|  
              
               
  
 
Izotz ondorena 
 
  
 
A. Beloki 
 
  
 
I 
 
Belaunak belaunari 
 
  
 
Agurrarekin batea 
 
zorionak ematea, 
 
beti izan da gure gogoa 
 
ta borondatea. 
 
Agur alaba maitea 
 
komeni da jakitea 
 
benetakoa dela guk 
 
opa dizugun bakea. 
 
  
 
Zorioneko eguna 
 
gaur iratzarri zaizuna, 
 
apal-apalik eskeini dizu 
 
bideko laguna 
 
Ta izenpetu dezuna 
 
maitasunaren gutuna 
 
arantz artean, bainan arrosak 
 
ugari dituna. 
 
  
 
Batzuentzat da baldintza, 
 
besteentzat ipuin utsa; 
 
neretzat oso garrantzitsua 
 
izan da ezkontza 
 
Eskaria ta eskeintza 
 
bihotz barruko baietza, 
 
sendiak sortuz munduai zutik 
 
eutsi dion hitza, 
 
  
 
Hau da gure gaztedia 
 
sendiko udaberria, 
 
norbaitek behar, zuk moztu duzu 
 
lehen lokarria. 
 
Zabaldu da iturria 
 
sortzeko belaunaldia, 
 
gaurtik eman nahi diogu 
 
gure ongi-etorria. 
 
  
 
Ez dut presarik zartzeko, 
 
azken tarbernan sartzeko, 
 
bainan konforme munduak daukan 
 
saria hartzeko. 
 
Betoz bilobak hazteko, 
 
zuhaitz zarra berritzeko; 
 
zuek ekarri, amonak jantzi 
 
aitonak zaintzeko. 
 
  
 
Gauzak ondo eta zuzen 
 
begira nola datozen, 
 
oraindik gutxi aiton bat 
 
banun ta ni haurtxo nintzen, 
 
Dena ari da aldatzen 
 
ni gaur hasi naiz ohartzen, 
 
laister gerala antzerki bera 
 
aldrebes antzesten. 
 
  
 
Aiton naizeko gaua 
 
aldarrikatzera nua, 
 
bilobak hartu belaunean 
 
ta ze bertso saiua. 
 
Parrezka jarri haur hua 
 
edo har erazi lua, 
 
bakar-bakarrik falta zaiguna 
 
azken titulua. 
 
  
 
Goibelarekin balantzan 
 
irria jarriz zalantzan, 
 
zerbait alaia nahi nuen kanta 
 
ez nekin zer esan. 
 
Badakizute nor naizan 
 
agur eta ondo izan, 
 
berez helduko dira gauz hauek 
 
has gaitezen dantzan. 
 
  
 
  
 
II 
 
Loiolako Irratiari 
 
  
 
Aberri sabel emankorrean 
 
kokatutako azia, 
 
erditze latz bat jasan ondoren 
 
or artu zendun bizia. 
 
Mende laurdena entzun zenetik 
 
zure lehen irrintzia, 
 
gaur bide lagun asko dituzu 
 
baiña bakarrik asia, 
 
mendi bideko argi bakarra 
 
zerizun lasta zuzia 
 
  
 
Itzali piztu, sartu irtenka 
 
bide askoko gidaia, 
 
irautearen atsa zertan dan 
 
ikasitako morroia, 
 
Zu itzalita ito naiean 
 
isekaz dabil etsaia 
 
baiña galtzadan oitua zera 
 
larre motzeko artzaia 
 
euskal senaren lurra iraultzen 
 
ari zeran erdi-zoia. 
 
  
 
Zure zainetan odol egarriz 
 
zulaka dabiltz eztenak 
 
entzun dituzun otso oiuak 
 
ez dira noski azkenak. 
 
Alaz gu zutik ta erne gaude 
 
zure entzule laztanak 
 
badakigu ta jakingo dute 
 
ondorean datoztenak 
 
nola bereiztu eta saritu 
 
zu iraindu zaituztenak. 
 
