Joalea
Undatz
Joale, joaleiño,
erriko beilaria,
laiñoan galdurik
soiñuen miraria.
Biotz-gogoan zaukat
olerkari neuria,
ekarstazu asperen bat
maitasunez eria.
Nire oroitz kutunenak
egan dagi zugana,
noizbait idoroteko
maite-maite nuana.
Ene amesen seaska
izan zindudazana,
jo niretzat barriro
zure brontzezko arrana.
Ekarstazu ostera be
amaren mintzo argia,
zerura nindaroan
bere eresi garbia.
Urrez bete egidazu
urteen uts andia,
eta zidarrez ase
zorion-egarria.
Zure abotsak dakarstaz
laguntxuen didarrak;
ai ene, non dagozan
galdu ziran izarrak...!
Garden dakastaz orain
sute alaiaren garrak;
geldi zaiteze enekin
atzoko irri-negarrak...!
Biotz-barruan zaukat
amesen kantaria,
jo egizu gaur niretzat
zure leiar-aria.
Apa-laztandu naizu
joaletxu neuria,
idoro daidan noizbait
nire oroitzen bitxia.
Esaidazu, joale,
larran ete kantari
kilker ijito areik
oi bezela ari ta ari.
Olan balitz, artuizu
nire biotz-eskari,
jo dagien niretzat
euren zidar-mirari.
Esaidazu, enetxua,
ume musu-gorriak
jolas ete dagien
arin ete biziak.
Ekarstazuz barriro
arein didar zoliak,
bare dakidazan g
aur bakartasun-zauriak.
Esan, dorre-txoria,
neskato begi-otzanak
oindiño ete dabezan
betseiñetan laztanak.
Il lakoak ziran,
palmondo baltzaranak,
lili garbi politak
gaur niretzat joanak.
Esan egistazu, arren,
joale abeslaria,
zutik ete dagoan
itzi neban abia.
Eresiz esaiozu
astiro ta garbia,
biotzean dodala
maitasunez josia.
Lastanduizuz maitero
nire guraso-obiak,
an bakean baidagoz
aspaldltik suntsiak.
Zure ots eztitsuekin
nire otoitz isiltiak,
bil gaitezan zeruan
betirako biziak.
Joale, joaleiño,
dorrean begirari,
aizearen altzoan
eresien sorkari.
Laztan naizu polliki
nire aingeru abeslari,
bear zaitut, ai ene,
nire atzoko oroigarri...!
|