L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1984 (1987) —Hurrengo artikulua







 

 

Kristobal Harizmendi, olerkaria

 

Santiago Onaindia

 

        Aintziñako oitura da Elizan Liturgiaren Orduak esatea, errezatzea. Apaizak eta erlijiosoak esan bear dituzte ordu oiek. Elizaren berezteko otoitza da, ta eliz-gizonak artzen dute parte, bereziki, kristau guztion otoitz eder orretan. Jainkoaren, Kristoren, Andre Mariaren eta Santuen omenez egin oi dugu dalako otoitza, egun bitartean orduz ordu eraturik. Elizea, beraz, gau ta egun daukagu otoitzean, otoizkera bikain au dala bitarte.

        Eliz-barruan ba dira beste otoitz-modu batzuk ere, urbil-urbildik Jainkoari, Andre Mariari ta abarri, eskaiñitakoak, ainbat bazkun, alkarte ta talde Jainkoaren zerbitzuan eta urko lagunaren onean etengabe ari diranak. Auek ere, beren animen onerako ta beren Kongregazioa azi ta ugaritzeko, otoitzak, arrenak eta eskabideak egin oi dituzte. Ortarako, apaizak eta erlijosoak —monja naiz praille— korukoak batez ere Orduen Liturgia darabilten legez, Ofizio Txikia deritzana erabilten dute beren errezuak egiteko. Andre Mariaren Ofizio Txikia oien artekoa duzu.

 

        1. Zer da, beraz, Andre Mariaren Arrendi edo Ofizioa?

        Otoitz-era bat. Elizan aintziña-aintziñatik da oitura. Aozko otoitz moltzo bat Andre Mariaren omenez esana. Onela deritzagu Ofizio Nagusitik bereizteko, elizgizon sagaratuak esan bear duten Ofiziotik bereizteko. Otoitz-era laburragoa izanik ere, tankera ta osatzen duten gaien moldea berdin-berdiña duzu. Liturgizko otoitz agiria da Andre Mariaren deduz eta maitez egiña. Elizaren erregua da, bere izenean burutzen dana, eta Elizeak berak legez orretarako ipiñiko pertsonak errezatzen dabe.

        Gaur ainbeste garrantzi ematen ez diogun arren, oso garrantzi aundikoa zan garai baten, eta agiriko otoitz legez Kongregazio ta elkarteetako pertsona jainkozaleak ezezik, munduko beste kristau askok ere Ofizio au esan oi zuten, Andre Mariari beren biotz-jaiera ta barne-maitasuna erakutsiz.

 

        2. Noiztikoa ote?

        Aspaldikoa dala esan dut. Eta orrela da. Ziur ez dakigu oraindik noiz asi zan dalako errezua, beronen istori-asieraren agiririk ez dugu-ta. Kardenal Baromo'k dioskunez Pedro Damiano (Ravena, 1007-1072) deunak sortua da. Bona Kardenalak, ordea, Santu au, eta Pedro Damiano Gotzai ta Kardenal izatera iritsi aurretik Fonte Avellana'ko lekaretzean izan zan abata, eta Santu onek bere komentuan ezeze kristau fedetsuen artean ere lan izugarria osatu zuen Kristoren siñismena zabalazi ta indartzen.

        Ederra benetan Ofizio au. Bai dauzkan salmu, antifona ta otoitzez, eta bai otoitzak esan oi zituzten animen aldetik ere, au da, Irugarren Ordenakoak, Elizan jaiera bereziak gordetzen zituzten pertsonen aldetik noski. Txalogarriak ziñez bakarrik egiten diran otoitzak, baiña gaur askok dionez, elkarrekin eta agirian egin oi dianak bikaiñagoak dituzu; bakarrean egindako eun otoitzek baiño balio geiago dute askoren artean egiten diran Arrendikoak.

