenengo bertso biak berarizko samin latza agertzen dabe. Ez da beti «Gaztelu» ain ezezkor; baiña poetaren izakerea da bai ta ezaren artean gora ta beera ibiltea.
2. Doiñua. Gauean Oihu liburuan, izenari dagokionez, olerkiak abots ozenez eta deadarka esanak dira geien baten: «kantuz piztu behar ditut nire gogamen-izarrak/kantuz eta txistuz jalki nire gozamen-nigarrak» (12). Baiña programa bat balitzan autortzen dau au idazleak:
Belarri-gozamenari begira ari izan naizen honek
nere «lira» hura hautsi dut eta ondakinetara bota
eta gaur besterik diot (...)
belarri-ots hori
belarri-ots madarikatu hori
hobe belarririk ez izan, gor izan
eta zorrotz, garratz mintza oihuz
karraxiz
zaunka... (15-16).
«Kantu» da dana (11), erria «kantatzen» dau (23), gizona «kantatzen» dau (34) edo maitea bilus (43). Izadiari be deadar dagio: «Eee! ibaia (...)/Eee! basoa (...) (19). Eta erriari: «Herria! Herria!/zer egin ditek hirekin? (30). Eta gero:
ai! ama-begien negarrak
sabelak urraturik,
ai! haurtxoen karraxiak
sortu izanagatik (33).
Eta gauean mailluka gizonen kateak porrokatzen diarduanean:
Guardia
zer ordu da? (34).
«Oihu bat» izeneko olerki osoa dauka, «oihu» itza bein ta barriro tartekatzen dauala (37); gaiñera aginte-era darabil zoli: alkar, egigun batzar, harmak eten, mugak ken (37-38). Barriro be lurraren erraietatik datorren «oihu lazgarriak» samin-itzak eta itaunak ateraten dautsoz (39-42). Vietnamdar haurraren garrasiari buruzko olerkia «gehena» itza lau bider berresanez amaitzen dau eta bakoitzean iru arridura-ikur ezarriz (46-7).
Biziaren Erroetan bilduman, ostera, abots apalagoz dagi berba:
nagon geldi
adi
nere lurraren barne-taupadari (...)
adarrez
danboliñez ezkil-otsez
bete-betean datorren doiñuari, doiñu ixil
(...) (21).
Liburu onetan be abotsa ez da barrukoia eta ixilpekoa, baiña oiuka dagiana be ez. Biotzondokoa geien baten sutsua da, griña, kanpora bota bearrekoa. Baiña, batera, sentipen lirukua. Lirikutasun au, olermena biztuten dauan poesi-guna, geien baten erri ta gizon zapalduagan datza (Gauean Oihu) eta bizitzaren ezkutuan (Biziaren Erroetan).
3. Irudi ta sinboloak. «Gaua» eta «illuna» sarritan darabiltz; erri ta gizarte-gaia da batzuetan, gizonaren munduko gaua beste batzuetan. Onenbeste bider darabiltz «argia» ta «izarrak». «Erroak» be naikotan, eta irudi bete ta esanaitsu da. Era berean «Ibaia». Bizitzaren sinbolo geienetan. Birritan edo darabil «errota»; irudi eraginkorra, batez be gana ta ibai irudiekaz batera (Gauean Oihu, 22, Biziaren Erroetan, 24). « Aizea» be sarritan aipatzen dau (bizitza, ekaitza, arnasa). Irudiak izaditik artuak dira, eta landaren eta abereen izen zeatzak be ez dira falta. Baiña oso neurrizkoa da irudiak erabiltean. Ez da agertzen larkeririk ezta ugaritasunik be. Eguneroko izkera soilla ta bakuna darabil:
hitz eman nizun
bai
hitz eman nizun
bide-gurutze hartan
baiñan
enintzan zuregana
azaldu (Gauean Oihu).
Apainduagorik be badago:
aro berria urratuz dijoa
golde berjabeen hildoetan
azitzen dijoa pozkarioz
izar-ontzien bidatsetan... (Gauean Oihu, 32).
