L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<oler3400>— Olerti 1985-1986 (1988) —Hurrengo artikulua







 

 

Euskal poesia aztalluan

 

Aita Onaindia

 

Euskal poesiaz idatzitako guztia, izan bedi geure kulturari dagokionezkoa. Sarri otsegiten diguna: arlo askotan euskaldunok nabarmen ba gara ere, orren gaiñezgain ez gabiltzala kultur-auzian. Zerbait dakigula ustetan, pellokeri galantak botaten ditugu, idatziz eta itzez. Au bai, asko dakigulakoan, iñoren guztia arbuiatu eta zabor-saskira! Joko matxarra, erriak danon arnasa bear dauan orduan, kemenak olan erretea.

        Poesia ere bear dugu euskal arima edertzeko. Literatura guztiak, leen eta orain, olerkia landu izan dute erria kulturatzeko, jakituriz maillaz-mail goratzeko. Poeta onak dauzkan erriari zorionak ezpain-gozoz irri egingo dio, ez izan zalantzik. Guk ere, ba, landu dezagun olerkia. «Orduen Liturgia»-k ez digu alperrik otoizten eska dezaigula Jainkoari ertilarien alde, onela esanik: «Zuk eman diezu, Jauna, ertilariei, Zuregandik datorren edertasuna agertzeko eskua» (860 or.).

        Ez duzu lan exkaxa, ertilariak dagitena; eta auen artean, leenengo maillan lerrotuak, beti egon izan dira olerkariak. Aoz uts-erazten du gizonak bere arima. Giza-barrenak eskeiñi ederra ta landatik jasoa, biak dituzu nolarebait sorburua goian dutenak. Kezkaz zéin eztabaidaz, era ortan adierazitako dana, zentzun zeatz gabe maiz, olerkia da biotzak eta adimenak, Jainkoak guregan jarritako bi almenok sortu digutena. Eta, argi esanda, bi orpo auen gain bira dagi edozein poemaren ateak.

        Dantzaketa ez du izan bear poesiak, alakoren baten ezik; noizik-bein, bai ongi datozkigu dantzaldi batzuk ere, erritar bide ta graziz egiñak noski. Lauaxetaren «Arrats-beran» dauzkagunak mota ortakoak dira: arin, labur, jostari, ulert-errezak. Olan osorik egositako liburu gizen-mardulak, orraitino, ez ote litzaizkigu gogaikarri? Egiazko zentzuak, beraz, erdia eskatzen; au da, lan labur-ariñak, luze-sakonakin naste.

        Poesi batzuk beren oparotasunez eragin nai digute. Oien artekoak genitun, adibidez, gerra aurretxoan euskal literaturan gaillendu ta gero, Sevilla-n bizi zalarik, erderara jo zigun Barrensoro, errexildarra, oraintsu Getxo-n illa; ugari ta jator idazteñ zuen bertsoz ta itz lauz; or orain bi urte ber-argitaratua dugun «Gazigozoak» idazti atsegiña ta «Uztaro» eleberria. Oparoa zan Loramendi ere poesi batzuetan, 39 estrofako «Barruntza-leioan» eta 48ko «Arrantzalien Arrats-otoitza»-n besteak beste. Lizardi, Orixe, Lauaxeta geienez, ordea, labur-zale ziran.

        Itz-mozkorra gaur beintzat etzaigu laket, bai janari ta edari alegiñean ondu ta gertatuak; irudi-sail errimea jarraika, gaur dirdir-jario ta biar illunoxin, poemak usteko du aurrerantz dijoala, baiña aren ots-doiñu ozena aspergarri zaigu askotan. Gisa ortako poemak ez ote ditugu -zenbaitek diñoe- eliz letani bezela?

