Sherwood Anderson:
Pionero lokartua
Pello Lizarralde
Batzuk ez zekiten idazleak zirenik. Eskola guttikoak izaten ziren sarritan eta edozein lan mota hartuko zuten horren truke txanpon batzuk eskura bazitzaketen. Langabeziak kalera edo bidera jaurtikitzen zituenean eguzkiak zauriztatzen zituen gupidarik gabe eta portxe baten babesa bilatzera bortxatuak zeuden. Gerizpe hartan ez zen haize izpirik eta aldamenean esertzen zitzaizkienak ere buzo ihetxetuez jazten ziren. Bizartegian edo aldamenean entzundako istorioak ez zeukaten erritmu bera siesta ordu haietan kondatzen zirenean. Azken orduak, oskorri eta ilunabar epeletakoak, geltoki hautseztatuetan joaten zitzaizkien begi argiko agure mutuen ondoan. Bazirudien palmerak urrun zeudela, baina whisky pixka bat lortzen zuten gauetan horri batzuk zabaltzen zituzten mahai gainean.
Boligrafoz idaztera berandu iritsi ziren hauei garai txarrak tokatu zitzaizkien. Gosea jasaten bazuten ez zen inoiz hospea eta haintza espero zutelako. Sasoi hartan gainera ez zegoen ongi hornitutako ehizaketa prestatuko zuen komunikabiderik eta, beraz, ezin zitzaien zahartzaro hospetsu baten eztia eskaini. Zentru horretan ez ziren oso idazleak. Ez ziren berandu ailegatu zirenak, sekula ailegatu ez zirenak baizik.
Zer gainera daiteke?. Deus ez, argi dago. Zentzudunagoa izango banintz hementxe jarriko nuke azken puntua, baina ausarkeriak ez du mugarik eta maiz iruditzen zait goizegi ixildu direla beste batzuk. Kritiko anonimoek, adibidez, hitz gutti marraztu zuten Sherwood Andersonen hilarrian. Hilartitzak ez du ezer garbirik esaten eta harria bilatzeko beste batzuen hilobietan begiratu beharra dago aurretik. Hilarri kate honetan lore koroi dexente bereiz daiteke eta azken mailan, Sherwood Andersonengana iristean, lore bakar eta zimel bat nabar daiteke. Zurtoinean harretaz begiratuz gero hauxe irakur genezake: "Ez hintzen oso ona, baina bai zaharrena". Era askotako kontsolamenduak asma ahal dira.
Andersonen izena ez da inoiz bakarrik idazten den horietakoa. Merituak eta erruak beste kate luze batetan nahasten dira eta seme pribilegiatuen zerrenda ahozkatzen da inongo lotsarik azaldu gabe. Aitari esker sortu omen Hemingway-ren agureak eta itsasoak, Faulkner-en tropa garaituen desfilea, Wolfe-ren aingeru sexudun eta minduak, Steinbeck-en exodoak eta eremuak. Horiek, dena den, besteek ateratako ondorioak dira. Andersonek ez zuen txintik esaten. Etsipenaz oroitzen zen Ohioko jendeaz, baina penarik sentitu gabe, bere ezpainetara nekez ailegatzen zelarik irrifar baten dibujoa. Bere ipuinak edonork ireki zitzakeen kaxak ziren. Haien barnean pertsonaia epelak zeramaten bizimodu arruntaren pasioak gordetzen ziren. Nahasketak botatzen zuen xarma, dena dela, kixkalgarria gertatzen zen. Sherwood berak ere kaxa barnean zeukan hanka bat eta bazekien betirako utzi beharko zuela hantxe. Bestea, ordea, handik kilometro batzutara zegoen, gehiegi urrundu gabe.
Ixilik irauteko ohitura zeukan eta galdetzen ziotenean erantzuten zuen. Erantzun luzeena Faulkner-i emandako izan zen: "Idatzi nahi duala esaten duk?. Eta zer egiten duk hemen?. Itzul hadi hire herrira, begira ezak luzaro hire sortlekua, hire herriko bizilagunak. Konda ezak nolakoa den ibaia eta bere urgeldiak. Edozer gauza... Baina ez hadi urrun, etzakela hirea ez den istoriorik konda...". Ondoren mezedoran etzanik jarraitu zuen, begiak sonbreruarekin estali zituen eta auskalo tabakoa edo txiklea zen hortzartean zeukana.
Ixiltzera noa ni ere, gure Andersona hitzegiten has liteke.
Winesburg, Ohio. Sherwood Anderson.
Alianza Editorial. 120 pzta.
|