Manterola-tar Gabirel olerkaria
Muniategi-tar Sabin
Manterola-tar Gabirel Zeanuri'ko errian jaiotako bizkaitar seme euzkeltzale au abade on bat izan zan ta ganera idazle ta olerkari errikoia. Aren izena, orduko beste batzuen antzera, ixilpe illunean erdi-aaztua euki ba dogu be, gogoratzekoa da ta gogoratu egin bear genduke maitasunez ta, jakin, euskerearen aldi zapaldu ta illunago bateko eusko ta euskal seme zintzo, langille aurreralari sendo ta itxaropendu eredugarri bat izan zala, aldi edo garbi artako beste lankide apal ta aintzagarri batzuen kidetasunean, euskerea jasotzeko ainbat alegin eder egindakoa.
Igaro dan Irailleko Zer bizkaierazko aldizkari ederrean irakurri dogu Aita Onaindia'ren Manterola-tar Garibel'i buruzko idazlan bat nun diñoskun: «Nik ez diñot Lizardi, Lauaxeta ta Orixe'ren maillako, goi-maillako olerkari danik gure Gabirel, baiña ez daust iñork ukatuko olerkari arin, sakon eta atsegiña danik. Eliz gizon izan zan, Jaungoiko zale sutsua, arimak eta erria benetan maite ebazana; kutsu ori dariola osotuak izan bear, nai ta ez, aren koplak».
Goi-izpiak olerki liburuaren egille berak irakurleari zuzendutako itzaurrean onela mintzo da: «Elerti arauz begiratu ezkero, txorta onetan kimu asko moztu bearko litzakezala, bai'dakus; gai onetzaz ba, bere lengo urratsak dira; baita elertizaletasunak baño egi-zaletasunak geyago eragin dautsolako» eta, darrai «Euskotar-Euskeltzale yakintsu batek euskal-idazti yasa bearra dogula esan dausku. Ara or ba ur tantatxo bat. Urretxindorrak abestutea obe litzake, baña oneik banakak diran artean Eliza-txorien abesti apalak be entzun bearko».
Eta apaltasunezko autormen barri zeatza jakiteko irakurri egingo dogu eta, emen aurkituko doguz aren neurtitzen «ur tantatxo» atsegin, gozoak; euskerea sendatzeko, biotzez ixuri, emondako apaltasunezko berbiztearen «ur tantatxo» eredugarriak.
Eztago ukatzerik aren olerkari sena. Biotzez idatzi daroa, sinismenez oretutako sentipenaren eta ikuspenaren olerki goratiak. Trikimaillukeri bako neurribidez argi ta garbi idatziak.
Goazen ba, gure Gabirel'en neurtitzetara gogoan izanik 1921'an edo lenago egindakoak dirala. Asiera emoteko Bideztia deritxonaz asiko gara.
Bide zor ta
latzetik zear
auldu-nekauta
bai'doa,
nekauta doa
aberrirantza
bidezti gaxo-
gaxoa.
Oyan itzaltsu
lekaro-zear
goiruntza beti
ta beti,
aberrirantza
igesi doa
atzerri yakon
luditik.
Biden ertzeko
arantza latzak
ez yarraitzeko
dirautse,
eta sarritan
erpe zorrotzaz
soñetik eltzen
dautsoe.
Berak arantza
erpe artean
yantzi atalak
itxiaz,
aurrera darrai
yaramon barik,
erri maitean
gogoaz.
Norantza zoaz
bidezti ori,
norantza oso
nekauta?
Donokirantza
yoran-yoranez,
bertan zoruna
dago-ta.
Auldu, nekatuta, bidezti gaxoa oian itzaltsu ta lekaro-zear beti goiruntza igesi doa beti, bide ertzeko arantza latzak ez yarraitzeko ba'dirautse be, aurrera darrai arantza erpe artean yantzi atalak itxiaz aurrera dagi, igesi doa atzerri yakon luditik goiko aberrirantza, donokirantza. Longfellow'en Excelsior olerki ospetsuaren antzeratsu egindakoa dala dirudi.
