«Lizardi» gogoratuz...
Aita Onaindia
Zer asko izan oi dira geugan gu konturatu barik doazanak. Geure barne izatean eta kanpo-aldean. Eta emen, labur, eder-ikara ta erasonari gagokiozala, ezin azalduak doguz sarri, or-emen, arri-mokor bat, mendi eskerga bat, itxaso urdiña, zeru zartua, poema bat, arri-iduri bat naiz beste olako ederkera bat dala-ta, artu oi doguzan biotz-zauskada samur, bizi, beroak. Zoaz, adibidez, museu batera...
EDER-ZIRRARA
Bai, eder-zirrara deritxogu orri. Nundik eta zelakoa berau? Geure nor'a pizkat sikoloji aldetik aztertuz gero, laster dakusgu zentzunetatik datorkigun zerbaitek jarten gaitula, batez be, etenbear larrian. Ederrak gozamena dakarsku; baiña zentzunena ete da bakarrik ederra dakarskuna eta ondorengo gozamena? Ainbesteko aala ete dabe gure begiak eta belarriak?
Ez, or esku artu dau beste zerbaitek be; or dabil gure errazoiaren eritxia be. Kanpotiko eder-zantzua ta gure adimenak emon eritxia, gauza bi ditugu emen; labur, ederra ta eritxia. Oneik bazkatzen dauskue barrua, izatearen muiña. Eder-artea ta gozamena ez dira, beraz, gaiezko (materiazko) zerbait bakarrik; ezpirituak be or ba-dau bere lekua. Eta ezpiritua ezpiritu dozu, goitiko arnasa berezia. Ortik esan oi da, ertia edo artea, ontasunez jantzi bear dala.
Arte-mukulu batek, edozein dalarik, arritasuna ekarri oi dausku lenengotik. Poema eder bat irakurtean, naiz entzutean, erdi-joanda gelditzen gara. Baiña arritasunean erdi-txaldan geratu barik, geure izatearen sakoneraiño joaz barru-barruko zirkin artean ederra edan ba'dagigu, orduan nok ukatu guri ertiaren maitale bero ta kutun gareanik? Ezpirituak ortxe, zentzunetik sartzen jakonaz, ore bikaiña dagi; zentzunetik sartua, ots, izaki sumakorra, bere erpiñera igonik, gotor egin jatzu, eta orretxek osotu daroa gure artezoramenaren mamiña. Aalmen biak, bata-besteagandik aske, lan dagiela esan gengike; zentzunak kanpotiko gauzen zantzua jasoten dau, aldi batera adierak ezertan be naas-erazo barik, jokatuz; eta ezpirituak be bardin, bere barne-sartze uts-bakunaz ez dau ezertan lausotzen, ez illuntzen, ez kezkarazten zentzunaren ekiña. Biok goi-maillara eltzean, osatu oi da ederraren betea.
LIZARDI'REN OLERKI-LANAK
Zarauztar azkar onen prosarik ez dogu emen aitatuko. Poesi-lana bakar-bakarrik, itz-lauz be naiko ta ederto idatzi euskun arren. Lizardi'ren biran gabiltzan ezkero, dakusgun orain zelako zer-ikusia dauan eder-sorpenak onen lanetan; Lizardi'k bere zentzunak zituan eta bere ezpiritua, edonok bezela. Ederra sortu euskun, zentzunez eta ezpirituz jokaturik, ain zuzen. Zentzunez, at daukagun ederra eder xurgatuz eta begi-belarriak batik bat izadiko edertasunez asetuz; ezpirituz, arima sutsu baten jaube zalarik, aalmen orrek sutu zituan aren olerki-lan guztiak.
Aurten, aren eriotzako 50 urte-muga alik eta aundikiroen ospatu nairik, polito aizatua izan da ainbat denporan naiko ixillik eukia izan dogun arekiko oroipena. Goregi aurkitzen ete aren irudia eta iñor ausartzen ez ari eskua ezarten? Aurten, alan be, ospakizun batzuk izan ditugu: mintzaldiak, alkarizketak, mai-ingurukoak, sariketak, liburuak... eta abar. Geiago merezi leuke; baiña, tira!, zerbait.
