Sor lekhia
Batixta Borthiry-Salla
1
Bere sor lekhiari bethi zerbait zor da,
Nik eman nahi deiot bizpa hirur kobla;
Etxe xuri ttipi bat aldian bi borda,
Han irus igaran düt ene haur denbora.
2
San Josefen oihana eta Erroimendi,
Arratako bixkarra, bai eta Bürkhegi,
Oro ageri dira ene etxondoti.
Udan berde berdia, negian aldiz xuri.
3
Haurreko egün goxuk xokho maite hortan,
Nik igaran izan tüt mendiaren zolan,
Aita ama huneki, oro laborantxan,
Ni bosgerrena nintzan hamar aurhidetan.
4
Haurreti gust banian breset berrietan,
Nula aita guriak goldenabarretan,
Errabian beharrez ari lan orotan,
Fantesia banian salbü artho jorran.
5
Anaia hasi denin ahen behieki,
Bata dü mantsoegi, bestia hez berri;
Aberen deizalia nun den ez ageri,
Hen planta ikhus eta egiten düt erri.
6
Ttanpa ttanpa ari da eihera xaharra,
Aiten aitek egina han behar bezala;
Bi erreka ttipitto jinik algartara,
Bien medioz badü behar din indarra.
7
Eiheratik arratsen asto beltx azkarra
Zakü xuri bat gaiñen dua peti gora;
Biba alhorrak eta eihera xaharra,
Ogirik ezpadate, badate mestüra.
8
Nik ez dütüt berritan, ene haur denboran,
Zagollak gibeletik higatü eskolan;
Ardüra-ago nintzan ni mendi maxelan,
Ardien bazterrian khanta errepikan.
9
Khantore zaharretan behin nintzan hasi,
Ardiak juan zeiztan berak mendiz mendi;
Bidia bazakien nik beno hobeki,
Anaie gehienak beitzen erakatsi.
10
Gure llabrit xaharra orthütsik da bethi,
Eztiki badabila othier ihesi;
Nik manhatü bezala jin zait ardieki,
Harek, gaixo txakürra, zer eztü merezi...
11
Errepikan etxerat arrats aphalari,
Aita akhitürik da alharzian jarri;
Eztü erraiten bena goguan haiñ sarri,
Ardiak eder eta artzaiña khantari.
12
Oro biltzen girade ülhün ñabarrian,
Ferretak argitzen dü gure sükhaltian;
Uthürriko bidian, argi azkorrian,
Urhia bezaiñ holli, amaren bürian.
13
Bedatsian txoriek goiz die khantatzen,
Ait'amek ez dütie ohetik entzüten;
Ixil ixila dira goizago jeikiten,
Haurrak beilhitü gabe zunbat lan egiten...
14
«Jeiki, jeiki» hasten da bai ama guria;
Ekhi jeikitzia da haurren thenoria,
Goraki khanta ezak, kanpoko txoria,
Nik entzün eztezadan amaren oihia.
15
Nahiz eta anaiak ezkiren agüdo,
Arrebak ez dirade jeikiten aisago;
Txipienak, pruntenak, ohetik hau dio:
«Ixilik ütz gitzatzü othoi lo gireno.»
16
Ama guriareki deüse ez da galtzen,
Erri bat egin eta berriz beita hasten:
«Haurra, lo izan bahintz ehian entzüten.»
Nik ere hala hala nian phentsatzen.
17
Udan ixurten dügü biga bost izerdi,
Artzaiñak egiten dü bortü goran erri,
Ez da ez arrenküra etxen zer den berri,
Phetiri Santz ez badü hüllantürik sendi.
18
Bortian bag'ostua erorten da hasi,
Orhik ere motthua xuririk dü jauntsi;
Anai ardieki botzik da eraitsi,
Orai lanin gureki beharko dü ari.
19
Negüko arratsetan dügü lana franko,
Aitak badü beste bat gük bat egin baiko,
Ardi, abere eta bohor, asto, mando,
Txakürra baizik ez da kabalerik kanpo.
20
Lau hogeien artian gure ardi beltxa;
Hameka behi eta bizpalau bigantxa;
Adina jin deneko badüt esperantxa
Ehün pixtola dothe, biba laborantxa!
21
Hamar bat txipi handi gure süthonduan,
Aita züzülian da pipa bat ahuan,
Breset hoien muldatzen ni beste xokhuan,
Bihi batek ez daki zer dudan goguan.
(Larrañen, 1908-an eginik)
|