Seyaska, Gurutza, Illobia.
Ona emen beste olerkitxo apal bat, jaiotzaz geroko bizialdi neketsua eta bazter eziñeko eriotza gogoratzen dauskuna:
Aurtxoak yayota seyaskatxoan
negar zotin dagi
aman ondoan.
Laztan bat emonaz amak diñotso:
Zer izango az i,
ene kutuntxo?
Izango ete az osasuntsua?
Ala erkiña ta
gaxo-gaxoa?
Oso aberats eta yakintsua?
Ala ezyakiñ ta
txiro-txiroa?
Noiz arte bizirik iraungo dok ik?
erantzun egidak
zerbait ba'dakik.
Esango neuskizu ezer ba'neki
«Ilgo naz» besterik
iñok aldaki?
Atzo yayotako aur gizondua
bide lakar-zear
goirantza-zear
goirantza doa;
Gurutz aztun latza daula lepoan,
indarrak nekauta
ezin eroan;
Alan be, aurreantz aberrirantza
yarraitzen dau beti,
beti goirantza.
Noizko elduko dan bere elburura?
Ez izan alperrik
au yakin gura.
Gurutzedun gizon indargeturik
bide ertzean datza
gustiz auldurik.
Gogoak iges dau bere barrutik
yoanda bizia
gorputz ortatik.
Illobian datza giza-gorpua
arren yanari ta
auts biurtua.
Ara or gizonen bizi gustia:
SEYASKA, GURUTZA
eta ILLOBIA.
Arimazko izkuntza da bai gure olerkariarena. Beti uzkurtzazko bide artezetik olerki arin, gogoragarriak eratuz. Egia'n be, onela mintzatzen yaku:
Euzkiaren argia disdiratzen dan legez
antzikurran antzera eder illargian
Yauna'ren arpegiko argi zoragarriak
dis-dis bizia dagi geu-adimenean.
Egi-bidea deritxonean be, onelako neurtitzakaz aurkitzen gara beren erakutsizko agergai oldozgarriakaz:
Egi egarriz gustiz aulduta
bein bidezti bat zegoan,
bidekatuta erantzun billa
oldozten bere barruan:
Nondik sortu naz? norantza noa?
Zertako nago ludian?
Gaudi eder au yakin neinke nik
zeñek egiña ete dan?
Berez sortua eztirudi ta,
norbaitek egin dau ziñez!
Ze asmoz baña egin ete dau
yakin gura dot yoranez.
Bizitz igeskor onen ondoren
bai ete dago besterik?
Eriotz baltzan beste aldean
ete da sari-zigorrik?
Gorputz ustelkor onez gañera
ba'dot nik ezer barruan?
Zalantzaz beteriko itaunak ta itaunak gizonari oldoz-arazten dautsoenak.
Jaungoikoa da gure olerkari samur onen eguneroko ogia, eguneroko ikusbidea Dixit insipiens neurtitzetara noakizue orain dastatzeko aren olermen jaungoikotia:
Ludi edertasunai so-egin eta nor da
ezer ezpalekus lez gizon ayergea?
Ortzean ikusirik euzki zoragarria
ta ainbeste izar eder, nor geltzen eztana?
Oyan baso, mendia tantai orlegiz yantzirik
aran eta muñoak bedar eta loraz,
ikusten dituana; zelan ez oroituko
ainbat gauza gelgarrin Egille Yauna'gaz?
Nor da lotsagabe Yaungoikorik eztala
esaten biotz barru asartuten dana?
eta, abar onen antzerako berba itaungarriakaz damotso olerki eder oni, amaiera.
NORAKO?
Zortzi zortzikotan antolatutako norako onetatik irakurri daiguzan neurtitz atal batzuk geiago luzatu barik:
Mitxeletea lorarik-lora
ibilli oi dan antzera,
geure biotz au artega dabil
gauza batetik bestera,
arek lez baña ez dau aurkitzen
iñon be poz-atsegiña;
Norako da Yaun laztana
geure biotz au egiña?
