|  
              
               
  
 
Manterola-tar Gabirel 
 
  
 
Muniategi-tar Sabin 
 
  
 
Manterola-tar Gabirel. Zeanuritarra. 
 
Gorbeiaren sorbaldape osasungarrian 
 
sor ta zuzpertu zan aren gogamen goitarra, 
 
baserri lurrunezko erri ikusgarrian. 
 
  
 
Aritzak, pagoak eta gaztañadi ederrak, 
 
goiberatu ziran beren negu ta bai udaz 
 
aren mutil-aroko osertz, etxe bazterrak 
 
orduko artzaingo eta arto garitzakaz. 
 
  
 
Bere ikasketak gero, Gazteizen egiñik, 
 
ogeitalau urteko zala abadetu zan 
 
erriaz eta euzkereaz maitemindurik 
 
abadetzazko gurutzea leporatu eban. 
 
  
 
Ogeitabi urte luze Eibar'en jaupari, 
 
eta, beste amar bat urrun, an, Ingalandan, 
 
kristautasun eta Aberriaren mezulari 
 
azkatasun itxaropenezko maite-dantzan. 
 
  
 
Amaren aoz aren biotzean euskerea 
 
sartu ta betikotu zan errotsu ta, sendoro, 
 
amaren laztanpean maitasunez gozoro 
 
ikas izandako arbasoen berbetea. 
 
  
 
Argia argitu zan aren gogo argian 
 
ta, sinismenezko indar eta sentipenez 
 
mintzo errikoi ta laztan maitagarrienez 
 
janaritu zan Jaungoikozko iturri garbian. 
 
  
 
Ta, euskal senez ekin eutsen lanari, gogoz, 
 
Jaungoiko-Zalen, Ekin'en, Yakintza'n ta, abar, 
 
benetako gogo, zintzotasunez, su ta gar, 
 
euskerea argi ta garbi jasotzeko asmoz. 
 
  
 
Adimena argi, biotza sutan, labe gori, 
 
ipuiñak, bertsoak, goi-izpidun arnasaz 
 
idatzi ebazan errezkiro ta ugari, 
 
apaltasunezko bizitasun eder bataz. 
 
  
 
«Aterki» izeneko olerki begikoan 
 
diñoan lez zelan izten dan bazter batean, 
 
erdi aztuta euririk ez dan bitartean... 
 
Arek ez! Euskerea beti zeukan bai, gogoan! 
 
  
 
Bere garaiko gizon on, abadea dogu beti, 
 
apal, zintzo, Erri ta, EUSKERA alde, 
 
ta, guk, emen, aren izena aintzaz omendu 
 
txalotzen dogu, emen balego bezelaxe!! 
 
  
 
Beraz, oroimen agurrezko txalo bero bat 
 
deskatzue, ill-arte euskeraren gurtzalle, 
 
benetako euskalari eta olerkide, 
 
izandako Manterola-tar Gabirel'entzat!! 
 
  
 
Larrean. 1986 
 
  
 
              
              |