Aita Santi Onaindiaren olerkigintza
Juan Mari Lekuona
Ondorengo au duzu J.M. Lekuonak, aurten maiatzaren 11, 12 ta 13-an Zornotzako erriak eskeiñitako omenaldirako J. Urkizak gertatu zuen «Olerki Guztien Bilduma»-ri jarri zion 16 orrialdeko aintzin-solasa. Baita berau izan zan, gutxi-gorabera, azkenengo egunean, larunbatez, akademi-egintza deituan burutu zuen itzaldiaren guna ere. S.O.
Eraskota lana du euskal olerkigintzan egina Aita Santi Onaindiak. Zabalkunde eta irakaskuntz mailan hor dugu bere Milla euskal-olerki eder (1954), funtsezko idaztiturria gertatu dena gerrondoko gure literatur giroan. Gero, olerki itzulpenetan oso gutxik eskain dezake berearen idazki aberastasunik: liburu mailan, Homeroren Odisea (1985). Bergiliren Idazlanak osorik (1966) eta Dante Aleghieriren Jainko-antzerkia (1985): antologi mailan, berriz, hor ditu Esoporen Ipuiñak (1966-1986). Horatiren Odak (1955-1969). Gabriela Mistraleri olerki aukera (1952-1986), Rabindranath Tagoren olerki aukera (1958-1963): eta poema-sorta mailan, azkenik, bi dozena inguru erdal autoreen olerkiak. Hitz batean, euskal olerkigintzaren muina eskaini digu, eta berau kanpoko hainbat maisuren ekarriz aberastu.
Olerki mugimentu baten euskarri eta eragile izan dugu Aita Santi. «Olerti» aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria izan da, ordu zailetan bere bizkar hartzen duelarik euskal olerkiak plazaratzeko zeregina. Eta esan dezagun, aldizkariak nortasun poetiko jakina ematen diola euskal olerkigintzaren zerbitzari, biztaile eta defendatzaile izan dugunari. Aldizkariak behartu du poesiaz gogoetak egitera, zenbakien osogarri eta aberasgarri diren poemak, sortzera edota itzultzera, eta, belaunaldi berriei beren lekua ukatu gabe, gerraurreko olerkarien babesle gertatzera, joera berriagoen aurrean lehenagokoaren testigantza eginez.
Oso ezagunak eta eskertuak izanik ere Aita Onaindiak euskal olerki munduan eginiko zabalkunde eta eragile lanak, ez zaio hainbeste eskerrik ekarri, behar bada, berak sorturiko poemei, bere poemagintza pertsoanalari. Denok dakigu poema asko eta asko idatzi dituela, eta hori ale honetan ikus daiteke ongienik. Denok dakigu bi olerki liburu badituela, mardulak eta amas haundikoak. Baina, beste hainbat poeti gertatzen zaionez, oso gutxi hurbildu dira Santi Onaindiaren poesigintza bere osoan aztertzera, edota, gutxienez, aurkezpen zehatzago bat egitera.
Ez da bakarrik horrelako bakardadean, batez ere bere behaunaldikoei begiratzen badiegu. Oraindik azterketen zai daude Etxaniz, Gaztelu, Bordari, Monzon, Muniategi, Iraizoz, Zaitegi, Kerexeta, Ugarte eta beste gehiago. Autore bakarren bat ezezik, ia belaunaldiaren parte eder bat edukitzea ongarri ez denez, eta gutxiago gurea bezalako egoeran, uste onenez ekin nahi diogu gerrondoko gure poeta baten aurkezpen zabalari eta behin-behineko azterketari.
1. EDERKERAZ GOGAPENAK
Aita Santik espreski ez digu aurkeztu bere olerki proiektua, ez digu zuzenean landu norberezko poetika taxatua. Baina eskurarki berak zuzenduriko aldizkarietan teorizatzaile eta adore emaile ere izan denez, olerki alorrean argitaraturiko aleetan, gogapenak egin dizkigu estetikari buruz, olerkia eta olerkaria zer diren gauzatuz.
