Gorrotoaren sua, Gernika'n
1937'go Jorraiaren zorigaitzeko 26'ean
Korkostegi'tar Xanti
Oi!... zelako egun okerra,
Gaurkoz argitu zaiguna;
Gernika'n astelena,
Asteroko peri-eguna,
Aldi artan, ogeitairuko
Morrosko mardul nintzan,
Mutil sasoirik oneneko
Eta pakezalea benetan.
Goiztirik ernaldu eguna
Dizditsu, txartzeko gerokoan.
Okertzat biurtuik arratsera,
Ainbeste eriotza ekartekoa.
Aor, gure buru gaiñean,
Gernika'ko zeru-sapaian,
«Kondor» egazkin errudunak
Euskal-odol gosez etorriak.
Ene!... a errukarri,
Eriokuntza dala nagusi,
Gorrotoaren alegiñean
Jausi jakuna guregan.
Aurki orrela Gernika,
Euskoen uri itzaltsua,
Txikiturik izango lerkaiaz,
Erropalduz bera su goritan.
Gauerdi dala ainkari,
Nere biotza pilpilka,
Lur-gorri auzora bidezti
Ango lagunen jakin guraz.
Olaeta'tar Segundo, ta...
Berearen sendi-arduraz,
Illun-ikaran ni arontz,
Eurak bizirikan gurako.
Bein etxera sartu-ala,
Kandel-argitan ikusiaz
Sendi ta auzotar bilduak:
A nere gozaren itzala!
Alako gertaldi gogorrean,
Larri itzalpe bildurgarrian,
Agurtza eskainka zerura:
Or, Segundo besarkatu leena.
Antxe, atze utziz nire poza,
Lur-gorri auzoa jareginda,
Barriro bidari nintzan
Gernika'ko triskantzara.
Leenen, su gori makala,
Gero karobi biurtua;
Gori-goriak etxe ormak,
Dangaka lurrera eroriaz.
Miren Deunaren eleiza,
Ekin-barri zan erreten;
Gertun gure aritz gurgarria,
Alan bearrez kalterik gabe.
Eskerrik onenak Bilbo'ko
Su-itzungille bikaineri,
Ortara alegin ziralako;
Bestelan galdua genuelarik.
A gau itzalaren itzala!...
Negar ta isturaz betea,
Ume, nagusi ta gudari,
Garr gorietatik igesi.
Begira sutargi zabala,
Iñoiz be aaztu eziña,
Nik ikusirik aundiena,
Erri oso batera errea.
Zart eginda nere biotza,
Olako ondamen-aurrean,
Urduri laister eldu nintzan
Enparantzagain-mailletara.
An aurkitu egin-egiñean,
Ortiz'en Aurelio jauna,
Gaisotegitik zuzen etorrena,
Bertan ziñalpen einbarria.
Gizon ona, eskuitar bera,
Erri-notari bizartsua,
Gaitzetsiz ak alako zera,
Dardaraz zeukan soin osoa.
Lekaime, umetxo ta zaar,
Lerkai goitik eralgiz ilda;
Zaar-kabia lurra jota,
Bizirik urtenak minbera.
Jator jator eta ezauna,
Gizon ori, zintzo zintzoa,
Eziñ onartu a kaltea,
Negarrak mosua beera.
Erriak, berez zentsuntsuak,
Buruz ere berez argiak,
Unetaraiño min-mindu, ta...
Igarri goiko arranoa.
Suak baeban, bai, indarrik,
Nere izatek be arimarik,
Zirti-zarta igi-bearrik,
Erria ain larri izanik.
Ordularia ibilian,
Egun barriren biak joaz,
Belaxe ni lekaimetxean,
Ana Deunaren ataurrean.
Emen atetan etxe-lagunak
Lekaimea ume mordoskagaz,
Ados-eziñ logura astuna,
Ta aurre-sua ikus-galea.
Ontan lekaimeen eskarira,
Belaxe nintzan goi-goitegian,
Makurka sartuaz barrenera,
Amama errukarriren billa.
Gudari-kamain zalako baten
Etzanda, gaiñean estalkitsu,
Amama gaxo nun begiztatu,
Aurpegia josirik zimurrez.
Ene!... nire biotzeko taupada,
Leku artan alan ikusiaz,
Nekez jalgirik bere abotsa,
Dardaraz eukirik ak biotza.
Au esan nik ari belarrira,
Beragandik zerbait jakin-guraz:
¿Zelan zagoz zu emen, amama?