Baiña iñoz be ez larkeririk. Metaforak, epitetoak eta beste agerpide ta apaingarriak urri darabiltz. Onetan berezko ta lauada guztiz.
4. Egitura. Estruktura naiko klasikuz baliatzen da. Poesi-gaia logika agiri ta oikoz luze-zabaltzen dau. Aldakuntzak, arridurak, itaunak, logika-monotonia ebagiz, arindu ta biozkortu egiten dabe olerkia. Baditu onetan errekurso originalak: tan tan atabala olerkian, lenengo, izadi deskriziño batez asten da, eta gero olan ebagiten dau:
Eee! ibaia
iratzar adi (...)
Eee! Basoa
iratzar adi (Gauean Oihu, 19).
Otanik gabe olerkia era enunziatiboz asten dau. Gero:
Ai ibai, ibai
......
Errotari,
zenbat bider
biratu da
harria? (Gauean Oihu, 21-22).
Herria galtzetan olerkia erriagaz berba egiñez asi ta jarraitzen dau; erdiune inguruan olango etena dagi:
Joan nintzen Tolosara
bai eta Ordiziara,
ondo jan, ondo edan,
tratularien
kontuak jakitera.
Eztek garesti!, zion batek.
Eta besteak: Botea!
holako idi presturik
eztek erraz bilatzerik.
Gero barriro be galzorian dagoan erriari berbea zuzenduz amaitzen dau (Gauean Oihu, 30-1). Olerki bizkor ta atsegiña etenari esker. Ikusi Gizona kantatzen dut (34). Biziaren Erroetan sortan be baditu olako pare bat. «Ohar akio biziari» olerkian bizitzan zear erritik eta eriagandik zer artu dauan abestuten dau. Azkenean eten au sartzen dau:
Larte-ko aitzuloan sorgiñek
zotz egin dute eta zotza
neri didate atxiki hala holakoa,
ez besteen baino
txarragoa (Biziaren Erroetan, 14).
Itxaroten ez zan originaltasuna, berezko ta errikoia.
Ni ez naiz jakitun olerkian be azkenean aldaketa errikoia dau:
nola da munduaren zola? (Ez dau txantxetan itauntzen)
jakin nahi duenak
piztu beza
farola:
Gipuzkoan ba da
Antzola,
hark ornen dauka
argi-ola... (Biziaren Erroetan, 32).
5. Erritmoa. «Gaztelu'k erritmo zentzu apartekoa dau. Askatasunik aundienaz darabil, eta beti doiñu-ibillera atsegingarriz. Bertso-neurriak (luzera bardiñak, esate baterako) ez dauka emen zerikusirik. Iñoz bertso luzeak be osotzen ditu, baiña geienetan laburrak. Edozein adibide artu daigun bere erritmo-zentzu au ikusteko:
gauaren errota ari da
kulunkatuz
gizonaren loa,
elikatuz
iratzar denaren gogoa:
garia izan
edo artoa
berdin dio,
zer nahi den
irin bihurtzen doa... (Biziaren Erroetan, 24).
Tan tan atabala erritmo utsa da, eta argi ikusten da piko astunagoen eta ariñagoen alkartze naastua:
zaldiz
oinez
aldiaren otsetan:
askaska tintinka
aizearen hortzetan...
tan tan atabala
bideko zotzetan
Eee! ibaia,
iratzar adi
jo zak hire
krisketen jaia!
... (Gauean Oihu, 19-20).
(Argitalpen onetan aldakuntza bik erritmoa obetu egin dabe: 1963'garrenekoan «edo oñez» eta «ats-estuka» zan: Olerti, 1963, III-IV, 26 orr.).
Baiña erritmo azaleko au, kanpoko erritmoa, bertso ain laburrez lortua, batzuetan batezbe ariñegi iruditzen jat:
hemen
lur
hontan,
munduaren zati
berezi
hontan,
nago erroturik
giza-erroak
emanik (Biziaren Erroetan, 15; ikusi, esate baterako, 17, 27).
