Maruri-tar Erramun
Muniategi-tar Sabin
Olerkaria. Baña nor dogu olerkari ia ez ezagun au? Aita Onaindiaren MILLA EUSKAL OLERKI EDER izeneko olerki-bilduma aberatsean daurkiguz lau olerki: Edur Maluta, Nere Ama, Enada Eriotzan, ta, Ostiral Deuna. «Olerkari bikaiña, bulkoz jagi ta biotzondoz ezti. Igo miñez dager beti uso zuri antzera, zeru-azpiz ega luzean biraka. Usain gozoz lurrundu ditu bertsoak, joran, kili-kili ta txingar bizi diranak. Gai askotan berariz jardunik, poesi liburu bi argitara emonak ditu. "BIOTZA ABESLARI" (Zornotza, 1927) ta, "LILI-TXINGAR" (Tolosa, 1928) Lenengoa bizkaieraz ta, bigarrena gipuzkeraz. Izkera errez gozoa dau albait-danez. Ba-ditu sarituak be, "Elur-Maluta", esaterako, "Enada Eriotzan", ta, abar.» Olerkari beraren zeaztasunik ez dakar.
Bi olerki liburu ez ezik, ba-dau irugarren bat. Beraz iru dira argiratuak:
«TXINDOR-EGADAK» (Gráficas Izarra, 1964, San Sebastián. Len-aldiko «BIOTZA ABESLARI» eta «LILI-TXINGAR» arrera onez saldu ziranez bigarrenez argitalduak izan ziran, biak, Gráficas Izarra argitaletxean, 1965 garren urtean.
Elizgizona zanik ez dago zalantzarik. Irakurri besterik ez dago bere olerkiei darien zerutasun guna. 1924, 1925, 1926, 1927, 1928, 1930 garren urteetan egindakoak Ondarrabi'ko egotaldian. Batzuk baita Muskaria (Tudela) eta Armintza'n.
Ondorengo olerki onen bitartez dakigu zein dan argira dakarkigun olerkari apal onen yayoterria.
NEURE YATOTERRIA
1
Maruriko erritxuak,
Izanarren txikerra,
Ikusgai ederrak daukoz
Asetzeko begia.
2
Ango mats ta mallukiak
Dira goxo-goxoak,
Ango zalayak ederrak
Lilik urrinkaituak.
3
Eztarritik bera doya
Arin urdail barrena,
Batek nai baño lenago
Bertako txakoliña.
4
Ango elizpen egonak
Arako dauko seta
Ibar eder ta zabalak
Egin dotso lillura.
5
Gordetako itsas axetik
Mendia iparraldera
Eliza erpintxo baten
Egoaldera Ibarra.
6
Etxe guztiak banaka
Ortuz inguratuak
Eta ugari ortuetan
Yanaririk onenak.
7
Eta ain sinistetsuak
Bertako biztanleak,
Jaungoikoa otseinduaz
Pozik bizi direnak.
8
Gizaguren jayoterri
Pozarren diñot dala
Larrazabal eta Azkorra
bikañenak direla.
9
Olakoxe neure erria
Zinez maitagarria,
Benetan dodala maite
Neure yayoterria.
Obeto margotua izan leiteke edo argazkitua erri txiki onen izaera begikoa? Ikuskai ederrak; mats ta mallukiak goxo-goxoak; zelayak ederrak; ibar eder ta zabalak; itsas-axea babestuz, mendia iparraldera; eliza erpintxo baten; egoaldera ibarra ta etxe guztiak banaka ortuz inguratuak. Orduko ikuspegi bedeinkatuak! Txakoliñaren ona! Gaur egun orrela ete da?
UMEZURTZ
Maruri Erramun'en bertsoak aztertuz egoera itun onen berein ta bost zeaztasun daurkiguz. NEURE AMA izenburututakoan onako auek:
«Ezagutu orduko
Galdu neban ama,
Ordugik nik ez dakit
Zer dan onginaia.
Axe zan onginaia
Onginai goxua,
Beste guztiak dira
Onginai apurra.
Emen nabil geurtik
Ni ama billaka
Ta onginai guztiakaz
Ezin dodala egin
Amaren erdia.»