Noiz asi zan Lizardi olerkigintzan? Batxilera amaitu ta lege-karrerea asi ebanean. 1916'an noski. Ingurrazti bi eukazan ordurako bere euskal lanakaz, bertsoz eta prosaz, euskeraz eta erderaz orniduteko; lenengoa 1916-3-30'an asi eban, olerkitxoz, izkirimiriz eta olakoz betea; oneitatik batzuk «Euzko Deya» Bilbo'ko Euzko Gastedijaren, aldizkarian azaldu ziran. Oneik, baiña, bere ustez, etziran duin eta naiko eder 1932'an argitara emon eban «Biotz-begietan» olerki-liburuan agertzeko. Bigarren ingurrazti edo kuadernua, «Naste-Borraste» eritxona, 1917-5-18'an asi eban, euskera utsean. Emendik atera geinkenez, 20 urtegaz asi zan Lizardi olerkiak onduten. Emendik atera geinke, baita, zelako berezkoa ekarren olerkirako; geroago, irakurri ta idatziz, sakondu, obetu ta landua. Zer irakurri ete? Noren zale? Euskeraz eta erderaz irakurri eban, eta garai artarako ba-ekian zer zan ederra, eta zer zan eder-antza.
Asmo bi ebazan Lizardi'k unekada artan: irakurri ta idatziz bere burua gero ta geiago jantzi ta landu, ortarako eder jakon Axular eta Etxepare batez be irakurri eta eurotan aurkitzen zituan itz berezi, esaldi txanbelin eta euskal joskera politak arkatzaz jasotea; eta bigarren, berak egiana enparauak be egin egien nai eban, era ortarako or-emengo aldizkari ta egunerokotan euskeraz ta erderaz aspertu barik idazten euskun, ari ta oni be, bardin egin egien, zirikatu ta oiñarri emonik. Ordukoak ditu bere olerki ta itz-lauzko lanik bikaiñenak. Aitzol'ek dirauskunez, larogeta amarreraiño dira orduan idatzitako artikuluak, prentsari, olerkiari, irakastolari, antzerkiari ta aureragiari buruzkoak.
Eta gu orduko poetok, jakin egizue au, Lizardi, Lauaxeta, Orixe, K. Enbeita, Loramendi, Zaitegi, Gaztelu, Tapia- Perurena... Aitzol zirikatzaille genuala, ez euskal mendiak jasotzearren, aren bide jatorretik jo gendun. Euskeraren alde eta euskera jasoz geure erriaren alde, alkarren leian, jokatu gendun. Ez genduan uste poesiaren bitartez euskal gizartea aldatuko genduanik, ezta aberri lotuari eukazan lokarriak etengo geuntsazanik be. Baiña zerbait egin gura zan, ez gero itsu-itsuan, jakiñez baiño. Guda-oiñean gengozala be, orraitiño, guk olerkiak bialtzen genduzan Bilbo'ko «Euzkadi» ta «Eguna»-ra. Guk poesia lantzen genduan, alik eta ederrena. Eta, tamal jat autortzea, orduko poesia ez ete dogu gero gaur be oberena? Buruz ta biotzez ondo aberats zan poeta gazte taldea ari zan lanean garai garrantzitsu aretan. Ordukoa dogu euskal poesiaren loratzerik garbalena.
Ori ikusirik, Lizardi'k idatzi euskun bein: «Olermin aundi eder batek bai garabil euskozale oro: aberri berriaren olerki giarra egin dezagun; idaz dezagun guziok neurtitz bana, bederik!» Baiña beste au be: «Aberri aldeko gogo gudari-sailletan olerkaria beti da leen-oñean. Ta beroni zor zaizka, gogo lurgoien irriek gorabeera, gudate orietarik gurenda ozenenak» (Itz-lauz, 37 or.). Egia, abesmiñetan ebilkigun Lizardi, poeta aundien antzera. Zelan, baiña, adierazo jantzi bikaiñez barruan eban eder irakin ori? Ona: asaben izkuntza ortarako gai egiñez: orretan aleginduko jaku. Entzun berari «Gure mintzoa» deritxan olerkian:
«Nerekin yayo nun abesmiña,
ta aurtandik min ori dut izan samiña...
Kanta nai, nai alper; mintzoa
peitu, miñak bear eztigai gozoa!»
Eta ekiñaren ekiñez falta jakon mintzoaz jabetu zan, osoan jabetu be. Norbaitek Arana-Goiri'k esan eutson giltzapetu bat eukala bere izatearen barnean, leotz gorrian. Eta:
«Ordun, yetxi nazu lezera;
nork gere muñean dugun itzalera».
Guri argia ematearren itzali zana eskutik ebala, barnera jatxi zan, eta leotzean, barru-barruan, illik lez, gizalaba bat idoro eban, odolik bage. Baiña:
«Ezpañak dardar, lepo-zañak ler
bearrean, muinki dut estu nere eder
besoetan, ta atsa yaurtiki;
ta ura bai, egin zan aoan abesti!»