Iñoz olerkia bertso luzeetan asi dau, itzala eta aunditasuna iragarriz, baiña gero bertso oso laburretara makurtu da:
kantuz piztu bear ditut nire gogamen-izarrak
kantuz eta txistuz jalki nire gozamen-nigarrak
atoz nire aterpe zabalera eta entzunen duzu
noiz eta nola zaidan sentipenez barnea ustu.
barne-labean dira galdatu, mamitu
nire aragiaren aragi, hezurren hezur bihurtu
irakin
gainez egin
zuregana
gizon
jarion (emendik aurrera olan jarraitzen dau).
(Gauean Oihu, 12). Lenengo laurak ibillera andikia dabe; bosgarreank eta seigarrenak, etenez, beste erritmo bat asten dabe, eta jarraian arrapalada-erritmoa sartu da.
Kanpoko erritmoa ezeze, barrukoa be ariñegia dala deritxat. Geien baten ikutu bat egiten dautso poesi-gaiari eta aurrera jarraitzen dau laster baten. «Ikutu» egitea eta ez eskuartean erabilli, ez larregi azaldu, poesiaren berezko era da. Baiña ikututze orrek gelditzeko beste izan bear dau, edegi izan dan poesiaren aurrean gelditzeko lain. «Gaztelu»k, ostera, ikutu ta aurrera egiten dau poesi-gaia edegiteko une naiko barik. Ez dago bearbada «extasiarik», poesi-lilluramenik. Kanpoko erritmo ariñegiak sarritan sinkopetu, eten egiten dau poesiaren ibillera. Eta barruko erritmoa urduriegia da, ez dau geienetan bear beste zabaltzen poesiaren misterioa.
6. Izkuntza erabillera. Euskerea berea dau eta zelan gura darabil olerkigintzarako. Izenaz eta aditzaz baliatzen da batez be. Onek bere izkera giartsu biurtzen dau. Izkera, gaiñera, oso liraiña, dotorea. Edozein adibide:
nik bota
hik bota
galtzen badek
nere onez,
galtzen badet
hire onez:
nor garaile azkenean?
ez dik ajola nor danik
galtzale ala irabazle
nola joka denak baizik (Biziaren Erroetan, 31).
Olako neurri ta urritasun elegantea erabilpide guztietan. Beste adibide bat:
zu eta ni ez banaka
batean gera salbatuko
ez zillarrez ez urrez
besarka gera
onez aterako (Geuean Oihu, 12).
Poesi-idea edo gaia oizkoa ta egunerokoa izan arren (esate baterako, gai «sozialetan»), «Gaztelu»ren gai-erabilkera eta izkera beti da txukuna, jasoa ta duiña. Aipaturiko era errikoietan be dotoretasun bardiña agertzen da: Gipuzkoan ba da/Altzola (Biziaren Erroetan, 32); Joan nintzen Tolosara (Gauean Oihu, 30). Era onetan, alan be, bat ez jat atsegin: Oihu bat olerkiaren amaiera: orain bertan/emen/sekuletan./Amen/(Gauen Oihu, 38). Olerkiaren mailla zabartu egiten da emen. Ikusi barriro be bakuntasun noblea:
galde batari
galde besteari
eta izarrak
ixilik daude
zeruan (Gauean Oihu, 21).
besterik ez,
noizean behin
zenbait zantzu
azalera (Biziaren Erroetan, 17).
Askatasun andiz darabil maixuki menperatzen dauan errima edo oskidetza. Errima askea, beti barria. Eta erritmoaz eta itzen ezartzeaz batera nai dauan eran darabil izkuntza. Ona emen bertsogintza klasiku bat:
lo ago, lo-zorro,
herri bejetala.
noiz hedatu behar duk aidean hegala?
iratzar adi, utz zak
gaueko itzala. (Gaueko Oihu, 25).
Era askeagoaren adibide bat:
nire mintzoa ba doa
eztu atzera
egingo.
zure belarri-xuloa
du leihoa
argiz betetzeko.
ez ahal du alperrik txangoa
izango.
ba da argi
ba da aizaro:
itxaroa
du kabi bero (Gauean Oihu, 12-13).
