Literatura de viajes
Praha(ra)n
Pello Lizarralde
Apirilak 7, Nürmbergeko geltokia
Goizeko hamarrak aldean ailegatu da trena Strasbourga. Hamar minutuz gelditu da. Bidaiari batzuk frantsesez eta alemanez mintzatzen dira. Nire ondoan eseri den neska hizketan hasi zait. Frantsesa ikasten omen du eta bere gurasoekin pasatu behar omen ditu oporrak. Nire bidaiarako plana oso tristea iruditu zaio. "Inor ezagutzen al duzu Prahan?". "Orduan zertarako?". Ez diot esplikaziorik eman. Baden-Badena iritsi gara. Atsoak eta agureak jeitsi dira batik bat. Neska ez da ixildu. Nire oporrak direla eta kezkaturik zirudien. Gauzak errazteko asmoz lauzpabost esaldi idatzi ditu bere koadernoan Nürmbergeko takilakoari erakuts diezazkiodan. Praharako trenaren berri emanen omen dit hori eramaten badut. Rebisoreari ere zenbait galdera egin dio ile hori horrek. Ederra zen. Kolonia gozoegia zeraman; haurrei ematen zaien horietakoa.
Thomas Bernharden "Ja" hartu dut berrirakurtzeko. Leihatilatik ikusi dudanak irakurketa dastatzen lagundu nau. Paisaia igandeko arratsalde eternu bat da, bizilagunek arbolen punten mailan jarriko bailute begirada. Ez goitiago, ezta beitiago ere.
Beste tren bat hartu behar izan dut Sttutgarten. Bi ordu t'erdiko bidaiaren ondoren jo dut Nürmberg. Oraindik ez du hotz handirik egiten. Informazioko leihatilara abiatu naiz. Nire aurrean jarri den mutila luzea da eta patinak daramatza gainera. Galdetu eta gero ziztu bizian zeharkatu du bestibuloa. Gauerdian da Praharako trena. Sei orduz itxoin behar. Geltokian ez dago jarlekurik, ezta konsignarik ere. Kaleak ezagutzeko asmotan irten naiz, gehiegi urrundu gabe. Iluntzean taberna batetan sortu naiz. Edari bero batek mesede ederra eginen lidake, baina kamareroak garagardoa besterik ez dela esan dit. Kristoren edontzian ekarri du. Emigranteak gehineko dira. Bost edo sei neska lodi dabiltza mahaiez-mahai mutilak berotzen. Agudo asko eraman dituzte handik. Ondoko mahaian turko bat eskua jasota. Kamareroak serbi ziezaion saiatu da eta ez du deus ere lortu, nahiz eta hura aspaldian ohartu. Gramolara hurbildu diren batzuk Pretenders eta AC DC jarri dute.
Ogitarteko bat jan dut Geltokiko hamburgerrean. Irten eta gazte epileptiko bat nabaritu dut lurrean etzanik. Bere lagun gazteak matrailhezurra eutsi eta animuak ematen dizkio. Dozena bat kuriosok inguratzen du bikotea. Ondoko tabernan kafe bat eskatu dut. Beste bezeroek garagardoa edaten dute. Atso batek ostian iskanbila sortu du behar den neurria eman ez diotelako. Bi edo hiru edale bakarti etengabeko monologoan ari dira. Berdez jantzitako (sonbreru, pipa, polaina eta guzti) aleman tipiko bat eseri da nire mahaian. Ikaragarrizko hitz-jarioa zuzendu dit. Ez dut ja ulertzen eta berdin zaio. Italiano bati deitu dio. Siciliakoa da eta ez du italianoz hitzegin nahi. "Prima Italia" errepikatzen du. Alemana eta bera, Colonen sorterriaz eztabaidan hasi dira. "Cristofono Colonibo era genovese". Bere filosofiaren gakoa eskeini dit italianoak. "Va bene si puoi orinare". Kanpoan zinema pornoko azken saiotik irtendako ikusleak biltzen dira. Liburudendako eskaparatean Rilkeren antologia ageri da best-sellerren artean. Ia hutsik dago geltokia. Bikote batek alaitu dit azken ordu erdia. Agure ttiki batek eta ejekutibo batek osatzen dute. Ejekutibo trajedunak hidrogenozko globo bat zeraman eskuan eta Boltsako kotizazioei begira egon dira luzaro. Hamasei bat urteko mutil baten itzala ikusi dut andenera daramaten eskilarapean. Inork ez bezala astintzen du adatsa eta tolesten zangoak. Aspaldi ikusi dudan itzalik ederrena.
