Azken bolada hontan Ipar Afrikako herrialdeak Tunez, Argelia, Marruekos ari dira bihurtzen zenbait bidaiariren helburua. Hurbiltasuna, diru kontua, exotikotasuna exotikeria batzutan dira pisu gehien duten arrazoiak haraino heltzeko aukera egiterakoan.
Honez gero, mota guztietako panfletoek bidai ajentzienak, gidaliburu "konbentzional" eta "progreak" Ipar Afrikako herrien mirariak abesten dizkizute; "Abenturaren deia", "Paradisu eguzkitsua", "Beste zibilizazio baten aztarna" "Zu bezalako abenturazale-tronko-listillorentzako leku aproposena", "Zokoren kolore eta usain liluragarria"... eta nahi dituzunak.
Bakoitzak bere merkaderiak ahal duen moduan saltzen dituela lege ezaguna da, hala ta guztiz ere ez du pena merezi "slogan" hauen mezuez gehiegi fida.
Horregatikan ere ez du pena merezi lerro hauek idazten dituenaren eritziez gehiegi fidatzea ere. Hauek, Marruekosko Iparraldetik eta Tunezko kostaldetik egindako bi bidaien eritziak dira, besterik ez.
MARRUEKOS
"Medin"en goxotasunak aipatuak izan dira maiz; "zoko"aren kolore eta usaina, etxeen txuritasuna, txoko miresgarriak, "muezzin"en abotsa Mezkita gainetik otoitz egiten Mekara begira, biztanleen abegikortasuna... Inork ez du aipatzen, baina, zenbait etxeetan pasatzen den gosea, katuek gauez jaten duten zabor piloen usaina, miseria... eta gainera, aintzineko "muezzin"ak desagertu egin dira, orain bozgorailuak abesten du "muezzin"en ordez. Bertako jendea, nahi ba duzu eta nahi ez ba duzu ere bere etxeetara eramanen zaituzte, bere janaria zurekin banatuko dute, bere txilabak salduko dizkizute eta ikusiko duzu thé bat hartzea gonbidatzen zaituzten bitartean moruak bere emaztea jotzen duen modua. Abegikortasuna?... Bai, gehiegi nonbait. Marruekostarren abegikortasun hori urrutiago bait doa. Bere mixeria kanpotarrei erakusteko modu bat besterik ez da. Batzuetan, zure lotsarako erakusten dizuten bizi modu bat, okzidente dela erruduna adieraziz irrifar apal baten bidez. Marruekostarrek bere bizi moduaren aspektu guztiak erakusten dizkizute, inolako ahalkerarik gabe. Nahi ezkero, "Medina"ren txoko eta etxe guztiak erakutsiko dizkizute, horko biztanle batek gidatzen zaituen bitartean; Azkenean, "Medina"k izugarrizko puta bat bailitzan bere bazter guztiak erakutsi eta eman dizkizu, ordea zure diru apur bat erosten gasta dezazun txilaba bat, eskuz egindako pipa bat bakarrik eskatuz.
Salbuespen bat dago bakarrik: Mezkitak. Sakratuak, ezezagunak, gogorki gordeak, bakarrik bat edo beste daude irekita turistentzat eta hau Marruekos guztian eta ezin da inolaz ere ikustera sartu, are gutxiago musulmanek bere otoitz eta erritoak egiten dituzten bitartean. Ikusgarria den bat, Meknes-en, Moulay Ismail-en mausoleioa
Marruekos eta Espaina arteko harremanak zailak izan dira (eta dira orain ere) beti. Iparraldean; Rif-en, orain dela hirurogei bat urte izandako gatazken zarata edo odola Annual, Drius, Mont Arruit aidean daude oraindik eta batzutan, ustekabean, esaldi txiki batetan edo herritar batek ziztuka botatako musika doinu batetan agertzen dira gaurkotasuna instant batez errekuperatuz.
Gu geuk ere gure perexil sorta ipin genezake saltsa honetan:
"Maiatzian zan siñalamente
goguan detan eguna
moro oiekin guk azkeneko
batalla egin deguna
inork ikusi gabetandikan
sartu ziraden barrena
il ta eritu lur estalian
nork ez du izango pena
sustorik ere makina bati
galdu zaio osasuna".
Bestalde denok dakigu, jakina hor daude oraindik Ceuta eta Melilla. Ba da komeria hori ere.
