«Tene», olerkari
Aita Onaindia
Igaz, Olerti Egunez, « Tene», Deba'ko alaba olerkariari omenaldia egiteko erabagia artu genduan. Eta aurten, 1982 egun orretan, orduan erabagitakoa bete zan zintzoki urrengo lan au ari buruz eta gomutaz irakurririk.
Deba, itxas-ertzeko erri txukuna; beronen ondartzan, uda-aldian batez be, jenteak maite ditu eguzkiaren eta kresalaren igurtzi leun gozoak. Itxasoa dauko txeratsu aurrez-aurre, eta menditxo berde zoragarriz jantzirik daukaz inguruak. Errege bidea, trena ta oraintsu eregitako autopista, bertan zear doaz aukera aundiko. Tokiz eta gizasemez antxiñatik dogu aomen eta izen zabaleko.
Ementxe jalo zan «Tene», Muxika'tar Errobustene 1888-5-24'an eta igaz il jakun bertan, 93 urte zitualarik. Bere aizteagaz batera denda bat euki izan eban, jatekoz ornidutako denda bat ain zuzen be, eta ementxe lan egiñik bizi izan zan bere bizitzaldi luzean. Buru argikoa zan, ezkongea. Eta eguneroko lan artean be, astia izaten eban euskal lan politak biribiltzeko; tarteka-marteka kantaldi ederrak egin euskuzan sarri, bertsoz eta prosaz egin be. Aren lanak ez dira gitxi. Emakume idazle guztiak legez, ezpiritu leun gozo baten jaube zan, eta aren lumatik urtendako guztia, itxi euskuzan liburu ta idatziak lekuko, olakoxeak doguz, arin, ezti ta txairo idatziak.
«Tene», euskal idazle. Ez dakit nik nok eraginda asi zan euskeraz idazten, baiña ortan asi baiño leen beti izaten dogu, guztiok gero, bultzalariren bat. Bultzalari izatea, beraz, oso ona: guk guztiok be bultzalari izateaz, euskeraren aldekoa ba'da batez be, errukizko egintza, egintza eder bat nik esango neuke, egin bi dogu.
Dana dala, Tene idazten asi zan, gizaldi onen bigarren amarkoan bai beintzat, eta bizitza guztian, zaartuta be, idazten jarduna dogu. Gerra aurretik, «Euzkadi»-n, Donostia'ko «Argia»-n eta Zornotza'ko «JaungoikoZale»-n batez be osotu eban bere idazletza. Ugari samar idatki eban, idazkiak, olerkiak, teatru-lanak...
Lan naikoa ditu, artikulu lez, or-emen sakabanatuak, arduraz batu ta argitara emotea merezi leukenak. Liburu lez iru ditu argitaratuak: idazki (karta) ta olerki liburu bat eta antzerki-lan bi. Lenengoak titulu au daroa: «Miren Itziar'i Idazkiak eta Olerkiak» (Zornotza, 1923), «Jaungoiko-Zale» irarkolan. 126 bat orrialde daukaz liburu polit onek, «Euzkaltzale Bazkunak saritu eutson lan onek. «Euzkadi»-n eta abar lendik argitaldutako lanen txorta da.
Emeretzi idazki ta ogeitabi olerki dira. Itzaurrean onela diño, guztiz emeki: «Ara emen idazti baten bilduta, «Miren Itziar-i zuzendu nizkan Jelaldezko idazkiak, baita nere olerki txiroak ere, «Aberri» eta «Zargaste» euzkel idazle argi eta abertzale sutsuen asmoari erantzunaz, zuen, ainbeste abertzale zindoen laguntasunari eskerrak. Lenago ere ezagutzen dituzue; eta ez berton billatzen ibilli elertiaren bikaintasunik, ezta jakintza sakon baten irakatsirik, ezta ere gogo-epantsuen goyargirik; ezer orrelakorik ez dezute arkituko-ta. Bakar-bakarrik billatu Aberria maite-maite duan biotz baten naimen ona; bertan arkituko dezuten guzia onexek arazia da-ta».
Txori abeslari baten kantaldiak dirala esan gengike Tene'k liburu onen orrialdeetan itxi euskuzan zerak, pentsamentu, biozkada ta itz-esaldiak. Udabarri aurretik altz-adar gaiñ abesten dauan birigarroa dirudi. Aberria kantatzen dau, euzkera, ama, Jainkoa, umetxoak, gure gizonak, gure mendi, ibar, itxaso ta gaiñerakoak; labur, ederra abesten dau aspertu barik. Arin, gozo ta errime abesten dau.
Gudate aurreko konkurtsoetara sarri agertzen zan. Baita sari ez txikiak eskuratu be. Mistral batek Txile'n lez umientzako lan egiten euskun Tene'k, eta onakoxeak dire aren teatru-lanak, sarituak ain zuzen be: Gogo-oiñazeak eta Gabon baitik bat. Ba-dau beste bat be, Juan Jose, Oiñati'ko literatura konkurtso batera bialdua eta saritua, baiña gerora galdua. 1964'an Ondarru'n ospatu zan literatur batzaldian be, «Nekazari bizitza» sailleko sana Tene'k jaso eban. 1968'an argitara eban «Cuadernos de vascuence hablado», Zarautz'eko Itxaropena irarkolan.
Laburtuz esateko, ainbat ipuin eta idaz-lan daukaz or-emen.