Umezurtztasun gaia bein ta barriro dakar arira:
NEGARRA
«Adu txarrak utzi nindun
Umezurtz goizeti,
Amaren ordez negarra
Egonaz ugari.
Txiro-ogasuna ornen da
Negar-iturria,
Ta ni ogasun orretan
Nazela aberatsa.
«Txindor-Egadak» liburuko 106 garren orrialdean be, antzeratsu datorkigu.
UMEZURTZ
«Umezurtz naiz
Gau ta egun
Ama bearren
Egonarren ni
Ez det amarik
Ez arrebarik
Edo anairik,
Aita lanean
Urian olan
Eta etxean
Neuxek bakarrik
Gaso gasorik,
itun-itunik.
* * *
Ludi onetan
Itun bizi da
Ama gabeko
Seme gaxoa»
UMEZURTZ OSO OSOAN
Alde guztietatik umezurt,
Ama illa, aitik ez, amarik ez,
Daukodazan gurasordeak baño
Askoz obe bapere euki ez.
Umezurtz etxean,
Umezurtz kanpoan.
Arren, Jaunori, ni legez
Ez iñor utzi munduan.
Eta amaitzeko gai Lili-Txingar'ko 125 garren orri aldean onako du:
BETI UMEZURTZ
«Neure bizitza
Ama bagea
Beti umezurtz
Ituna dala.
Kalbarioan
Beti nekea,
Neure biotzean
Beti arrantza.
Bakartadea
Neure barruan
Ez zoruna
Beti urrunan.
Maruri'k liburu bakoitzean Jaungoikotiak, Loretxuak edo Landako Loretxuak eta Naskaldiak atalburuturiko sailletan banatuak dagerz bere olerki apal ta apal bezi eder ta errikoiak.
Elizgizon au zintzo jokatuz bere oler-lanetan Jainko-egarri aldarrikatuz dabil autortuz:
«Maitatzeko egiña
Da neure biotza;
Ta, maitasun, maitasun
Jabilt deadarka.
«Jainkoantzat egiña
Da neure gogoa;
Jabilt eskarika
Jainkoa ta Jainkoa
Eraberean euskaldun agertzen da; benetako aldezle lez ots dagi:
«Zergaitik zabiltze orrelan
Gizon anker eta ergelak
Irainduaz ama euskera
Iraintzen zeuen buruak?
Erri guztietan darabilte
Euskera oinperatua
Ez negarrik, ama gaxua,
Emen daukazu semea.
«Euskera barik euskalduna
Pipiak jo daun enborra,
Ez lorarik ez igalirik
Iñoiz emongo ez duana».
Txibo Landako Alaba deritxon olerkian euskaldun guraso askoren euskereari buruzko ardurarik eza edo etsaikeriaren agerpen lazgarria da. Luzea danak emen jartzeko baiña, ona emen agiri batzu:
1
«Mirentxu nora zoaiz orren arin
yo que no se bascuence,
Auxek bai dala entzun samiña
Ta askotan entzuten dana.
2
Aipatu degun Mirentxu ori
Txibo landako alaba,
Etxe orretan guraso ta abar
Euskaldunak danak dira.
3
Alde batetik eta bestetik
Euskaldunak danak dira,
Aurren etxe aretan tutik
Ez da egiten euskera.
4
Mirentxu asi da ikastolara
An ez da geiago euskerarik,
Onen antzeko kirtenkeriak
Eiten ditugu pentsa barik.
Ondo ikasi dagien edo
Mirentxuk bere erderea,
Ingerutik jaurtiten dogu
Gure euskera maitia.
Txibo landako Mirentxu asko
Daoz Euskalerrin zabaldurik,
Izurri ori galtzen ezpadu
Gagoz betiko galdurik.
Armintza 19-4-60
Sasi Euskaldunak (ta diño):
«Sapaburuak
Legez ugari
Ur zikiñean
Dagoz olango
Euskaldunak gaur
Euskalerrian.