Bere olerkigintzari buruz proiekturik eta poetikarik zuzenean agertu ez badu ere, bi dozena artikulu inguru ditu ederrari eta olerkiari eskainiak. Beraz, estetikaren aldetik azaltzen dizkigun kezkek, gauza jakina da, hor azpian, zeharka bederenik, poetika pertsonalaren hari nagusiak adierazten dizkigutela. Eta iruditzen zaigu, autoreak teorikoki esandoak, lagungarri on izango direla, Aita Santiren poemagintza sakonagotik harrotu dezagun.
Olerkiari eta olerkariari dagozkienetan, gerraurreko eta gerrondoko poesiari buruz izan diren eztabaidak kontuan hartzen baditugu, iritzi oso garbia du gure autoreak: «oberik jagi arte, gizaldi onen barruan Lizardi, Orixe. Lauaxeta... dira jainko nagusi» («Olerti», 1969, 10 or.). Istiluak istilu, honek adierazten digu, Santi Onaindiaren poetika, eta behar bada landuena eta adierazgarriena den hura, gerraurreko ederkera lantzera lerratzen dela, batez ere Lauaxetaren ildotik.
1.1. Olerkia eta olekaria
Ikuspegi idealdutik marraztu izan digu inoiz Aita Santik olerkariaren irudia. Bi belaunaldien arteko tenka ispilatzen da hitzon azpian: gerraurreko olerkigintzaren eta poesia sozialaren artekoa. Eta gure autoreak oso goian ipintzen ditu olerkariaren dohaiak eta egitekoak, eta goitasun honen arabera epaitzen ditu lehengoak eta oraingoak, gerraurrekoen lan ona aldezkatuz.
«Irakurri bai, Lizardi'ren Biotz-begietan, Lauaxetaren Arratsberan eta Orixeren olerki-lan jakingarriak. Arein mamiña ta arein azala! Or egiazko olerkia, olerki iraunkorra! Mundu ontako gauza kaskarrea beste mundu zoragarri bat eratu dauskue. Baiña, naiz jainko andi naiz txiki, olerkaria beti jainko, aztru, asmatzaille jator. Eta jainko dan bitartean, bebil ortik, azkar eta gogotsu, erriaren zuzendari, zeruko Jaungoikoaren adierazle. Goiko naiz beeko, bitzuen lanak eder ta aintzagarri» (Ibid).
1.2. Erti-lana
Jakingarriena ez da, behar bada, Aita Onaindiak erti-lanaren osagaiak nola ikustne eta adierazten dituen aipatzea. Olerki liburua, erti-lana den aldetik, nola aurkezten duen iksutea, adierazgarria dela esan daiteke. Adibide eran, bi bat pasarte aipa ditzagun:
«Beste goiz batean zelairantz artu dozu. Aldatz-gora zoaz gaiñeko muiñora igon nairik: baiña nekatu egin zara ta apur baten ertzean jarri zara. Lilluragarri dagoz inguruak oro, goi ta bee, urriñerarte bakezko pozaren betetasuna. Luzaroan ederrez asetuta gero, sakelean daroazun Lizardi'ren "Biotz-begietan" edo Orixe'ren "Barne-mumetan" edegi dozu. Lizardiren "Arrats-Gorri" deitxan olerkia irakurten asi zara... Ezin irakurten jarraitu... Geiago ezin irakurriz, egiazki atsegin yako aspaldi orrek arrotu dautson poz-atsegin bete-betea» («Kamel», 1979-3, 55 or.).
Badu antzeko beste pasarte bat, nahiz eta beste egoera batean aipatzen diguna:
«Aireñegun... arrastian, eguraldi gozo, eguzkitsua zalata, ibiltalditxo bat egiten joan nintzan. Eguzki ta itzal arteko bide-zidor atsegingarriz niñoaian. Ezker-eskuma altz-lizar, aretx eta sarats gaiñetan, atergabeko txori kanta. Ixillik oro; zearka doan errekastoaren polpol eta ulu mea, zorarazten nindun. Olerki liburua neroian esku artean, baiña ezin neban ezer irakurri; izadia neban idaztirik lilluragarriena» («Karmel», 1980-1, 58-59 or.).
Bai liburu baten ederra bere kontestuan ezartzeko, eta bai olerkariak ederraren hotsegile izan behar duela adierazteko, autoreak izadiko ederrera jotzen du. Lehenengoan natura kontenplazioaren osagarri duzu, bigarrengoan naturak erti-lana itzali egiten du. Balio paradigmatikoa du izadiak Aita Santiren poetika pertsonalean.