Gizalaba eder a giltzapetik atera ta itxaso urdin zear dagi Lizardi'k bere itzulia, eta bertso-aapaldiak alkarren ondotik jalkiaz, uso zuri lez biurtzen jakozan. Onela berak:
«Itzuli zetozen aapaldiak;
itzuli zetozen nere uso txuriak
Aberriarentzat damesgun
legor gizenetik, yai-ostoa lagun...»
Barriro esanik be, onelaxe egin jakun Lizardi, aberria ta onen izkuntza kantatuz batez be, Euskalerriko poeta lirikurik bikaiñena.
Aitzol'ek au: «Lizardi etzaigu izan ugarikor ez naro, urri ta neurtua baizik. Zorrotz bere buruakin, bere elertizko ekiñaren iturburu bezela zeukan egiten zituen lanetan osotasuna billatzea. Bere bertsoen azal eta izkeran oso arduratsua zan, eta adierazi nai zituen gogaientzat, leiatsuki, alegindu oí zan sorpen berri ta jatorrak billatzen. Egundo ere etzitun arriskuan laga ez azalaren osotasuna, ez gogaiaren berrikitasuna, olerki asko ta ugari egitearren. Naiago izan zuen, beti, autatua izatea. Irizpide onekin aukeratu zituen bere liburuxka txit eder «Biotz-Begietan» agertuko ziran olerkiak..Ogetabat sartu zizkizun bakar-bakarrik. Ala ere, arreta aundiz ibilli zan bere erri-bizitzaren lotura ta uztarpide ziran amazazpi urtean ondutako oberenak aukeratzen. Bere olerkiak dira, ximenki autatuak» (Yakintza, 1933, 168 or).
LIZARDI GARAILLE
Lizardi'k bere lanik ederrenak Tolosa'n bizi zala egin zituan. Eta izadiak Naturak lagunduta esan gengike; Tolosa inguruak ba-dabe gero, beste eusko-bazterrai ezer kendu bage, ibai, mendi, zugazti, bikaintasunik ugari. Mendietan eder jakozan Aralar eta Txindoki; bai, atsegin jakon alderdi orreitako «zantzuak» eta «zantzoak» jasotea. Or-zear joan eta ibilliz, zer ikusi ta zer entzun, axe dakaresku paperera, bertsoz eta itz-lauz. Ederto X. Lete'k: «Ikusten dituen eta sentitzen dituen gauza goriak sujeritzen dizkioten imajinak eta metaforak ere asmatuz... Azkenik, errealitate horren aurrean, eta bera eta errealitatea nahasten diralarik, ideiak eta konzeptuak zehaztuz» (Argia, 1983, martxoa, 20, 33 or.).
Or olerkariaren lana: ez izadia obetu-bearrez lanari ekin, baiña bai izadia eredutzat artuz, sorpen barriak mamindu ta poesi-lan zoragarriak osotu. Orixe zan Lizardi-k egin euskuna. Izadia ta bera, gala ta ezpiritua buztartuz, irudikizun jori bikaiñez, sotil eta goriz, gogapen eta ideiak eio, jantzi. Begira, esaterako, «Urte-giroak ene begian», zelako poema bipilla, irudiz, esannaiez, bizkortasunez oratua.
Makilla eskuan, basora urten da olerkaria. Negua da oraindik, eta joan edurtza aundiaren ondarrak agiri jakoz or-emen; loreil-erdirantza, barriz, zugatzak, sagastiak, sakonak, mendi osoa loraz jantzi jakoz... Bide egaleko pago gaztea apaingarri barriz apaindua dago, kilker olerkaria kantari, lurrezko jauregi-atean...
Barruko indar ixiltsu batek geldi-azoa, bide ertzean jarri jaku olerkaria. Arkatza ta papera ziskutik atera ta onela idazten dau:
«Txuriaz nasi, pipil gurien,
ler-gabe-lore zabal-zorien
gorrixka, nabari duk sarri.
odol-tantoak antzo... Begira:
erditze baten aztarnak dira:
Bizi-erditze zoragarri!»
Udan, ostera, orra itzalez arru ta basoak; gora igonik, eguzkia; beeko trokatik ez dator ur-otsik; sagarrak igaliz astun... Aurrez dauka Txindoki, «goriak astundu-tantai arrizko, beeari iñoiz baño errotuago».