Ailegatu da trena.
Gauerdia. Praharako trenean
Leher eginik etzan naiz departamentuan. Bi alemanekin batera egin behar dut bidaia. Ama eta alaba dira. Honek frantsesez daki. Alde batetan eseri dira biak eta bestea osorik utzi didate lo egin dezadan. Ez dakit noiz, baina polizia alemanak esnatu nau pasaportea erakuts niezaion. Lo nengoen txekoak sartu direnean ere. Hauen kontrola ikaragarria izan da. Bost bider etorri zaizkigu. Motxila miatu dute. Letxe txarrak lokartzen lagundu nau. Egunsentiko lehen argiek Praha erakutsiko didate.
Apirilak 8. Praha. Prazské kafetegian
Ibar ilun batetik barrena doa trena egunsentiz. Hibai baten paraleloan abanzatzen du, baserri isolatu batzuk dira nabar daitezkeen etxebizitza bakarrak. Prahako periferian azaltzen dira lehen biziguneak. Laino mehe batek estaltzen du hiria. Zubi luze bat zeharkatu du trenak. Prahan jadanik, Moldavaren gainetik. Geltokian ikatz usain sarkor bat datorkit. Keak paretak ilundu ditu. Atalondoan tiobiboak baino buelta gehiago eman dut. Ez da gauza erraza informazioa lortzea. Oso goiz aldegin dut geldokitik. Ia lehenengo kalean tranbien trafikoak ustegabean harrapatu nau. Ez dabil trafiko asko, baina ibilzentzu bera daramate maiz autobusek, tranbiek eta automobilek. Bufet batetan egin dut hamarretakoa. Moskun zetozkidan usainak errepikatzen dira toki hauetan ere. Saltsek eta zigarroen keak sortzen dutena. Jendeak ez du denbora asko pasatzen erremolatxa zopa gorria irensten. Vinohrasdska kalearen eskuineko espaloia jarraituz Vaclavské abenida aurkitu dut. Hirian den mugimendurik handieneko kalea. Gero ezkerra jo dut, beheruntz, Prahako ghettoan sartzearren. Plazara iritsi aurretik diren karriketan ez dago dendarik. Zurezko ate eta leiho zaharrez itxita ageri dira bajera gehienak. Argi gutti iragazten da beheraino. Bi edo hiru arkuren azpitik pasatu behar da. Grixa nagusitzen da. Udaletxe aurreko plazaren erdian dauden jarlekuak gorriz eta horiz pintatu dituzte. Aurrez-aurre XVI.gn mendeko udaletxe judua. Ez dira amoranteak eta usoak falta, baina ez da ohizko lasaitasun bat, erabateko astuntasunean murgildurik gaude, Bouschen lurraldean. Lau sinagogek (Zahar-Berria, Klaus, Garaia, Pinkas) eta kanposantu zaharreko hogei mila juduen hilobiek inguratzen gaituzte. Ez ninduke oraintxe inor besarkatzeko desioak astinduko. Ez du honek nahiko kemenik kutsatzen. Ausardiak muga gehiegi topatzen du.