Ama Euskera
Maite zaitut nik
Bene-benetan,
Nere bizi au
Zeure izango da
Naizen artean»
Euskerearen alorrean langille asperga onek Jaungoikozko olerki biotzgarriak idatzi ebazan: AMA SORTZEZ GARBIARI, PRANTZISKO DEUNAREN OGASUNA, MAITALLE BILLAKA, SUSANA, MALTZURKERIZ ZERURA, ASIZ'KO PRANTZISKO DEUNAREN ERIOTZA, BEGOÑA'KO AMA, OÑAZETUAZ ERRUKI, ASTOAREN ESPAK, BARIKU GUREN, NEKETAKO AMARI, GUBIOKO OTSOA, MIREN IZENA, JESUSEN BIOTZA, GAZTELUGATXE, ZERU BIDEA ta, beste asko.
ZURE BIDEA:
1
«Gaste nintzala
Mendi gañera
Igon nai eta,
Mutiko pillak
Artu genduan
Bide zabala.
2
Aldapak gora
Bide estutzen
Batzuk nekauta
Bestek etsita
Bidean errez
Askok utzitzen.
3
Mendi gallurran
Biderik etzan
An bil giñanak
Beste guztiak
Pot ein bidean.
4
Zeru bidean
Adibidea
Auxe bai dala,
5
Samiña baña
Ezin ukatu
Dala egia.
Dazta daiguzan Jaungoikozko olerkien ataltxo batzuk onuratu gaitean beren zeru-gogozko otoitz-neurtitzez:
MIREN IZENA
1
Donokiko-bide argitzeko
Dan goizeko izar argia
Izango da orain eta beti
Mirenen izen gozoa.
2
Ekaitzean neure gogo-ontzia
Errez yon daike ondora,
Arin agertuten ezpayako
Itsasoko artizarra.
3
Bere otseindarien aboan
Mirenen izen gozoa
Gogoko bizitza sendoaren
Ikur ziurra alegi da.
4
Miren izenak gure abotik
Ez dau egin bear alde,
Zitzaldian galduk geralako
Orren laguntzarik bage.
5
Obenaren pisuaz etxitu
Bizi zarean gizona,
Oguzi ustez Miren izena;
Zeuaaz dozu itxaropena.
6
Argian aurrean iges dagi
Ludian illuntasunak,
Miren ustetsu esan ezkero,
Iges dagi diabruak.
7
Ekaitz-itsasoan dabillenentzat
Argi da Miren-izena,
Argi ontatik aldentzen danak
Ganean dau ondamena.
8
Miren izena eztia baño
Gozoago zera aboan,
Eta doñu eresintxu baño
Bigunago belarrian.
9
Ia beti daukogu erlea
Ezti gozoen ganean,
Eta ereslari, ertilari,
Eresintxuen artean.
10
Nik bere Miren izen gozoa
Euki nai beti alboan,
Betiro bizi nai dodalako
Atsegiñen darioan.
BIOTZ ARANTZAK
«Iguinguak izanarren
Biotzeko arantzak,
Eurek dira gizonaren
Ongillerik onenak.
Sarri ez daki gizonak
Biotz-arantza gaberik,
Biriki ondoan berak
Ote daukan biotzik.
ERRUKI ta MAITASUNA
Biotzeko bi lora
Arin zimelduko dira
Arantzarik ezpada»
Ikertu daiguzan orain olerkariaren LORATXUAK: Esatebaterako beren txori-sailleko Urretxindorra, Karnaba, Txori eria, Txepetxa, Berderoya, Txindorra, Elayak, Birigarroa, Pinpilinpauxak, Txitoak, Kukua ta abar.
Gai arruntak, arrunkiro idatziak agerkera egiati, neurtitz apalez itz-lauzkoak balira lez. Batzuk ordea jakingarriak dira ta ben-benak ikastoletarako. Adibidez, TXITOAK.
1
Ollotegian
Kakaraka
Gure olloa
Asia da.
2
Arrautz zuritan
Bat, bi, iru, lau,
Dozeñ ederra
Imini dau.
3
Ollotegian
Klok eta klok
Gure olloak
Gaur egin yok.
4
Ollo lokea
Guk ba-dogu
Arrautz ganean
Imingo gu.
5
Amabi arrautz
Azpin yarrik,
Amabi txito
Dabiltz zutik.
6
Bata zuria
Beste baltza,
Gaxo ez dana
Pixkor dala.
7
Aman nekeak
Arek asten
Nok esan errez
Zenbat diren.
8
Miru goseti
Ondon beti
Txito gaxoen
Zelatari.
