Udaberria mendian
Jose Mª Azpiri
Udaberrian goizian goizik
Utzirik neure auzoa,
Mendi gañean aurkitutzen det
Giro paketsu gozoa.
Alde batetik, begiz aurrean,
Amarik ez dun basoa,
Bestetik berriz sasi artean
Txor-txorka kantuz zozoa
Gizonarentzat ementxe dago
Zoriontasun osoa!
Udaberriak ekarri digu
Giro osasungarria,
Eta mendian sortzen asi da
Orain bizitza berria.
Zuri jantzita ikusten degu
Bidexkako elorria,
Zugaitzetara begiratuta
Aldar danetan orria;
Esango nuke, emen dagoela
Amets danen iturria.
Udaberriko ego aizeak
Garbiturikan mendiak,
Berdez jantzita agertzen dira
Goian dauden belardiak.
Muño-maldetan nun-nai bazkatzen
Moxalak eta ardiak,
Maitemindurik elkar muxuka
Zugaitz gaiñetan txoriak,
Ze edertasun ematen dion
Bizitzari izadiak!
Tontor batetik begira nago
Au gauza zoragarria!
Abere danak gogoz ari dira
Billa nairik janaria.
Belar goxoak miaxkatutzen
Erbiño jostalaria,
Arkaitz gañetik eizean dago
Txori arrapalaria,
Ta gardo moltzo baten gaiñean
Kardantxillo kantaria.
Bizi bearrak egiten ditu
Denak lanera beartu,
Orretxegatik janari billa
Gogotik dira saiatu.
Txoritxikiak dagozkieten
Janariak aukeratu,
Katamixarrak orbellartian
Eskur zarrak billakatu,
Erleak berriz banan-bananka
Lore guztiak dastatu.
Eguzkia ere nola sartu dan
Goiko gallurren ostera,
Lenago argi zeuden tokiak
Beltzez dijoaz jaztera.
Illundu baño lenago nua
Mendi maiteak astera,
Emen dituzun edertasunak
Berriz ere ikustera,
Eta jarraian lengo bidetik
Neure auzora jeistera.
|