Parizka kaletik abiatu naiz. Honen bukaera Cecha zubiaren hasiera da. Ur gaineko begietan bi dontzeilen eskulturak, zuzi bat dutelarik eskuetan. Moldavaren ertzeko gabarretan ez da inor ageri. Hibaiaren bestaldean ez dabil ia automobilik. Letenské Sadyraino eramanen nauten eskilarak hartu ditut. Ezkerreko zuhaixken artetik petalo handiko lore hori batzuk bereiz daitezke. Tarteka berreskuratu dut ixiltasuna. Ez da oso luzea hango harmaila. Plataforma baten gainean azaldu naiz. Seguruaski Praha ikusi ahal izateko talaiarik egokiena. Behean Moldavaren kurba zabala eta ur ertzaren bestaldean hiria. Hordago. Desolazio zaharrenean, Praha. Europako buru trenkatua, aintzinako arimaren maistra. Hemen ez dago ezer erakutsi beharrik, ezta saldu beharrik ere.
Hegitik segituz bidexur bat aurkitu dut. Hanavsky Pabeiloiraino eraman nau. Tesary deritzan restaurantean bihurturik dago orain. Agure batek goroldioa eta belarrak kentzen ditu jauregi romantiko honen eskilara eta hormetatik. Sarrera nagusiko rotondan pilatu dituzte burdinezko silak eta mahaiak. Kupula berdexka da zuhaitzek estaltzen ez duten zati bakarra. Inoiz hain maitatua sentitzen banaiz oinaze gozo honetara ekarriko dut bestea.
Paraje hauek, zorionez, ez dute inausketarik jasan behar izaten. Ixiltasuna sasiarteko xoxoek pikatzen dute, hosto idorrak mokoka higitzean. Ez dira uxatzen eta oinetaraino heldu zaizkit. Bi bide berri jarraituz ailega zaitezke Belverdere aurreko basora. Arkupe azpiko pareta pikatzen ari da langile bat. Soldaduak daude beste aldeko "Iturri kantariaren" inguruan. Gazteluko plazara iristeko hesi luze baten ondotik ibili behar da. Hementxe ezarri dituzte egoitza ofizialak, plazaren mugak markatzen dituzte eta eskaiolazko laberintu bat eraiki dela dirudi erdiraino heldu aurretik. Oso berandu bukatu zuten katedrale hau eta aldaketa asko jasan behar izan du. Beltza da, Beltza harria. Kriptatik irten ondoren ofizioa hasi dute.
Astiro zeharkatu dut plaza. Ministeritza bat uste dut dela hospe handirik gabe soldadu batzuk gordetzen duten hori, berja barrokoen atzetik. Hiri zaharraren perspektiba galdu gabe. San Nikolaseko eliza barrokoaren aurretik pasatu naiz, presaka, jadanik somatzen ditudan ttantten amenazotik urrundu nahiean. Manesnuko zubian, harrapatu nau eurijasak. Gogoz busti naiz, Ghettoko taberna batetan serbitu didaten kafea hauts hutsa zen, baina on egin dit. Trafikoa, batzutan, erabat gelditzen da eta une horretan teilatuetako usoen urrumak ere adi daitezke. Jende asko ikusi dut eskuan zumezko makilatxo duela. Kolorezko zinta batzuk dira puntan. Festan erabiliko dute, baina ez dakit ongi nola.