Beroaren beroz nekatua, itzalpea opa dautzu olerkariak. Or bide ertzean basarte oberik eziña. Norbait bertan, «Itzal», zoragarri. Dei dagio, esanaz: «Itzal, Baso'ren ume yaukal, xaloagorik ezin ál: beltxeran, begi bai azal: Itzal!... Itzal!...» Lilluratua, oian barrenera doa Baso'ren ume yaukal arekin egotera. Eta bertatik olentariak kanta:
«Sar naun geldixe, taupaka biotza,
Ar maitez, otoi, lerregin-arrotza...
Oial illaun batez legortu didan bekokia.
Gero, aldamenean, atzaidan eseri, endereño otxan,
ta, ai, zein gozo gauden, aopekotan!»
Uda, suzko itxaso, igaro ondoren, udazkena. Olerkaria, aspaldi ez-ta, mendira da barriro be. Andre Lurrak jalgi ditu bere igaliak; orbelak ozen dagi ots aren oinpean; larreko muiñoak ixillik dagoz, ixillik kilkerra eta txoriak... Beste itxura batez jantzi da mendia. Olerkariak, alan be, eztau menditik jatxi gura. «Zein dan ituna diño bêra-bear au! Nik ez nai eguna biurtzerik gau!» Sor eta lor, muiño ertzean tente, igarotako iru giroak dakaz gogora kantari:
«Giroen argia galtzerakoan
len-oiartzuna dut ozen gogoan.
Iru giro izanok, nik dei ta atozte:
nork-zeren sana ekardazute:
batak itxaro, besteak berbizte;
irugarrenak bizitza-indar bete.
Oro bear zaitute ene biotzak,
len-min baidamada neurtitz zârren otsak!»
1930'garren urtean egiña da 48 aapaldiko poema au. Irugarren atalarekin, ots, «Baso Itzal» deritxonarekin lenengo sana beragandu eban, 1932'an, Tolosa'n ospatu zan II Euskal Olerti Jaietan. Merezi eban. Idatzi ete da, izan be, ez lên ez gero, edu ontako olerki garbalik? Olerki-kontuan ere ikasia genduan Aitzol'ek onela:
«Basoan jaio, basoan azi, auzira jo eta olerti guduan nagusi ager. Pindaro olerkari bikañari alderantzira gerta, antziñean. Olerti auzian, nork eta Korina emakumeak oinperatu grezitarren abeslari trebeena. Alako hatean, iñork uste ez leikiala, Olinpiada joku aberkoi ospatsuenetan, erriak Korina, olerkari gorenaz aukeratu, beti gaillur zan Pindaro zokora irauliaz. Or dijoa, zapustuta baso beltzean lotsa eskutatzera. Bakartasuna aurki zezalakoan, oian-barnean gorde. Urania maitagarria agerturik, ordea, zoriona eskeñi zion... Basotik, eraberrituta, Olinpiada-jokuetara Pindaro doa. Arrezkeroztik, beti, garaille».
Ondoren diñoan au be jakingarria dogu. «Urte-giroak, udaberria eta udagaiak batez ere idazten dau, olerti mamitzat aukeratu dituzten poesilariak amaika maitagarrien onurak jaso ornen dituzte. Oek sormena ernaitu, irudimena zirika, amets-eredu-jantziak eskeñi ornen dizkate. Arrotz olertiaren kutsurik, Lizardi'ren neurtitzetan aurki ezin lezazuke, ordea. Barneko iturburutik jalo zaizkio mami-azalak. Ederrak ba-dira ere, eusko-olerkariarenak dira. Ez irakurriz ikasiak, adi-muñetik sortutakoak baizik» (Eusko Olerkiak, II, VI or.).
Olerkari oneik aurkeztu ziran Tolosa'ko poesi-batzaldi artera: Tx. Jakakortajarena, J. Zubimendi, M. Lekuona, Tapia-Perurena, E. Mujika, Jautarkol, Loramendi, T. Agirre (Barrensoro), E. Arrese. Zarauztarraren olergintzan urterik jori-bikaiñenak 1930'tik 1932'rakoak izan ziran.
ZER LAN DAGIGU GAUR?
Gai ontaz, edo bardin dana, olerkiaren bizitasuna, sakontasuna eta olerti-izkuntzaren trebetasunari buruz, Lizardi'renak, jakiña, aurten berton edertorik aztertu dauskuz niretzat J. M. Lekuona'k, besteak beste. «Lizardik erakusten digu diño lan aundiak egiteko arreta. Horretan «Urte-giroak ene begian» poema benetan interesgarria da. Gure artean poesia asko egiten da ataizeko poesia; eguneroko poesia hori, baina, ez da egiten poesia landua, poesia sakona. Alegia, bi, hiru edo lau urte irauten duten poema sakonak. Horrelako poemak oso oso gutxi egiten dire gure artean, eta horretan Lizardi guretzat eredu da» (Argia, 1983, martxoa 20).