«Gudariak naz ona ekarria,
Suk erretzeke alderanduta.
Nire semetxue be egona
Da, azken mosu berogaz joana,
Negar beroak ixuri-ala».
Zenbait urtebete dozuz,
Amonatxo maitea, zuk?
«Larogeitik gora dodaz».
Jaso nuen erantzuntzat.
¿Nungo zera ba, amama?
«GERNIKA'ko NOZU, TXOTXO.
GERNIKA'n JAIO TA AZIA
AZKEN AU NIK IKUSTEKO».
Erantzun iluna nik entzuna,
Opil-opilik nigan biotza,
Auspeko ilintia bezela,
Putz-putz eginda pizketan dana.
Besartean arduraz artuta,
Artez eraman nuen Foru'ra,
Antxe il zedin orain erritar,
Maite-maite zuen lurraldean.
Berrogeitasei urte dira,
Diranak igaro ordutik;
Gaur, aiek seme ta amona,
Urrun dagoz bizi ontatik.
Lotu bada menderik mende,
Euskaldunen giroa zuek,
Aurreko-alegiñak gordez,
Oiñarri au gogoz eukitez.
Berbiztu egizue, bada,
Jatorrizko zuen arnasa,
Gogora ekarriz amama,
Su-txingarretatik jasoa.
Ortako zaitezte astindu,
Eutsiz etorkizun-eguni,
Egikizunetan ez aztuz,
Erria daigun zutik euki.
Zoratu nau ni egitek,
Ia zoratu bearrez,
Bein ta barriro ekartez,
Burura ainbeste oker,
Baserritarrak ikusiz
Bidean ia bilutsik
Etxea atzean itxirik
Etsaien igesi larri.
Ume, zaar eta altzariak,
Burdien gaiñetan artuta,
Taketan dindiliz oiloak,
Otz miñ euren lagun bakarra.
¡Ango burtirrintziarena!
Bei-orroiak ari erantzun
Gau otz ilunez ibili al,
Egunez egazkiñak zakur.
Nire ama antxe Oñati'n,
Bost urtebetean bakarrik,
Aren naigabeak nerekin,
Ni orduan ementxe Bizkai'n.
Olan biotza nasaitu bearra,
Abertzale jarrai guraka;
Iltea kuika, ba, edonon
Iskillo bako erri ondon.
Gure izkuntza zar-zaarra,
Dandarrez abillen euskera,
Ez ote besteak eurena
Beste gutzat gordegarria?
Gure erri-azur-mami augu,
Buru ta biotzen iturri
Ta itxiko ba-indukegu
Ilten, bagintzakez naskarri.
Eutsi bearra euskerari
Alboko erriena gaindik,
Ostantzean galduak gire
Galdurik gure izena ere.
Egin euskera eztitsua
Erabiliz abots zaariak,
Etorri baño len azkena
Bizkortu dezagun euskera.
Egikizunok ziur jasota,
Igitu zaitezte, euskaldunak,
Gerora etorteko zarenak
Zuen gurasoaijarrai joaz.
Onan gogotan euki egiak.
Betiro argi zuen begiak
Ia ba gazteri ameslaria
Aberri-alde ekin lanean.
«GERNIKA'ko NOZU, TXOTXO»:
Bai amama, zu emengo,
Ibar zabal ederreko,
Biziaz emen ilteko.
Euskal-erriren kolkoko,
Zeure sendia azitako,
Mait-bularra eurentzako,
Ain langille bizitako.
«GERNIKA'n JAlO TA AZIA»:
Gero izateko, amama,
Zori txar-txar-egun ontan,
Min ezagutez zuk barruan,
Zuretzat au zori latza,
Neketan artzeko azkena,
Begitan dozula negarra,
Olan itzungiaz bizia.
«AZKEN AU NIK IKUSTEKO»:
Benetan zaitut biotzeko,
Nire esku jausitako,
Besotan nik artutako.
Ez, ba, azken, amonatxo,
Biok sinistun geralako,
Bizirik orain emengo,
Zeuk neri goian itxaron.
Olan, oñaze ta negarketaz,
Gernika jatorra kutsatua,
Seme onak bertan kiskalduak,
Zutik bakarrik gure zugaitza.
Aditu, geroko senideak,
Emen zuentzako nere itzak;
Gomuta amamaren eskeintza,
Jarrai ba, askatasun billa.
Oñati'tik ludi zabalera. 1983'go. Epailak-l. Asteartea
|