Eta txokolatea? Eta gameluak? Eta turbanteak? Bai, bai, lasai, ba dira gauza hauek ere. Eta laranja zumoa, izugarrizko laranjadiak ah, zer usaina, laranja loreak, azaharrek botatzen duena udaberrian eta sandiak, eta fruituak eta zoko eta azokak, eta autobuseak, eta erregateoak, eta tratuak, eta eta eta... eta bukatzeko olerki txiki bat:
Atbir ntama nessur, arialla igellin
Mat iaghen? Mat issallan? izra tibirin.
hau da
Kaiolako usakumeak negar egiten du, dohakabea
Nork zauritu du? Nork negar erazten du? Usoak ikusi ditu.
TUNEZ
Izugarriko hondartza bat. Luze luzea. Erdian, hotel moderno eta handien parasolen babesean, alemandar errubio eta txuri batzuk pomadaz igurtzen dituzte gorputzak. Haien inguruan, area garbia, lekua, tokia, espazioa... lasaitasuna eta atsedena. "Koto" horretatik berrogeitamar metrotara, kriston jendetza bat pilatzen da are gainean. Jantzikak, biluzik edo ahal duten moduan, uretan sartzen dira, Zoluan, sandien azalak datzate. Oihu eta karraxiak. Bronka. Jende multzoaren erdian, bikote bat, europarrek baina latina itxuraz euskaldunak ote? eserita daude itsasora begira. Haien aurrean hamabi urtetako neska mutil batzu ari dira jolasten. Bultzaka, lurrera bota, altxa, parrez. Geratzen dira une batez eta neska batek azkar hitz egiten dio mutil lirain eta ia ia beltz bati. Jolasak jarraitzen du. Lasterketak, are-malutak bokata. Mutiko batek gaizki kalkulatzen du eta, erortzen, erdian eseritako europearraren kontra jotzen du. Hau desekilibratzen da eta ahoa irekitzera doa, protestatzera. Baina hitzik atera baino lehen, gezi bat bezala, mutiko erdi beltz liraina erditik pasatzen da, korrika, eta gorputza makurtuz esku batez hartzen du bi europarren artean zetzan kartera. Europearrak erreakzionatzen du, altxatzen da, hasten da korrika... baina berandu. Mutikoa galdu da jendearen artean. "Oi, ene dinarak" pensatzen du dohakabeak.
Gauez, bikoteak lagun bat egin du. Bertako moru txiki bat. Honen gomendioz, neska bainuetxe batetara doa. Hor, moru emakume bulardun batzuk parra egingo dute bestearen ezjakintasun eta mugimendu dorpeak ikusterakoan. Bitartean, gidatzen du europearra medinako kale hestuen zehar. "Zatoz ikustera les femmes de joie". Kale hestu hestu bat. Rue Sidi Abdallah Gueche. "Hostia, Tarzanek ezin izango luke hemendik pasa", pensatzen du europearrak. Baina irudimena joaten zaio hor ikusten diren emakumeak begiratuz. Kaleko bi ertzetan, gela txiki batzu. Atarietan, emakume zaharrak, kolorez jantzitak. Inguruetan mutil, gazte eta agureak lerrokada batetan, esperon, txanda ailegatu arte. Desio begietan. Parrak eta abotsak. Batek pasatu nahi du espero gabe. Beste batek lepotik hartu eta atzera bidaltzen du. Bronka, istilua. Emakumeak sartzen eta ateratzen dira, bakarrik edo bezero batekin. "Hauexek ditut putarron beteranoak" pensatzen du gure protagonistak. Zein emakume, pottolak, ditiak erakusten, probokatzen. Eta zer nolako bularrak! Eroriak, luzatuak, handiak, bai, globo bat bezain handiak. Lerroan dagoen hamabi urtetako mutiko batek begiratzen du europearra. Honek begiratzen du ere mutiko beltzaran, erdibeltz eta lirain hori... Moruaren begirada desbideratzen da. "Goizeko lapurra ote?" pensatzen du gure protagonistak. Karraxiak berriro. Puta burusoil batek mutil bat ateratzen du bere gelatxotik, bultzaka. Europarrak ahaztutzen du mutiko beltzarana. "Zer da hori?! Zer letxe da hau?! Zer demontre ari naiz hemen?! Non nago?!"... Eta Tunezen zegoen.