Berrogetamar urte joanak dira Lizardi'k bereak ondu zituenetik, eta areik ondiño, gure mendietako pago lerdenen antzera, gaurkotasuna betebetean darioela dagoz. Lizardi'k bere gaiak, eder jakozanak nunbait, aizatu zitun geienbat. Izadia, eriotza, neskatxak, bultziaren lasterra, beti geugaz bizi diran kurloiak, seaska utsa, adiskideak, illetak, zugatz jausia, urte-giroak, eusko-bidaztia, asaba zarren baratza, izotz-ondoko eguzkia, arrats gorria, etxeko, egamiña, gure mintzoa, euskal-pizkundea, «Maitea» poema... Gai xumeak egiazki. Edozein poetak abestu ditunak, baiña zelako ikuskeraz! Lizardi'k sakon dotore ikusi ta adierazo zituan gaiok. Gai lau errez oneikaz antolatu euskun bere euskal olerki illezkorra. Horazio'k bere garaiko jazokun soil-soillakin eta Bergili'k bardin aurretikoen egite ta guda-gertakari apaiñakaz euren poema illezkorrak osotu euskuezan legez, ain zuzen be.
Olerkia ez dau mamiñak bakarrik egiten, jantzi ta azalak be garrantzi izugarria dauko. Lizardik, izkuntzari begira, zoli aurrera eragin eutson euskal poesiari, egazkada biziz ebilkigun, ba, goregikoz bear bada, eta au Aitzol'ek salatua dogu bein eta barriz: bear zala olerkitasun jagi ori, baiña gai arruntak eta modu lau-lau egiñiko lanak be bear zituala gure erriak. Orixegaitik itxi euskuzan gai ontaz lan bi jakingarriak, bata «Yakintza»-n eta bestea azkenengo «Eusko Olerkiak» deritxanean.
Guda ondoko poetak, au kontuan izanik edo, olerki errikoira jo izan dabe, Aresti aurrelari dala. Poesi sozialerako obeto dator etorri be olako izkera trakets antzekoa, parnasiar eta olakoen izkuntza jagi, dotore ta apaiña baiño. Au gogoratuz J. M. Lekuona'k: «Gaurko tematikari begiratuta, dudarik gabe, gaur zeharo beste mundu betetara pasa gara. Halere, gaur ere itsumustuan gauza asko dabil hor, eta gaur ere poetak behar ditugu gaurko mundua emango dutenak. Gaurkoa ez, biharko mundua, hemendik hamar edo hogei urteko mundua. Hori da poetaren eginkizuna, nire ustez beheintzat. Eta iruditzen zait, Lizardik berak bere garaian egin zuen bezala egin behar dugula guk». Ni ere orretan naukazue. Poetak aurrera begira lan egin behar dogula; ez erriagandik goregi, ez beeregi, bai ostera erriari arnasa ezarri eta biarkoa erakusten saiatuz.
Poesiak ez dau erria bere kate biurrietatik askatuko, baiña iñok erakustekotan orretarako ibilli bear dauan bide arloa zurariz lez galgatuko dautso: giroa adierazo, etorkizuna argitu, lotatik itxartu, adorez bete ta aurrerantz bultz-eragin, au olerkariak egingo dau. Orixe egiñak doguz, iru baiño ez aitatzeko, Rizal Filipinas'en, Mao-Tse-Tung Txina'n eta Arana-Goiri gure artean.
Azken urteotan gure poetak, gunez eta jantziz, bide barriak billatu ta aztertu nairik dabiltza, beiñola Lauaxeta lez apika. Nik esango neuke, ostera, moltzoko edo jarraikari egiñik gabiltzala: urliak olan idazten baldin ba'dau, besteok aren antzeko izan guraz gabiltz, norbere sorpenari erraiz naiz jantziz uko egiñaz. J. M. Lekuonaren eritxiko naiatzu ni, au idazten dauskunean: «Azken hamar urte hauetan hizkuntz berri bat hasi da, hizkuntza askoz ere landuagoa eta polibalentegoa (landua ta polibalentea zeri deitzen jakon jakin bear), eta ikusten dut alde horretatik Lizardik bere garaian egin zuena gaur ere egin behar dela» (Argia, 1983, marxtoa, 20).
IZKUNTZA BARRIA?