Iturri argi, garden, garbia,
mendi gañean urtenda,
itxasoraño gelditu barik
zuzen-zuzen yoaten da,
iñon aurkitzen eztabelako
beretzako toki diña;
iturritxoa ez ete da ba
itxasorako egiña?
Ta bide ertzean aurkituarren
lora polit ta txoriak,
euraen lagun eragiteko
bialtzen poz-abestiak;
Agur lagunak! esango dautse
auxe da nitzat eziña;
Ez naz ba, neure Yaun onak
itxasorako egiña?
Ase ezin dan geu-biotza be,
Jauna'n eskutik urtenda,
gauza batetik beste batera
zorion billa yuten da;
zoruna baña, zelan aurkitu
dalarik gauza eziña.
Geure biotz au ez da ba
donokirako egiña?
Iturritxoa yoranez dan lez
itxasora eldu arte,
gure biotza gentzake dabil
Yauna'gana urbildu arte,
ludi gauzakaz asetutea
dalako gauza eziña;
Ezta ba Yauna'rentzako
geure biotz au egiña?
Gabirel bizi-oinkadapeko oler-gai bakoitzak goi-bidea darakusku. Zoruna! deritxon poema ederra be olaxe osotua dago:
Gizon arro altsuoi, oro menperatuta
zek zarabiltz urduri yoranen-yoranaz?
Zer lortu gura dozu, andi-naiz zoratuta
zuzentasun-legea ostikopetuaz?
Iturria ikusita oreiñ egarritsuak,
daroyan yoranagaz txindi billa zabiltz?
Zeure begi zikoitzok, urrearen dis-disak
batera ta bestera zergaitik darabiltz?
Gizon yakintsu ori, zer dala-ta gautegun,
zabiltz lan eta nekez egian ondoren?
beraonen izpitxo bat agertzen yatzunean
zer dala-ta biotza yatzu pozez yartzen?
Lander, txiro gaxuoi, ogia irabazteko
nekatzen zaranean; zer ames dagizu?
Urrun an... lañopean eskutatzen yatzuna,
amesez dazauzunoi, zer dan esaidazu?
Olerkariak gizon altsuaren, gizon yakintsuaren naiz lander, txiro gaxuen biotzetan egarri bera azaltzen dau: zoruntasuna. Eta...
Eta gizon gustiak mitxeleta ondoren
doyan mutikoa lez dakustaz artega,
eskuartetik iges eiten dautsen zorunantz,
besoak edaturik iñoiz aspertzeka?
Baña...
«Altasun, yakituri, aberaski ta aintza,
uskeri utsa dala ez ete dakizu?
Eta biotz barrengo zorun egarri ori,
ezerezten dan gauzaz asetu nai duzu?»
Ta, diño;
«Erbesteko landara da zoruna ludian,
eztau ba or artuko iñola be sustarrik
donokiko baratza da bere aberria,
bertan zoruntegia, ez iñon besterik»
Ta, bizi...
«Bizi zaran artean eskuratzen bo'zu ba
zorun aletxoren bat biotza pozturik,
ekizu donokitik yausitako ale au,
eztala iñoiz egongo arrak yo gaberik.»
Ta...
Gentza lortu nai bozu yaso gora begiok;
zorundun izateko ara or bidea:
«Ez biotzik ezarri ludiko gauzari ta
arduraz zaindu beti Yaungoiko-Legea.»
Garibel dogu benetan geroko bidez, goiko bidez dabillen abade zintzo, ta eredugarri bat beren asierako Bideztia ta azkenengo Agur'az amaitzen dan liburuaren 42 olerkietan. Danak esangurazko ta argibidezko adierazgarriakaz. Batzuk makal, besteak bizi ta eder berarizko apaltasunez.
VANITAS...
Eriotza baltza azurrutz irudiz
makatz zorrotzaz eskuan,
yayotzezkero beti noz yoko
daukagu geure alboan.
Bakaldun arro naiz otsein izan,
yakinge naiz yakintsua,
gaste naiz zarra erruki barik
beste ludira daroa,
irribarretxo bildurgarriaz
egunoro diñoskula:
Ludi ontako gure bizitza
eriotz bizia dala.