        Beste poeta batzuen lanak, aldiz, ez doaz illunera beren funtsik eza gordetzera. Lan auek beti zaizkigu eratz eta eder, lerdin eta atsegin. Eder zaiguna, eta egiazki eder dana, gizaldiak joanik ere, ezta ezaintzen, ez ikoltzen; aitz-mokor antzera, ezilkortua dirudi. Buruz ta biotzez sort-azi duguna egiazko izanaz lotu, or edozein olerkiren elburu; au iritxi oi dugu geure barruko kemen-utsaldi labur batez. «Naiko da esakun bat -idazten du mexikotar Oktabio Paz-ek-sua pizteko. Poema ez da besterik minutua su biziak artua baiño. Ezta itxurtzen aren argia; bere itxura aurkitu du». Ugari ala idor, beraz? Gaurko ago-xuriak berbaroa baiño idorrea gurago.

        Darabilgun auzian gu zertan geran jakiteko, jar ditzagun euskal olerkiak, olerkariak eta poesi-lanak argitara ematen dituzten aldizkariak aztailluan. Izan ere, aldia bein, zentzuzki jokatzeko, poliki datorkigu atzean utzi dugun lan-arloari ikusi bat ematea, utsak arteztu ta ederra ugaltzeko asmuz. Era ortan jokatu oi du gure nekazariak, baita lan-garantz jakiña daraman edozein kaletarrek ere. Ainbat astekari ta aldizkari ditugu olerkiak ematen dituztenak. Ez diñot egunkariak, auek ez bait dute amets zororik argitara atera nai. Egia esan, gure egunkariak ere egin bear lukete alegiñik gai ortan, erria eder-zaletu ta gogoz jantzi dedin, gerra aurretik «Euzkadi»-k eta besteak egin oi zutenez. Nik astero artzen dut La Coruña-ko «La Voz de Galicia», biotz onekoren batek bialdua, bere «Cuaderno de Cultura» espaiñeraz eta gaillegoz dakarrena, bertsoz ta prosaz ongi sakaturik. Madrid-eko batzuk ere berdin dagie. Zergaitik ez gureak? Ez al daukagu idazlerik? Ba da idazlerik. Baiña auen alamena, ez dituztela beren lanak argitara ematen. Egia orixe dugu.

        Olerkariak eta idazleak, ala ere, bere lanak irar-moldetuta ikusi nai ditu; bidezkoa da bere xedeari jarraitzean punparik egin nai ez badu; eztu beretzat bakarrik idazten, erria lan ori irakurri ta ausnartuz, gero ta kultuago gertatu dedin baizik. Poetaren lanak, labur biziak badira batez ere, irakurriak eta ongi eritziak bezin maitatuak izan oi dira.

        Dakusgun, ba, euskal poetak zer dagiten gaur. Idazten ote dute? Maitatuak ote dira? Ba al dute nun argitara eman beren sorpenak? Gaurkoz, azken urteotan plazaraturiko poesi-liburuak albora lagarik, azter ditzagun pizkat euskal olerkariei tokia beren orrialdeetan eskeintzen dieten aldizkariak, bai egoaldekoak eta bai iparraldekoak. Amaika dira nik une ontan esku artean dauzkadanak. Amaika auetatik gaienok poesi-leiak joak dituzu, olerkikezkaz bizi direnak. Labur baiña, bijoaz emen banaka.

 

        OLERTI. Aurrelari, jakiña, berau ipiñi bearko, zuzen eta bidezko baita. Uneoro paketan utzi ez dioten arren, 1959-tik ari izan da eder-lanean, eta diardu gaur ere. Izan ditu, ezin ukatu, oztopoak goitik eta beetik, arazo garrantzitsu guztiak izaten dituzten oztopoak ain zuzen; baiña denak azpiratuz, aurrera doa. Aurreko aleetan esana ostera ere ez errepikatzearren, bego emen argi esanda, olerki-esparruan lanik sendo ta gogotsuena osatua, OLERTI dugula. Egia aitortzeko, leen lau zenbaki ziran urtero; orain ale bakarra dugu. Azken urteetako aleok, ala ere, bakarrak izanik ere, mardulmardulak dira, egiazko euskaltzale danak ezetsi eziña. Lau sail dauzka: 1)Poesi jatorra; 2)Itzulpenak; 3)Bertsolariak, eta 4)Iritziak. Edozein idazlek, ikusten danez, aukera du nai duen gaitan bere eder-sena iruli ta gaiñazpikatzeko.