Gaur bada, poesia aldetik be, Izkuntza barria edo barria izan nai dauana. «Baina halere darrai J. M. Lekuona-k gaurko poesi joera berri honek ez duela Lizardi eta bere garaiko euskararen edertasunik, gaitasunik eta maisutasunik», uste dut. Au ere autortzen dausku Lekuona'k: «Ez dut uste poesi sozialak (Lizardi) gainditu zuenik». Uste orretan nabil ni be. Garai bateko erri-egoerak sortua dogu poesi soziala, zapaldua, zigortua, asnasarik artu eziñik, zerbait egin guraz eta eziña iruntsiz aurkitzen zanekoa. Gaur ixillik daukagun Aresti izan jakun poesi-era orren aita, eta irakur zer dirauskun olerki-mota ortatik geiegi saiestua dala esatea egia ez litzaken onek, ots, L. M. Mujika'k.
«Gabriel Aresti idazten dau, «Maldan beheran» bereziki, aire berriak ekarri zituen eta balio literario ukaezinak. Balio honek, ala ere, aski eskaxak gertatu ziren bere azken produzioan... Bere poesia hobena Miranderen lanketa sinbolistarekin lotzen dena da: poesia sozialean, berria, panfletarismoak suposatzen zituen irristadak egin zituen. Bertsoaren teknikari dagokionez, ordea, «Maldan-beheran» olerkarien bide egitaratua utzirik, berriro bertsolarismora itzulia egiten du, orri askotan, monotonia eta ohizkotasunean (hau da, «zortziko handiaren» aspergarritasunean, batez ere) eroriaz. Itzulbira horrek, hemen ikusten ari garen aldetik, guretzat atzerakada bat suposatu zuen, monotonia berriro indartu zuelako. Honetan, bada, ez Lauaxetak, ez «Barne-muinetako» Orixek, eta ez, bereziki, Lizardik ez diote Aresti-ri enbidirik eduki beharrik. Haien bidea euskal poesia jasotzeko Arestirena baino iaioagoa gertatu da» (Lizardi-ren lirika bideak, II, 77 or).
Entzun izan dogu, eta irakurri, Lizardik izkuntza olerkitsua sortu ebala. Egia ete? Leendik, nik uste, ba-zan olako zerbait, izkuntza poetikua, Etxepare'k ez, baiña Oihenart'ek erabillia; zuberotar olerkari yaioak, iñok jarraitu ez eutson arren, euskera tringu, eder, sotilla erabilli eban bere olerki-lanetan, geroago be Arana-Goiri'k, Iñarra'k, E. Arrese'k eta beste banaka batzuk erabillia, Lizardi'ren aurretik ain zuzen. Lizardi'k, egiaz, ikasiz eta idatziz landutako bere arimea itxi euskun «Begi-biotzetan» deritxon poesi-liburuan. Poeta guztiak, ezta idazleak be, ez ditugu danak bardiñak, ez izatez, ez kulturaz. Jakiña, ortik dator ondoren idazleen arteko bestelakotasuna. Or bakotxaren estilo iturria.
Lizardi, Orixe, Zaitegi eta onein ingurukoak izan jakuzan gure izkuntza idatzia, bai prosaz eta bai bertsoz, goiko maillara eregi ebenak, azken gerra aurretik eta ondoren; euskal literaturaren kondaira gaur, sakonetik ikasi, arakatu ta egiaztu nai dauanak, ez dau orixe baiño beste biderik: garai garrantzizko a ikasi ta aztertu, ta lera txar bako idazle baldin ba'da, laster oartuko jaku, baietz, axe izan zala gure literatura idatziak oraiñarte izan dauan unerik jori, loratsu ta bikaiñena. Ortan ari ez garan bitartean, gure eritxiusteak beti izango dira kamuts, erren, ez-osoak. Ez galazo begiak egiari.
Poesi arloan ziñezkoa da X. Lete'ren autorra. «Lizardi diño, hizkuntz-espresibilitatea euskal literaturaren arloan bere goi-mailara eraman duten bakanetako bat dugu (garaian garaiko baldintzapenak kontuan hartuz), eta horregatik ukan ditu, behar bada, hainbeste imitatzaile. Nahiz eta, egia esan, Lizardiren pareko poesia egiten oso zail izan. Lizardik bilatu zuen adina gutik bilatu du». Egia, aren poesilanen musikaltasuna, aren irudiak, arek darabiltzan antz-ele, metafora lerdenak, bizi, labur, sakon adieraztea trebetasun ikaragarria zor jakona da. Eta ez dau edonok ain trebe izateko aalmenik, sala-ta ere. Lizardi, erdi euskal-barri ta gazterik lila, nortasun aundiko agertzen jaku bere lan guztietan.