1.3. Olerkiaren osagaiak
Honela esaten ditu «Olerti»ko aipatu artikuluan: «Olerkiak, osagai bi ditu: irudi adiera (metafora) ta igiera (ritmua). Eder-agerkarietan sustraiko bereizgarri bi ditugu oncik» (8 or.). Gai hauetaz egiten duen azterketa dela eta, esan daiteke metaforizazioak eta metrikak zedrikusi haundia dutela Santi Onaindiaren poetikan eta olerkigintzan.
a) Amets bat legez da Olerkia
«Ta olerki-mundu orrek, ainbat gauza, guk sarri ikusi ta ikutzen genduzanak, barriro sortuta, jantzi zoragarriz dizditsu, lillurapenik tintoenean jarten dauskuz. Gauzen mundu barri bat, guk ez genkiana, bizi, indartzu, dardaraz daukagu aurrean; ots, mundu au ta bertoko gauzak, irudimenezko mundu egiñik daukaguz» (Ibid. 9. or.).
b) Gar ta jantzi da olerkia
«Barnea gar, jantzi azala. Zoragarri izateko, giak bear. Baita guzti ori oretu, aragitu ta eun-miesa baten barruko bilbe antzera, dana bateraturik, graziz ta edertasunez jazten dauan beste zerbait be. Zer dozu ori? Igiera; erderaz esan, ritmua» (Ibid. 11 or.).
c) Poesia, azkenez, biotz zirrada da.
«Ez bakarrik barnean sentikeran, baita esakeran be; poesia esaten dogunean, amas-aldi antzera, dana era bardiñean barik, neurri ez-bardiñetan. saltoka lez, orain zaldiaren trakata, trakata lez, gero astoaren txaka, txaka lez neurrian eroan oi dugu. Izkera neurtua ei dogu gure biotz-ikutuaren berezko adierazpena» (Ibid., 12 or.).
Aipamen hauekin guk ez dugu nahi Aita Santiren ederkeraz ikuspegi zehatza ematerik, baizik eta gure nahia da, autorearen iritzi nagusienez baliaturik, egileak duen berarizko poetika jatorra eskuarki aurkeztea. Gerraurreko olerkigintzaren mireslea, olerkiaz eta olerkigintzaz ikuspegi idealdua duena, ederraren ispilu aipatuena naturan ipintzen duena, prezeptiba klasikoan ezezik ederkera modernoan ere zainak dituena. Batez ere, metaforetan eta erritmoan bere emaitza gauzatu nahi lukeen olerkaria dugu. Hau lehenengo hurbilketa bat litzateke Santi Onaindiaren olerki mundura.
2. POEMON BERARIZKO IKUSPEGI JATORRA ZEHAZTEN
Gorago esan dugunez, ikerketa gutxi azaldu zaigu Aita Santiren belaunaldiko poetei buruz. Baina autore horien Olerki Guztiak argitaratzen aldetik zerbait ahalegin gehixeago egin dela dirudi: Orixek, Lizardik, Lauaxetak, S. Mitxelenak, Bordarik, Monzonek, eta abarrek badituzte beren olerki guztiak argitaraturik. Eta orain Aita Santi Onaindiarenak datoz.
Ez dago esan beharrik horrelako idazki osoek dakarten etekina eta mesedea gure poesigintzaz ikaskuntzarik egin nahi bada, nahitaezkoa denez horrelako gaia eskuartean edukitzea, ezer tajuzkorik lortuko bada. Bilduma hauek dakarte lagintza bakoitzaren kokalekua eta balio-irizpide zehatza.
Baina gero, poeta bakoitzaren ezaugarri nagusienak markatu nahi badira, eta autorearen ekarri berezia azpimarratu nahi bada, eta bakoitzaren nortasun poetikoa irudikatu nahi bada, orduan poemen aukera bat egin beharra dago, eta aukeratutako poemon dohairik berezienak sailkatu eta balioztatu beharra, eta berorien estetika zehaztu beharra. Hau egin ezean, muga estuetan bizitzera behartzen ditugu geure literatur ikerketa eta irakaskuntza. Eta literatur zirkuituetatik kanpo geratzen dira hainbat autore eta hainbat idazlan.