Geriza legez ba, igaroten da,
lurruna lez ezereztu;
tximistearen bizkortasunaz
azken itunera eldu.
Galde-galdetu ordu aretan;
Non dago non bakalduna?
nora yoan da bere menpean
danak euki nai zituna?
Yakituriaz zer gertatu da?
non dira non aberatsak?
Non dira euren arrokeria,
edertasun ta yolasak?
Irudigai adigarri eder batzuen bitartez Gabirel euskaldunak ikusgarrizko aapaldietan damosku munduko arrokeri ororen utsaltasuna, XV garren mendeko Jorge Manrique españar ospetsuaren antzeratsu, baña berarizko egitura ta giartasunez bizkaiera sentsuari dagokion egokitasunez.
Ikusten dozu lurrun-ontzia
itxaso zear arinka,
azkar doyala elbururantza
lorratzik iñon izteka?
Ikusten dozu txori bizkorra
axe-zear igaroten,
bere bidean azterrentxo bat
iñon eztala aurkitzen?
Ikusten dozu azkon zorrotza
yo-mugaraño azkarrik,
zuzen bai zuzen doyala ta iñon
eztuala izten lorratzik?
Bizitza bardin igaro ba da,
geriza legez yolasak,
ez ba yarraitu alper-alperrik
andikiaren urratsak.
Udazkenean ekaitz axeak
zugatz-orri legorrak lez,
eriotz gogor biotzge danak
biurtu dituz «ezerez».
Gogalduizu ba egi sakon au,
euki gogoan yosia:
Ludi ontako gure bizitza
dala eriotz bizia.
Olerkitxo apal au be aurrekoaren antzera darakusku gure bizi izatearen utsa.
PULVIS ES...
Auts zaralako austuko zara;
egi au ondo gogaldu
.... Arrokerizko axez biotza
gustiz dozuna puztuta,
danak menpean euki nai dozuz
egi onegaz aztuta?
Ama Eleizak diñotzu:
Auts zaralako austuko zara;
gizon arroa, gogaldu.
eta, abar eta abar...
Olerkaria geien bat izadi-zale izan oi da, izadi bide barruz igitzen diranak, bizitzaren taupadak nabaitzen dakienak, argidiri, eguerdi, illuntze naiz gaueko illargi naiz izarbidez egatzen dakienak bizitzaren egurats, urte aro aldakorrezko goiberatan sakon, begiratuz. Ur eta lur, ortzi eta gaudi gelgarriaren izantzaz arrituta or aurkitzen dalako argazkiturik zer-eta zelakoz oñarritzen dan eztakigun izantasunaren aunditasun eder edota ikaragarria.
Gabirel'ek be, zelan ez? izadiaren bide-barruz kantari datorkigu beren Udazken-oldozkuna, Negu-oldozkuna ta Udabarria soñekotuz Aren betikotasun atsez.
Udazkeneko egun itunan
ortzea goibel dakustanean,
eta ausarditsu axe-erauntsia
sartuten dala zugatz artean;
orri gustiak irabioka
euren biziaz aztuta lez,
alkarren leyan ikusten dodaz
bildur-ikaraz iges-iges.
Goibel yartzen yat neure biotza;
oldozkun baltzez dakust itun;
poza damostan gauzaz aztuta
nai ez da yartzen naz oldoztun.
Zer dan bizitza? Gizona zer dan?
Irudi ontan argi dakust:
axe-erauntsian aldi zolia,
orriak gizona darakust.
Giza bizitza da axe zearka
eguzka doyan txoritxoa;
ta elbururantza arin itxasoz
doyan ortzi bat indartsua.
Odei ertzean sortuta laster
ezereztuten dan lurruna;
aitz-erpin zear igeska doyan
laño antzedun da gizona.
Argidirian laztan artean
jayo dan lora samur, eder,
eta arratsean bizitza barik
gelditzen dana igor-igor.
Udazkeneko egun ituna
axe erauntsi eta orri igarra,
ludi ontako bizitz laburran
bakar-bakarrik oixe gara.