Beltzez jantzi naiz hotelean. Kanpoko mugimendua nabariro guttitu da. Hotel baten aurretik pasatzean rock txar baten notak bereizi ditut, gazte pila bat dantzari arrainontzi baten tankerako diskoteka batetan. Hoteletik hurbil kafetegi zahar bat aurkitu dut. Argiek giro urreztatu bat ematen diote. Atearen ondoan eseri naiz, bionbo bat da eskuinaldean. Bertatik ateratzen dira kamareroak. Hondoan, dontzeila baten irudiaren azpian, iturritxo bat. Uraren zurrumurrua datorkit aldiro. Bertatik ateratzen dira kamareroak. Hondoan, zurrumurrua datorkit aldiro. Behatzak pasatu ditut marmorezko mahaitik eta jarlekuetako tela gorritik. Eskuinaldeko hiru palkoak hutsik daude. Nire atzean, ate gainean, eszenario bat izan daitekeen zerbait. Bezeroen artean gazteak dira nagusiki. Agure dotore batzuk bolikaz erretzen dituzte zigarroak eta keinu luzez laguntzen dute solasa. Kamarero rubio batek anteoju borobilak, trajea eta pajarita daramatza. Nata pixka batekin nahastutako kafea eskatu diot. Itxi egin behar omen dute. Hotelean Rilke irakurriko dut. Lagun batzuei idatzi nahi nieke.
Apirilak 9, Praha. Solidaritá hotela.
Egun eguzkitsua. Asko hoztu du eta haizea ez da gelditu, gupidarik gabe astinduz bazter guztiak. Gosaldu ondoren hoteleko maitreari kalean ikusi ditudan makilatxoen berri galdetu diot. Ez du oso ongi ulertu, baina astelehenean egiten den festa batetarako omen. Egun horretan zangoetan jotzen omen diete mutilek neskei.
Astiro hurbildu naiz Vaclavskéraino. Abenida honen buruan Museo Nazionala dago. Prahako parajerik tipikoena eta tanke sobietikoek okupatu zutena. Maldan dago eta lurpeko pasabide batek lotzen ditu kalearen bi aldeak. Zinema eta kafetegi ugari ikusi ahal da. Ageri diren filma gehienak txekoak dira, Lelouchen obra bat nabaritzen bada ere. Hotel hauetan atzerritar gehiago ikusten da. Kubano batzuk bereizi ditut. Itxiak zeuden dancing-ak eta denda batzuk. Jendeak helatu asko jaten du. Ezker aldera jo eta Narodnín sartu naiz. Obretan dago kale hau. Espaloiaren ondoan hasten den tunel bat zeharkatu eta antzoki zahar baten argi gorriek ustegabean hartu naute. Txartel batek Laterna Magika zioen. Saio bakarra egiten dute arratsaldeko zazpietan.
Narodní Moldavaren ertzean bukatzen da. Hibaiaren norabidean jarraitu dut. Dorre neogotiko baten ondoan eseri naiz. Nire atzean eztabaidan hasi dira Ekialdeko Alemaniako turista gazte batzuk. Kristoren oihuak ateratzen zituzten eta segundu batzuen buruan azaldu dira hiru polizia. Horietako bat bere paperak erakustera zihoanean haize bolada batek eraman dizkio. Lasterka atera da haien atzetik. Uraren ondoan Museo ttiki baten sarrera iragartzen da. Ur emari ikaragarria Moldavarena tramu zabal honetan. Usoak triangulo bat eginaz kokatu dira ur izoztuetan. Noizean behin bat edo beste altxatzen zen eta berriro hibaiaren kontra botatzen zuen bere burua. Uharte ttiki bat da eta gabarra batzuk lotu dituzte bertan; gainean hosto batzuk direlarik. Carlov zubia ez dago urrun eta hori ere beltza da. Beste hotzikara bat. Hamazortzigarren mendeko estatua eta talde barrokoek inguratzen naute. Denbora asko pasatu dut Mala Strana alderaino ailegatu arte. Aurretik ia banan banan begiratu ditut estatuak. Pietá baten aurrean gelditu naiz: "O, vos omnes qui transitas per viam, attendite e videte si est dolor ficut dolor meus". Ezin zaie begiratu begietara edo ni behinik behin ez naiz ausartu. Eskulturen azpikoaldean saltzaile batzuk, gutti, lau edo bost. Horietako bi pinturak saltzen, koilareak beste bat. Neska gazte batek larruz eta hariz egindako zintzilikarioak ditu salgai jarrita.
