Aizkibel-dar Bingen
Muniategi-tar Sabin
Itzen, berban neurbide, erabidez landutako baratz, lorategia da Olertia. Nekazariak ba, zerbait ale ta barazki jaso nai ba-dau, landu egin bear izaten dau lurra. Azi ona erein, bedar txarrak kendu, jorratu ta abar. Nekazari-lana neketsua, gogorra zan bai, nakazaritza motortzen, erabarritzen asi izan dan arte. Alan be aize-eurizko egutaroak lagundu bear uzta on bat jareisteko. Beste ainbeste gertatzen yako oler-zaleari. Lenengo eta bein gogoa, zaletasuna, doaia, eta langailluak. Besteren mende, atzerri loturapean bizi dan erriak, gure erri onek, zaildura ta oztopo aundiak aurkitu izan dauz izkuntzaren literatura barrutian, lozorro zegoen erria abandotarrak esnatu eban arte. Gaur ba-dirudi itzartzen ari dala ta odol-barritzen. Baña ekin egin bear yako lanari erria euskaldundu gure elertia goi-mallara jaso nai badogu. Maitasunez lan egin bear da, zintzo jokatuz; taldekeri lorrintsuak baztertuz. Areik, asierako olerkariak, azken guda aurrekoak aintzagarriak dira ta gogoan izan bear dogu euren kementasuna, euskereaganako maitasuna, areik egindako lana. Bide aurretzalle onak izan ziran euskal alor oro larraz, sasiak artuta zegon aldi negargarri artan:
Erri gaxua!
Jayo nintzan ni
zeure il-orduban
eltzeko?
zegattik, Ama,
zeure semiok
eztira itzartzen
ondiño?
Eta erria itzartzen asi zan. Idazle barriak sortzen, lanabesak eskuratzen Unamuno ogizalearen antzeko batzuk izan ezik.
Abertzaletasunaren ernaldiko abotsak ziran. Izenak aurkeztea luzeegi izango litzake.
Lizardi ta Bedoña il-ondoren Ametzagatar Bingen'ak onela diño bere olerkian:
«Gotzon bat aozpetu da Jaunaren aurrian ta egoak apalduta esaten dautso olan» : «Aita, Zeuri iñoiz bere iraindu ez zaitun eta galdu zorian egoan izkuntzak badakizu burua jaso egin daula Zeuk gura zenduan lez ta badaukozala iñoiz ez eukiriko olerkari goyak Erri ta ele guztien abots bikañenak dantzuguzan bertoko kantari taldean euzkera zar garbiak bere aurkezleak eduki bear dauzta emoidazu eusko olerkari billa lurrera nadintzat». «Irribarre gozoaz Aita maitekorrak ezpanak zabalduta esan eutson: «ZOAZ». Ortze goya laga-ta, odeien artetik aingerua lurrera lastertxu jatsi zan Euzko olerkari artean autatu euzan bi Biak donoki-goyak biak biotz garbi biak buru argiak ta gogo kantari» Laster jakin genduan il zala «Lizardi» ta aunen atzez Bedoña yoan zala beinguan...»
Itzarkunde onen bidez, orduko bertsolari, olerkari ta idazle danak erria abesten, erria goresten eben euskerearengan ako maitasuna agertuz. AIZKIBEL-DAR BINGEN dogu auetariko bat. Luis Gonzalez Etxebarri bere egitazko izena. Araba-ko Legutiano'n jaioa izan zana, gero, Bilbo'n bizi arren. Bere olerki liburua: «Urretxindorra» (Abando 1918). Danak ondo borobilduak. Milla olerki eder izenburuko bilduma mardulean datoz aren 6 olerki bikain. Auxek dira: «Ni... Non ni», «Aurrera», «Sukaldean»,. «Eunlia», «Aurrez-aurre» ta «Urretxindorra».
Dasta daigun bada urretxindor onen txiokada samur, gogoangarria:
Gaba dalarik, urretxindorra
zugatzan dago txioka;
beste txoriak lozorro dagoz;
bera bakarrik ernai da.
Illun artian urretxindorrak
abesten dau maitasuna;
osertzan dakus egun nabarra,
ta, pozik dago txoria.
Gaba dalarik, olerkaria
eztitsu dago abeska;
beren anaiak lozorro dagoz;
bera bakarrik ernai da.
Illun artian olerkariak
abesten dau aberria;
osertzen dakus egun-nabarra
ta bai dau biotza pozik.
Auznartzen eta oldozten ba-dogu ondo olerkitxo au irakurriz astiro, berialaxe oartuko gara bere edertasunaz. Irakurlearen gain isten dot berak erabagi dadin olerki onen baliotasuna.