 

        3. Bere zatirik nagusienak

        Ofizio Txiki onen zatiak Aundiarenak lakoxeak dira. Ere berdiñean banandurik dauzkazu gaiñera. Onela: 1) Besperak, arratsaldeko seiretan lez, arrats-izarra agertzean, egiten ziranak; 2) Konpletak, edo errezuen ezkena, bezperatik noski; 3) Maitinak, gauez esaten ziranak, iru gau-txandatan banaturik; Gorespenak abesten ziran azkenengo gau-aldian; 4) Prima, eguneko leen-orduan, edo seiretan, esaten zana; 5) Tertzia, irugarren orduan, ots, bederatzietan, esaten zana; 6) Sexta, seigarren orduan, eguerdiko amabietan, esaten zana; 7) Nona, bederatzigarren orduan, au da, arratsaldeko iruretan esaten zana.

 

        4. Zerk edo zertzuk osatzen zuten?

        Ordu bakoitzaren osagaiak, auek dira: 1) Salmuak, ebreotarrak erabilten zituzten poesi erlijiozkoak, Dabid erregearenak geienak; 2) Abestiak, goratzarreak dira, a) Magnificat, Andre Mariaren kanta; b) Benedictus, Zakarias'en; z) Simeon'en Nunc dimittis eta Daniel'en Benedicite; 3) Goratzarreak, neurkera askotako abesti ta olerkiak, Andre Mariaren doairik beiñenak goretsiz; 4) Irakurgaiak, itz-lauzko zati laburrak, Idazki Santuetatik atera ta Andre Mariari ezarriak; 5) Errepikak, erriaren erantzunak lez dituzu; 6) Antifonak, esaera laburrak; 7) Onespenak, Kredoa, Agur Maria ta abar.

 

        5. Iru Ofizio mota

        Salmu, irakurgai ta otoitzak aldikada bakoitzari dagozkionez antolaturik daude. Eta oni jarraituz, iru motaten zatitzen da Ofizio Txiki au.

        I. Leenengo Ofizioa Kandelario biaramonetik Abenduko leen-igandearen Bezperataiño irixten da. Eta Ofizio onek zeru-lurren Erregiña bezala goresten du Andre Maria.

        II. Bigarren Ofizioa Abenduko leen-igande Bezperatik Eguberri Bezperaren bezperaiño luzatzen da, irugarren egunean ere berau esaten dala. Itxaro aldia. Andre Mariaren duintasun ederra gogorazten duzu batez ere aldi onetan, eta Birjiña izatea utzi gabe Salbatzaillearen Ama gorena izango zaigu laister.

        III. Irugarren Ofizioa, Gabon aldian errezatzen dana, Eguberri bezperako Bezperetatik Kandelario biaramonera arte. Berton gogarazi ta abesten da gure Eroslearen ta Andre Mari samur gozo danaren birjintasun emakorra.

        Aldi bakoitzeko salmuak, antifonak, irakurgaiak eta abar diferenteak dira. Bezperak bost salmu dauzkate, goratzarre bat, Andre Mariaren abestia ta abar; konpletak, iru salmu, goratzarre bat, kapitula, Simeon'en Nunc dimittis, otoitza ta azken antifona; maitinak, dei-salmua, goratzarrea, leen gaualdia (igande, astelen, ostegun), iru salmu; bigarren gau-aldia (astearte, ostirala), iru salmu; irugarren gaualdia (eguasten, larunbat) iru salmu; irakurtalditxoa, Te Deum, otoitza; gorapenak edo Laudeak, lau salmu, iru Gazteen abestiaz, kapitula, goratzarrea, Zakarias'en abestia, otoitza ta abar.

 

        6. K. Harizmendi'ren lana

        Kristobal Harizmendi'k, leenengo urte-aldiari dagokionez, onela dakar Orduen Liturgia: I. Maitinak, (Inkarnazinoaz), dei-salmua, goratzarrea, gero aldi bakoitzari dagozkion iru salmu, aldi bakoitzeko iru irakurgai berdintsu, Te Deum, eta azken otoitza. II. Gorespenak (Bizitazinoaz), zazpi salmu Iru Gazteen kantakin, kapitula, abesti, Zakarias'en kanta ta azken otoitza. III. Prima (Kristo sortzeaz), eresia, iru salmu, kapitula ta otoitza. IV. Tertzia (Artzainen adorazinoaz), eresia, iru salmu, kapitula ta otoitza. VI. Nona (Elizan sartzea), eresia, iru salmu, kapitula ta otoitza. VII. Bezperak (Kristo Egipto'ra ihesi), bost salmu, kapitula, «Ave maris stella», «Magnificat» edo amatasunez eskerrak, eta azken otoitza. VIII. Konpletak (Birjinaren iragatzaz eta koroaz), iru salmu, eresitxoa, kapitula, Simeon'en kantika, otoitza eta aldi bakoitzarekiko Mariari azken-kantak.