LIZARDI, IZADI-ZALE
Ez gitxik izadi-zale agertu dabe Lizardi. Eta ez dago orren kontra zer esanik; orrela da, aren edozein olerki-lan lekuko. Irakur «Biotz-begietan» eta ez daukezu dudaren izpirik. Baiña suster erroturik ez dauen barriketari batzuk, ainbat uste trakets zabal-azo izan dabez. X. Lete'k onela: «Norbaitek pentsa lezake (Lizardiren) izadiarekiko joera hori gerraurreko euskal idazle askoren kera eta tendentzien errepikatze bat besterik ez dela. Agian norbaitek zera pentsa lezake: «Bai! Mendia, baserria, nekazaria... gerraurreko euskal idazle erromantiko zaharkituen topiko atzerakoiak». Txomin Agirreren «Garoa»-ren ispillu poetikoa Lizardi dela, ala jainkoa! Horrelako gauzak, ez pentsatu bakarrik, esan ere izan dira jendeaurrean, eta idatzi. Izan ere, edozer gauza topikotzat hartzea, topiko tipiko izan bait da gure artean bolada batez». Ainbat gixajokeri esan eta idatzi dan garai onetan, ez dago txarto autorkuntza bestelakoa.
Leen eta orain euskal literaturan lan dagigunoi min damosku olako gauzak entzun eta irakurtea. Gurean izan dira, adibidez, erromantiku-sailleko idazleak, Arrese-Beitia, K. Etxegarai ta abar, bide orretatik jorik euren barrua azazkatu ebenak; dalako kimuren bat gure artean iñoiz erne ba'zan be, ezer gitxi noski. Izadia kantatzen bai alegindu ziren gure bertsolari ta poetak. Lete'k jarraiki: «Nik esango nuke izadiarenganako joera, Lizardiaren baitan, sentsibilitate-arazo bat dela haseran. Gizon sentiberak izadia maite du, izadiaren zantzuak, nabarmen eta baita bitxienak ere, denak, natura-ataletan somatuz batera, lehiaz eta ahaleginez jasotzen ditu. Zantzu horiek barruraino sartzen zaizkio, eta maitetsuki gordetzen ditu bere baitan. Gizon sensibleak esan dugu, eta poeta sensibleak zer esanik ez». Egia dozu; biotz sumakor eta sentibera dauanak poeta eta bertsolaririk geienak , zelai bat, zugatz bat, errekondo bat begian jarten jakonean, itzalezko lillura oar-azten dau bere barruan, bere izatearen muin-muiñean.
LIZARDI, JAINKO-ZALE
Lizardi zanaren eriotzaren 50 urte-muga era onetan ospatu nairik, Gipuzkoa'n ez-ezik, Bizkaia'n be ospakizunak egin izan dira olerkari gurena aupatzeko. Portugalete'n, esaterako, ango «Adiskideak» taldeak aurten seigarren literatur sariketa, 1983-3-17'an iragarri eban, gala «Lizardi olerkari» izanik; amazortzi urtetik beerako neska-mutillentzat izan da, eta la eun an aurkeztu diranen arteko lanetatik, Pinedo-Goiria mutil gaztearena izan da saritua.
Jaiak ospatu dabez zarauztarrak euren olerkari garaia omendu guraz; jaiak egin dabez Tolosa'n. Emen gaiñera, 1983-3-19'an, larunhatez, Lizardi'ren olerkiz osoturiko liburu bat aurkeztu zan, Juan Mari Lekuona'k, Anjel Lertxundi'k eta Xabier Lete'k antolatua. Iru atal daukaz liburuak: 1) «Biotzbegietan», 1932'gn. urtean argitaratu zan legez, erdal itzulpena kenduta; 2) «Umezurtz Olerkiak», 1934'n Aitzol'ék eratu ta argitara emona, eta 3) «Euskal Pizkundea» poema, lenengo aldiz 1970'an argitaratua.