Lora Zimela, Lora Jaurtia, ta Abestia dira urrengo datozen olerkiak. Bilbo'n argiratzen zan Hermes aldizkarian, 1919 garren urtean, berein poema daurkiguz Aizkibel-dar Bingen'enak ta onez ganera itz-lauzko idazlan aberkoi bat ta erderazko poema luze bat, Canto a Sabino deritxona. Euzkerazko urte artako bere idazlekideak dira «Satarka», Arregi-tar Joseba, Txori-Txiki, Arrugain ta Bustintza-tar Ebaista (Kirikiño).
Niri jazo yat jazotekoa!
Onek istillu gorriak!
Bart emon eustan lora pinpiña...
gaur yagon igar zimela!
Baña arpegia ez garraztatu,
ez aserretu, maitea;
susmau bagerik irea izan don
zoritxarraren errua.
Lora polita biotz-ganean
imiñi eustan, zurreza!
ta, biotzaren bero-beroaz
kiskaldu dozan orriak.
Ik egin donan egitekoa!
Ezarri lora sutzarran!
Ez ete ekian nire biotza
maite-sutzarra donala?
Ikako izkuntza ontan sugarra dario gure Bingen oni gaztetasunezko odol beroz Heine'ren antzerako olerkeraz euzkerearen biotz sustraiak erabarrituz. Jokabide bardintsua dager baita Lora jaurtia'n eta onen jarrian gozartuko dozuben Abestia'n, ta aldi ontako beste emen agertzen ez diran poema askotan.
LORA JAURTIA
Maitasunaren lorategian
nik artu yonat lora bat,
eta samurrez eskeñi dausnat
ik ipinteko bularran,
Imiñi don, ta geratu donaz
gure biotzak batuta,
nik emon dausnan lora-barruan
nire biotza yagon-ta.
Bat-batez, nigaz asarratu az ta,
bularretik kenduta,
len emon dausnan maitasunan-lora
margats jaurti don lurrera,
eta, sumiñez, oinkatu gero
gustiz apurtzen orriak.
Neu-biotzaren orriak autsan
geratu donaz, ausita!
ABESTIA
Mendi-mendiko zugaitz artetik
aize bigunez egazka,
oyana zear nigana dator
abesti samur gozoa.
Bera aituteaz bularbarruan
taupaka asten yat biotza,
ta berak eta menditikoak
abesten dabe batera.
Oyan-oyanan nok abesten dau
orren samur ta maitero?
Bere biotzan daukan gustia
itzneurtuetan nok diño?
Bere eztarria zolia bai-da;
berau lakorik ez dago
lera ta lorrak erasalduten
iñor ez baizen gozaro.
Mendi-menditik eltzen danean
abesti ori nigana,
nire biotza, bularra ausita,
igesi dau mendira.
Biok batera abesten dabe,
biok lertu batera.
Ez ete da, ba, menditikoa
neu-biotzaren anotsa?
Maitasun alorreko olerkari onek ba-dauz bai beste poema eder batzuk merezi dabenak argiratzea. Ezaunak deritxona esate baterako, baña, luze samarra dan ezkero neurtitz batzuk besterik ez dodaz emongo:
Itxura begikodun
neskatil polita da,
alaya begietan
ezpanetan irria.
Aurrez-aurre egunero
igaroten garala
berak begiz joten nau
ta nik begiz jo bera
Eta alditxoan biok
gagoz alkar begiaz
ta gero, beste barik
biok aurrera goaz.
Bera nor dan ez dakit
ez berak ni nor nazan
ta alkar ezautu barik
alkar ezaunak gara!
Aldi joan bateko biotzean ikuitzen duan poesia. Poesi arrunta, apala nai ba-dozu gaurko gizarte bizitzaren ikuspegiz, baña, aintziñakoai bere gozotasuna isuritzen dauskun poesia. Gaur egun obeagoen ustez alboratuak, ixilpetuta, baztertuak daukaguzanak; txiokada eresitsuz euzkerea goraltzen, indarbarritzen alegindu izan ziran gizonak. Arrese-Beitia, Arana-Goiri ta Lauaxeta'ren olerkitzaren kate-malla sendoan beren aparteko lekutxua egin dabenak beste banaka batzuen artean.
Ibillaldi nekezean euskerea il-zori daukagu oraindik; gaur erria, Euskalerria buru-jabetzen dakusgun arren gure olertia olerkari bearrean daukagu barrikerietan munduko lau aizetara zabaldua, baña tinkotu barik, nundik nora jo ez dakiela, aul. Argi-dizdirak nabaitzen dira gazte batzuen artean. Nabaitzen da eder urbillean eguneratu nairik dabiltzala gogo aundiz ta itxaropentzen ari gara sortuko dirala euzkereak aurrera egiteko bear dabezan goi-mallako olerkariak. Bitartean jarrai daigun kementsu asmorik ederrenez.
|