«Tene», olerkari. Guztiok gara eder-zale. Baiña guztiok ete dakigu ederegarri ori adierazten? Ezetz uste dot. Batzuk, gaiñera, iñoiz be ez dira orretan jarri. An, ikasle zirala, idatz-araundia ta olerti-araundia ikastean, zerbait, gero ezertxo bere ez. Alan be, gai orreik ikastean asi oi gara zerbait erakusten, barruko dei baten dardara erakusten nunbait. Ni gaztetxo nintzala asia nozue ipuintxoak eta oler-lan apalak idazten, edo borobiltzen. Urte oneitan, aspaldi nabil neska-mutil aldrai zerbait erakusten, eta argi ikusten dot emen batzurengandik besterengana zelako aldea dagoan: batzuk beingoan konturatzen jatzuz ederraz, beste batzuk ez dautzue olako ardurarik erakutsiko. Bai, guztiok eder-zale izango, baiña urliagandik sandiagana, auzi onetan be, aldea aundia aurkitzen. Orreitatik batzuk, teknika ikasten ba'dabe, olerkari izango dira, beste orreik, ardurarik ez daben orreik, ostera, nekez asiko olako lan bat biribiltzen.
«Tene»'-k gaztetatik eban olerki-sena, eta teknika, au da, euskal olerkera berezia ikasiz, poesi-lanak eratzen asi zan. Aitatu dogun liburu orretan, Idazkiak eta Olerkiak deritxonean, ogeitabi olerki datoz, xalu ta gozo egiñak, neurkera ugariz, eta gai txukunez. Itz-lauzko edo prosazko lanak be olerki-kutsuz usainduak izan bear ei dabe, erdi prosa, erdi olerki nunbait. Au da gozo, duin eta eder idatzi bear dala beti. Tene'ren lanak, olakoxeak dozuz.
Idazleak gai bat aukeratu bear dau idazten asi aurretik. Gai orrek lenengo belaiño antzeko zerbait dauko inguruan; gero gogoan erabilliz, inguruko laiño ori urtuaz doa, ta gala argituaz: eguzki-izpi batek joten gaitu. Sarri esaldi bat, liburu-zatitxo bat, olerki bat irakurteak arrotzen dausku irudimena. Emen daukat nai nebana, eta idazten asten naz... Baleiteke ezer ez urtetea, baiña barriro noa asten, eta barriro asteak asko ballo izan. Eta, azkenez, or poesi ederra, idazkortz-puntatik, adimenari ta biotzari eragiñik, urten daustana. Barruan sendo daukaguna, borborka ustu oi dogu geienik. Agor dagoan iturriak, ostera, ezin urik emon.
Geure bizitzako egunik eta ordurik geienak zer jan eta zegaz jantzi eskuratu bearrak eroaten dakuskuz eta eder-lanerako atsedenik, bear bestekorik beintzat, ez dogu izaten. Batzuk, orraitiño, libre daukien asti-unea ortan erreten dabe. Tene'k ori egin eroian, eta zergaitik itanduten ba'dogu, auxe erantzun bear: «Bere gauzak maite ebazala, euskerako, ta euskal gauzak batez be, maite ebazalako».
Leen be esan dot: Amona abesten eban, elurra, muxua, loa, esnatzea, biotza, arrantzaleak, ikazkiña, Itziar'ko Ama, eta abar... Maitasuna abestean doixtar Heine'ren antzekoak dira batzuk; balta ba-ditu G. Mistral'en antzekoak be. Ona eredu lez txiki bi. Nere Leyua da bata. Onela diño:
Nere gelako leiotik
dager ortze zati bat,
berari zor dizkat nere
oldozkun gozoenak.
Naiz euzkiz jantzita egon,
naiz odeiez izukor,
naiz illargi geltsuz edo
naiz izarrez diztikor,
mintzo gogoz poztutzen du
nere gogo gaxua...
eta bere mintzo eska
zabaltzen det leyua!
Leioa, gauza kaskarra! Baiña gugan bai ak oldozkun sakon gozoak sortu! Oar ete zara zu? Ni sarri egona nozu leiotik Mugarra, Untzillaitz eta Anboto ikusiz, erdi konkor, oler-mena gaiñezka ta biotza dardar. Eta norbaiteren zain ba-gagoz, askozaz be geiago, maite dogunaren mintzo-zain ba'gagoz diñot...
Bigarrena Anai buruñurduna deritxona da. Anal kaputxiño bat etorri jakon bein eskean Tene'ri. Olerki-gai dau irudia. aurrean daukaguna:
«Buruoñak gorririk, eun zakarra soiñean,
sorbaldan bide-zorrua, ta itsuta gerrian,
anai buruñurdun bat etorri zait eskian
apal eta txiro, Jainkoaren izenean.
Donearen irraparra du ezpañian,
ta barrengo gentza igartzen zaio bekokian,
Kistoaintzartzeko gogo, da txiro ludian,
beraz aberats izatearren donokian.
Alako eratasun aundiaz zait aurkeztu,
ain da apala lekaide jainkotiar txiroa,
nun bear ikustian, ai! neregan det oldoztu:
eta burbei luzatu diot nere ikartxua...
Ba buruñurdunak bere apaltasunez du
apal-erazotu nere gogo arrotua.
Sakon txairoak ez ete dira olako irudi batek olerkariari sortazo dautsozan oldozkunak?
|