Edu onetan taiututakoak dira geienak. «Belarri-otz madarikatu hori» esan dausku leen olerkariak (orain «zorrotz eta garratz» mintzatzeko ordua dalako). Baiña «belarri-gozamen» ori ezin eikean aldendu «Gaztelu»k. Bere-berea dau eta nai ta nai ez urtetan dautso. Eta emen, erritmo eta oskidetza artean, ez ete daukagu larkeririk? Oskidetzak (eta erritmoak) narraz daroala esan leike eta laban egiten dauala:
nahiz lorea
nahiz hostoa,
giza-dolorea eta
bozkarioa,
gizonaren barne-giroa
eta jendaki guzien mintzoa:
ibar-laiñoa
dardar darion malkoa... (Biziaren Erroetan, 23).
Ausnar
irazi
eho
nahasi
jan
egosi
aldiaren iraganean
zerbait ikasi,
gaur ezpada
bihar
edo etzi... (Biziaren Erroetan, 20).
Bearbada apur bat itsusiago aipatuko dogun zati onen bigarren partean:
oihu bat, oihu bat lazgarri
ama guzien begietan
hitz urratu guzietan
lehertu da
dolar-pilla otsetan
TIO SAM
Vietnam
jan ta jan
pizti tzar atzaparretan
hilketan
arrapaketan
han...
han... (Gauean Oihu, 40).
Errimakerian jausten dala esango neuke. Oskidetzak agintzen dau, batzuetan, eta ez idea poetikuak. Eta bertsolaritzan edo erriko esakeretan sarri errima joko onek bere gatza euki arren, ez da poesi-bidea. Onen ondoan beste oar bat be egin bear dogu. Larregi lerrotzen ditu, erreskandan, itzak, biotzondokoak edo ta oskidetzak eraginda:
zuri
neri
guri
aita
ama
anaia
arreba...
digute porroka (Gauean Oihu, 39).
oihu bat entzun da
oihu beltz
oihu ori
oihu zuri
oihu gorri
neri
zuri
guri
mintzatzen zaiguna (Gauean Oihu, 37).
Era erretorikua da beardaba au. Eta azaltzen dauan sentipena benetakoa ta sakona izan arren, sentipen arrunta da geiago, poetikua baiño. Ez da iragarten poesirik olako bertsoetan, edo gitxirik baiño ez.
Nire azken oarrok gorabera, leengoa baieztu bear da barriro: nausi da «Gaztelu» izkuntza ta bertsoa menperatzean. Izkera bizkor ta liraiña. Gaiak duintasun maillara jauoten daki. «Gaztelu» ren olerki ta bertso-gintza tankera gerra aurretiko pizkundean, poesi-giro jakiñean eratu zan lenengoz; gero maixuki landu izan eban oindiño (Musika ixilla eta Olertiko olerki jatorrak eta itzulpenak agertzen daben lez). Nik jakin aal izan dodanez (Olerti aztertuz) 1963'garrenean asi zan bertsogintza barrian, silaba-kopuru, erritmo ta oskidetza era barriz alkartzen. 1968'garrenean agertzen dira gai «sozialak» diralakoak. Baiña erak aldatuta be, bere erritmo ta oskidetza-zentzuna leen euki ta ezitakoak dira. Eta batez be sakonagoa dan izkera-txairotasuna. Orregaitik oizko «poesi sozialetik» urrin dabil.
Bere olerkietan aurkitzen doguna batez be izkera-lillura danez, zer izango litzakez beste izkuntzetara itzulita? Ori litzake poeta andi baten neurria. Poesiak poesi izan bear beti. Baiña leen esandako arintasuna, extasirik eza, ez dagokioz poeta andi izateari. Jakiña, beste izkuntzetan be poeta andiak oso gitxi dira. Eta, dana dala, «Gaztelu» ez litzake txiki geratuko beste askoren aldean.
|