| 
 
 
Harriaren mezua
 
 
 
Luis Baraiazarra
 
 
 
Harkaitzaren harrizko giharra
 
marmar, hagin-kirrixkadaz
 
sortu da barrunbetatik lakar
 
leherketa-lurrikaraz.
 
Eta harrobiak aurrera darrai
 
haurgintzen barneko ikaraz.
 
 
 
Harritzar harro, erraldoi gordin
 
garraxi sorrez sortua,
 
lur orpotatik hargin gogorren
 
izerdi lorrez lortua.
 
Marmol mokorra, haitzezko ezpal,
 
hezur markaz gogortua.
 
 
 
Lur-sabeleko haitz-izpiritu,
 
gai jatorrez osatua,
 
prehistoriako sustrai-erro
 
iraunkorrez gauzatua;
 
harpeetako arbaso haien
 
aterpe ta ostatua.
 
 
 
Gure Herriak hor omen dauka
 
aintzinateko oihartzun,
 
haitz sakonetik datorren hitza
 
gaur ere badaiteke entzun...
 
Euskal hizkuntza ez ote dugu
 
harkatiz kutsuko erantzun?
 
 
 
Hor dugu geure harkaitz emankor
 
sostengutzat ezarria,
 
gure geroa ziurtatzeko
 
azpi-azpian jarria.
 
Ez bedi gerta inoiz soil-soilik
 
antzinako oroitarria.
 
 
 
Hor dugu geure harkaitz emankor
 
dorretxetan ezarria,
 
Erdi Aroko arnasaz datza
 
aurpegiko armarria.
 
Ez bedi gerta Aberri zahar
 
kutun honen hilarria.
 
 
 
Harrian daude inskripzioak
 
harria zen mandatari,
 
garai zaharren lekuko argi
 
etortzekoen atari.
 
Jaungoikoaren Legea ere
 
bi harritan zen irarri.
 
 
 
Harri arotik gaur arte hemen
 
kontatu ahalako ekaitz:
 
asmapen beri erabilgarriz
 
sortu dira zenbait emaitz.
 
Plastikoaren abiaduran
 
harria gogor, moldakaitz!
 
 
 
Enperantzako oroitarrietan
 
finkaturiko gorpuak
 
urteen urtez afrontupean
 
erosioz idortuak;
 
harri zaharrak museoetan
 
momia sor bihurtuak.
 
 
 
Moda eroen erasopean
 
harriak ziran estali,
 
haien aurpegi leinargizkoak
 
kare zuritan itzali...
 
Orain harrien hezurdurara
 
nahi omen dugu itzuli.
 
 
 
Baina nik uste, harriak harri,
 
guztia dela hilotza;
 
ahorik aho arnas-estuka
 
Euskal Herriko bihotza,
 
haren inguru-minguru beti
 
zemaika da heriotza.
 
 
 
Hortxe daukagu arbaso haiek
 
utzitako herentzia
 
noragabeko muga estutan
 
lur meharrean hertsia.
 
Birsorturik da gauza zaharren
 
aldeko kontzientzia...
 
baina euskarak ez ote dauka
 
bere azken sententzia?
 
 
 
Gure ahotsa grabaturik da
 
aiton-amonen harrian
 
musoetako haltzari dugun
 
haien arnasa larrian.
 
Arrotz hots hitsa antzematen dut
 
gazteen hitz mingarrian
 
gazteen hitz mingarrian...!
 
 
 
Eta harrobiak aurrera darrai
 
bere gisako haurgintzan;
 
haitza ageri da oinarrizkotzat
 
aintzinakoen ekintzan.
 
Nik neure harri eskoriatzen
 
hemen dihardut hargintzan.
 
 
 
              
             |