        Gauza zaar-zale porrokatuak ziran aspaldi bateko euskaldun jakitunak; euskerazko liburu zaarrak nai zituzten batez ere. Nola aberastu zituzten batzuk beren liburutegiak! Arrobi ori, egia, agortu egin da oso; leenengo urteetan naiko aurkitzen ziralarik, gaur gutxi-gutxi dira zaarretatik bereziki gure baserrietako ganbaretan autsez janik aurkitu litezkenak. Bat-edo-bat agertu ezkero, laster dugu erosleren bat aren eskean. Eta gure liburu-dendetako zaar-zaleak nolako salneurriak jarri oi dizkioten olako liburuari!

        Dana dala, lengo batean, emengo praille gazte batek, amazortzi bat urte Viena'n egindakoak, eta oraintsu «Karmel» aldizkariaren zuzendari izendatuak, Baiona'n olakoren baten atzetik zebillela, or nun aurkitzen duen bere iritziz aspaldikoa dan bat: «L'Office de la Vierge Marie en basque labourdin», Kristobal Harizmendi'k, Sara'ko bikario ta predikari izanak egiña. Ederki ordaindu ta ekarri zidan, ea ezagutzen nuen esanez. Liburu ori ez dudala nere liburutegian, baiña iñoiz euki izan nuela nere eskuetan, esan nion. Eta emen daukat orain mai gaiñean.

 

        6. Neurtitz-liburua, oso-osorik

        Kopletan dago idatzia. Ta ez didazu ezetzik esango, merezi duela ortaz zerbait adieraztea. Ez dut berau leenengo irartaldikoa, J. Vinson'ek bere liburu bilduma «Colection de Curiosites Basques» deritzanean bildu zuena baizik. Liburu aipagarri onen leenengo argitalpena Bordele'n egin zan, 1658'an, G. de la Court argitaratzearen etxean; bigarrenez ere Bordele'n azaldu zan 1660'an; eta irugarrenez J. Vinson'ek Chalon-Sur-Saone'n, 1901'an, Imprimerie Françaice eta Orientale E. Bertrand'en baitan. Azkenengo auxe da neri ekarri didatena; 132 orrialde dauzka, 22 x 14.

        Sarri aipatua dugu Sara'ko eskola, aurretiko ta orduko euskaltzale jakintsuak osatzen zutena. Elkar-izketa gozo ostean, elkar sustatzen zuten aiek, beren lanak argitara emateko bultzada ederra batak besteari emanik. Axular'ek bere «Gero»-ri egin zion itzaurrean onela: «Egun batez konpaiñia on batean, eskualdunik baizen etzen lekuan nengoela...» Ordun aginduz bezela beartu zuten Axular bere «Gero» osatzera. Ez ote zuten beste orrenbeste egin J. Etxeberri, Harizmendi, Argaiñaratz, Gazteluzar eta besteekin? Gu, gaur batez ere, iñoren lanez bekaizkor bizi geranez, aiek euskerarekiko maitasunez lan zegiten. Ortik jaiki zitzaizkigun ainbat euskal idazti eder.