Orri samurra, laño lurruna,
auts ezereza da gizona;
Zelan ba bizitz ain laburragaz
alkartu leike poz-zoruna?
Bakar-bakarrik bere gogoa
asetu leiken goi-bizitza
beraganduta zorunduko dau
auts, besterik ez dan biotza.
Udazken ondoren negua dator beren goibeldurazko ortzi bazterrakaz eta beren iñetasi, beren lei edota mendiak eta zuritzen debazan otzaldi baltzakaz ta emen ikusiko dogu gure olerkaria zelan baliatzen dan neguaz beren jaungoikozko gogo-bidetik ain ederrik olerkia eroateko.
Mendi gallurrak zuri,
soil-soil aran muñoak
zugatzak billotsik ta
ixilik txoriak,
axe-erantzi barruan
ekaitzaren marraskak
negu bildurgarrian
dantzuz bideztiak.
Berun margoz ortzea
dager, ta eguzkia
bildur dala dirudi
arpegia agertzen;
odei zearka nozbait
izpiak bialduta
ekaitzaren bildurrez
dau laster igesten.
Ta uste dau bideztiak,
eriotz baltz ituna,
ekaitz-bidez ludiaz
yabetuko dala;
gogaldu bearrean
udabarri pozkilla
ekaitz-bidez gertatzen
dabillela Yauna.
Bardin gogo-bizitzan
goi-eskar edur zuriz
apain egonarren be,
eltzen da negua;
adimena goibel ta
biotza leortuta
bere barru entzunik
girñaren orrua.
Ta sarritan gogoak
uste dau etsaipean
ekaitz galgarri onek
ondatuko daula;
gogaldu bearrean
betiko udabarria
ekaitz bidez gertatzen
dabillela Yauna.
Ososorik damoigun olerki eder onetan be, olerkariaren jo-muga beti da bai, beti da bat; Jaungoikozko elburura, baña, akatsa baldin ba'da autortze ori bai-dala ederra! Olerkiak ederra izateko, ona izateko ukakorra, ezezkorra, illuna izan bear aldau?
Gaurko gizartean, zoritxarrez, geroago ta urrunago aurkitzen da gizona Jaungoikoagandik, geroago ta urrunago izaditik eta orregaitik atzerakoitzat artzan dira orrelako idazleak setsu egarri itsua besterik ez dabenen artean, maitekeriaren goratzalleak.
Udabarria itxaropenaren aldia dogu, bizian aurrera datorren gorakundezko poz-aldia ta nabaitu dau berbizte ederraran orlegitasunezko eta txorrotxiozko izadiaren soñuketa alai ori ta esaten dausku: «esna zaitez laster Yauna goraltzeko». Ona aapaldi batzuk Udabarria deritxonetik jasoak:
Ozkarbi urdiñan odeirik eztager,
izaki gustiak pozez eztitzen dagoz,
ta poz ori agertu gurarik,
apainduraz danak dira yantziten.
Mendiak begira orlegi samurrez
yantzita, zugatzak osto mardulez,
baratzak loratxo eder usaintsuz ta,
aran ta muruak pitxi politez.
Oyan itzaltsuan sortzen diran urak
txor-txor alai-alai doaz ibaira,
ta txori politen maitasun-abesak
aseak dakarstaz entzumenera.
Baña...
«Izaki gustion ereserki eder
onetan utsun bat tamalez dakust;
oron bakaldun dan gizonan abotsa,
epel eta motel bakarrik dantzut.
Neguan ondoren izadi gustia
pozez esnatu da Yauna goraltzen;
ta gizon alperra logale ondiño?
eskartxarrekuoi; ezta lotsatzen?
Alperroi, esnatu, nozipein oztotsak
durunda gogorraz oartzen dautso;
«esnatu zaitez laster Yauna goraltzeko»
izadi gustiak batez diñotso.
Zeure adimenoi egiaz argitu;
biotzoi berotu Yaun-maitasunaz,
ekandun ederrez apaindu gogoa,
aintzatu pozarren Yaun ona gugaz».