 

        KARMEL. Neuk 1949an antolatu ta urrengo urtean, karmeldar Gutunaren mende-burua zala zio, argitaratu nuena. Leen zenbakitik gaur arte, konta ezin-ala poesi eman ditu argitara. Ain zuzen, lenengo urteetan ere olerki asko artzen ditulako, Karmel-en geigarri legez, sortu nuen OLERTI. Biok dira, ba, berberaren kimuak. Biei opa diet bizitzaldi luze mardula.

 

        ZER. Bizkaiko aldizkari begikoa, Bilboko «Euskerazaleak» sortua ta Martin Olazar langille erneak aurrera eramana. Ementxe dator illero-illero poesi-mordoa. Mai gaiñean dut azken banakoa,1986-ko bagillekoa, eta berton dauzkazu beste aleetan legez sei oler-lan beintzat, Paulin, Bidaguren eta Aboitz-ek euskal-senez maminduak.

 

        KANDELA. Gasteiz-en asia ta jarraitua. Gaur ere bai? Ez dakit, ixildu zitzaigula Donostia-ko «Argia»-n irakurri bait nuen. Ez nuke orren zeruertzean gordetzerik. Dana dala, Gasteiz-en agertzen zan, eta begien aurrean orain daukadanak, au diño: «2. urtea 10. zka. 1984ko maiatza». Idazleon lanak dakarzki: Xabier Etxaniz, Tere Irastorza, Manu Lopez, Yulen Arriolabengoa, Giussepe Arroyo, J. Iñaki Lasa.

        Gazte talde batek, bostek zeazki, eman zion asiera. Taberna baten biltzen ziran eurak, Aliziaren etxean, eta ementxe odatzen zituzten beren euskal lanak, «tabernak, tabernako mahaiak direlako -idatziko dute- literaturgile lotsatien anonimatoan zintzo gorde ditzaketen bakarrak». Zergaitik izan ori? «Literatur taldea sortu zenean -idazten oraindik- piztu zelako eta taldearen lanak, egunero, astero, mantentzen duelako pizturik. Kandelarioan elkar-ikus-hizketak mantentzen dute pizturik KANDELA. Aldizkaria gure nortasun agiria dugu, besterik ez, bagarela adierazteko».

        Alkar-lana nai zuten eta olaxe egin zuten, bakoitzaren lanen akatsak astindu, kritikak eginez, poesiak idaroki ta eztabaidatuz, itzulpenak obetuz... Eta zergatik itzali ote? Asmo ederrez adoretsu asi arren, laster porrota... Zer dala-ta olan? Iraupenik ezak dakar porrota. Errezegi bizi gara gaur.

        Orren ondorioa: asmo bikaiñak sortu arren, aldatz-gora egiten zaigu artutako erabakia azkeneraiño eraman-aztea. Geurekoiak gara oso, beste aldetik, geurea bakarrik nai dugu; gaur nai duguna, gaiñera, biar ez dugu nai. Urteetan gora goazenok ere, gaitz oietan edanak gara, baiña iraupen kementsuak azpiratu zizkigun ezindazunak. Bada oindio beste arrazoirik ere, porrot eragiten duenik.

 

        SUSA-k Donostiako zoko batean du kabia andik, bai datorkit. Emen daukadana, berriz, igaro maiatzean Durangoko euskal Liburu azokan Itxaro Borda-k eskuratu zidan «The Susa News» deritzana dut. Euskal erriko edozein euskalgintza, kulturgintza ta iraultza urbilari dagozkien gauzetan buruz belarri sarturik dabillen talde batek osatua da. «Duela —diosku— seizazpi bat urte aldizkaria ateratzen hasi ginenetik, eta duela pare bat liburuak argitaratzeari ekin genionetik, uste baino itzuli gehiago eman dituzte gure xedeak, esan nahi bait urtetik urtera koxka eta kale kantoi berriak deskubrituz joaten zarela».

        Nire asmorako emen ere agertzen dira olerkiak; zenbaki ontan bi poema dauzkat, Patxi Aizpurua-ren «Udazkeneko hegoaize zakarrak» eta Omar Nabarro-ren «Badakizu, Benerice». Biak poliki taxutuak.

