Gorbaiera zoazie?
Eusebio Erkiaga
(1983'ko «Olerti-Eguneko» saria irabazi eban olerkia)
Arratiako Gabirel ene gogoan
Uda beroko
egun jator batean
eguzkia nagiak hartuta
izpiak makaltzen
hasi zanean,
aldapa luze luzea
neugan aurrean
gazte adiskidea
ene aldamenean
biok bizkarretan zorrotxua
eskuan gaztaina-makilea.
Egungo zapaldu ez neban
tontor gailurra
beroaldian lurra,
neugan edurra,
Bizkaian dogun
mendirik gorena;
ikusi gura neban, ikusi,
inguru birloratsua,
artaldeak gozaro larran
ebiltzan eremua,
pago gerri ederren
bakezko lekua.
Han genduan geuri
txerea egiteko
aurreraturiko
basosenidea,
tokian tokiko
San Juango ermitea,
asabek laga euskuen
ekandu ezagupidea,
bidaburuetan
lerden, adoretsu,
harrizko ala
zurezko gurutzea.
Bizitzako kale oztopozkoan
izango dogun untzea,
arantzak eta sastakaiak
adierazoten deuskuzala.
Adiskidetasunez guk hari
maitezko diosala:
Agur, ermitea,
gorantzakoan;
beherantzakoan bere
bekigu zilegi
zuri agur egitea.
Lehenengo aldiz
ikusi eben ene begiok
Gorbeieren alorrean
pagoaren pagoa,
gerri gizenez beteriko
zuhatzondoen basoa,
inguruan hesirik ez,
lurgune txukun erosoa.
Eta goietan urdina
azkenik ezina,
hondorik bageko
ortze-zelaia,
arranoek eta saiek
hantxe euren jaia
hegadarik zabalenean;
mende honetako.
hogetamaboskarren urtean,
uda beroaren erdiunean.
Hegazkadak egiteko
haek daben lumea
baizen sendo ugaria
balitz orain eta gero
nik dodan idazte-tresnea,
arin, guntsua, joria,
haen hegaden pare joan dadin
nire asmamenaren haria,
begi-belarriak erne,
arimea orekan,
irakiten edermina,
horraitino haek ez daben
txiruliruli ta txinta fina
enegan izanik,
horixe gura nik.
Baso garbi eder
bidezidorrez josia,
landa txukunetan
bedar heze, guria;
ardiak larran gogara
ama lurraren titia
atseginez miazketan;
anartean, gizonek
lorrinduteke zan
abere-janaria
Jaunak duban eskeinia.
Pagoek sekulako
gerizpe ederrak
atondurik eukezan,
korupe jasekoak
txapel antzean izanik;
errekastoek polpol esanik
etxera doan eskola-mutikoaren
amesa eben gogoan, joan joiazan
atseden lekura,
jolas egin ondoren
ibai zabalera
edo osin baketsura.
Enbor zuribaltzeko
zuhazti sendoa,
ederrez ugari
pagoen besoa,
beso morroskoa;
aldorrean batzen,
aldorrean aldentzen
adar, barda eta adaska,
betiro anaitsu,
ez burruka ez gataska
auzo onen modura
eratsu konpontzen.
Haizek firi-firi
doinurik emeenean
orri biribil artean,
latsen berbaroa
amamaren
errosarioaren
antzean;
doinua baizen garden
errekastoen kristala,
garagarrilean zein atsegin
orripeko itzala.
Gerizpetako ixiltasunaren
urratzaile bare-barea
ardien arrana,
hodeiska zurien lagun dilindalana,
oihartzun samur, apala,
uri handiek preminea dauken
bake doinu zabala.
Laminaren bat noiz ikusiko
ene barruan pilpirak,
aizearen surrumurruan
kezkati nenkusan
arri-arteko eguzki-diztirak,
sorgin-jokoa euken
laminen begiek
lotan jarri ez nengien
zuhur nebazan
ene men guztiak;
ixiltasun lar izateak
arean, arrisku zoliak?
Ez jakin. Erakarkor dira-ta
laminen aragiak.
Bildurra emon eustan
amamaren ohar zoliak
behinola,
burlezar ziriak:
«laminak beti dira
mutilarentzat
galgarriak».
Ai, Lamindanao!
arriskua bego
nigandik asao.
Zuhur ager adi, aiko!
Maitagarriak onago dira,
honeek eskeini ohi dabe
zorionera bidea;
honeen bihotz onberea
txanda onuragarriarako
aukera ezin hobea;
lilurazko lotarako
kirruzko izarak,
bigunkeria lar
izan ez dagian
euskal zangarrak.
Zidorren adiskide
handi egitean
haengain ibili nenbilen
unean unean.
Basetxeak txiker
bihurtu jatazan
han behean
urrinean,
epotx antzeko nebazan nik
begien aurrean;
ardiak larran ainean
etxe zuriak agiri
zuhatz, solo eta
zelai artean,
lur-azalaren
jantzi berderen ganean,
Herri gurearen zaindari,
gizaldiz gizaldi.
Lurragandik bereiz
goietan goietan
urdina zurituz joian
irribarre zuriz
hegal neurtu ezinetan.
Eta... bidea galdu neban
zerurantz begiratu beharrez;
ta hasarre, erremin,
bidezidorrak
niregandik ihes.
Neurea zan errua,
neurea hobena;
edertasun guztiez
jabetu gura izatearena.
Muga guztiak errez
urratu beharrez
lurreko atxa jo neban
eta jausi, belaunak minez;
gorputzaren oinazeak
ez ninduan arduratu,
lagun ona izan jatan
zidorrari jaramon egin ezaz
benetan nintzan
orduan ni damutu.
Baina, hara!
ardiak joiazala nenkusan,
haen jarrai ni joango
eskortara.
Lainoak asao ziran
iluntze zoragarrian,
Lekanda harro egoan
bere aulki goitian.
Zazpi neke eta
zazpi atseden,
hazur samurtuok
anartean
joran apur eta kemen;
eta saritzat
lau eta zabal
Arraba,
Gorbaie esku zabalak
eskeintzen euskun alaba,
ederretan ederra,
asaben batzarleku,
ames amesgarrien
amesezko eremu.
Zorabio zoroa
niregan nebana,
harik lasterrean
Egiriñaok guri
opa euskun laztana,
ostatu eta aterpea
eta sutondoa,
egurrez betea.
Gau ilunbezuan
horraitino
haizea txistu gogorrez
gure etxearen inguru
etenbako durundu,
loa uxatu arteraino;
harako hildakoen burruka
ospatsua barriztau beharrez.
Basojauna zan
gaueko ehizaldian.
Gerogarrenean
ixiltasuna,
gure lo astuna
eta harik lasterrean
leiho zirrikituetak
eguna.
Bigarrenez joan nintzan
hurrengo urtean,
garagarrilaren
hamazortzigarrenean,
gure Aberrian
negarraldi luzea
hasi zenean;
hantxe harturiko hiru gazte,
lehenengo hil-opariak
dodaz oroimenean.
|