Kurioso horri
Kapi
Ieup,
Zuk hau irakurtzeko baino zu nor ote zaren kuriositate haundiagoz hasi naiz betetzen nere "inprobisazioaren" zai dagoen paper egarbera masokista hau.
Urriki zaitez nitaz, irakurle hori, eskuetara ailegatu zaizuna lehendabiziko aldiz ari den honen hamaikagarren saioa izan daitekeela pentsatuz. Gizarajo mixerablea ni!
Hementxe naukazu, zeri jo ez dakidala, barreneko denak bor-bor. Soldaduskarako treneak, burukamur, leihotik paisaia ezikusten, suertean tokatu zaion zulo beltza gogoan daukan nobatoaren larruan sentitzen naizelarik. Abentura honek nora naraman batere garbi ez dudala, hitz bakoitzean geldialdi amaigabea eginik.
Bertzerik ez den bitartean, oposiziorik gainditu gabe, entxuferik ez da tarteko, nahi dudalako, neure burua erresuma honetako Gutunlari Ofizial izendatu dut.
Hala ere, ongi pentsatuz gero, hagitzez hobekiago legokidake Atxaga-ren Bela Kabela-ko postari aldrebes "horietako" batena egitea, gutunak banatzea alegia,... bainan, zer nahi duzu, Bela Kabela-n baino gauza xelebreagoak gertatzen dira bazter hauetan.
Ahaldenero, eta neronek nola ez dakidala, izanen nauzu txoko honetan, "auzolanean", zeregin badela ta, apologista hutsa bihurtu nahi ez dudalarik, gurearen apologia eginez. Alde Zaharreko lauxaduran gure gisako pizti bereziek ere hanka finkatzen dutela adierazi nahirik. Ea arraultzearen oskola hausten dugun, lotsak era "lotsak" erre, eta elkarrekin zurrutada batzu egiteko gelditzen garen.
Hainbertzeraino ausartu ondotik nor naizen bederen agertu beharko dut. Bada, pentsa ezazu zango bat Larun gainean bertzea Labiagako kaxkoan era pixa eginez Bidasoa sorrerazten duen kankailua naizela. Edo bigarren aipatu mendi horren tontorrean barna ibilki den haizearen espiritua. Bago guztiak eta bar berexiki maitekiroago musukatzen duen haizea. Bidasoaren ur adatiar ixiletako negal kantaria. Lamixene errekako lamin pertxenta. Altzateko jaunaren jopua, Zagit, Ganix edo Abinareta.
Atrebentzi soberaxko, ez?
Xuxenago ariko nintzateke, ordea, guzti horien kontenplatzaile enamoratua deklaratuko banintz. Harrobi eta meatzuloetako, harrautsez, fabrika zahar berrietako erritmo nekagaitzaz, baserritar sufrituaren mesfidantzaz, tratante-kontrabandista-merkatarien filosofiaz eta, behar bada, arestian aipatutako guzti horien hauts majokoaz eginiko cocktailaren zaporea eduki lezake nereak. Eta bertze hamaika konposagairena ere. Haizea aspergabe baitabil harat-hunat, eraman-ekarri garraio lanean. Eta gu orbelak izaki.
Hiria izatera ailegatzen ez den zorionez Iruñea zaharraren argi dizdirak itsutu ez nauten herrietara. Zango bat han bertzea hemen, bainan oraindik hango, dudarik ez, usaia. Ez dut arras laketzen. Nahiz eta hamar urte pasa izan hemen. Aisa mugitzen nahiz bainan ez dut nere baitarik deskonfiantza pittin hori uxaltzen ahal, nolabaiteko ezerosotasun pixarra, gure honen kaleetan barna xistuka paseatzen ibiltzen naizalarik. "De pueblo que es uno!".
Horratx nere aurkezpen karta. Hemen erranikakoarekin naizenaren trazak hartzen ahal dituzu. Zernolakoa naizen edota nolako itxura eman nahi dudan. Honi eta ondoren etorriko direnei esker jakiten ahalko duzu, nolabait antzemanen, "Kapi" honen nondik-norakoak.
Beno, zenbait orri zikindu ondotik, niri luzea iruditu zaidan ausnarketa honi akabera eman nahi nioke. Ez dakit zuri zer iruditu ote zaizun, honaino iristeko balorea izan baduzu. Kuriositatea baldin bazenuen, nik egin ohi dudanaren arabera, hasiera eta azkena irakurri izanen dituzu, behinik behin, edo irakurtzen ariko zara une honetantxe. Kaixo, motel! "Allá va la despedidaaa!". Aizu, bertzerik ez, kuriositatea dezepzio ez dakizun bihur desiatu bakarrik, eta ea hurrengoan ere zure begi gosetatik aurkitzen ditudan nere, gure, honi begira. Hurrengorarte bada....
|