9
Ollo lokea
Txito ganean,
Bere txitoak
Zaitzearren.
10
Ollasko goxo
Ondo erre
Goxo izenarren
Kostau be.
Jaungoikozko maitasunez ta euzko zaletasunez gure aurrekoak izan doguzan euzkeltzale auen izenak aintzakotzat artzekoak dira bai, ezertariko laguntza ta etsaikerizko gizarte illun baten menpean ain erakutsi ederra emon euskuelako lotsakizun barik euskerea maitekiro argitaratuz. Ba-dakigu goimallako olerkariak ez dirala, baña, beren tokitxoa bear dabe euskal alorreko Izendegian, euskera oinperatuaren aldezle ta serbitzari izan diralako.
Txori Kukuari buruz esakera asko dagoz. Kukuari txindorrak azten dautsazala umeak; txindorraren arrautzak jan ta bereak ipinten dauzala ta abar. «Kukuak egiten dau Maiatzean kuku, garagarrillean gelditzen da mutu».
KUKUA
1
Kukua dala
Misterioa,
Beti aboan
Ta beti illuna
2
Ez dala umerik
Ez da gazterik,
Kukuaz sarri
Mintzo ez danik.
3
Zarrak batera
Nai dute poztu,
Gaztetan legez
Entzunik kuku.
4
Txori artean
markesa dogu,
Berak umerik
Aziko ez du.
5
Baña iñudek
Arkitzen ditu,
Txoritxoetan
Beti erreztxu.
6
Kabiak duban
Iñudek duban
Txori au lakorik
Ez da munduan.
Aipagarriak dira baita AMA TA GUDA, GIZON BULARTSUA, JOSEPA-ANTONI (ipuin zarra) BERROBIKO BASERRITARRA, ONDARRABIKO SEMEAK, AUTARKI DIRUA, IRU ATSO, BUSTURIA.
1
«Busturiko erritxoa
Beti irriparrean,
Alai egoten zera zu
Itsas basterrean.
2
Zergaitik niri biotza
Lapurtu didazu,
Ixil eta leun, lapurra
Baziña legez zu?
3
Zergaitik Busturirako
Daukat detan lera,
Busturia yayoterri
Neuretzat ez dala?
4
Zergaitik bein Busturira
Neu eldu ezkero,
Abiña ta Sukarrieta
Ikus bear gero?
5
Abiña ta Sukarrieta
Txatxarra ta Leida
Busturiagaz zerate
Lur zoragarria.
6
Gizon euskaldun bikañen
Naigabe-oinkadak
Bikaindu ta omenduko
Itxaso basterrak.
7
Benetan zerate zuek
Baster omenkorrak
Ta Eusko biotzarentzat
TXOKO BEGIKOAK
Oarkari agertzen yaku IRU ATSO deritxonean:
«Iketza lez
Iñor baltzitzen
Iru atso zar
Badakitela
Nik non dabiltzen.
Goiko kalean
Arrats aurrean
Euren batzarran
Bizi guztiri
Narru kentzean.
Beti marmariz
Edo arguyan
Agiri dala
Ez dala mutu
Euren artean»
«Iketza lez iñor baltzitzen beti marmariz» ibilli baga goazeri orain MENDIGOIZALEA begiztatzera:
1
«Mendigoizale
Begikoa,
Goizean goizti
Mendik gora.
2
Gau illunean
Kukurruku
Gure ollarra
Asi yaku.
3
Egun sentia
Ganen dogu
Gaur egin badau
Kukurruk.
4
Mendigoizale
Yagi adi
Gugaz gurabok
Gaur etorri.
5
Goizeko izarra
Agertu dok
Zeñen ederra
Ikusikok.
6
Mendi ganetik
Guk Aberri
Egin biogu
Gaur ikusi.
7
Beti ederra
Dan Aberri
Mendi ganetik
Zoragarri.
8
Aberri ezik
Donokia
Mendi ganetik
Edertzen da.
9
Gure Abesti
Gozoenak
Mendi goyetan
Abestuak.
10
Asmo aberkoi
Sendoenak
mendi-gañetan
Artukoak.
11
Agur mendiak
Biar arte,
Zuen begiak
Dodaz maite.