Dorrearen puntaraino igo naiz eta Mala-Stranako lehen etxeei begira egon nahiz luzaro. Jeisterakoan errosarioak eskeini dizkit neskatxa batek. Moldavaren alde honetan kanale bat aurkitu dut. Ez da hosto, ahate eta zaborra besterik. Karlova kalean hartu dut du kafe bat. Ekialdeko Alemaniatik turista asko heldu da; gainezka daude kaleak. Prazské kafetegitik idatzi diet lagun batzuei eta handik Postara joan behar izan dut seiluak eta beste erostearren. Postetxeko gela handienean ez da ia argirik eta hogeitahamar leihatila rektanguloan sarturik. Erdialdean pupitre batzuk daude, gehienak agureek okupatzen dituztelarik. Ez dute ezer idazten edo irakurtzen eta solasaldi epeletan ari dira guttienak. Nire ondoko pupitrean dagoenak Atlas minimo bat du eta lupa baten laguntzaz Italiako mapan arakatzen ari da. Bero egiten du. Tinteroan busti dut lumatxoa eta buruz nenkizkien esaldi batzuk idatzi ditut. Berandu zen hotela bila hasi naizenean. Geltoki aurretik pasatzerakoan mendizale koadrilak berezi ditut, arrunt xelebreak tirolesez jantziak. Bidaiari batzuen kasetean "Mr. Tambourine man" entzun zitekeen.
Zaila egin zait hotela aurkitzea. Azkenik gela bat eman didate agentzian, baina hamargarren distritoan dagoen bat. Metrora joan eta konplikazioak izan ditut txanpona sartzeko eta behar zen geltokian jeisteko. Irteerako metroahoaren ondoan zegoen "tramja" edo tranbiaren geltokia. Adrailu gorriko zenbait lantegi inguruan tximiniak nabarmentzen zirela. Erabat desorientaturik egon naiz minutu batzuz. Geltokia adin guztietako langileez beterik zegoen, zumezko saskia zeramaten gehienek eskuan. Larru beltzeko zamarra eta kapela zeramatzan langile gazte eta rubio bati hurbildu natzaio. Mapa eta hotelaren izena erakutsi dizkiot; ez zekien zer esan eta zaharragoa bati hitzegin dio. Bien artean ez kezkatzeko esan didate keinuak erabiliz. Ordu laurden bat egin dugu autobusean. Ia azken geltokira iritsi aurretik gazteak, lotsaturik, nire agurra espero zuela iruditu zait. Bere begirada besarkada bat zen.
Hotela oso handia da. Dutxa bat hartu dut eta kantari aritu naiz luzaro. Bost egun badira deus ere kantatzen ez nuela. Zamarraren goiko sakelean M.ek erregalatu zidan lore bat aurkitu dut, jada lehorturik. Historio fantastiko batzuk entzun ditut irratian, baita musika pixka bat ere. Ordu para batez irakurri dut ohean etzanik. Urak asko leundu dit azala.