 

        TTU-TTUA. Literatur aldizkaria. Arnasa zabal aundikoa, nik uste, Bilbo-n ateratako au; 1985-ko udazkeneko 0,5-0,6 zenbakiak deritzana daukat eskuetan. 64 orrialde. «Hau duk hau poesia!» oiu zabal barruan. Aurkibidea onela: «POESIA: 4-Idatzitakoa. Imanol Goienaga; - Gaua begiratzen. Amaia Iturbide; 10-Atzo esan behar nizkizunak. Iñako Goitioltza; 12-Tristura. Garaiko Jaun; 13-Poemak. Roman Utretx; 19-Poemak. Heusses. Narratiba: 22-Demagun. Iñigo Barandiaran; 25-Hiru ipuin lizun. Iñaki Bernaola; 28-Lispeth. Rudyard Kiping. Itzul: 1. Zubiria; 34-Musika-eskola. Jon Updike. Itzul: 1. Zubiria. SAIOA: 41-Ionesco: Zentzugabekeria zentzuduna. Joanes Urkijo. POESIA: 45-Poemak. Maite Urkia; 46-Poemak. Kanko Ispizua; 50-Historia do Rock and Roll. A.R. Reixa. Itzul: Joanes Urkijo; 56-Poemak. Anna Ajmátova. Itzul: Laura Mitegi; 60-Mateo M. Mantilla. Omar Nabarro.

        Guztira amazortzi poema jator, politak eta zerbait diotenak. Narratiba saillekoak, modernoak oso. Saioa, berdin. Irugarren moltzoko poemak, jatorrak; itzulpenak ez dute akatsik. Aldizkari au ere itzali dala, penaz irakurri dut.

 

        IDATZ ETA MINTZ. Literatura atalen sorta. Urte batzuk diralatik Bilboko «Labayru Ikastegia»-k ateratzen du, Adolfo Arejita, Jesus A. Etxezarraga ta Jon Kortazar aolku emaille ta Maya Agiriano, Pedro Zarrabeitia ta Juan A. Zubikarai lankide dirala. Poesi jatorrak, zaarrak eta itzulpenak agiri zaizkigu berton; jator edo originalak, B. Zupiriaren «Hutsune bat sumatzen dut» 36 bat aapaldiko poema eta Txantxata-ren «Olerkia»; aintziñako bertsoak, Arijitak bildutako koplak eta errokantzeak, eta itzulpenak, Bingen Zupiriak euskeraz jarritako Pablo Neruda-ren «Ozkorrian ene zeruan...» Erpin-erpiñeko gaurkotasuna darion aldizkari apaiña.

 

        IHINTZA. Irun-go La Salle-enekoak argitaratua. 1985-eko martxoa / 6.zenbakia daukat emen. Lerdena oso izkiz eta margoz. Artikuluak eder-senez pentsatu ta biotz-suz kiskaliak, esku mee-fiñez egiñiko dibujoz apain. Itz-lauzko lanak, ipuin eta barne-ikara, oso ziztagarriak, gure euskerari eskeiñik ez gutxi. Bertsoei gagozkiela, Bertsolari eskolakoak, Alberto Bazako-ren «Hotz», G. Zelaia-Iokin Otaegi-ren «Gibelsalasa», Patxi Ezkiagaren «Neguko Ekaina», Rikardo Fuster-en «Azken tantak utzi du bere usain goxoa belarrean» eta Romualdo Katarain-en «Ihintz ttantta batzuk», gogoz irakurtzen dira. La Salletar gazteak aspaldi dabiltza, irmo ta kementsu, Itzurtza-ko seme leial Bitaño-k eta donostiar Iñaki Olabeaga anaiak urraturiko iIdo olerkitsutik barrena.

 

        Eta, amaitzeko, mugaz andiko beste irurok:

 

        HERRIA. Asteroko au zintzo doa bere 1857-garren zenbakian. 1986eko ekainaren 12-koa daukat aurrean. Pierre Lafittek eta onen inguruko euskaltzaleak sortu zuten Lapurdi, Baxenabarra ta Zuberoko euskaldunak zer irakurri euki zezaten. Eta astez aste ta urtez urte bultzatu ta azaldu izan dute. Iñoiz txepeldu gabe, aitor bearko, beti zintzo ta ederki; gaur egundo baiño dotoreago.

