|  
              
               
  
 
Egiaren lekuan, gezurra nagusi 
 
  
 
Enbeita tar Balendin 
 
  
 
Barruko kezkak itun narabil 
 
eta ezin naz alaitu, 
 
nere barrenak asetu nai dau 
 
eta ezin da nasaitu, 
 
guzurra argi ikusten nago 
 
egia ezin argitu, 
 
arrazoi bidez justizia nai 
 
eta guzurrez zigortu. 
 
  
 
Zelan oinpean egon leiteke 
 
egiaren altasuna? 
 
Eta gezurra beti garaile 
 
nundago zuzentasuna? 
 
Nun da egien alde hil zana 
 
Jaungoiko Seme Gizona? 
 
Inundik ez da erantzupenik 
 
dana da ixiltasuna. 
 
  
 
Nun dago baina kontzientzia? 
 
Baztarrean dabe utzi, 
 
Gizatasunen balioa nun? 
 
Osuan egin da jatzi. 
 
Eta Kristoren irakatsiak? 
 
Ez dauka hainbat garrantzi, 
 
gezurra izan ezik besteak 
 
diruak ditu iruntzi. 
 
  
 
Egi gaxoa baztertua da 
 
langile pobrientzako. 
 
Eta gezurren urre zidarra 
 
kapitalistarentzako 
 
Bihotzik bako injustizia 
 
lotsa bakoarentzako 
 
kontzientzia, ogi gosean 
 
dagon gixajoentzako. 
 
  
 
Bakardadean zalantzan nabil 
 
egiaz jaubetu nairik, 
 
Baina inundik ez dot ikusten 
 
egi aldezko biderik. 
 
Injustizia eta gezurra 
 
daukaguz goiak arturik. 
 
Aita Goikua, zuk zer dinozu? 
 
Egiak ez dau jauberik? 
 
  
 
Zalantzan nabil eta ez daukat 
 
inun ere leku onik, 
 
gaur egunian egiak ez du 
 
iñogaz hartu emonik. 
 
Eleiz buruai Itandu eta 
 
ez dogu erantzupenik, 
 
hau ikusita ezin esan lei 
 
Jaungoikua dagoenik. 
 
  
 
Euskal Herriai agintariek 
 
berea dautze ukatu. 
 
Eta Eleiza buru batzuek 
 
ukatze hau ontzat artu. 
 
Kaifaz ta Anaz izan baziran 
 
Kristo ebenak salatu 
 
Euskal Herriaz egin dabenaz 
 
ezin legike harritu. 
 
  
 
              
              |