  
 
Egunsentiko agurrarekin 
 
jotzen diguzu ezkila
 
erderaz, baiña or zabaltzen da 
 
«Arrosaren leiatila». 
 
Meza santua erri fededun 
 
onen betiko kurpila 
 
eta jarraian aiton-amonen 
 
ta gaixo daudenen bila, 
 
eskertzen dizut oientzat 
 
duzun eguneroko opila. 
 
  
 
Ordurik ordu berri laburrak 
 
elkarrizketak noizbeinka, 
 
sariketaren giro alaia 
 
foru ta udalen sorta. 
 
Errietako albiste xeak 
 
idakoen azken kanta, 
 
Anjelusaren zubitik pasa 
 
ta orra or ordubata, 
 
zure berri on eta txar denak 
 
igotzen diren errota. 
 
  
 
Kultur urratsak, irakaskuntza 
 
musikarekin nastua, 
 
euskera landuz elkar lanaren 
 
betiko blde estua. 
 
Errosaiua, baserrigintza, 
 
kirola ta apostua, 
 
aozko literatura jaso 
 
bertso paladaz ustua, 
 
«Agur Jaunaren» ereserkiaz 
 
ederki aberastua. 
 
  
 
Soin azaleko estalkia da 
 
egin dizudan oiala 
 
jakin badakit zure barnean 
 
mami geiago badela, 
 
Baiña kondairak aztertuko du 
 
Loiola zure upela 
 
denen gogoa egin ez arren 
 
nik dudan uste apala, 
 
Euskalerriak zure bidea 
 
ongi ulertu duela. 
 
  
 
Zilar dominaz saritu leike 
 
zure atzoa ta gaurra, 
 
biarkorako agian zerbait 
 
dezu aldatu bearra. 
 
Erdal kutsua apur bat jeitsi
 
euskerai eman indarra 
 
orrek bakarrik bereizten gaitu 
 
ori da gure ikurra 
 
urre domina lortuko duzu 
 
torizu nere agurra 
 
  
 
  
 
III 
 
Zipitriaren ohorez 
 
  
 
Lengoan artu nuen 
 
zuen albistia, 
 
lenengotik ametsa 
 
zirudin guztia. 
 
Etorri bear nula 
 
gaur Donostia 
 
saria jaso eta 
 
au ez da txistia, 
 
geien kosta zaidana 
 
neuk sinestia. 
 
  
 
Amona zena ta ni 
 
biok «ssoro ssoro», 
 
labesu eta opil 
 
berdin gari-soro. 
 
Aurtzaroan neuk bizi 
 
izan nun ezkero 
 
idaztea nai nuen 
 
jakiteko gero, 
 
bainan ordez saririk 
 
ez nuen espero. 
 
  
 
Nere aurtzaroaren 
 
urrats nabarmena 
 
ilunpetan galtzea 
 
au zan nere pena. 
 
Bidez, euskerarentzat 
 
ez al da omena? 
 
Ai! Bizirik bazeunde 
 
gaur nere amona 
 
sari au banatzeko 
 
biok erdibana. 
 
  
 
Zipitria nai dizut 
 
sekretu bat erran 
 
sortu nintzan baserri 
 
artako ganbaran; 
 
aspaldi itzaldi bat 
 
zenuen zuk eman 
 
gaur eskertu nai dizut 
 
al nezaken eran, 
 
konturatu zaitezen 
 
zeinen lagun geran. 
 
  
 
Amak eman oi zidan 
 
zurearen berri, 
 
ni oraindik ez nitzan 
 
mundura etorri. 
 
Zure itzak jan nitun 
 
ao ta belarri, 
 
naiz ta gaur ez dizudan 
 
lorerik ekarri 
 
inoiz ez dut aztuko 
 
zure urrats ori. 
 
  
 
Maite izan zaituzten 
 
betiko lagunak 
 
zuretzat eratutzen 
 
dituzte omenak. 
 
Zu baitan idazteko 
 
ipuin ta poemak 
 
batez ere aurtxoak 
 
egin dituztenak, 
 
oiek dira zuretzat 
 
lorerik onenak. 
 
  
 
              
              |