Apirilak 10. Prahako geltokia
Eguzkiak argitzen zituen hamargarren distritoko etxeak eta lantegiak goizaldean autobusetik nabari izan ditudanean. Jai eguna da eta berehala nabaritzen da. Vaclavskéko geltokian jeitsi naiz. Pasadizuan, informaziorako agentzia baten eskaparatean, Jaruwzelskiren fotografia batzuk erakusten zirela ikusi dut. Segurasko Tchecoslovaquian izan zuen bidaia batetan ateratakoak. Nardodní kalean poema liburuz betetako eskaparate baten aurrean gelditu naiz. Ez ditut idazleak ezagutzen. Kalean dabiltzatenek makilatxoak daramatzate. Moldavaren eskuineko ertzera ailegatu eta atzo bezala zubirantz jo dut. Txalupa abandonatuen kaskoetan zuloak nabari dira eta besteetan, aldiz, eman berria da gustora usaindu dudan brea. Egur zaharretan, ordea, ez da inolako kolorerik. Postalak eta makilatxoak salgai zeuden Carlov zubian; erretratuak egiten dituzte paseialariek. Desagertu da zintzilikarioak saltzen zituen neska. Estatua beltzetan apoiaturik eguzki hotzak jo nau. Zubia bukatu aurretik diren eskilaretatik jaitsi naiz eta Na Kampé hutsetik jarraitu dut, kanaletik urrundu gabe, Moldavaren ezkerreko aldetik. Ondoren aurkitu ditudan baso eta zelai idorretan bidexur eta lorategietako mugak desdibujatu dituzte hostoek. Etxe zahar bateko patioan egur pilatuak eta lanabesak aspaldian ukitu gabe baileude. Sarrerako teilatupean arropa zintzilikatuak. Kanale estutik ikatzez kargatutako gabarra bat atera da maniobra bat egin ondoren. Ahateek bertan diren zaborren artetik zizareak lortzen dituzte. Kanale ondoko harea zapaldu du. Aditzen den soinu bakarra txoriek sasiartean sortzen duten zalaparta. Harri bat bota diet ahateei eta pixka bat haruntzago aldendu dira, hurrengo zubiraino. Tranbia baten burrundak dardarrez jarri du haren estruktura. Jauregi batetik hurbil diren eskilaretatik barrena Mala Stranako bidean jarri naiz. Errota zahar baten mekanismoari begira egon naiz. Adar eta hosto eroriak dira bi dontzeilen estatuen inguruan barreiaturik. Hiru edo lau haur dira basotxoan. Oso haur gutti ikusi dut hirian. Hauek ez dira gehiegi mugitzen, eguzkia profitatzen dutela dirudi.
Alde horretatik sartuz gero Mala Stranako lehen karriketan nabar daitezkeenak enbajadak dira. Ixiltasun honek ez du zauritzen eta asko laguntzen du horretan eguzkiaren epeltasunak. Bi plaza daude San Nikolas elizaren ondoan. Tenpluaren oropelak segituan bultzatu nau kanpora. Plaza ttikian den kafetegian sartu naiz. Agure mozkor bat hurbildu zait mahairaino. Puntilazko pañuelotxo bat zeraman goiko patrikan. Aulkia utzi dio zutik zegoen haur bati. Kafe gainean jartzen duten natak apar horixka bat izaten du. Rilkeren "Anaia eta arreba" irakurri dut eta noiz edo noiz plaza eta arkuetara zuzendu dut begirada. Nerudovatik barrena iritsi naiz Hradcanyra. Etxeetako aurreko paretak teilatuaren anguluraino luzatzen dira. Gantxiloz eginik daude balkoi eta txapitelako gortinak eta prismaren erako tximini luzeetatik ez da kerik irteten.
Ez da zaila dardarrean somatzea harbelezko teilak. Beltz eta grixak hori eta berdearen gainetik. Gazteluaren azpiko aidean diren arkuetatik pasatu eta goiko plazak jo ditut. Aldapa ez da hemen bukatzen. Petrineko hegia jarraitu eta aritenaraino ailegatu naiz. Bestaldean Hradcany berria. Bibliotekaraino jeitsi naiz eta lorategiaren atzetik, bidexur baten ondoan, jarleku bat aurkitu dut. Mala Stranako zuloaren gainetik ke urdinxa bat goratzen da. Hagitz ongi erdikus daiteke hiria eta lehen planoko zubiak. Nire oinpean xoxoak saltoka eta pixka bat beitiago basoan galdu den neska bat.
Beste bide batetik azaldu naiz berriro Nerudovan. Nahikoa kostatu zait Wallensteingo lorategia aurkitzea eta San Vito aldera igo nahiean nenbilenean ere askotan galdu naiz. Jauregiz ingurutako plazetan ibili naiz, atsedenik hartu gabe. Paretek oinen hotsak itzultzen dituzte; zoluan ez da harria besterik eta plaza bat da beste plaza baten jarraipena. Arin egin dut Belvedererainoko bidea. Goardia aldatu dute pasatu naizenean. Hanavsky Pabeloitik beha egon naiz. Praha berriz ere, San Lorenzo eta Belvedere artean. Ez dut ezer agurtzeko desiorik sentitu.