        Ezta jatorra Harizmendi'ren lana, itzulpena baizik. «Latiñean bezala euskaraz» dio ekoizpen batek. Olerkariak, berak, latin edizio bat euki zuen begien aurrean. Eredu bezela P. Lafitte'k bere «Euskaldunen Loretegia»-n «De profundis» jartzen du; nik, ordea, nere MEOE liburuan «Te Deum», «Benedictus», «Magnificat» eta «De profundis» sartu nituen, aren omenean au esanez: «Ele garbi ariña berea!» Gaur ere, aren Ofizio osoa irakurri ondoren, berdin esan bear dut. Harizmendi'k ba zuela kemena, esku-antzea ta gaitasuna kopla sotillak arildu aal izateko. Zortziko txikiaren antzeko neurkera darabil geien bat, 8/7. Euskera gozo erreza, esaera bikaiñez bitxiturik ez gutxitan.

 

        7. Zeinbat azterketa

        Azter ditzagun emen, apur bat, otoitz-aldietako salmu batzuk.

 

        a) Matutinak. Kristoren aragiz jaztea goresten da berton, eta aupatzen, Igendetan, astelenetan eta ostegunetan esaten dan leenengo salmua, latiñez 8'garrena, «Domine Dominus noster» duzu. Amar estrofa ditu, Jainkoaren batzez-lana, ortzia, illargi-izarrak... or gizasemea ere, aingeruak baiño doi-doi txikiago egiña, bere esku-lan guztien buru jarria, guztia beronen oinpen ipiñirik. Ardi ta idi, lurreko abere guztiak, eguratseko egazti ta itsasoko arraiak... Benetan miragarria Jaunaren izena, lurbira osoan!

        Irakur Harizmendi'ren ahapaldiok (6, 7, 8, ):

 

                Aingeruez beherago

                egin duzu lehenik:

                zeure obren buruzagi

                badukazu gorenik.

 

                Hunen oinpera ditutzu

                aireko hegastinak:

                bai halaber itsasoko

                arrain sendo gordinak.

 

                Idi, ardi, abre larri,

                orobat ehiziak:

                hunen oinpera ditutzu

                eta berze guxiak.

 

                O Jainko gure Jaun handi,

                buruzagi lehena:

                ala miragarri baita

                hemen zure izena.

 

        Neurri au darabil, ikusten duzunez, 8/7. Ez du narriorik, ez itzalik, ez neurrian eta ez erriman. Oskidetza, gutxik dagitena noski, zeatz-osoa darabil: -enik/ nik; -iak/ -iak; -inak/ -inak; -ena/ -ena.

        Urrena dator 18'garren salmua. Latiñez: «Caeli enarrant gloriam Dei». Amar estrofa dauzka onek ere. Ortziak, bai, Jaunaren ospea du zabaltzen; zeru urdiñak Aren esku-lana iragarten. Egunak egunari itza dio bialtzen, eta berri ematen gauak gauari; lur guztira edatzen da aien otsa, lurbiraren mugaz muga aien mintzoa. An dauka eguzkiak bere egoitza, eta irten-ala pozik dijoa senargia bezela, bere ibil-bidea egitera. Gizonaren ardura du zuzenean ibil dadin, agindu artezak ematen dizkio ortan utsik egin ez dezan. Harizmendi'k darrai:

 

                Haren ordenantzak dira

                pontu guziez onak:

                zuhur errendatzen dira

                Haren hitzez gizonak.

 

                Alegeragarri dira

                Haren manu argiak:

                justizia zuzenari

                diadotzu begiak.

 

                Haren Gortea saindu da,

                han ezta zimarkurik:

                zuzenaren makurzeko

                eztu niork eskurik.

 

                Urre fina baino dira

                hagitz gogokoago:

                eta bai beraska baino

                hagitzez eztiago.

 

                Nik ere hargatik ditut

                zuzenak begiratzen:

                eta gara bide hunez

                Jaunarekin goratzen.

 

                Baina, helas! nork dakitza

                bere falta guztiak?

                Jauna, barka aitzadatzu

                nik eragin guztiak.

 

        Ongi neurturik. Itz batek tarteko duenean, itz bi dira arentzat, izan bear duenez; «zuhur», adibidez, bi silabatzat digu ematen. Digtongoak ongi zaintzen ditu, 8/7 silabako neurkera darabil, esanda utzi dugun bezela, utsik gabe. Amaiera ere oso zeatza, emen datorren seigarren estrofan pot —guztiak/ guztiak— egiten duanarren.