Euskelzale, ta abertzale, ta Jaungoikozale agertzen dan gizon onen NEURE OTOITZA egoki dator emen:
«Begirunetsu
Gora ta gora
Doyan legeztxe
Kedats-lurriña,
Goiz arratsetan
Neure otoitza
Gorantz doyala
Jainko aurrera.
Otoitz-saria
Betor bai Jauna
Betor ugari
Gaxo onengana,
Neurri gabeko
Zeure errukia
Senda dagien
Neure biotza.
Txepetxari buruz be ederto osatu eban ta onela edestutzen dausku txori onen izaera:
1
«Ardurez betea da txepetxa
Ganera pizkor ta txikerra,
Ain iguindua izenagaitik
Ez da iguingarria txepetxa.
2
Guzurrez norbaitek esan eban
Gurutzea loitu ebala,
Geroztik guztin gorrotogarri
Orra beti txepetx gaxoa.
3
Zomorro txar kaltegarrieri
Bakar-bakarrik kalte eginda
Kabi eskutu ta bigunean
Asten dau umetza galanta.
4
Ardurek egin erazten dautso
Txarraat indartsu ta zorrotza,
Sarri kantari egonagaitik
Iñok ez maite bere doñua.
5
«Auts margoko txoritxu txikerra
Txoririk pizkor ta azkarreana,
Beti artuarren esker beltza
Beti dagizu egikun ona».
Olerkariak egindako gure lurraldeko txori-ipuñei amaierea emoteko Berderoyarena dakarkigu:
1
«Ardurez betea yagoten dau
Berderoyak kabia,
Oi! yagoko baneu neurea
Txori onen antzera.
2
Mutiko txikerra nintzela
Txorikumez betea,
Pozez zoratu arkitu neban
Txori onen kabia.
3
Lenengo aldiz nekusan, neuk
Arkituko kabian
Txorikume yantzi yantziak
Egarako aroan
4
Bota neutson esku baten
Egazka asi zanari,
Ni noz ats emongo berari
Bea bigun guren ni.
5
Nire txorikume gaxoa
Txori amea izan zan,
Eta nok azaldu daikea
Zenbat mintsu zebillan?
6
Erdi egaz, erdi narraska
Bere pii itunean,
An zebillan errukigarri
Neure aldamenean.
7
Eta itxirik txorikumeak
Amearen ondoan,
Ama-maitasunez oldozka
Etxera itzuli nintzan.
Bai erakusbide ederra olerkariak jazotako txori-amearen bere umeen aldezko maitetasun erakutsia!
Maruri onen antzera beste asko dagoz aztuta, ixiltzazko estaldurapean.
Areik egindako lana ez da alperrik galtzeko. Orregaitik alegindu, saiatu bear gara, tarte-marteka aurkitu leiteken zillar-urruterei aberasgarri apurrak euskera gaxoaren bizi-onerako maitasunez gizarteratzen. Gaur beste erabatera bizi gara eta elertiaren, olertiaren barrutian be ikaragarrizko abiadan egunik egun barrenduak gabiltza mundu aurrera-bidetuaren eragin azkarrean edo azkarregian iraultzaren iraultzaz oraindik berrikeri artean, gorpuztu edo opñarritu eziñik izkuntzarekiko oldoz erabilpenean.
Gure izkuntza zarraren olertitza, eraberean, aurrera-bidetua dabil egokitasun billa. Olerkari onak daukaguz, bat baño geiago, euskerearen alorrean. Baña, len-bidea aztu barik jokatu bear dogu ainbeste eragozpen ta loturakizun barruan gogo biziz, maitasunez euskera-alde lanpetutalco izenik apalenenak be gogoraziz.
Maruri-tar Erramun dogu bat, bere bizitza guztian euskerearen alde gogo ta biotzez arduratu zana. Bere euskerea maite bazuan be, besteak ez ebazan gorrotatzen. Berak diñoan lez:
«Izkuntz guztiak
ditut nik maite,
baño nerea zazpitan maite.
Euskaldun jayo
ta euskaldun il,
Amets ortantxe
nik bizi nai.
Ta, orrelako euskaldun langillei esker, bizirik dirau gure euskereak beren etengabeko aurrerabidean.
1985-ko Otsallean
|