        Olerkari ta olerki-zale aundi genduan P. Lafitte. Beraz, leenengo aletik asi zitzaizkigun «Herria»-ren aldeak olerkiz dotoretzen. Ondoren, zorabio gabe, makiña bat bertso eder agertu izan da; mordoak bai, batzuk jatorrak, idatzi barriak, labatik arakoak, eta beste batzuk, aintziña bateko or-emen jasoak. Leial jokatua dugu oraintsu omendu duten Panpilli; azken zenbakian ere, or duzu «Matxini ohore» deritzana. Bederatzi aapaldi ditu, zortziko nagusitan. Ona, erakus-eredu legez, leenengo estrofa:

 

                Agur, ohore ta bozkario egun zuretzat, Senpere;

                Besta eder bat egin beharrez zugana etorri gare:

                Bertsulariak, haundi famatu, lehenengo izan dire,

                Matxin zenari in nai diogu hemen aundizki ohore.

 

        Gisa ontako bertso bipillak eman izan dizkigu beti «Herriak»-k.

 

        OTOIZLARI. Beloketik artzen dugun aldizkaria. Arasara eskua luzatu 117-garren numerua egokitu zait, 1985-ko uztailairaila; 40 orrialde. Ango abata Iratzeder olerkari fin-fiñak zuzendua dut «Otoizlari» ainbat gai jakingarri ta goxoz aberats. Ale guztietan dauzkagu lau-bost poesi eder, eta marrazki begiasegarriak ugari. Zuzendaria ta irarkolaren arduraduna, biak dira eder-sen aundiko gizasemeak. Eta, betik ere, nolako zugaitza alako fruitua.

        Toki oba-eziña Beloke otoitz eta eder-lanerako. Ortan dute ziurki aita ta anai beneditarrak egiazko anaitasuna eta «saindutasun eta bozkario iturria». Beloke-ren uzta, beraz, unkigarria izan bear ezinbestean, nik uste. Ale onetan idazten dute baitik bat Iratzeder, Aita Martin Sein, J.O. eta J. Iturrioz jesuitak. Teatrua ta olerkia lantzen du Iratzeder-ek, mugaz andiko olerkigintzari eder bezin zintzo atxikia.

 

        MAIATZ. Osorik or-or poesiari emana. Iru illabetekoa. Nik 1986-ko alea daukat eskuetan. Amaikagarren zenbakia. Baiona-n agertzen da, an inguruko euskal idazle ta poetak eratua. 56 orrialde. Ale ontan idazten dutenak: Auxtin Zamora, Jeanne Etxezahar Monteil, Arantxa Urrutabizkaia, Jean Louis Cayssade, Tere Irastorza, Mayi Palot, Itxaro Borda, Kristian Andres, Aurelia Arkotxa, Gotzone Sestorain, Peio Xarriton, Zesar Pavese, Luzien Etxezaharreta, Ana Rossetti, Marisa Gutierrez eta Eñaut Etxamendi. 24 bat olerki guztira.

        Oraindik goi-maillaraiño iritxi ez bada ere, gero ta gaillenduagoz dijoa. Idazle auek oindio gazte diran ezkero, itxaro dugunez, goi-goi jarriko zaizkigu laister euskal Parnasoan.

        Beste aldizkari batzuk ere, «Aranzazu», «Pamiela», «Argia» eta abar, aintzat artzen dituzte olerkiak. Baiña aipatu auek dira nik gaur pizkat egurastu, galbaitu ta aztailluan pisutu nai izan ditudanak. Zeiñek daukan balio ta azta geiago ikusiz, bear bada. Epaikari ona da aldia: astekari ta aldizkari, luzez jardunik, uzta ederra eman dute dagoneko; beste batzuk asi-barri dituzu oraindik, geroak du beraz itza. Saia bedi bakoitza bere ekiñean, gure hizkuntza gaixoari arnasa eman gurarik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.