Denok dakigu, literatur kritika eta unibertsital apeta direla eginkizun honen lehen erantzuleak. Eta nahi genuke gauzak bidera daitezen. Baina bien bitartean, eskakizunek eraginik olerki idatzien aurkezle garenok, saiatu beharra daukagu zerbait onuragarri egiten, geure olerkarien mesedetan egin ere.
Aita Santiren olerkigintza lan mardula da eta luzaroko ahalegina: 1929an hasi eta 1988 artekoa. Pentsatzen dugu, bizi-bizi dagoenez, aurten ere abesten diharduela Larreako galeperrak. Hirurogei urte euskal poesogintzaari etengabe emanik. Hala ere, dena ezin izan neurri berekoa: bada landurik, bada hain landua ez denik. Bada aldian-aldiko kanturik, bada amas beteko libururik. Bada autorearen historia hobeto ispilatzen duen piezarik, bada nortasun poetikoarekin lotura txikiagoa agertzen duen bertso-sortarik.
Lan antologikorik egon ezean, guk liburuak bakarrik hartu ditugu gogoan: Goiz-nabar (1971) eta Nere baserria (1985). Hona zergatik: poema libururen bat kaleratzen duenak, ikerketa estetikoren bat aurkeztu nahi du, edota poemen aukera bat. Eta bi gauzok jakingarriagoak dira eskuarki, motibazio estetikorik gabe eginiko poemak baino. Horregatik gure lehenengo aukera: liburuak bakarrik kontuan hartzea.
Gero, beste oharkizun bat badago, liburuok antolatzeko prozedurak eginerazia. Nere baserria liburua, osotasun baten barruan garaturik dago, planu bati atxekia, poema nagusia eta amas haundikoa gertatuz. Ez hala Goiznabar: olerki bildumaren citte haundiagoa du, urterik urte sailak osatzen direlarik. Badirudi bilduma eittea duela. Horregatik aukera bat egin beharra dago, Onaindiaren poemagintz baliagarriena azpimarratu nahi bada. Guk berezienik, 1 Sailla, 1929-1935 eta II Sailla, 1936-1940 ditugu aipagarrien jotzen ditugunak azterketarako.
Bestalde, noiz eta norako idatzi zuen, eta zernolako bizitz egoeran, guzti hau ere kontuan hartzekoa da. Poemarik landuenak ditu, ahalegin poetikoari begiratuz behintzat, olerki lehiaketetako idatzi zituenak, Aitzolck eskatuta «Yakintza»-rako idatzi zituenak, kultur giro bereziren baten eraginpean idatzirikoak. Gainerakoetan, batez ere berak zuzenduriko aldizkarien betelanerako edo idatzitakoek, bistan da ez dutela beste aukeratu horien goitasunik.
Azkenik, ezin dira ikuspegi berberetik epaitu liburuotako poemak. Goiznabar jo daiteke Lizardi eta Lauaxetaren harikoa, zehaztasunak zehaztasun. Baina Nire baserria, poema nagusien harikoa dugu. Orixeren Euskaldunak poemaren proporzioan. Badu kidetasunik Mitxelenaren Arantzazu euskal poema (1949) liburuarekin, eta gutxiago ezagutzen diren beste poemekin. Ez dugu ahaztu behar, arras haundiko poemagintza hau indarrean zegoela gerrondoko olerkarien artean, eta Onaindiak ere bide hori erabili duela. Bigarren Aita Santi bat dugu: gaiak luze, moldeak herrikoi, tradizioaz lotura edukiz, kantagarri diren poemak landuz, ikuspegi historiko-kulturalak kantagai hartuz idatzitako poemagintza.
Beraz, bi liburuok bakarrik digutu begiaurrean geure azterketan, eta berauetan ardura bereziz idatzitakoak arakatu nahi genituzke. Baina bieri lehentasun bera eman gabe. Azterketak lehen liburuko zati garrantzitsuenez bakarrik egingo ditugu, uste dugularik berauetan dagoela Onaindiaren olerkigintza bikainena. Bigarren liburuaz ez dugu azterketarik egingo, baizik eta konparatu egingo ditugu beren artean bi liburuok, horrela Santi Onaindiarne bi une poetikoak azpimarka ditzagun: gerraurrekoen harikoa, apetatsuena, eta gerrondokoa, herrikoiagoa. larreako poetaren bi ereskinak.
|