        Irugarren salmua 23'garrena da, «Domini est terra» asten dana. Jaunarena da lurra ta lurra betetzen dutenak. Nor igoko Jaunaren mendira? Nor da zutik egongo Aren toki santuan? Or Harizmendi'k bertsoz erantzun:

 

                Han sartzekotz behar zara

                esku-bihotzez xahu:

                ez bihurri, ez traidore,

                ez makur edo bahu.

 

                Ea, zeruko printzeak,

                zabal fitetz ateak:

                gende prestuz betetzeko

                Erregeren Gorteak.

 

                Hainari Jainkoak dio

                eginen garazia:

                eta bai bere lorian

                xedatuko bizia.

 

                Barrenekok diotsote:

                «Nor heldu da Errege?

                Nork baitio munduari

                burupez eman lege?»

 

                Zeren baina baitabila

                Jainko bilha munduan:

                haina gozatuko date

                haren bistaz zeruan.

 

                Zabal itzazue laster

                zeruko portaleak:

                hemen heldu gaizkitzue

                guduko partaleak.

 

                Zein Errege diozue

                dagoela sartzeko?

                Hura da bertuten Jaun,

                ilki fitetz harzeko.

 

        «Bahu» zer? Ikus Pierre Lhande'ren Dictionaire Basque Français, 99 orrialdean. «Xedatu», erabaki, onetsi. Akatsik gabe egindako neurketa, errima osoan. Azkar, xalu, maixuki arildutako koplak.

        Olaxe daude beste sei salmuak ere, asteartean eta ostiralean, asteazkenean eta larunbatean, matutinetan, esaten diranak.

 

        b) Laudeak, ots, gorespenak. Matutinen ostean esan oi dira sarri. Zazpi salmu ta iru gazteen kantikak osatzen zituzten. Onela: 92'garren salmua, «Dominus regnabit»; 99'garrena, «Iubilate Deo»; 62'garrena, «Deus, Deus meus»; 66'garrena, «Deus meus»; 148'garrena, «Laudate Dominum»; 140'garrena, «Cantate Domino», eta 150'garrena «Laudate Dominum». Iru gazteen kanta «Benedicite omnia» (Dan., 3, 57).

        Sail ontako eresi, goratzarre ta salmu guztiak legez, auek ere neurkera ontan osatuak dauzkazu:

                — 8, (uts)

                — 7, (a)

                — 8, (uts)

                — 7, (a)

        Bir-esaten nekatu gabe, bein aitortuz, utsik egiteke daude dan-danak. Ia beti, oskidetza zeatz-osoa darabil; sinalefa, diptongo ta gaiñerakoak arduraz zaintzen ditu. Nundik artu ote zuen Harizmendi'k neurkera au? Frantsesetik bear bada, gure literaturakoa ezta beintzat, osotoro, garai artan erabilten zanarren. Zortziko txiki antzeko au orduan arrunta zan itxura danez, Argaiñaratz, Gazteluzar, Silvain Pouvreau, Mendiburu ta beste batzuk ere erabilli zutelako. Baita Ziburu'ko J. Etxeberri ere neurri ortan saiatu zan.

        Gorespenetan doazen salmu batzuk, zuur eta sentikor dira, arimari gorantz eragiten diotenak.

 

                Kanta beza bazter orok

                Jainkoaren loria:

                kontent hutsez errepika

                laudorio joria.

 

                Gu Haren poplua gara,

                Haren hespilakoak:

                beretxean bagagotza

                aitor hunelakoak.

 

                Aitzinera zatozkota

                bozkarioz beterik:

                berdin berze nihon ezta

                hunelako Gorterik.

 

                Lauda ezazue bada

                Jaun onaren izena:

                kantuz eta laudorioz

                ahal bezain maizena.

 

                Jakizue Jauna dela

                Bera bakar Jainkoa:

                Hark du egin, ez gu geurok,

                hora laudatzekoa.

 

                Ezen Jaun hau eztia da,

                ontasunez fin gabe:

                Haren egiak badirau,

                Bera mugarri jabe.

 

        Bertso soiñutsu ta gun betekoak.

