Nortasuna
J. Urkiza
Nor izan eziña,
au da nire miña;
nortasun barik bizi bearra
illuntasun benetan gogorra!
Ez dau nigaitik iñork itandu.
Arima ete dot galdu?
Legorra izan al da nire ama?
Ez! Amaren sabeleko kerizpe
epel baizen argian
ezagutu neban
neure izen osoa,
neure izatearen gozoa.
Nor nazan agertu eziña,
au da gauaren atsegiña.
Ez dot nai gauaren kerizperik,
ez atzerri illunpean bizitzerik.
Argi-gose egin ninduen amak:
begira neure ao-sapaia,
bizi-egarriz bete joria.
Zatoze, kolore pitxiok,
austu niri bekokia,
birbiztu niri begiok.
Erabil zuen txantakeriak
nire soin-atalak gantzutzean,
zeuen irripar bizi-samurrak
neure betazal baltzen gaiñean.
Aztatu dot neure etorkizuna,
ene amaren nortasuna...
Euskerearen sabel emokorra...
Ez dago emen illuntasunik,
ez arrebearen negarrik,
umedun arpegiko malkorik;
ez aurtxoen begi bigunetan,
ez neskatxen ule kizkurretan
gauaren lo-gurazko zantzorik.
Naikun bizitan eskua jasorik,
begizta gura nik argia
eta somatu neban bizia.
Nortasuna,
bizi-mozkor,
argi baikor.
Nor zara, nor?
Eta txoriak arkaitz gaiñean:
«Zu zara euskal magalean,
euskal mosuz samurkiro,
euskera zarpaildua barriro
ama-arnasa ezarririk kutuna,
berbizturik jarriko dozuna».
|