Ekandun loraen usain gozatsua,
kedats lurruna lez bialdu goirantz,
zeure biotzeko eskarron-oyua;
gautegun zuzendu Yainkoaganantz».
Ta azkenean: «Adimen argidun zeu bakarrik zara ludiko biztanle oron artean; Yauna goraltzeko lo zorroz egoten ez zara lotsa be bakar ludian?
Konturatu barik aurrera ta aurrera dagit Goi-izpiak liburuan daurkidazan neurtitzetako urre diz-dirakaz yorandurik. Ta luzatzen ari naz, baña asi nazan ezkero jarraitu nai... ezin etsi. Gogo argidiria gozo, arin, polita da-ta goazen zerbait dastatzera.
Udabarriko argidiria
bai'dala ziñez zoragaria!
«Odei-ertzean argitasuna
sortzen daneko txoritxoak,
txuinta gozo eta bigunaz
alaitzen dabez inguruak.
Eta axe bigunak abes samurrak
bere altzoan laztandurik
pozaren-pozaz edatzen dituz
urira oyan, ibarretik.
Ziñez bai ziñez zoragarria
udabarriko argidiria!
Baña nik dazaut ederragoa
argidiri bat bikañagoa.
Gogo bizitza galdu dabena
esnatzen dauna lo-zorrotik,
oben gabean bizi izan dana
bildurgarri dan illunpetik.
Beronek garbai dan biotzetik
sortzen dau negar-malko iñontza
izpi bigunez lurrundu, eta
oben ordaña dan eskintza;
Yaun errukitsu ta biozperan
aurrera pozez aurkezturik,
goiko eskarrez geure biotzak
ipinten dituz zorundurik.
Eta pozarren birloratuta
esker-maitasun abes leunaz,
mendi ta ibarrak poztutzen ditu
Miren Ama'ri abestuaz:
«Bigun, samurra, zoragarria,
Zu zara gogo-argidiria!»
ARANTZATZU'KO LILIA
Lili eder bat agertu zan bein
Eusko-errien erdian,
anayak alkar galdu gurarik
gogor ebiltzen aldian,
arantzartean lilia legez
zuri, eder ta garbia,
Aloña mendin agertzen zala
Ama samur Orbangea.
Arantzan Zu be? diño artzañak
Arantzan ene semea.
Zer dala baña zagoz arantzan
Yaunaren Ama maitea?
Ene semetxo ez dakizu ba,
Ama zuentzat izanik
neure biotzak ezin leikela
autu yarleku obarik?
Liburu onetan ba-dira ipuin eraturaz neurtitzeratutako olerkitxo txanbelin polit asko: ...? Andonitxo ta Mitxeletea, Oyaneko iturria, ta Neure Gelako Txoritxoari. Azter daigun itaunpekoa.
Txoritxo politak
ugari dakustaz
kayola barruan
espetxetuta.
Gaiztakerien bat
egin ete dabe?
Zuzendasunarren
dagoz lotuta?
Ez; baña otzanak
izan diralako,
gizonen eskura
etorri dira,
ta, gizon ankerrak,
on izatearren
beste barik sartu
dauz espetxera.
Arrano gaiztoak
lapur erailleak
egazka goyetan
barriz dakustaz;
gaiztekeri baltzez
bizitza eunduta.
Zer dala-ta azkerik
oro dabiltzaz?
Olerkariak berak damosku arrano gaizto, lapur erailleak zergaitik dabiltzan azke besteak, espetxetuta bizi diranean:
Erpe zorrotzak dauz
burua zaintzeko,
eztautso gizonak
esku ezartzen,
gaiztoak ba-daki
ba, sarri askotan
gizonen eskua
erpez urratzen.
Augaitik otzana
sarri daukakezu
gizonen artean
zigorpetuta,
eta gaizkin baltza
erpak agirian
gizon zuzena lez
aintzat artuta.
Txoritxo gaxoa
estuntzapean ta,
arrano gaiztoa
azke axetan,
begiak zabalik
daukozanak sarri
ikusiko dituz
ludi onetan.