Liburu au aurkezterakoan mai-inguruko bat be ospatu zan. Eta ospakizun onetan, mai-ingurukoetan oi danez, saiotzailleak izkirimiri, itz bitxi ta ateraldi atsegiñak eta ez ain atsegiñak bota zituen Lizardi'ren alde eta kontra. Ibalan'ek beintzat, onela idazten eban DEIA'n martxoaren 31'an: «Lizardi'ri omen egiteko ez dirala guztiek beti asmo zuzenez ibilli esango nuke. Eta batzuei joko zikiña ikus zaiela salatu bearra dago. Batik bat rnai-inguru batera poeta izeneko bi gizontxoei. Olerkaritza aldetik, literatura alorrean maxiaketa eta kritika zuzena egitea bidezko da. Baiñan aitzekitzat artzea erlijio ta kristau sinismena ixeka ta laidoz mintzatzea Lizardi'ri irain egitea da.
«Eta gezur ta txorakeriaz nabarmentzea ez du gizalegeak agintzen. Ez dago eskubiderik Lizardiri omen egitera deituak izan eta gaizki esaka irriz jardutea. Jakin bezate, entzuleen artean asarre ta naigabe aundia sortu zutena. Bertan ez zioten eraso begirunez eta istillurik ez jartzearren. Baiñan ezin gera isilik geldi gure asarre-protesta arro-putzen aurka agertu gabe, an esan zituzten iritzi makur eta zipozkeriengatik. Gorroto eta Jainkoaganako etsaigoz esanak. Aztu nai zuten Lizardi, poeta olerkari aundi bezenbat kristau sutsu ta zintzoa izan zala».
Jipoi astintze au izan bekizue zuoi, gazte ausartoi zentzabide. Zeuen gogokideekin iñoiz leku ixillen baten batu ta olako zer batzuk botatea laket jatzue, baiña itzal aundiko kristau artean olako zerak otsegitea, ez dot uste legezko jatzuenik. Lizardi lako omenezko batzar batean ele nasaiz entzuleen artean, banaka batzuen artean, irri-barrea erne nairik jardutea, ez deritxat ondo dagoanik. Gaur sarri egin oi da ori, bape begirune barik, edozer esan, edozer kritika... Alan be, gizabideak jaso-azten dau gizona, nabarmenkeriak eratsi.
Lizardi'ri jainko-zaletasuna ukatzea, deabrukeri arrosko ta ausarta danik ez dozu ukatuko. Famili kristau batean jalo, azi ta bizia dogu Lizardi; bere ikasteak eta ibilliak be erlejiño kutsu aundiko munduan osotu zituan. Aren idatzietan, prosazko naiz bertsozkoetan, askotan irakurri ta ausnartu arren, ez dot olakorik iñoiz idoro, beti kristau fededun eta Jainko-zale bero baiño. Iñoiz idatzi eban norbaitek Lizardi panteista ete zan bere. Lizardi'k, nire gardiz, ez eban pentsatu ez idatzi izadia Jainko zanik; berak ain ederto abestu euskun izadian Jainkoaren lorratza ikusi bai, ostera, Fontivero'ko Joan Gurutzeko karmeldar mistiku aundiak legez.
Au idazterakoan, baiña, obeto ziurtatzeko neure eretxia Lizardi'ren olerki guztiak arakatu ditut banan-banan, J. M. Lekuona, Anjel Lertxundi ta Xabier Lete'k oraintsu gertatu ta irarkolara emonetik, lenengotik azkeneraiño. Eta ona zer aurkitu dodan, olerki bi, lenengoa («Yaun errukiorra» ta «Euskal Pizkundea») ta azkena besterik ez aitatzeko. Lenengoan pekatari lez agertzen jaku Lizardi, Jainkoaren zigorbildur gero ta azkenez orra zigor-bildur zanak errukizko izpia jaso.
Atzenik, «Euskal Pizkundea», olerkaria il baiño aste batzuk lenago idatzia ta 1970'an aren «Biotz-begietan» liburua irugarrenez argitaratu zanean, liburuan geigarri lez sartua. Bederatzi zortziko txiki ditu poema onek, poliki eioak. Amona irudia dakar Lizardi'k gogora Euskal Pizkunde irudipean: amona ezta il, ezta Euskalerria be. Gau-erdian il bide jakun amonak «esku gogortuetan/dauka gurutzea». Amesa. Baiña bat-batean esnatu olerkaria. «Zer dakust Jaun aundia!», diño. Amona bizirik! Aberria be «Il ez da ta ez da ilko/guk ez badegu nai». Labur: Lizardi'k beti darabil Jainkoa gogotan.
Itxar zaitez zeu be, irakurle. Irakur aren poesiak, asi ta amai. Eta zeuk ikusiko, begiak garbi ba'dituzu, eta aren lan guztiak, ez Jainko, baiño Jaiko'z asetuak aurkituko dituzu. Fede bizikoa zan Lizardi, Jainko-zale aundi.
|