 

        z) Orduak. Lau dira: Leenengoa (prima), irugarrena (tertzia), seigarrena (sexta) ta zazpigarrena (nona), bakoitzak iru aldi dauzka-ta. Ona, adibidez, Sextan datorren 123'garren salmua, «Nisi quia Dominus» deritzaiona, saratar olerkariak poliki euskeraz jarritakoa:

 

                Gurekin izan ezpaliz

                gure Jauna guduan,

                Israelek erran beza,

                zer zateken orduan?

 

                Biz laudatu Jainko Jauna,

                begiratu baitzaitu;

                handik bere horz-aginez

                ezkaituzte puskatu.

 

                Gurekin izan ezpaliz

                etsaiok altxatzean,

                iretsiko ginituzten

                behar bada herzean.

 

                Ehiztarien saretik

                ehizia bezala,

                horra gu eskapaturik

                o arima herbala!

 

                Hekin kolera mintzean

                gure kontra bortizki,

                behar bada behar ginen

                itsasorat aurtiki.

 

                Hautsi zaizte latxiguak

                eta bai gu libratu;

                ehiztarioi laidoa

                bere sari sobratu.

 

                Gure buruez gainetik

                joan zaten uholdea,

                behar bada zuelarik

                gu hilzeko moldea.

 

                Gure fabore guzia

                Jaunaren izenean;

                zeru-lurren Egilleaz

                orhoitzen naizenean.

 

        d) Bezperak. Bost salmu dauzkate: 109'garrena, «Dixit Dominus Domino meo»; 112'garrena, «Laudate pueri»; 121'garrena, «Laetatus sum»; 126'garrena, «Nisi Dominus aedificaverit», eta 147'garrena, «Lauda Jerusalem»; kapitula, «Ave maris stella», goratzarea, «Magnificat» eta otoitza.

        Ona ikusburu bezela 112'garren salmuaren lau ahapaldi:

 

                Haurrak lauda ezazue

                gure Jainko Jauna!

                Lauda bihotz onez beti,

                Jainko hunan izena.

 

                Emanik koplaburuko,

                orai eta sekulan;

                lauda bedi gure Jauna,

                sainduen sandagaillan.

 

                Iguzkia ilkitzetik

                etzite mugaraino;

                izen hura handi bedi,

                lauda bedi oraino.

 

                Jaun guztien gorena da,

                gure handi Jainkoa;

                loria bat hunek badu,

                zeruez gainekoa.

 

        Ederki zaintzen du azken oskidegoa. Neurkeran, orraitio, badu emen oker pitiña, au da, «Gure Jainko Jauna» ahapaldian ez du diptongorik egiten, zazpi silabako bertsoari eustearren; alere, -ai ta -au diptongoak dira.

 

        e) Konpletak. Iru salmuk osatzen dute illuntzeko otoitza. Onela: 128'garrena, «Saepe expugnaverunt»; 129'garrena, «De profundas», eta 130'garrena, «Domine, non est exaltatus»; kapitula, Simeon'en kantika, otoitza ta amaitzeko, Andre Mariaren azken antifona, aldi bakoitzari dagokiona.

        Irakur apaltasunezko itxaropenez beteriko zati au, 130'garren salmuko leenengo lau ahapaldietatik artuta:

 

                Jauna, nihoiz ez naiz hazi

                bihotz gorapenetan,

                nihoiz ez ditut altxatu

                begiak urgulutan.

 

                Aitzitik begiratu dut

                ahal humiltasuna;

                ene ariman barrena,

                datorren ontasuna.

 

                Ez naiz ere gauza eder

                handietan ibili,

                ez dut miragarrietan

                gogorik erabili.

 

                Ditiko haurraren legez,

                arimor bazkatzeko;

                eta behar naizen gauzen,

                zurekin azkartzeko.

 

        Ikusi duzunez, auxe da Andre Mariaren «Ofizioa». K. Harizmendi'k orduko arima Jainkozaleei, bazka guri bezela, euskera atsegiñean emana. Zuri ere on-egin daizula bazka onen gozoak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.