Manesuv eta Parizskatik Udaletxeko Plazara ailegatu naiz. Ez dago jenderik erlojuaren aurrean. Hamalaugarren mendean hasi eta XIV.ean bukatu zuten Udaletxeko dorrean sartu naiz. Itxita aurkitu dut Senatua. Harrizko eskilarak igo ondoren beste batzuekin topo egin dut eta amaitu direla ematen du baina oraindik karakol eskilara estu batetik pasatu behar izan dut goitiraino iritsi aurretik. Fotografia bat egin didatela iruditu zait eta ez zen gezurra, ama-alaba alemanak, trenekoak ziren. Haizeak bortizki jotzen du dorrean eta euri ttanttak dakarzkigu barreneraino. Erretratu galeria honetan edatsak aidean, hotzak gorriztatzen dituen masailak. Teilatuak, langarra eta hiria. Jeitsi bezain pronto martxan jarri da erlojuaren mekanismua. Jende pila da aurrez-aurre. Esferak urrezkoa dirudi eta oso bereziak dira orratzak. Goiko aldetik bi ate zabaltzen direlarik Jesukristo eta santu bat azaltzen zaizkigu. Eskeleto batek soka batetik tiratzen du eta musika arraro bat entzun daiteke. Aingeru batzuk, azkenik, tronpetak jotzen dituzte. Jendeak irrifarrez jarraitzen ditu mugimendu guztiak.
Euria ari du eta zerbait jan ondoren Prazskéra abiatu naiz eta bertan R.ri idatzi diot. Kamareroek pastelez betetako bandejak eskeintzen dituzte mahaiez-mahai. Neska bat etorri zait serbitzera. Zein beltzarana.
Vacalvskétik pasatzerakoan jende ugarirekin gurutzatu naiz. Kantari zihoazen gehienak. Moldavaren ertzetan itzal bakan batzuk paseatzen. Ateri dago eta asko hoztu du. Herenegun izan zen hilargi betea, baina estalita zegoen zerua. Tranbiaren fantasmak. Bakarti batzuk gabanaren solapak altxatzen dituzte.
Ez dut hotelik aurkitu eta geltokian lo egin beharko dut. Bestibuloa gainezka dago. Ekialdeko gazteen koadrilak dira nagusiki. Guztiek berdin jazten dute: piojoak eta bakeroak mutilek; pañuelo palestinoak neskek. Dozenaka garagardo botila ekarri eta korruan esertzen dira. Mutil batek kitarra txar batez lagundurik improbisaketa luze bat bota du. Nire ondoan eseri den neska bat Fysyka ikasten ari da. Atso batek bi aldiz erreita eman dit bere aulkian jarri naizelako.
Apirilak 11. Praha
Vaclavskén gosaldu dut eta azken koroiak akitu ditut. Haize hotzak ur, zubi, kupula, teilatu eta Mala Stranako urreztatu arinak ezabatzen ditu. Badirudi kimuek ez dutela lehertzeko presarik.
Eguerdian trena hartu dut.
Strasbourgen Maroennerekin. Est-ce que tu aimes les roses?. Est-ce que tu sais comment on coulent les bateaux?
Relatos de Praga. R. M. Rilkie. Fontamara.
La vida está en otra parte. Milan Kundera. Seix-Barral.
El libro de la risa y el olvido. Milan Kundera. Seix-Barral.
Izuen gordelekuetan barrena. Joseba Sarrionaindia. Bilboko Aurrezki Kutxa.
Ziutateaz. Bernardo Atxaga. Kriselu.
|