Ona ba emen Gabirel, gure gizona beren gaztetako olerki eredugarriakaz; beti gizabidez, kristua legez, samur ta ezti.
Ba'dauz aldizkarietan, sakabanatuak, bere elduaroko olerki bat baño geiago: «Gure asmoa», (Olerti, 1967), berein atalburutan sailkatua: (1) Euskerea, (2) Euskerea Zertarako, (3) Euskel Semeak, (4) Baserritarra, (5) Artzaiña, (6) Arrantzalea, (7) Itxastar Ospetsuak, (8) Elkano, (9) Zumarraga Aba, (10) Bitoria Aba, (11) Iparragirre, (12) Mixiolariak, Xabier, (13) Deunak, (Iñaki Deuna) (14) Gernikako Batzarrak, (15) Bertsolaria, (16) Pelotari-Aizkolari, (17) Eleiz Ateak, (18) Txistularia eta, (19) Ama Euskerearen Gorespena azken azalpen lez itz lauz egiña.
Beste bat atsegiña bezin jakingarria; Aterki baten bizitza (berak azalduta) (Olerti, 1961).
Irakur eta aogozatu daiguzan aterkiari buruz Gabirel'ek idatzitako poema luzearen ondorengo aapaldi oneik:
Morroi zintzorik ba'da lurbiran
ni nazala, nok ez daki?
Zaparradea asten danean
ni naz geienen Aterki.
Urkamendian eskegita lez
ala otxoko bazterrean
eukiten nabe, baña ni billa
euria yausten danean.
Danak ni billa. «Non da Aterki?»
etxeko danan abesti;
ni barriz ixil, bazterren baten
ugazabaren zain beti.
Alango baten ikusten nau-ta,
«emen da» diño yaubeak,
arpegi alaiz erakutsiaz
pozez etxean guztiak.
Zaparradea asten danean asten gara bai aterki billa; bitartean an datza bazterrean etsia. Beste gauza askogaz be ori gertatu oi da gure gizarte-bizitzan. Ikasbide ederrak Gabirel'engandik ikasi doguzanak.
Bide urratzalle bat izanda doakigun gizaldi ontako olerkigintzaren asieratako bizkaierazko alorraren barrutian. Olerkari ta idazle aintzagarria, oñez ibilten erakusten alegindu izan zana gure euskera zar, baztertuari...
Onen antzerako beste olerkari apal asko daukaguz erdi aztuta, bazterrean. Arein idatziakaz nor gogoratzen da gaur? Nun dira arein liburu ta gañontzeko idazlanak? Aterkiaren antzera baztertuak... Olaxe Etxeita, Zamarripa, Aizkibel, Maruri, Atutxa, Garate, Garro, Arruza, ta abar... Gero etorri zan euskerearen lorakuntza danok ezagun doguzan Lauaxeta, Orixe, Lizardi'ren bitartez eta andik lasterrera, beste izen batzuk kaleratuko ziran beren euskal txapelez arein jarrain adoretsu: Zaitegi, Gaztelu, Loramendi, Tapia-Perurena, Jauregi tar Koldobika, Tene, Etxeberria, A. Onaindia, Endaitz, (Erkiaga-tar Eusebi) Iraizoz, Jakakortajarena, ta, ainbeste ta ainbeste geiago ordutik onaño guda osteko ixil-beartuaren nai-ta-nai-ezko utsunepeko urte galgarrietan izan ezik, eusko olerkigintzak oztopoak gainduz, aurrea dagi, ta ori batez be, Aita Onaindia'ren zuzendaritzapeko Olerti aldizkari urtetsuaren orrialdetan agiri da zelan diraun ederrik ta sendo sustraitua erribidez. Zenbat ete dira emendik igaro bako olerkariak? Gandiaga, Jon Sanmartin, Aresti... euskal olatu barriko idazle gorenak emendik igaro ziran gero atzerritar korrontez iraultzazko oler-bideetan sartu ba-ziran be, anai artean izki baten eragiñezko banakuntza ikaragarri bat sortuz. Euskaldunok bateratzea iñoiz baiño beñago, bearrezkoagoa dogunean.
|